ETA

“ETA euskal gizartearen zati handienean eragin zuen lurrikara izan zen”

  • Euskal Herriaren azken hamarkadak ezin dira ulertu ETAri aipamena egin gabe. Erakundearen lehen urteak aztertu ditu Onintza Odriozola Irizarrek bere doktorego tesian; fenomeno sozial zabal samarra izan zela ondorioztatu du, eta diskurtso hegemonikoak baliatutako kontakizuna “izebergaren punta” besterik ez dela dio.

“Euskara bere diskurtsoaren erdian kokatu zuen ETAk, arraza alboratu eta euskalduntasunari indarra eman zion. Horrek diskurtsoa eta praxia aldarazi zituen, jende asko hasi zen euskara ikasten. Euskararen balioa handitu egin zen”. (Arg.: Batiste Ezeiza)
“Euskara bere diskurtsoaren erdian kokatu zuen ETAk, arraza alboratu eta euskalduntasunari indarra eman zion. Horrek diskurtsoa eta praxia aldarazi zituen, jende asko hasi zen euskara ikasten. Euskararen balioa handitu egin zen”. (Arg.: Batiste Ezeiza)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zerk bultzatu zaitu ETAren sorrera aztertzera?

Konturatu nintzen ETAri buruz egin diren ikerketetan gauza batzuk beste batzuk baino gehiago landu direla: adibidez, ETAren ideologiari eta estrategiari buruzko historia politikoa nagusitu da. Gure ustez oso garrantzitsua da, ETA bere osotasunean ulertzeko, bere eragin soziala eta kulturala ere aztertzea, beti ere, esparru politiko eta ideologikoarekin lotuta.

Zein metodologia erabili duzu lana egiteko?

Gaiaz idatzita zegoena landu dugu, ETAren dokumentu zaharrak nahiz beste egileen lanak. Horrez gain, lehen eskutik ere jaso dugu informazioa, ETAn edo haren inguruan militatutako hamasei gizon-emakume elkarrizketatu ditugulako.

Zein hipotesitatik abiatu zenuen lana?

Gure susmoa zen ETAren inguruan ETAko militante ez ziren pertsona ugari antolatu zela: erakunde-egitura organikoa gainditzen zuen antolaketa eta harreman-sare gisa ulertuta. Horri deitu diogu ETA mugimendua. Aldi berean, jakina da testuinguru hartan ekimen ugari jarri zela abian Euskal Herrian, bai maila soziopolitikoan eta bai maila kulturalean. Dinamika guzti haren zati handi bat, behintzat, ETAren diskurtso eta estrategiarekin batera edo bere inguruan –mugimendu horretan–, elkarreraginean, artikulatu zela susmatzen genuen.

Zein dira harreman horiek?

ETAren fronte kulturalak, adibidez, harremana izan zuen euskalgintzarekin. Euskara batuaren sorrera, ikastolak, kantagintza... Esan genezake presentzia eraginkorra izan zuela ETAk edo etakide askok euskalgintzaren esparru guztietan. Txillardegi da adibide argiena. Askotan ETAk berak –haren fronte kulturalak– bultzatu zituen kultur ekimenak, edo elkarlanean aritu zen beste batzuekin.

Mugimendu horiek uler daitezke ETAren diskurtsoaren testuingurua aintzat hartu gabe?

Euskara eta euskal kultura bere diskurtsoaren erdigunean kokatu zituen ETAk. Abertzaletasun berri bat ekarri zuen, arraza alboratu eta euskalduntasuna naziotasunaren oinarrian jarri zuelako. Horrek diskurtsoa eta praxia aldarazi zituen, eta jende asko hasi zen euskaraz ikasten; euskararen balio sinbolikoa handitu zen. 60ko hamarkadan euskara erabiltzeko, ikasteko, modernizatzeko eta jendarteratzeko mobilizazio zabala jarri zen abian.

Langile mugimenduarekin ere izan zuen harremana.

ETA garaiko gatazka sozialetatik elikatu zen aldi berean, langile mugimenduaren sektore bati mentalitate bat eskaini zion: nazio askapena helburu zuen abertzaletasun akonfesional eta ezkertiar baten diskurtsoa. Mugimendu ezkertiarrek subjektu iraultzailetzat langile klasea hartzen zuten; ETAk nazio auzia lotu zion horri eta Euskal Langile Herria izendatu zuen subjektu iraultzaile. Bi mugimenduen artean gatazka batzuk sortu baziren ere, nazio askapena eta askapen soziala uztartu ahala, aurretik abertzaletasuna urruti sentitzen zuen langile asko hurbildu zen ETAra.

Horiekin batera, fronte militarra ere garatu zuen ETAk.

Lehen urteetan ekintza adarra deitzen zitzaion eta gero fronte militarra. Frankismoaren errepresio bortitza gori-gori zegoela, herri-babesa eta harreman-sarea behar zituen ETAk abertzaletasun ekintzailea gauzatzeko: ikurrinak jarri, propaganda zabaldu, helburu zehatz baten kontrako ekintzaren bat... Hori egiteko herriaren zati garrantzitsu baten babesa izan zuela uste dugu. Bere estrategiak onarpen sozial handi samarra zeukala ondorioztatu dugu, jendearen arabera Francoren aurka egiteko bide eraginkorra eta bidezkoa zelako.

Hiru fronte horien baturak ondoriorik izan zuen abertzaletasunaren susperraldian?

Handia. 1964tik aurrera masa abertzaletasunak gorakada izan zuen, eta ez ETAren inguruan soilik. EAJ, Enbata eta halako erakundeek ere egin zuten gora, euskal jaiak sortu zituzten, dantza... Lehen ezkutuan zegoen abertzaletasuna kaleratzen hasi zen pixkanaka.

Emakumezkoek zein toki zuten garaiko ETAn?

Subjektu aktiboak izan ziren. Bereziki, kulturaren esparruan hartu zuten parte emakumeek, ikastoletan eta beste. Gainera, erakundeko erabakiguneetan ere  bazebiltzan batzuk, nahiz eta gutxi batzuk izan.

Nola artikulatu ziren Ipar eta Hego Euskal Herriko abertzaleak?

Batetik, Hego Euskal Herriko abertzaletasunaren gorakadak olatu gisa jokatu zuen Ipar Euskal Herriko abertzaleentzat. Gainera, mugaren bi aldeetako abertzaleen artean elkarreragina izan zuen. Gero, erakundeko kide asko Ipar Euskal Herrian gorde izanak aire berriak ekarri zizkien; han edan zuten filosofo frantziar ezkertiarren iturritik.

Zein ondorio nagusi atera duzu?

ETAren abertzaletasun berria Euskal Herriko tren makina martxan jartzeko ikatza izan zen. Elkarrizketetan, zenbaitek esan du gizartea lozorrotik berpizteko balio izan zuela. Euskal Herriko gizartearen zatirik handienean eragina izan zuen lurrikara izan zen.

Diskurtsoa, borroka-leku

“Uste dut estaturik gabeko nazio mugimenduontzat –eta gaur egun batez ere independentistontzat– bereziki garrantzitsua dela ditugun bitartekoekin gure kontakizuna eraikitzea; azken batean, historiaren diskurtsoa borroka-leku bat da, eta errealitateak eta diskurtso politikoak eraikitzeko eta legitimatzeko erabiltzen da. Horretan ari dira, hain justu, zenbait erakunde, elkarte eta fundazio. Beraz, Euskal Herrira etorrita, iruditzen zait ETAren fenomenoa ahalik eta modu integralenean aztertu eta azaleratu beharko genukeela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETA
Magda Oranich i Solagran
"Ezin ahaztu dut Txiki azkenekoz besarkatu nuen momentu hura"

50 urte dira Francoren diktadura garaiko azken bost fusilamenduetatik. Jon Paredes, Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta Sánchez Bravo, Humberto Baena eta Ramón García Sanz FRAPekoak. Txikiren abokatuetakoa izan zen Magda Oranich, mende erdia eta gero... [+]


Analisia |Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Analisia |Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Gatazka politiko bat egon da azken 60 urteetan Euskal Herrian, eta horrek izan du bere bertsio biolentoa, ETAk bideratu duena, zeinari Espainiako Estatuak errepresioz eta estatu-terrorismoz erantzun dion. Sei hamarkadetan, ordea, biolentzia horiek ez dira berdin ikusi izan... [+]


Alberto Alonso (Gogora): "Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten"

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte

Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
"Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan"

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


2025-03-12 | ARGIA
Barrionuevoren kontrako kereila, "hilketak, bahiketak, torturak, GAL" eta bestelakoen ardura leporatuta

Felipe Gonzálezen garaian Espainiako Barne ministroa zen José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen aurka abiatu zuen estrategiagatik. ZEN Zona Especial Norte Planaren barruan egindako ekintzen erantzule nagusietako bat... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-16 | ARGIA
Bakegileek ETAren armagabetzeari buruzko Jaurlaritzaren bertsioa gezurtatu dute, aktak erakutsiz

ETAren armagabetzean 2017ko urtarriletik apirilera gertatutakoen beren bertsioa eman dute bakegileek, Baionan astelehenez egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzak armagabetzeaz egin zuen kontakizuna “faltsua eta interesatua” izan zela adierazi du Noel Etxeberri Txetx... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


Bolante baten historia
MULTIMEDIA - dokumentala

Bortxazko desagerpen batek ez du soilik desagertuaren bizitzarekin amaitzen, uretara botatako harri batek sortzen dituen uhinen antzera, orbain emozional bat uzten du familia eta gizartearengan. 1980ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen... [+]


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


Eguneraketa berriak daude