Estreinakoa

"Barbaroak baratzean" Luis Garde. (Balea Zuria, 2017).
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Luis Garderen Barbaroak baratzean lan honekin hasi du ibilbidea Balea Zuria argitaletxeak, literatura unibertsaleko irudi eder bezain poetikoa daroan azken zorakeriak. Herman Melvillen balea hura bera ere ideal baten pertsekuzioa ez al zen izan, bada? Sortzaileen artean den Juan Ramon Makusok lerro hauek idatzi orduko esan berri dit irakurleari gogoeta eragiteko, ideiak eta eztabaida jorratzeko sortu dutela argitaletxea.

Eta esan dit baita ere: “Luis Garderen poemagintza ezaguna da gurean. Bere ahots poetikoa oso iradokitzailea da. Bere poesiak lortzen du poeta batek nahi duena, hau da, irakurlea emozionatzea. Bere tonua lirikoa da, demagogiarik gabekoa, irudi askoz hornitua. Hizkuntzak beragan bat egiten du edukiarekin”.

Eta ez zaio arrazoirik falta, hizkuntzaren artisauetarik baita iruindarra. Apaina da liburua, arrandiarik egiten ez duena, balore segurua bilduma bateko estreinako titulua izan dadin. Gardek poema liburu bat dakar oraingoan sano urtsua, kresaltsua: “Norbait kaian dago zutik goizez goiz,/ bereak dituen izenen eta ahotsen zain”. Hein berean desertua dago, nomadak daude, oihana iradokitzen da. Bizitzaren mugetan idatzitako poemak dira asko, ezezagunaren eremukoak. Zerbait berria, zerbait arrotza, zerbait barbaroa deskubritzen dugunean egiten dugun “beraiek” eta “gu” binomioa desegin gura luketenak uneka: “Zakur hori baten letaginek/ kristal likidoaren beste aldea dute marrazten” edo “zutiarazi ditu/ aitzinean dirdirka ari den plasmako pantaila beroa/ zeharkatzeko irrikak”.

Dena den, Garderen irudi eta eskenatoki horiek guztiek beti ez dute lortzen mezua helarazterik. Ez da liburu bat borobila. Barbaroak baratzean batzuetan efektista da zio garbirik gabe. Beste batzuetan soila da, baina poesia soiletik urrun. Liburuko pieza asko narrazio laburrak dira eta, nire ustez, hausnarketok eten egiten dute poesiaren joana zeharo. Beste pieza askok –deskriptiboak, sinbolistak– ezin jakin helburu estetiko hutsa duten, edo esanahi gorderen bat. Askotan liburuek esan ez baina hitzerdika esan dezakete. Kasu honetan, ordea, zaila da estiloaz harago pultsio bat kausitzea, eta zail are kritika honetarako argumenturik bilatzea, sentsazio gazi-gozo honetaz harago.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!