Erreferendumaren espiritua, defentsarik onena

  • Badirudi oraindik edozer interpreta daitekeela lerro hauek idazten diren urriaren 16 goizean: independentzia aldarrikatuta dagoela edo ez, eta 155. artikulua indarrean dela jada, baina ez. Era batera zein bestera, Kataluniako independentismoak Errepublika defendatzeko prestatzen jarraitzen du. Nola egin eraginkorren, ordea?

Xabier Letona @xletona
2017ko urriaren 22a
Espainiaren erasoetatik defendatzeko eraginkorrena independentzia aldarrikatzea dela uste dute askok mugimendu independentistan.
Espainiaren erasoetatik defendatzeko eraginkorrena independentzia aldarrikatzea dela uste dute askok mugimendu independentistan.ANC

Urriaren 1ean Katalunian egindako erreferenduma bertatik bertara bizi izan genuenok altxor oso preziatuarekin itzuli ginen gure etxeetara: burmuinak esaten zigun historia liburuetan irakurtzen diren iraultza horietako bat lehen lerroan ikusi genuela; bihotzak berresten zuen burmuinak esandakoa, barnean sentitzen genuena lurrikara emozional baten gisakoa izan baitzen, egunetan gurekin eraman duguna gure etxeetara, lagun artera, lanera eta, ez gutxitan, baita gure ametsetara ere. Erreferendumaren sindromearekin itzuli ginen, ikusi eta sentitu genuenak bahituta.

Gutako askok hala bizi izan bagenuen gertatutakoa, zer sentituko zuten iraultza haren benetako protagonistek? Harrotasunaz eta poztasunez gain, sekulako indarra. Eurak ziren iraultza haren subjektu eta, gainera, irabazle atera ziren: bototan, zilegitasunean eta kontakizunean.

“Ez duzue egingo” milaka aldiz entzun eta irakurri ondoren –tertulietan mespretxu eta txantxa doinuz egindako iruzkinetik hasi eta Mariano Rajoyren mehatxu doinu krudeleneraino–, katalan independentismoak erreferenduma egin zuen, hiru zutoinetan sostengatuta: bat, proiektu independentista argi bat izatea; bi, herriaren indarra, herritar eta instituzioen arteko antolaketa eta erresistentzia baketsuan gauzatua; hiru, tresna demokratiko argi eta garbi bat erabili izana, erreferenduma bera.

Urriak 10

Urriaren 1a horrela sentituta bakarrik uler liteke Kataluniako mugimendu independentistak urriaren 10eko arratsaldeko 19:30ean Legebiltzarreko atean jasotako baldekada ur hotza. Aurreko bederatzi egunetan gertatutako guztiak halako egoera nahasi baten ateak zabal zitezkeela adierazten zuen, baina independentziaren aldarrikapena defendatzera joandako inork ez zuen pentsatuko horrenbestekoa izango zenik.

Kontua urriaren 2tik hasi zen egosten ordea. Urriaren 1aren ondoren, kontaketa elektronikoaren  emaitzak ofizialki ontzat eman zitezkeen astelehenean edo asteartean bertan, eta handik bi egunera –Erreferendumaren Legeak agintzen zuen gutxienekoa–, ostegun edo ostiralean, independentzia aldarrikatu. Baina ez zen egin, nazioarteko esparru zabaletan, batez ere Europan, Espainiaren errepresioak gainbeheran jartzen zuen bere irudia eta erresistentzia baketsuak gorantz zeraman Kataluniarena.

Astelehena erabaki zen Independentzia aldarrikapenerako eta, Erreferenduma eta Trantsizio legeak aitzakiatzat hartuta, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen osoko bilkura. Bere eskumenak baliatuta, hurrengo egunerako bere agerpena eskatu zuen Carles Puigdemont presidenteak, bere kapelutik beste untxi bat aterata.

Nahasmena nagusi

Baina untxirik handiena Legebiltzarrean atera zuen urriaren 10eko arratsaldean. Katalunia independentzia aldarrikatzeko prest esnatu zen eta Bartzelonako kaleetan ikusmina ukitu egin zitekeen. Legebiltzarra Mossoek inoiz ez bezala zaindua ageri zen eta zaintza berezi hori ez zen Parlamenta herritar unionista ultrengandik babesteko; Puigdemonten balizko atxiloketaz hitz egiten zen eta Legebiltzarreko planen artean zegoen parlamentariren batzuk akaso gaua bertan pasatu beharko zutela; legebiltzarreko langileak hainbat lekutatik aritu ziren sofa-oheak eramaten Legebiltzarrera. Edozer gerta ere, Parlamentuan ziren 1.000 kazetari –horietatik 300 atzerritarrak– gertaera horien lekuko izango ziren, tartean lerro hauek idazten dituen ARGIAkoa.

Arratsaldeko 18:00etan zen hastekoa Puigdemonten hitzaldia, baina ordubete atzeratuko zela iragarri zen ordua helduta. Era guztietako zurrumurruak laster barreiatu ziren telebista kameren kableekin estropezurik ez egitea zaila zen korridore haietan. Independentzia aldarrikatu behar ei zuen Puigdemontek, eta gero denbora bat utziko zuen elkarrizketa eta negoziaziorako, batez ere Europara begira. Eta unea helduta, berarengan ohikoa den moduan, hitzaldi ondo atonduaren muinean jaurti zuen erreferendumaren agindua onartzen zuela: “Katalunia estatu independente bat izatea, errepublika forma hartuta”.

Txalo zaparrada kalean, herritarrak pozarren, horrenbeste denbora une honen zain… eta segundu gutxira zaflada: “Solemnitate berarekin, Gobernuak eta nik neuk independentzia aldarrikapena bertan behera uztea eskatzen dugu”.

Hortik aurrera etsipena, nahasmena eta ezkortasuna zabaldu ziren mugimendu independentistan, batez ere lehen orduetan. Arrakalak ikusten ziren jada ordura arteko harresi trinkoetan eta herritarrak beldur ziren ordura arte iraultza egitea ahalbidetu zien arma kuttunaren egoeraz, hau da, batasunaz.

Independentzia aldarrikapena bai ala ez?

Oraindik ez dakigu egiazki independentzia aldarrikatu zen ala ez. Nik neuk ezetz interpretatu nuen lehenbiziko egunetan, Kataluniako hainbat hedabide, pertsona eta mezu entzun eta irakurri ondoren. Baina litekeena da erratuta egotea, egunetik egunera indartzen baita oraingoan ezkutuko arma Puigdemonten ambiguetate kalkulatua dela eta biak interpreta daitezkeela, baietz eta ezetz, nahieran. Bere testuak ematen du horretarako aukerarik, baina gainera, osoko bilkuraren ondoren Junts Pel Sík eta CUPek Independentzia Adierazpenaren testua sinatu zuten Parlamentuko beste areto batean, eta hori bada egiazko independentzia aldarrikapen, zalantzarako tarterik uzten ez duena.

Bai, independentzia aldarrikatu zen, diote askok: “Nork dio horretarako Parlamentuan bozketa egin behar denik?” edo “Maciak ere berak aldarrikatu zuen 1934an”. ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak ere esan berri du, “herritarrek bozkatzen dute independentzia, ez legebiltzarrak”, beraz, baietzak irabazita nahikoa zen Puigdemontek hala adieraztea eta kito.

Bestetik, CUP, ANC eta, besteak beste, PDeCAT edo ERCko sektore batzuek etengabe egiten diote presioa esanez “aldarrika dezala behingoz” independentzia edo “altxa dezala suspentsioa”.

Inork ez daki zer gertatuko den, baina dagoeneko onartutzat ematen da Espainiako Gobernuak 155. artikulua indarrean jarriko duela, nahiz eta askoren ustez jadanik indarrean den. Nola aplikatuko da baina? Ez dago batere argi, baina errepresio handiz, edo hori saldu nahi da behintzat. Erreferendumean erabilitako biolentzia etorkizunerako mehatxu izan ei zen batez ere.

Eta logikoa den gisan, beldur handia zaio errepresioari, Espainiaren historiak ematen duelako horretarako betarik. Orain arte indarrean inoiz jarri ez den 155. artikulua oso zehazkabea da, nahi denerako aukera ematen dio indarrean jarri nahi duen gobernuari, baina inon ez da azaltzen zein errepresio maila erabili behar den milioi bat edo bi milioi pertsona kaletik ateratzeko. Edo zer egiten den Mossoen zati batek bakarrik Generalitatea obedituko duela esaten badu, edo nola desegiten den gobernu bat eta beste bat jarri herritarrek lehenaren aginduak betetzen badituzte eta bigarrenarena ez.

Errepublikaren defentsa

Espainiak “legearen inperioa” deitzen duen bere indarraren mehatxuan du konfiantza; Kataluniak independentismoaren batasunean eta herritarren indarrean. Zein gailenduko da? Espainiaren indarra edo Kataluniaren legitimitatea?

Inork ez daki, baina batek pentsa dezake independentismoak lehenbailehen itxi behar dituela urriaren 10ean bere baitan irekitako arrakalak. Erreferendumaren iraultzaren espiritutik gertuago egonda samurrago defendatuko dutela independentzia; urrunduta, egoera korapilatu egingo zaiola Puigdemonti. Kapeluan untxiak izatea bikaina dela, baina errepresioa areagotzen denean, untxiez gain, bestelako tresnak ere beharko dituela lehendakariak. Batzuek Europan jartzen dute esperantza une honetan, besteek independentzia aldarrikapenean, besteak beste, honek defentsa tresnak ematen dizkielako.

Bi hilabete gehiago eskatu dizkio Puigdemontek Rajoyri, elkarrizketa edozeren gainetik lehenetsiz. Erantzun horrekin Espainiako Gobernuak erabakita bide du: 155. artikulua. Eta hala bada, bertan behera utzi ei zen independentzia aktiba dezake Puigdemontek. Eta katalanek berriz erabaki beharko dute nola segi Kataluniako Errepublika defendatzen. Batera zein bestera, oso kontuan izateko modukoak dira Nelson Mandelak esan eta hain ezagun bihurtu diren berba haiek: “Zure erabakiak izan daitezela zure esperantzen isla, eta ez zure beldurrena”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Kataluniako erreferenduma

Kataluniako erreferenduma kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude