"Bertsolariak lortzen badu hitzen arabera doinua moldatzea, sorpresa bikoitza lortzen du"

  • Gogoratzen grabazio zaharretako bertsolarien kantaera berezi hura? Zerk eragin du hainbeste aldatzea bi belaunalditan? Itziar Navarrok eman ditu hainbat erantzun, Oiartzungo bertsolarien kantaera XX. mendearen erditik hona ikerlanean. Mintzola Fundazioaren iazko Laboa beka eskuratu zuen lan honek batu ditu bere bi zaletasunak: Kortxoenea Gaztetxean ekin zion taldean astero bertsotan egiteari. Bolada batean Egiako eta Añorgako bertso eskoletara joan izan zen “intermitente”. Bertso asko idazten du. Bitartean, Musikenen egin zituen gitarra ikasketak eta Musikologia Kultural masterra Göttingenen (Alemania) egin ostean, zazpi hilabete eman zituen Grezian TEI Epirus-eko Musika Tradizionaleko departamentuan.


2017ko azaroaren 05an

Kantaera honela definitzen du Itziar Navarrok: “Kantatzean hotsak eta denbora kudeatzeko modua, bat-batean doinua moldatzeko era”. Kantaerak bertsotan funtzio oso garrantzitsua du: “Hitzei adierazkortasun handiagoa ematea”. Horregatik, Navarrok proposatzen duena ez da bertsolariak kantari baten moduan trebatzea, baizik, “kantaeraren baliabideez kontziente izanik gehiago baliatu ahal izatea, kantakera lautik urrunduz”.

Zortzi parametro seinalatu ditu ikerlanean, kantaera ezaugarritzen dutenak: erritmoa, tempoa, dinamikak, artikulazioa, apaindurak, intonazioa, tinbrea eta azentuazioa. Bere lanean aztertu du kantaera osatzen duten zortzi alderdi hauek nola baliatzen dituen garai bakoitzeko Oiartzungo sei bertsolari hauetako bakoitzak (44. orrian dituzue bertsolari horiek). Eta bilakaera nabarmena dela azaldu digu: zaharrenek apaindura asko erabiltzen zituzten, bibratoa ere bai eta ahotsa gaur egun hain ohituak ez gauden tinbreekin proiektatzen zuten. Mikrofonoa erabiltzeak ekarri du baliabide horietako askok zentzua galtzea, baina badira bizimoduan aldaketa gehiago ere kantaera aldatzea ekarri dutenak. Hala ere, bertsolarien artean kantaera aniztasun handia dagoela azpimarratu du: “Unai Agirreri entzuten dizkiot apaindura batzuk, Jexux Mari Irazuri ere... hori gustu kontua da. Zer entzun duten, zer gustatzen zaien eta zer erabiltzen duten oraindik. Bibratoa Maialen Arzallusek eta Aimar Karrikak darabilte, adibidez.”.

Elizako organora egokitutako belarriak
"Ipar Euskal Herrian intonazio ez tenperatua erabiltzen da oraindik ere, baina Hegoaldean belarria ia erabat egin zaigu tenperatura"

Badira intonatzeko moduak, pianoaren tekletatik kanpo. “Intonazio tenperatua” deitzen zaio pianoko tekletan ezagutzen dugun horri: “Mendebaldeko sistema europarraren barruan tonu erdiak eta tonuak daude. Baina hori eraikitakoa da, hartu zuten zortziduna eta banatu zuten bitarte berdinetan, horrela eginda transportagarria zelako musika: jo dezakegu do-n, gero re-n... jo genezakeen piano berarekin tonu guztietan. Horrek bere prezioa du: ahotsarekin egiten dituzunean tarteko hotsak, talka egiten du tenperazioarekin”. Bach-ez geroztik joan zen zabaltzen intonazio tenperatua: “Inposatzen ere bai; elizak funtzio tenperatzailea izan du nahita edo nahi gabe, organoarekin ari bazara astero... A capella kantatuta eta herri musikarekin eutsi ahal zaio intonazio ez tenperatuari. Ondoren, irratiak ekarri digu masiboki tenperazioa”. Globalizazioak kanal batzuen bidez funtzionatzen duela oroitarazi digu Navarrok: “Ez zaigu etorri Senegalgo kantaera, ez Indonesiakoa. Etorri zaizkigu AEB, Frantzia...”. Ipar Euskal Herrian intonazio ez tenperatua erabiltzen da oraindik ere, baina Hegoaldean belarria ia erabat egin zaigu tenperatura: “Orain erdibideko hotsen bat egiten baduzu, agian dagoeneko desafinazioa da, ez da sistema hori belarrian duzunik eta erreproduzitu egiten duzunik; nork entzun ditu intonatzeko bitarte horiek modu intentsiboan? Agian doinuren bat, Xalbadorren grabazioren batetik ikasi baduzu, tokeren bat geratuko zitzaizun. Baina orokorrean hots horiek ez ditugu entzuten ez barneratzen”.

Nolako bizimodua, halako kantaera

“Elizan kantatzen ikasi zuten belaunaldi askok, asteroko gune hori galdu zen, eta etxean ere ez da hainbeste kantatzen. Garai batean lan-bileretan ere kantatzen zuten”. Jendarte aldaketak musika ulertzeko modua bera aldatu duela kontatu digu Navarrok: “Lehen musika egiten zenuen zerbait zen, eta ez jartzen zenuen zerbait. Eta kantua lantzen da kantatuz, ez entzunez. Zenbat doinu dakizkizun ez da zenbat doinu entzun dituzun eta gutxi gora behera tarareatu ditzakezun edo ezagunak zaizkizun. Doinua kantatzeko gai zarela esan nahi du doinua jakiteak. Esperientziatik dator ezagutza”. Egun kantatzeko beste gune batzuk ditugu: musika eskola, korua, bertso eskola... “Horietara bazoaz eta pila bat kantatzen baduzu, landuko duzu. Baina orokorrean kantuaren atzerakada eman da, Joanito Dorronsorok ere dioen moduan. Zenbat eta gehiago aritu orduan eta gehiago ezagutzen duzu zure ahotsa, baliabide gehiago garatzen dituzu”.

Ikusi dugu mediazioak (irratiek, CDek...) nola eragin zuten gure belarriak intonazio tenperatura heztea. Baina hori baino gauza gehiago ere eragin zituen: “Mediazioak, batez ere irratiak, ekarri digu lehenago entzuten ez genituen soinu pila ekartzea, soinu horiek grabatuta entzutea, eta ez dakit kontziente garen grabatutako soinuak tratatuta daudela: artifizialki erregulartasun batera bultzatutako erritmoan grabatzen dira kantak, ahotsak hainbat filtrotatik pasatzen dituzte, tratatuak dira desafinatu ez dezaten... beraz, grabazioak entzundakoan, imitatzen ari zara, nahi gabe, erreala ez den zerbait. Mediazioaren alde larriena da ez garela kontziente tartean dagoela”. 

“Lehen plazan entzuten zuten doinu bat, eta norbera saiatzen zen etxean-edo doinu hura erreproduzitzen, eta noski, bariazio handiak egiten ziren. Orain grabaziotik ikasita, doinu bakoitza era batera da eta gutxiago bariatzen da"

Kontatu digu doinuak ikasteko prozesuak eragin handia duela emaitzan kontatu digu: “Lehen plazan entzuten zuten doinu bat, eta norbera saiatzen zen etxean-edo doinu hura erreproduzitzen, eta noski, bariazio handiak egiten ziren. Orain grabaziotik ikasita, doinu bakoitza era batera da eta gutxiago bariatzen da. Agian segurtasun kontua ere bada, bertsotan inprobisatu behar duenak sentitu dezake ‘behintzat doinuari eusten badiot...’. Doinuarekin bat-batean jolasteko abilidadea behar da. Lexotik, adibidez, beti kantatzen du doinu beretan, baina doinu gutxi horiek nola menperatzen dituen! Ez du inoiz gaizki kantatuko doinu horietan eta bariatzen du izugarri, denborarekin jolasten du”.

Doinu berriak edo doinu zaharrak beti berri?

Galdera pausatu du Navarrok: “Agian fokua jarri da doinu berriak ateratzeko ahaleginean, eta txapelketaro doinu berri bat ateratzeko joera badago. Gakoa izan daiteke doinu batzuetan zentratzea, bertsolariak ikus dezan ea noraino iristeko gai den doinu horietan. Baina ez dakit entzuleek

"Txapelketaro doinu berri bat ateratzeko joera badago. Gakoa izan daiteke doinu batzuetan zentratzea, bertsolariak ikus dezan ea noraino iristeko gai den doinu horietan"

preziatuko duten ahalegin hori, gaur egun doinu eskakizuna oso altua baita. Maiz aldatu ezean, aspertzen gara doinu bera entzunaz”. Aditu batzuen hitzetan, kantari batek doinuari bizia emateko eta ahozkotasunaren ezaugarriak txertatzeko,  urtetan kantatu behar du: “Bertsolariak doinu bat hartzen badu eta hiru urtera nazkatu bada doinuarekin, edo modaz pasa bada, ez dakit zenbateraino ondu ahal izan duen. Adibidez, hitz zehatz batzuk esateko lortzen badu doinuaren aldaera batekin indarra ematea, irabazi egiten du: bi sorpresak batera doazelako, hitzezkoa eta doinuaren aldaera”. Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” jarri du adibidetzat, berak aztertutakoen artean, eta egungoa izanik, hori egiteko gaitasuna duelako.

Hitzen musika eta doinua batera doazenean

“Hizkuntzalariekin prosodia ikerketa egin beharko genuke” bota du Navarrok: “Alegia, hitz jarioaren musikaltasuna aztertu beharko genuke. Nahiz eta euskarak ez omen duen azenturik, euskarak azentu malgua badu, mugikorra, mintza katearen

"Agian, belarrira oso ongi ematen diguten bertsoek lortzen dute doinua eta esaldien azentuak parean etortzea"

barruan esaten dugunaren arabera, azentuatzen dugu gauza bat edo bestea. Iruditzen zait doinu zehatz batean, hitzen ordena era batera hobe geratzen dela beste ordena batean baino, azentuei lotuta. Agian, belarrira oso ongi ematen diguten bertsoek lortzen dute doinua eta esaldien azentuak parean etortzea. Gaitasun hori bertsolariek bere egitea lortzen badute, senez edo egitera iristen badira, izugarria da”.  Horretarako ere, beharbada, doinu gutxi eta maiz errepikatzea komeni: “Doinu bat oso landua duzunean, agian hobeto ezkontzen dituzu hitzak. Eta doinua berria denean, bertsolaria ari da silabaz silaba metrika zaintzen, eta agian ez zaio aterako hitzen hautaketa soinu aldetik hain egoki egitea”.

Bertso kantaera lantzeko eskolarik onena
"Ez dut sinisten kantu eskolara joatea denik irtenbidea. Esperimentazioa da bidea"

Navarrori galdetu diogu bertsolariek nola landu dezaketen kantu gaitasuna:“Ez dut sinisten kantu eskolara joatea denik irtenbidea. Esperimentazioa da bidea, bertso eskolan beste gauzak lantzen diren bezala, kantaera ere mahai gainean jartzea; eta bertsolariek lan asko egiten dute etxean, bada horretaz ere hausnartzea: etxean nola lantzen dut bertsoa? Kantatzen dut, edo idatziz? Nire aholkua da kantatzea, kantatu ahal den guztia, eta kantatu denetik”.

Entzuleengan dago soinua

Kantaera mundu oso bat bada, entzuten duguna da beste hainbesteko mundua: “Irratitik, telebistatik edo zuzenean bertso saioan entzun, oso ezberdina da. Ahotsa komunikabideetatik barrena pasatzerakoan, bere ertz guztiak ez ditugu entzuten, ahotsaren presentzia osoa ez dugu entzuten. Zuzenekoak beti ematen du informazio gehiago. Eta bertso saioan bertan ere, mikrofonoarekin jasotzen dugun ahotsa dagoeneko aldatuta dator. Eta non zauden eserita, horren arabera ere zure pertzepzioa aldatu egiten da... Norberaren pertzepzioa beti aldagai askoren menpe dago eta oso pertsonala da, hasieratik entzumena selektiboa da. Horregatik, entzuleek kantaera bakoitza nola pertzibitzen duten, zein gustatzen zaien eta zergatik, hori ere ikertzea ederra litzateke”.

Jakin-minez pizten zaizkio Navarrori begiak, bertsoa eta soinuaren arteko loturez ari dela: “Aztertuko nuke saio mota bakoitzean nola kantatzen den, ez baita berdin kantatzen jaialdi batean edo txapelketan. Elkarrizketatu nahi ditut lehenbailehen aztertu ditudan Oiartzungo bertsolariak, ea kontzienteki moldatzen duten beren kantaera. Doinutegia nola erabiltzen duten, doinuak nola ikasten dituzten... bertsolari batzuen kantakera intonazio ikuspegitik ere aztertu daiteke: Xalbador, Uztapide, Lasarte, Enbeita”.

AZTERTUTAKO KANTAERAK ETA BAKOITZAREN BI ZERTZELADA

Jose Joakin Mitxelena Agirrezabala (1924)
"Kantari ona. Bere bi ezaugarri dira proiekzioa eta presentzia; handia izateaz gain, kantatzeko ere ahoa asko zabaltzen zuen... eta izugarri proiektatzen zuen ahotsa, bibrato indartsuz. Grupetoak eta beste figurak automatikoki egiten ditu, beste inork baino gehiago".
Jose Luis Lekuona Garaiar “Lexoti II” (1925)
"Gorputz, tinbre berezia du bere ahotsak. Oro har azkar kantatzen zuen, eta grabazio askotan nabari zaio eztarria ez zuela ongi".
Koxme Lizaso Lekuona (1937)
 "Nabari da garai hartako kantariak entzuten zituela. Askoz borobilago, motelago eta elegante kantatzen du, kantarien estetika hartzen du. Aztertu dudan corpusean behintzat, Koxme Lizaso da, Alaia Martinekin batera, polikien kantatzen duena".
Joanito Mitxelena Andueza (1953)
"Parametro batzuei erreparatuta, zaharren antzeko kantaera du, baina mikrofonoagatik edo, hainbeste proiektatu gabe. Ahots suabeagoa du. Denerako moldatzen den kantaera du, tabernarako, txapelketarako eta jaialdietarako".
Arkaitz Oiartzabal Agirre “Xamoa” (1985)
"Bizi kantatzen du, bizkor. Apenas erabiltzen duen apaindurarik, baina doinuarekin jolasten du, aldaerak egiten ditu... bertsolari familiakoa izateak azaldu lezake hori".
Alaia Martin Etxebeste (1987)
"Tinbrearekin jolasten du. Esaten ari denaren arabera jaisten du ozentasuna, aldatzen du ahots kolorea... Hitzen artean etenak egiten ditu, atsedenak, adierazkortasuna irabaziz. Bi ezaugarri horiek bereizgarri ditu".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude