"Euskal ijitoak sistematik kanpo ibili dira beharbada, baina ez gizartetik kanpo"

  • David Martin (1980, Errenteria) historialariak 36ko gerra zibila ikertzeari ekin zion karrera amaitu zuenean: ijitoei buruz ez zela ezer idatzi ohartu zen, eta hutsune horri heltzea erabaki zuen. Batean eta bestean ibili ondoren, Euskal Herrira itzuli eta euskal ijito herria ikertu du. Orain, El pueblo gitano en Euskal Herria liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxean.

“Ijito herriak ez du ondare idatzirik utzi. Dokumentu prozesalak eta legislatiboak erabili behar dira haien historia idazteko, baina horietan ijitoez agertzen den ia guztia negatiboa da, informazioa prozesatzeko lerro artean irakurtzen jakin behar da”. (A
“Ijito herriak ez du ondare idatzirik utzi. Dokumentu prozesalak eta legislatiboak erabili behar dira haien historia idazteko, baina horietan ijitoez agertzen den ia guztia negatiboa da, informazioa prozesatzeko lerro artean irakurtzen jakin behar da”. (Arg.: Batiste Ezeiza)

Ohiko iturri historikoa izaten dira, baina zure lanean oso pisu nabarmena dute legeek, dokumentu prozesalek...

Ijito herriak ez du ondare idatzirik utzi. Ondorioz, dokumentu prozesalak eta legislatiboak erabili behar dira haien historia idazteko. Testu horietan ijito herriari buruz agertzen den ia guztia negatiboa da eta informazioa prozesatzeko haien idiosinkrasia ulertu eta lerro artean irakurtzen jakin behar da. Testigantzak dira prozesuetako alderdi interesgarriena; haietan esaten baita non bizi diren, zer egiten duten, noren seme-alabak diren… Gero, datu txiki horiek beste dokumentu batzuekin aldera ditzakezu, zuzenean ijitoak aipatzen ez dituztenekin: genealogien eta sakramentu-erregistroen bidez ikus dezakezu haietan pertsona berberak agertzen direla, ijitotzat definiturik ez badaude ere. Joaquín Bustamantek, adibidez, ezer txarrik egin ez badu, herentzia bat dela-eta baldin badago han, ez da esango ijitoa denik.

Zaila da gainerako euskaldunengandik zerk bereizten zituen esatea.

Garai batean hizkuntzak, baina desagertu egin zen. Eta lanbideek. Ijitoen bizimodua –ez denena, oso heterogeneoak baitira– ez zen gizarte nagusiko kideena bezalakoa. Sistemaz kanpoko lan jakinak zituzten, baina beti gizartearekin harremanean. Azken garaian, baserri-munduan bizi zirenean, aterki-konpontzaileak, saskigileak, moztaileak ziren. Sisteman ez sartzeko aukera ematen zieten lanak ziren.

Ezaugarri batzuk jasandako kontrolaren eta errepresioaren ondorioa ere badira. Abizenen kontua datorkit burura.

Oso garrantzitsua da, inposatutakoa baita. Bertako abizenak dituzte, baina arrotzak zaizkie, beraiek beste modu batera ezagutzen dute elkar. Abizena kanpokoen aurrean ezagutarazteko da. Testuetan ikusten da nola leku batean abizen bat esaten duten, gero bestea… Gaur egun ere gertatzen da: asko dira erregistroan inskribatu behar dituztelako seme-alabei izen bat jartzen dietenak baina gero etxera iritsitakoan beste modu batera esaten dietenak.

Ezkutatzeko ere erabiltzen zuten hori.

Baita soldaduskatik libratzeko ere, edo gida-baimena lehenago ateratzeko… Bada anekdota bat: Gernika bonbardatu zutenean udal-artxiboak deuseztatu ziren. Zenbait ijitok, ohartuta, Gernikan jaio zirela esan eta identitate berria hartu zuten.

Liburuan diozu emakumeen eta adinekoen pisua gizon gazteen aurkako errepresio historikoaren ondorioa izan daitekeela.

Antonio Gómez Alfarok horri buruzko teoria bat zuen. Hemen ijitoa izateagatik atxilotutako emakume bat kolpatu egiten zuten, lotsa publikoa jasan behar izaten zuen abere baten gainean, erdi biluzik kalean ibili, gabarran jarri eta ibaiaren beste aldera pasatzen zuten. Ez zen beti hala egiten baina hori zen zigorra. Gizonek, hori guztia jasateaz gain, galeretara joan behar zuten. Beraz, herrietara iristen zirenean, eta horrek XX. mendera arte iraun du, gizona kanpoan geratzen zen, eta emakumea sartzen zen herrietara, otarrak saltzera, eskean ibiltzera… Gómez Alfaroren teoriak dio gizon helduak falta zirenez, urte luzez galeretara bidaltzen zituzten garaian, taldean gelditzen ziren emakumeak eta agureak ahaldundu egin zirela. Gaur egun ere, emakumeek dituzte harremanak ijitoak ez direnekin, haiek dira solaskideak.

Gertaera errepresibo handiak jaso dituzu liburuan. Baina jazarpena egunerokoagoa izan da.

Kontrol soziala zen: ez zituzten fisikoki desagerrarazi nahi, holokaustoan egin zen eran. Errege-erregina katolikoen 1499ko pragmatikatik Iparraldeko Grande Rafflera (1802) arte, haien alteritatea ezabatu nahi izan zen, haien ezaugarri kulturalak diluitu. Beren janzkera, lanbideak, hizkuntza… uzteko eskatzen zitzaien eta, XV. mendetik XX.era arte, ijitoak gertutik zaindu dira. Hala ere, ikusten da lege horiek behin eta berriro egiten zituztela Batzar Nagusietan, horrek esan nahi du ez zirela zirudien bezainbeste betetzen. Adibidez, Ensenadako markesaren 1749ko Sarekada Handian, Gipuzkoako korrejidoreak esan zuen ez zuela ijitorik entregatuko, hemen ez zeudelako. Alkateek baietz zioten, bazeudela, eta izenak esango zizkiotela nahi bazuen. Beren ezaugarriak ezkutatu zituzten aurrera egiteko, baita egin ere.

XV. mendekoak dira euskal ijitoen lehen aipamenak, baina ez dugu euskaldunon alderdi hori azpimarratzen.

Euskal Herria leku askotako jendeak eratu du. Jende hori guztia batzen zuten ezaugarri batzuk zeuden, adibidez hizkuntza, euskara. Ijitoek delituren bat egitekotan soilik izaten zuten administrazioarekin harremana, beraz ez zuten gaztelaniaren beharrik. Gaskoia eta euskara ikasi zituzten. Ijitoen ondarea folklorean agertzen da. Iparraldean oso nabarmena da hori maskaradetan eta pastoraletan. Iparraldean ijito asko dago, oso diluituta.

Andaluzian, adibidez, onartzen dute nolabait ijitotasun hori, baina Euskal Herrian ez, eta esango nuke gutxiengo nagusia direla gurean: euskal herritarren artekotzat hartu behar da ijito herria, Euskal Herriko gizartean daude duela mende asko eta, musikan adibidez, txistularien eta bertsolarien gaia ijitoekin oso lotuta dago. Mito asko desegin behar dira. Euskal ijitoak hemengoak dira, euskal gizartean daude XV. mendetik: ez dira atzerritarrak eta ez dira gure gizartetik kanpo ibili, beharbada bai sistematik kanpo, baina ez gizartetik.

Hamar urte

“Hamar urte egin ditut AGIFUGIn (Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijito Elkartea), orain ere han nabil diputaziorako lanean. Hainbat gauza egin dugu: Gerra Zibilari buruzko dokumental bat, haurrei ijitoen historia erakusteko komikia... Egunero-egunero hamar urtez ijitoekin egon ez banintz, ezinezkoa zitekeen liburua egitea, ez bainuke informazioa filtratzeko tresnarik izango”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ijito herria
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


"Larrialdi humanitarioa da, eta katastrofea ez da naturala, administrazioak eragin du"

Madrilgo Cañada Real auzoan bizi da Houda Akrikez (Tanger, 1982) Tabadol elkarteko presidentea, Puerta del Sol plazatik hamasei kilometrora. Hiru urte daramatzate auzoan argindarrik gabe 4.000 lagunek, tartean 2.000 haurrek, Naturgy enpresak hornidura elektrikoa eten... [+]


Ipar Euskal Herriko ijitoen elkarteak salaketa jarri du LCI telebistaren kontra, arrazakeriagatik

LCI telebista kateko Parc Brunet, Hammett & Cie saioan jitoak lapurrei konparatzeagatik jarri du salaketa du Euskal Herriko Ijito Komunitatearen Zentro Sozio-kulturalak. Audiobisualaren eta numerikoaren sektoreaz arduratzen den ARCOM autoritatearengana ere jo du gertatutakoa... [+]


Palmira Dual Jiménez. @Kera_Elkartea
“Antirrazista izan behar du feminismoak, bestela ez du ezertarako balio”

Estereotipoak apurtzen dituen emakumea da Palmira Dual Jiménez. 26 urteko neska gazte irundarra da, euskalduna eta ijitoa. Hamazazpi urteko kazetaritza ibilbidean, kazetari honek elkarrizketatu duen lehen ijitoa; aitortzeak ere lotsa ematen du. Ez dezagun uka, denok gara... [+]


Eguneraketa berriak daude