Koldo Martinez eta Joxerra Olano aurrez aurre

  • Nafarroan, aldaketaren indarrak Foru Gobernura iritsi zirenetik, euskara guda-zelai bihurtu du oposizioak; eta une zehatzetan burrunba handia sortu du nafar gizartean. Zein diskurtsorekin erantzuten dute halakoetan euskaldunek eta euskaltzaleek? Zein ideiatan oinarritzen dute euskararen normalizazio prozesua? Joxerra Olano eta Koldo Martinez jarri ditugu aurrez aurre ideia hauen hausnarrean. Euskararen esparruko pertsona esanguratsuen iritziak ere bildu ditugu.

Koldo Martinez, ezkerrean, eta Joxerra Olano Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan.
Koldo Martinez, ezkerrean, eta Joxerra Olano Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan. Joseba Zabalza

Ba al dugu euskararen diskurtsorik Nafarroan? Zuen ustez zeintzuk dira bere ezaugarri nagusiak?

KOLDO MARTINEZ. Guk hiru diskurtso ikusten ditugu Nafarroan euskararen inguruan: bi aldekoak dira eta bat ez. Euskararen aldeko bietan, elebitasuna ulertzeko era da haien arteko ezberdintasun nagusia, batzuentzat elebitasuna tranpa baita eta euskara Nafarroako bertako hizkuntza bakar gisa ikusten da. Geroa Baikoentzat, gaztelania eta euskara biak dira Nafarroako bertako hizkuntzak eta biak defenditu behar ditugu, noski, kontuan hartuta euskara gaztelania baino askoz ahulagoa dela. Euskaldunen eta erdaldunen eskubideak babestu behar ditugu, bi multzoen eskubideak kontrajarri gabe. Beste diskurtsoak kontrajarri egiten ditu eta hori oso arriskutsua da.

Hirugarren diskurtsoa oso hedatua dago, batik bat alderdi politiko batzuek oso barneratua dute, eta euskararen edozein aurrerapauso inposiziotzat hartzen du. Oso argiak izan behar dugu hauen aurrean eta diskurtso honi aurre egiteko dugun bide bakarra ahalik eta demokratikoen aritzea da. Adierazi behar zaie biek dituztela eskubideak, oreka bat behar dela eta oreka horretan euskara lagundu behar dela.

JOXERRA OLANO. Hiru diskurtso horiek hor daude, zalantzarik gabe. Koldok gehiago hitz egiten du politikatik, nik gehiago hitz egingo dut euskararen aldeko mugimendutik, eta mugimendu horretan ere ez dago diskurtso bakarra, diskurtsoak baizik. IKAn argi bereizten ditugu norbanako elebiduna eta gizarte elebidunaren kontzeptuak. Guk garbi egiten dugu norbanako elebidunaren alde; bi, hiru edo lau hizkuntza jakitea aberasgarria da, baina nik behintzat gizarte elebidun gutxi ezagutzen dut. Euskararen aldeko mugimenduan 90eko hamarkadan honako esaldi hau erabili genuen: “Hobe jakitea, ez jakitea baino”.

Berezko hizkuntza dela eta, euskararen aldeko mugimenduan ere hainbat iritzi dira horretaz. Nire ustez, berezko hizkuntza lurralde bati lotutako giza komunitate batek berez duen hizkuntza bada, beste inondik ekarria ez dena, euskaldunen berezko hizkuntza euskara da. Beste kontu bat da gaztelania ere Nafarroako hizkuntza izatea, bertan mintzatzen delako.

Eskubideen gaia. Goazen 2015eko Hezkuntza Publikoko irakasle lanpostuen deialdira: euskaraz aritzeko atera ziren lanpostuak batez ere eta aurkakoen arabera, lan deialdia desorekatua zen eta kolokan jartzen zen euskaraz ez dakiten herritarrek funtzionario izateko duten eskubidea. Noiztik da hori eskubidea? Hori eskubide asmatu berria da. Administrazioa zerbitzu egokia emateko dago; horretarako langileak gaitasun batzuk behar izaten ditu eta gaitasun horien artean dago hizkuntza ere. Administrazioak medikuak behar dituenean eta dagokion lan eskaintza egiten duenean, inork ez du esaten medikuntza ikasketak eskatzeagatik ikasketa horiek ez dituena baztertzen ari denik.

Inposizioa… Tira, gogora datorkit Espainiako Erregeak 2001eko Cervantes saria ematean esan zuena [paperetik irakurri du]: “Nunca fue la nuestra lengua de imposición, a nadie se le obligó a hablar castellano, fueron los pueblos más diversos quienes hicieron suyo por voluntad libérrima el idioma de Cervantes”. Jakina, gaztelaniak berezko dituen dohain zoragarri horiei esker zabaldu da munduan.

Inposizioaren diskurtsoa defendaezina da. Ez dago hizkuntza hoberik eta eskasagorik; behar komunikatiboak asetzeko tresnak dira hizkuntzak eta guztiek asetzen dituzte premia horiek.

Koldo Martinez eta Joxerra Olano Nafarroako Legebiltzarrean, hantxe egin genuen elkarrizketa.

K. MARTINEZ. Agian badira hizkuntza batzuk helburu batzuk lortzeko trebeagoak direnak, adibidez ingelesa. Hainbat gauzetarako ingelesa da munduan dagoen hizkuntzarik trebeena, kontzeptu berriak sortzeko adibidez, eta gainera mundu guztiak onartzen ditu, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez… Zergatik gertatzen da hori? Ingeles hiztunak trebeagoak direlako agian… luze eztabaida daiteke hortaz.

J. OLANO. Hizkuntza baten arrakasta hizkuntza horretan mintzo direnen botereari guztiz lotua dago.

K. MARTINEZ. Bai, hala da. Horregatik, euskara bakarrik ez, botere kontuak ere aintzat hartu behar dira euskarari laguntza eman ahal izateko.

Diskurtso horiek egokiak al dira euskaraz normaltasunez bizitzera iristeko?

J. OLANO. Kontuan hartu behar da mezuaren hartzailea nor den. Nekeza egiten zait diskurtso bera erabiltzea administrazioari begira, euskaldunei, erdaldunei begira… Diskurtso bat baino gehiago erabiltzen dugu. Azken boladan modan dago diskurtsoaren gaia, eta uste dut esperantza gehiegi jartzen dela diskurtsoaren egokitasunean, hau da, diskurtsoan asmatuz gero sekulako aldaketak gerta daitezkeen ustea irenstea gaitz samarra egiten zait. Horrez gain, oso garrantzitsua da bakoitzak bere diskurtsoa zabaltzeko zer baliabide dituen kontuan izatea.

K. MARTINEZ. Guretzat lehen diskurtso hori –elebitasuna tranpatzat hartzen duena– oso kezkagarria da. Horrek gizartea bi muturretara eramaten du eta gauzak muturrera eramaten direnean, batzuek ala besteek irabazten dute, baina ez erdikoek, ez gehiengoak. Oso diskurtso zentratura jo behar dugu, horregatik azpimarratzen ditugu bai euskararen balioa eta baita gaztelaniarena ere.

Joxerra, jakitea hobe da ez jakitea baino. Ados, baina hori diskurtso utilitarista da eta ez digu mesederik egiten. Horretan oinarrituta, askoz hobeagoa da ingelesa, txinera, frantsesa edo arabiera jakitea, euskara jakitea baino. Aniztasunaren aldeko balio demokratikoa azpimarratu behar dugu, hizkuntzen gaian zentraltasuna lortzeko, batzuen eta besteen eskubideak bultzatuz, sakonduz eta errealitate bihurtuz.

J. OLANO. Lehen aipatu duzu gehiago interesatzen zaizula euskaldunen diskurtsoa zein den aztertzea, aurkakoena baino, baina diskurtsoak ez dira konpartimentu estankoetan egoten eta ideiak batetik bestera pasatzen dira. Adibidez, ekainean Batzarreko 16 militante ezagunek iritzi artikulu bat argitaratu zuten eta deigarri egin zitzaidan irakurtzea – eskubide kontrajarriak egon zitezkeen neurrian– haien jarrera tinkoari esker gobernuak ez duela gehiegizko neurririk hartu euskararen alorrean, herritarren eskubideekin talka egin zezaketen gehiegizko neurririk, hain zuzen ere. Ez zuten zehazten eskubide kontrajarri horiek zein diren eta ezta gehiegizko neurri horiek ere, baina euskararen aldeko neurriak arrakastatsuagoak izango direla zioten, borondatezkotasun printzipioa eta Nafarroaren errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuz gero. 80ko hamarkadako euskararen aurkako argudioen berpiztea iruditu zitzaidan.

Jo dezagun desiragarriena den egoerara, hau da, Nafarroa Garaiako herritar guztiek euskaraz jakitea. IKAk argi dio hori dela onuragarriena. Hori onuragarria litzatekeela ikusten badugu, gehiegizko neurriak zein lirateke? Inposizioa dela eta: inork ez du esaten “Karibe aldean 15 eguneko egonaldia inposatu didate”. Gauza txarrak inposatzen dira, kaltegarriak izan daitezkeenak, ez onak, ez desiragarriak.

Zergak ordaintzeko garaian lehen mailako herritarra naiz eta zerbitzua jasotzean ere hala izan beharko nuke. Eremu euskaldunean bizi banaiz bigarren mailako herritarra naiz, euskarak duen lege babesa ez delako gaztelaniaren adinakoa eta eguneroko zerbitzuak ez ditudalako euskaraz jasoko; eremu mistoan bizi banaiz hirugarren mailakoa naiz eta eremu ez euskaldunean laugarren mailakoa. Inork ez du defendatzen elbarriak, demagun, %0,06 direla eta, zerbitzuak ere halako proportzioan emango zaizkienik.

K. MARTINEZ. Elbarriek lortu dute gehiengo demokratikoak onartzea haiek eskatzen dutena. Hori da euskararekin Nafarroan lortu ez duguna, hainbat arrazoirengatik seguruenik. Bat izan daiteke nafar euskaldunen gehiengoak izandako diskurtsoa bera, mutur batekoa izan delako. Gogoan dut Euskara Kultur Elkargoan nenbilenean “Euskaraz bizi nahi dut” leloa jarri zela abian, eta Elkargoan zera esaten genuen “Euskaraz ere bizi nahi dut”, baina ez ziguten onartu eta hasiera batean nahiko jarrera hotza mantendu genuen kanpainarekiko.

Jarraitzen dut pentsatzen kaltegarria dela orain ere eta “Euskaraz ere bizi nahi dut” izan beharko lukeela. Gainera diskurtsoak egituratzerakoan errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu beharrekoa da, euskaldunok %15 eta elebidun hartzaileak %10 garenean ezinezko baita pentsatzea zerbitzu publikoen %100 euskaraz egotea, euskaraz ez dakien %75a kontra egotera bultzatuko genukeelako.

Baina “ere” hori gure egunerokoan badago, euskaldunok euskaraz eta gaztelaniaz bizi ohi gara…

K. MARTINEZ. Ba ez, eta diskurtso hori lotzen dut elebitasuna tranpa gisa ikusten duen euskaldunen sektore horrekin, eta hori oso arriskutsua da euskararekiko. Lan eskaintza publikoa aipatu duzu, Joxerra. Hain gaizki komunikatu zen zergatik atera ziren hainbeste plaza euskaraz eta hain gutxi erdaraz! Hala ere, orduan ere argi utzi nuen, eskubidea ez da funtzionario izateko eskubidea, une hartan haur haiek euskaraz ere hazteko eskubidea baizik.

Administrazioan euskararen balorazioa sartzeko Nafarroako Gobernuak aurre-dekretua atera zuenean, EH Bilduk lehen bileran esan zuen murritza zela eta Izquierda-Ezkerrak gehiegizkoa zela. Orduan, nola erabakitzen da? Zer jartzen dugu mahaiaren gainean? Euskararen egiazko balioa edo euskara ez dakitenena eta administrazioan lanpostu bat lortu nahi dutenena?

Hori guztia kontuan hartuz Euskararen Legeak Nafarroa hiru zatitan banatzen duela. Legea aurten aldatu dugu, baina funtsean ez da aldatu. Zergatik? Ez dugulako horretarako gehiengorik. Hori da gure porrotaren adierazle garrantzitsuena. Errazena da erantzukizuna gobernuari botatzea, baina erantzukizuna gizarteak du, guk geuk, gehiengo hori lortu ez dugulako. Epe laburrean, helburua nafar guztiek euskara minimo bat jakitea litzateke; epe luzeagoan nafar guztiak euskaraz normaltasunez mintzatzea. Polita da esatea, baina hori lortzeko bitartekoak aipatu beharko genituzke eta hori une honetan oso zaila da. Nik balore demokratikoen bidea baino ez dut ikusten hori lortzeko.

J. OLANO. Kontua da, gaur egun oraindik badirela hainbat indar politiko ez datozenak bat helburu horrekin. Adostasuna bai, baina norekin? Euskara desagertuko balitz, poztu egingo liratekeela iruditzen zaidanekin? Adostasunaren atzean sarri eskakizunen langa jaistea besterik ez dago. Ez diot gobernua horretan dabilenik, baina horren arriskua badago.

Ofizialtasuna dela eta, ez nuen espero gobernuaren aldeko indarrak historikoki euskara Nafarroan ofiziala izatearen aldekoak izanik, ofizialtasuna akordio programatikotik kanpo uztea. Urrutitik bizi izan nituen negoziazio haiek, baina ondoren zera galdetu izan diot nire buruari: “EH Bildu eta Geroa Baik hori ezinbesteko baldintza gisa jarri izan balute, Izquierda-Ezkerra ausartuko zen UPN gobernuan uztera euskara Nafarroa osoan ofiziala izatearekin bat ez zetorrelako?”. Eta nire erantzuna da ezetz, ez zela ausartuko.

Badugu zer kritikatu gure buruari. Hala ere, nahiz eta diskurtsorik egokiena egin, aurkakoek jarrera aldatuko lukete? Ez dut uste. Uste dut aitzakiak direla, oraintsu arte terrorismoa izan da, eta lehenago Unamunoren garaian kabernikola izatearekin lotzen zen euskaraz egitea. Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren adibidean, Koldo, erantzuna antzekoa izango zen era batera edo bestera komunikatu.

K. MARTINEZ. Azken finean, helburu politikoen artean euskara bat da, nahiz eta batzuentzat hil ala bizikoa den, bai mutur batean zein bestean.

J. OLANO. Ni euskararen aldeko mugimendukoa naizen neurrian, niretzat euskara da helburu politiko bakarra. IKAn izan dugu sektore guztietara iristeko gaitasuna, instituzioentzat diskurtso bat erabiliz eta beste bat jendea erakartzeko garaian. Hori gauza bat da eta beste bat hizkuntza batzuk besteak baino hobeak direla eta gisakoak irenstea, eta pentsamendu horri tira egingo bagenio, arrazakeriara iritsiko ginateke.

Hezkuntzako lan eskaintzan edo Iruñeko euskarazko haur eskoletako aferan protesta handiak egon ziren gizarteko hainbat sektoretan. Euskaldunok zer transmititu behar diegu sektore horiei?

J. OLANO. Aspaldiko eskaria zen eta udalak egin behar zuena egin zuen. Erantzuna nahiko iraingarria izan zen: orain familia batzuk 200-300 metro mugitu behar zuten, eta beste batzuek orain arte seme-alabak euskarazko haur eskoletara eramateko aukerarik ere ez dugu izan, edo, onenera jota, etxetik kilometro pare batera zegoen haur eskolara eraman behar izan ditugu. Erabilitako argudioak egokiak izan ziren, baina guk megafonia txikia dugu eta haiek oso handia.

K. MARTINEZ. Bi esparru horietan aldaketa handiak behar ziren, eta bai Hezkuntza Saila eta bai Udala ez ziren gai izan behar hori sozializatzeko. Aldekoekin ez zegoen arazorik, baina bai euren burua kaltetutzat hartuko zutenekin. Horiekin gutxieneko adostasun batera iristeko ahalegina ere behar zen. Hori da Nafarroan oraindik falta zaiguna: euskararekin bat ez datorren jendea kontzientziatzea euskararen garrantziaz. Eta egin ez zirenez bi kontu horiek –sozializazioarena eta adostasun ahaleginarena–, ba euskara berriz ere gatazka motibo bihurtu genuen, gure borondate onenarekin izan bazen ere.

J. OLANO. Urratsik txikiena emanda ere, zenbaitentzat ez ote da euskara beti gatazka iturri izango? Horientzat urratsik txikiena ere beti da asko. Oraindik gogoan dut euskara ofiziala izateko 48.000 sinadura aurkeztu genuenean Miguel Sanzek esan zuena: “Guk 100.000 boto ditugu”.

Beharrak, kohertzioak… zein leku dute euskararen diskurtsoan Nafarroan?

K. MARTINEZ. Guk argi dugu gizartearen zati batek bere haurrak euskaraz hazi nahi dituela eta hori eskubide bat da. Hor ez dago zalantzarik. Horrez gain, argi dugu euskara bultzatu behar dela euskara gure hizkuntza “ere” badelako, eta gainera aniztasunaren aberastasunean sinesten dugulako. Baina gaur egun euskaraz ikasi nahi ez dutenek ere euren eskubideak dituzte eta gaur egungo erronkarik handiena da batzuen eta besteen eskubideak orekatzea. Alde batera ematen duzun pauso minimo hori inposizio gisa ikusten da eta hori da legealdi honetan eta ondorengoan lortu behar duguna: Nafar guztiek onartzea euskara guztion balorea dela eta defendatu egin behar dela.

J. OLANO. Hemen “hizkuntzaren politizatzeaz” hitz egiten dute, baina norbaitek politizatu badu hizkuntza hori euskararen aurkakoak izan dira. Euskara haien proiektu politikoa aurrera ateratzeko trabatzat jo zuten Trantsizioaren amaieran, eta horren arabera jokatu dute, jendearen jarrera aldatzeko. Nola? Diskurtso jakin bat erabilita, eta egin duten hizkuntza politika eginda.
Lehen haize kontra ari ginen lanean euskararen aldekoak eta orain haize alde, baina oso haize leuna sentitzen dugu… Askoz haize indartsuagoa beharko genuke, eta horrela herritarrak ere sumatuko luke euskara beharrezkoagoa dela.

Euskararen inposizioa ere entzun behar izaten dugu… Hemen azken 500 urteetan inposatu den hizkuntza bakarra gaztelania da. San Inazioren bizitzari buruzko euskarazko liburua argitaratzea debekatu zuten XVIII. mendearen amaieran; euskarazko libururik ez zegoen argitaratzerik hemen… eta hori baino lehenagoko eta ondorengo beste hamaika adibide ere badira.

Horrez gain, historia ere kontuan hartu behar da hizkuntza baten ordezkatze prozesuan. Edo Espainiako Juan Carlos erregeak zioen bezala, gaztelaniaren zabalkundea egin zen “fundamentada en la libérrima voluntad de los más diversos pueblos…”, hau da, gaztelaniaren dohainez txoraturik baztertu genuela gure hizkuntza?

K. MARTINEZ. Utzidazu bi pasadizo kontatzen. Bata Iruñeko kategoria handiko eskola pribatu batean gertatu zen eta irakasleak galdetu zien bere ikasle erdaldunei: “Y por qué creeis que han puesto en las entradas de la ciudad carteles de Pamplona-Iruñea?”. Lehen erantzuna izan zen: “Porque vienen muchos vascos de veraneo a Pamplona”. Hori garai batean ez zen gertatzen eta oso kontuan hartzekoa da. Hor ikaragarrizko atzerapausoa eman dugu Nafarroan, oso gaizki egin dugu eta ez dugu asmatu. Edo gu oso tentelak izan gara eta ez dugu asmatu komunikazioan, edo bestela besteak oso argiak izan dira eta izugarrizko boterea izan dute…

J. OLANO. Baina herritarren pertzepzioa aldatu daiteke. Asmatuko genuke geuk ere haiek izan dituzten tresna guztiak eskura izanda! Eta, hala ere, azken 30 urteetan hiztunak irabazi ditugu eta erabilerak ere gora egin du; azken azterketen arabera, puntu bat. Beraz, zerbaitetan asmatuko genuen. Besteak beste euskaldunei begirako diskurtsoan asmatu dugu eta Nafarroako euskaldunen artean euskararen aldeko kontzientzia handia dago, zorionez.
Gobernua bere ohiko jardunean euskara erabiltzearekin euskarari prestigioa ematen ari zaio dagoeneko, baina beldur naiz zuk aipatu duzun bigarren legealdirik ez ote den egongo. Ez dakit orduan ez ote dugun hitz egingo aukera galduen agintaldiaz. Ea ez den horrela.

Jon Alonsok euskararen inguruko kontsentsu politiko berri baten beharraz idatzi du ARGIAren “Aktualitatearen gakoak” argitalpenean, arrazoi demokratikoan eta euskaraz bizitzeko eskubidean oinarrituta.

J. OLANO. Zoritxarrez, Nafarroan kontsentsu politiko berri bati buruz hitz egitea zientzia fikzioa iruditzen zait. Garbi dut hemengo benetako agintarien euskararen inguruko jarrera kontsiderazio politikoetan oinarritua dagoela, eta horregatik dut fede gutxi diskurtsoetan. Jakina, saiatu behar da sektore bakoitzari diskurtso egokia helarazten. Oro har, euskararen aldekooi babes politiko gutxirekin aritzea tokatu zaigu gehienetan, eta uste dut erabat oker ez garela aritu. Dibulgazio lan bat egin behar da, zeresanik ez, bereziki ia hutsetik abiatzen garen tokietan, Erriberako zenbait herritan, adibidez. Egoki jokatzen badugu eta neurri politikoak hartzen baditugu, euskara gero eta beharrezkoagoa dela ikusiko dute herritarrek eta gora egingo du, zalantzarik gabe.

“Euskaraz bizi nahi dut” Kontseiluan sortu genuen eta horren jatorrian dago –ikusita Nafarroako Gobernuaren jarrera zein zen– eskubideen diskurtsoa agortuta ikusten genuela. Nik argi dut, “ere” hori beste batzuek jarriko diote. Zoritxarrez, egunerokoan gaztelaniaz egitera behartzen nau hemengo egoera soziolinguistikoak. Bizitzaren alor guztietan ez dut euskaraz bizitzerik oraindik ere, eta eslogan horrek hori aldarrikatzen du: gure lurrean, bizitzaren alor guztietan gure hizkuntzan bizi ahal izatea. Hori gutxieneko demokratiko bat da, eta ez dute onartzen.

K. MARTINEZ. Nire aitona Fiterokoa zen eta Elgetara emigratu zuen, ez zen euskalduna. Fiterora noanean, hango hizkuntza gaztelania da. Euskara totem bat bihur dezakegu eta nik uste dut egunerokoan hainbat arlotan bizitzeko tresna bat dela. Beste arlo batzuetan ingelesa da hizkuntza aproposagoa. Euskarak presa du, baina presarik gabe jokatu behar dugu, hori da dugun kontraesan sakonenetakoa. Eta une honetan, Legebiltzarrean, 50etik 26 boto ditugu, gure akordio xumeak aurrera eramateko.

J. OLANO. Euskara Nafarroa osoan ofizial egiteko gai ez den adostasuna…

K. MARTINEZ. Ofizialtasuna totem bat ere bada. Horrek zer esan nahi du?

J. OLANO. Hizkuntza guztiek behar duten legezko babesa izatea…

K. MARTINEZ. Eta horrek zer esan nahi du? Adibidez, Tuterako Udalean idazkari euskaldun bat egon behar dela? Itzultzaile zerbitzua ere bai?… Zer esan nahi dugu euskara ofiziala izango dela esatean? Horretan ados egon gaitezke, baina hartu beharreko neurriak aipatzen direnean, hor hasten dira diferentziak. Eta ez dugu ahaztu behar estatus ofiziala duten hizkuntza batzuk, gaelikoa Irlandan esaterako, kinka larrian daudela.

J. OLANO. Gauza bat da legezko babesa izatea eta beste bat zer epe, zer baliabide eta zein bide jarri behar diren… Izan daitezke iritzi desberdinak erritmoei buruz, baina lege aldetiko txapela izanda. Iruditzen zait bi urte barru txapel hori gabe segituko dugula eta, gainera, politikariei zaila izango zaizuela oposiziotik ofizialtasuna eskatzea, agintean zaudeten honetan euskara hizkuntza ofizial egiten ez baduzue.

 

HIZLARIEN PROFILAK

Joxerra Olano

Azkoitian (Gipuzkoa) jaioa 1962an. Iruñean bizi da eta  euskara irakaslea da IKAko (Ikas eta Ari) Barañaingo Sahats Euskaltegian. Aurten 26. urtea egingo du Barañainen.  Aurretik sei ikasturte egin zituen irakasle Arabako Errioxan. 1989an IKA sortu aurretik, AEK-ko irakasle izan zen.

 

Koldo Martinez

Eskoriatzan (Gipuzkoa) jaioa 1953an. Iruñean bizi da. Nafarroako Legebiltzarkidea da eta Geroa Bai talde parlamentarioko bozeramailea. Dagoeneko desagertua den Euskara Kultur Elkargoko lehendakaria izan zen. Urteetan Zainketa Intentsiboen Unitateko medikua izan da Nafarroako Ospitalean eta han du bere leku profesionala

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara "mespretxatzen eta gutxiesten" duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude