Elitea %1 aberatsena? Mintza gaitezen ondoen bizi den beste %20az ere

  • 2008an krisi handia lehertu zenetik, eta bidenabar Occupy Wall Street mugimenduak metropoli aberatsenetako plazak inarrosi zituenetik, asko zabaldu zen “geu gara %99” ideia, alegia piramide sozialaren gailurreko populazioaren %1 aberatsenak zanpatzen gaituela azpiko gainerako %99ak. Egia osoa pittin bat konplexuagoa da. Gizartearen piramidean garrantzia berezia daukate goiko %20 aberatsenek ere, azken hamarkadotako garapenari etekin gehien atera diotenek.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2018ko urtarrilaren 14a
‘The 4th Media’ hedabidearen argazkian, 
Occupy Wall Streeten manifestazio bat Washingtonen 2012an. Afixan aldarrikatzen dute “Geu gara %99a” eta eskatzen milioidunei zergak ezarri, lanpostuak sortu eta aurrekontuak murrizketak baino lehenagoko egoerara
‘The 4th Media’ hedabidearen argazkian, Occupy Wall Streeten manifestazio bat Washingtonen 2012an. Afixan aldarrikatzen dute “Geu gara %99a” eta eskatzen milioidunei zergak ezarri, lanpostuak sortu eta aurrekontuak murrizketak baino lehenagoko egoerara itzultzeko. Eztabaidagarria dirudien arren OWSeko kideen herena populazioaren %20 aberatsenekoa izatea Richard V. Reevesek dioen moduan, arazoa %1en pribilegioetan fokalizatu eta gainerako %99a zaku berean sartu izanak bere mugak erakutsi ditu ondoko urteetan.

Barack Obamak ez du erraz ahaztuko Saudi Arabiarako hegaldi hura, bere alderdiko notableek lotsaizun geratzera behartu zutenekoa. 2015eko urtarrilean gertatu zen. Riadera eraman behar zuen hegazkinera igo aurretik sinatua zuen hauteskunde programan agindutako neurri sozialdemokrata kutsukoa: aberatsenei seme-alaben unibertsitate ikasketetarako aurrezte planen zerga-sariak kentzea, trukean askoz herritar gehiagorentzako mesedegarri izango ziren neurri fiskalak ezarriz.

Obamari hegazkinean parlamentuan gehiengo demokrataren burua zen Nancy Pelosi hurbildu omen zitzaion, ohartaraztera legebiltzarkideak oso urduri ari zitzaizkiola deika, beren boto emaile asko –urtean 100.000 dolar (83.000 euro) baino gehiago irabazten dituztenak– protestan ari zirela neurri berriak kaltetzen zituelako. Hegazkinak Riaden lurra hartzerako Obamak lege proposamena atzera botea zuen, bere progresista urguilua irentsirik.

Richard V. Reeves ekonomialariak kontatu zuen gertatua joan den urriko Le Monde Diplomatiquen. “Obamak hartu nahi zuen neurria ona zen, baina gutxietsi egin zuen goiko klase ertainak [upper middle class ingelesez] AEBetako bizi politikoan daukan garrantzia”.

Sortzez ingelesa den Richard V. Reeves ekonomialari eta kazetaria Liberal Demokraten aholkulari aritu ostean AEBetara joan zen, berak kontatu duenez urez bestaldean espero zuelako aurkitzea Britainia Handikoa baino irekiera eta mugikortasun handiagoko gizarte bat. Antza, uste baino askoz gizarte zurrunago bat topatu du han ere. Horretaz idatzi du nahikotxo oihartzun lortu duen liburua: Amets pilatzaileak [Dream Hoarders]. Azpitituluan laburbildu dio mamia: “Nola AEBetako goiko klase ertainak beste guztiak hondoratzen dituen, zergatik den hau arazo eta zer egin konpontzeko“.

Gizarte barneko berdintasunik eza gai oso beroa izaki, dio Reevesek, eztabaida asko fokalizatu da iparramerikarren %1 aberatsenean, gainerako %99a talde homogeneoa balitz bezala. “Sarri gertatzen da piramidearen gailurreko klub hautatu horren kontra gaizki esaka gogorren aritzea zein eta haiengandik hurbilen daudenak. 2012ko maiatzaren 1ean Occupy Wall Streetek deituta karrikara atera zirenen artean hirutik batek urtean 100.000 dolar baino gehiagoko diru sarrerak zeuzkan. (...) Hiper-aberatsen luxuez jarduteko obsesioa baliatzen dute hain txit aberatsak ez diren eliteek, beren pribilegioak oharkabean pasa daitezen”.

AEBetan populazioaren bostetik bat, %20, omen da urtero 112.000 dolar –93.000 euro– baino gehiago garbi irabazten diren familietan. Goiko klase ertain horrek dauka, bataz besteko herritarrek baino diru gehiagoz gain, ikasketa maila handiagoa, osasun hobea, familia egitura orekatuagoa, bizi itxaropen luzeagoa eta baita politikan esku hartzeko ohitura ere. Trump bozkatu duten jende askok horiexek gorrotatzen dituzte: kazetariak, unibertsitateko irakasleak, kargu publikoak, teknokratak, burokratak... “arrazoiz edo arrazoi gabe, agintea daukaten beste batzuen babesean oparo bizi direlakoan”.

‘Iritziaren indarra’ daukan klasea

Reevesek proposatzen duen eztabaidak hasieran bertan topatzen du arazoa: zein irabazi kopurutatik aurrera da pertsona bat aberatsa? Gaia gehixeago konplikatzen da “irabazia” zeri deitzen zaion erabakitzen hasita. Frantzian Ezberdintasunen Behatokiak proposatzen du, esaterako, kontatzea etxe bateko sarrerak zerga guztiak kenduta garbi, eta familia bat aberats jotzea diru sarrerok Frantziako herritarren bataz bestekoa bider bi edo gehiago direnean.

Horrela, pertsona bakarreko familia aberatsa litzateke hilabetero garbi-garbi 3.075 euro sartzen baditu, haurrik gabeko bikote bat hilean 5.963 euro baino gehiago sartuta eta gurasoak gehi bi umez osatutako familiak 7.852 eurotik aurrera. Frantzian, Observatoire des Inegalitésen arabera, familien %9 sartzen dira kategoria horretan. Ez nahasteko, nabarmendu behar da Reeves, AEBeko datuekin, populazioaren %20 aberatsenaz ari dela.

Kontua, ordea, klaseen arteko leizeaz gain bada beste hau ere: ezberdintasunaren betikotzea. Honi garrantzia berezia ematen dio Oxford elitistan ikasita bere burua eliteko kidetzat aitortzen duen Reevesek. Klase horretako kideek beren artean partekatzen dituztela enplegu interesgarrienak, postu onenak  “etxean” geratu eta hurbilekoak ez direnei nahita edo oharkabean bidea itxiz.

Ororen buru, dio Reevesek, “sekulako indarra daukagu klase moduan. Boteretsuak gara, gure eskuetan daukagulako Bertrand Russellek ‘iritziaren indarra’ deitzen zuena. Bizi publikoa gidatzen duten gune guztietan postu nagusi guzti edo ia guztietan goiko klase ertainetako kideak daude, izan hedabideetan, unibertsitatean, zientzietan, publizitatean, iritzi neurketak egiten dituztenetan edo arte munduan. Gotorleku horietan geure posizioak eta eskumenak sendotzen enplegatzen dugu hein handi batean gure indarra”.

Ekonomialari autokritikoari kontutan eduki behar zaio “gu gara %99a” diskurtsoaz egiten duen kritika, aberastasunaren eskaileran 98an edo 95ean dagoena lasai uzten duelako, gizarteko ezberdintasun larrien ondorioekin berak zerikusirik ez balu bezala. “Horrela [%20 aberatseneko kideok] errua egotziko diete txit-aberatsei, edo txit-txit-aberatsei, beti baitago norbait gu baino aberatsagoa... Baina klase etenari dagokionez, ez bakarrik diru irabazien gaian baina ezta etxebizitzen merkatuari edo haurren hezkuntzari dagokionez, kontua ez da %1arena bakarrik”.

Horrela, gero eta azpiagoko klaseengandik bereiziago bizi den goiko klase ertaineko kideek beren pribilegioei eusten dieten bitartean, kontserbadoreek lortzen dute gaitz guztien errudunak jende txiroak, minoriak eta batez ere etorkinak izatea, eta ezkertiarrek %1eko elitearen kontrako diskurtsoarekin ez dute lortzen sistemaren benetan kaltetutako jendeak erakartzerik.

Kontuok ez dira AEBetan bakarrik gertatzen. Azaroaren 19an Berria egunkarian Jon Fernandezek argitaratutako  Atseden bako erretiroa dossier mardulean, pentsioarekin bizi ezin diren kasuen aldamenean, zuzenbide doktore batek honela justifikatzen zuen 70 urte arte lanean jarraitzea: “Soldata handiagoa daukatenentzat, pentsioarekiko tartea handiagoa da langile arrunten kasuan baino: 1.800 euro irabazten badituzu, 1.600 euroko pentsioa izan dezakezu; baina hilean 4.000-5.000 euroko soldata baduzu, geratuko zaizun pentsio maximoa 2.600 eurokoa izango da. Asko jaisten zaizu”. Sic!. Euskal prentsaren edozein irakurle prekariok katedratikoaz errukitu behar balu bezala.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Globalizazio neoliberala kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-11 | Zero Zabor
Coca-Cola, Pepsi, Nestlé, Danone... marka handienak dira plastikoz mundua gehien kutsatzen dutenak

Mundua plastikozko ontzi eta azalez itotzear jarri duten kutsatzaile nagusiak marka komertzialik indartsuenak berak dira, Break Free From Plastic gobernuz kanpoko erakundeak dossier batean erakutsi duenez. Zehazki Coca-Cola, PepsiCo, Nestlé, Danone, Mondelez International, Procter & Gamble, Unilever, Perfetti van Melle, Mars Incorporated eta Colgate-Palmolive salatzen ditu kutsatzaile nagusitzat. Indartsuetan hiru boteretsuenen artean bakarrik (Coca-Cola, PepsiCo eta Nestlé)... [+]


Chevron-Ekuador: epaile pribatuek honela menderatu dute estatua

Chevron petrolio konpainia iparramerikarra Ekuadorreko auzitegiek 2012an kondenatu zuten Amazonian eragindako kutsaduragatik 8.100 milioi euro ordaintzera. Orain gatazka komertzialetan arbitro lanak egiten dituen auzitegi pribatu batek atzera bota du, Holandan, ebazpen hura eta zigorrik gabe utzi urte luzez milaka herritarrek nozitutako kalteak. Merkatal ganbaren pribatuak arbitro auzitegietako epaileen gainetik: honela dago antolatuta multinazionalen inpunitatea.


Hamar urte krisian
Kasino globalaren pitzadurak hor jarraitzen du

2008ko irailaren 15ean Lehman Brothersek kiebra onartu zuenean paradigma eta uste asko ere hondoratu ziren berarekin. Atzeraldi Handia-ren hasiera izan zen, nahiz eta finantza kapitalismoa aspaldi zebilen sistema irrazional baten mamua begiztatzen etxe-orratz distiratsuetan islatuta. Agintariek, egoera bideratu beharrean okertu egin dute: jendea ari da krisia pagatzen eta bankuek jarraitzen dute erruleta arriskutsuaren jokoan.


Eskuin muturra garaitu

Etorkinen eta errefuxiatuen etorrera udako albistegietako protagonista izan da. Ez da gauza berria, urteak daramatza Europar Batasunak errealitate horren kudeaketa kaskarra egiten. Adierazle gisa dugu eskuin muturreko populismoaren gorakada hauteskundeetan. Muturreko zentro progresistaren hegemonia garaietan gutxi hitz egiten da eskuin populistaren arrakasta ulertzeko sakoneko faktoreez. Egokitasun politikoaren diskurtsoak, nagusitasun morala adieraziz, nahiago du eskuin muturreko boto-emailea... [+]


Samir Amin hil da, periferiako herrien deskonexioaren teorikoa

Samir Amin itzali berri da Parisen 87 urterekin. Kairon 1931n sortua, gaztetatik burututako lan teoriko, akademiko eta ekintzaileetan jarrai daitezke munduaren XX. mendearen bigarren erdiko garapen kontraesankorraren arrastoak. Hirugarren Munduko herrien askapen mugimenduak sustatu zituen, aske bizirauteko deskonexioa proposatu zien inperialismo kapitalistarekiko, eta azken hamarkadotan mugimendu altermundialisten pentsalari nagusietako bat izan da.


Beroaldi globalak badu klase sozialen berri: txiroak kiskali estreina

2018ko uda beroarekin ipar hemisferio osoak hurbilagotik ezagutu du klimaren aldaketa. Tifoien edo uholdeen zalapartarik gabe, haiek bezain suntsitzaile gerta daitezke beroaldi handiak. Beste gauza gehienetan bezala, ordea, beroaren erasoa ez dute berdin nozituko hotza eskuratu dezaketenek eta freskatzeko modurik ez dutenek. Aire egokitua behar duten hirietan, gero eta hiritarragoa den gizadiaren barruan, jende eta auzo txiro eta bakartuenak dira galdaran legez egosteko arriskuan.


Josu Jon Imazen (Repsol) ongi etorria Espainiako Gobernu berriari: ez igo zergak

Pedro Sánchezek Espainiako Gobernua hartzearekin, batek baino gehiagok gogorarazi dio duela hilabete eta erdi eskas aurrekontu “alternatiboak” plazaratu zituenean hitz emandakoak. Tartean, enpresei eta bankuei zergak igotzeko neurria dago, modu horretan gastu soziala ordaintzeko.


Vandana Shiva asteazkenean klima aldaketaren erronkez mintzatuko da Donostian

Fisikan Doktore eta gizarte eta ingurumen gaietan ekintzaile, gizateriak aurre egin behar dion egoeraren aurrean bere ikuspegia emango du, batik bat krisi klimatikoaren ondorio ekologiko, politiko eta sozioekonomikoen esparruetatik. Klima-aldaketa "planetaren gaixotasun metaboliko" gisa definitzen du klima-aldaketa , eta ekofeminismoa berriz, "biozibilizazio planetarioaren bidea" bezala.


Oaxakatarrei ekonomia berdeak bortizkeria iraunkorra eraman die

Mexikoko Oaxakan Tehuantepec istmoa bilakatu da munduko haize-errota parke handienetakoa, erregai fosilak kiskaltzea gutxitu gabe energia berriztagarrietan txapeldun agertu nahi duten korporazio handien erakusleiho. Ekonomia ustez berdeak hor erakusten du, ordea, itzalpeko aurpegi itsusia: natur baliabideen lapurretaz kexu diren herritarrei konpainiek, gobernuak eta militarrek intentsitate apaleko gerraz erantzuten die. Kontrainsurgentzia zaharraren aplikazio berriak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude