“Antirrazista izan behar du feminismoak, bestela ez du ezertarako balio”

  • Estereotipoak apurtzen dituen emakumea da Palmira Dual Jiménez. 26 urteko neska gazte irundarra da, euskalduna eta ijitoa. Hamazazpi urteko kazetaritza ibilbidean, kazetari honek elkarrizketatu duen lehen ijitoa; aitortzeak ere lotsa ematen du. Ez dezagun uka, denok gara arrazistak eta baita ijitofoboak ere. Gure aurreiritziak garbitzeko egiten du lan Dualek Kera elkartean. Ijito herriaren jatorri, ohitura eta kultura ahantzi gabe, inklusioan sinesten du, benetako elkarbizitzan.

"Neska gazte ijitoak sarri uste du ametsik ezin duela egin. Jaio, urte gutxiz eskolara joan, ezkondu eta berehala ama izan. Hori apurtu behar dugu". (Argazkia: Irantzu Pastor)

Kerak badu euskaratik.
“Kerak” etxea esan nahi du erromintxelaz. Edo esan nahi zuen, desagerrarazi egin zutelako. Euskara eta erromanieraren arteko hizkuntza bat zen erromintxela, eta gaur egun erabat galduta dago. Hitz solteak besterik ez ditugu ezagutzen bizirik gauden Euskal Herriko ijitook.

Ijitoak ere euskaldunak baitzarete.
Dudarik gabe. Ehunka urte igaro dira Euskal Herrira iritsi ginenetik. Zoritxarrez gutxi gara, edo asko ez behintzat, baina geroz eta gehiago gara egunerokoan euskaraz hitz egiten dugunak. Ni irundarra naiz, Irunen errotu naiz, eta nik ere badakit zer den hizkuntza eta herri zapaldu baten parte izatea, bai ijito bezala, baita euskaldun bezala ere. Euskara ez da galdu zorionez, baina ijitoon dialekto asko eta asko betirako desagerrarazi dituzte. Niretzat, zure galderei euskaraz erantzun ahal izatea oso berezia da.

Ijito bat elkarrizketatzen dudan lehen aldia da niretzat. Zenbat ijitofobia oraindik ere…
Asko, asko. Beti izaten da gehiegi. Euskal Herrian oso nabarmena zaigu oraindik, agerikoa da, eta ijitook pisu asko duen motxila daramagu bizkarrean.

Argazkia: Irantzu Pastor

Jendarte eredu inklusibo batean sinesten dut, eta uste dut urratsak eman ditugula horretara bidean. Ijitoak berea errespetatua izatea nahi du, beste guztiek bezala. Sistema kapitalista honetan, ordea, badakigu oso zaila dela erronka. Baina horretan gabiltza, eta beste gai asko bezala, hezkuntzatik lan asko egin daitekeela uste dut. Historia ikasten denean, edota beste herrien inguruan hitz egiten denean, zergatik ez da inoiz ijito herriaz hitz egiten? Kultura ezberdinen egunak ospatzen dituztenean, zergatik ez da guri buruz ere hitz egiten? Horretan jarduten dugu Kera elkartean.

Emakume ijitoen etxea eta elkarte feminista da Kera, hala definitzen zarete.
Ijito, emakume eta feminista; hirurak uztartzen ditugu, une oro. Gipuzkoa mailan antolatzen gara. Espazio erosoa izatea nahi dugu emakume ijitoarentzat, elkar batuta ahalduntzeko, hausnartzeko, gure erreferenteak sortzeko, gure historia plazaratzeko… Eta feminista izan gabe, ez luke zentzurik izango. Gainera, feminismoaz ari garenean, argi dugu feminismoak antirrazista izan behar duela, bestela ez baitigu ezertarako balio, ez guri ezta emakume arrazializatuei ere. Are gehiago, uste dut emakume zuri euskaldunari ere ez diola mesederik egiten. Norabide berean egin behar dugu arraun, denok batera.

"Historia ikasten denean, edota beste herrien inguruan hitz egiten denean, zergatik ez da inoiz ijito herriaz hitz egiten?"

Besteak beste, udazkenero ijito herriaren topaketa antolatzen duzue Euskal Herrian. Ezagunak dira Espainiako Estatu mailan.
Espainiako emakume ijitoen elkarte ugari elkartzen gara Bilbon eta Donostian, bereziki hemengo emakume ijito gazteei erreferenteak eskura jartzeko. Izan ere, neska gazte ijitoak sarri uste du ametsik ezin duela egin. Jaio, urte gutxiz eskolara joan eta ezkondu, eta berehala ama izan, noski. Umeak ere bat baino gehiago; eta zaintza, nola ez, emakumeon gain. Eskema hori apurtu behar dugu, eta horretan ari gara. Asko dira lanpostu bikaina duten emakume ijitoak, beren bizitza profesionala arrakastaz egitea lortzen ari direnak. Horiei ematen diegu ahotsa, gazteek hori ere ezagutu dezaten.

Emakumea, ijitoa, gaztea, prekaritatea…
Oso zaila izan daiteke aurrera egitea zapalketa horiek denak batera jasaten ari bazara. Begiak zabaldu behar ditugu. Emakume asko, baina zinez asko dago egoera horretan.

"Neska gazte ijitoak sarri uste du ametsik ezin duela egin. Jaio, urte gutxiz eskolara joan, ezkondu eta berehala ama izan"

Amets egiteko eskubidea bereganatzen ari al dira emakume ijito gazteak?
Bai, badira oraindik ere ezezkoan daudenak, baina geroz eta gehiago dira hegalak astintzeko gogotsu daudenak.

Nire amak pianoa jo nahi izan du beti, baina amets hutsean gelditu zen. Ijitoontzat amestea oso zaila da, eta zer esanik ez emakume ijitoontzat. Ijito eta emakume izateagatik, eskubiderik gabe jaio garela uste du gehiengoak.

Pianoa jotzea zen zure amaren ametsa. Zertan amesten duzu zuk?
Erizain laguntzaile izateko ikasten hasi nintzen, baina ez nengoen gustura eta aldatu nuen. Batez ere orduan jarri nintzen ijito herri izaerari begira. Gogoan dut, institutuan nengoela, ijitoak laguntzen aritzen zela emakume ijito bat, eta “nik hori egin nahi dut” pentsatzen nuela. Hori bazen amets bat, eta zergatik ez horri ekin? Kale dor Kayiko elkartean hasi nintzen lan txikiak egiten eta gaur egun, bai, nire ametsa betetzen ari naizela esango nuke.

Integrazioa ez, inklusioa

"Integrazioak asimilazioa dakar eta inklusioak, aldiz, errespetua. Norberak behar du bere kultura libreki bizitzeko eskubidea eta askatasuna, betiere inorena zapaldu gabe. Baina inork norberarena zapaldu gabe ere”. Hala egiten dio aurre Dualek egunerokoari. Etxean ikasketak egin dituen emakume bakarra da. Ijitoak nondik datozen ezagutzeko eta ijito herriarekin zer gertatu zen jakitea ezinbestekoa da bere iritziz. Eta horretan jarduten du, bai profesionalki eta baita bolondreski ere. “Ijitoen herria gaiztoa, iluna eta gizatasunik gabekoa dela azaleratu dute mendez mende, baina hemen gaude, eutsi egin diogu". Zorionez egoera aldatzen ari dela baieztatu digu irri txiki batekin.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ijito herria
2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


"Larrialdi humanitarioa da, eta katastrofea ez da naturala, administrazioak eragin du"

Madrilgo Cañada Real auzoan bizi da Houda Akrikez (Tanger, 1982) Tabadol elkarteko presidentea, Puerta del Sol plazatik hamasei kilometrora. Hiru urte daramatzate auzoan argindarrik gabe 4.000 lagunek, tartean 2.000 haurrek, Naturgy enpresak hornidura elektrikoa eten... [+]


Ipar Euskal Herriko ijitoen elkarteak salaketa jarri du LCI telebistaren kontra, arrazakeriagatik

LCI telebista kateko Parc Brunet, Hammett & Cie saioan jitoak lapurrei konparatzeagatik jarri du salaketa du Euskal Herriko Ijito Komunitatearen Zentro Sozio-kulturalak. Audiobisualaren eta numerikoaren sektoreaz arduratzen den ARCOM autoritatearengana ere jo du gertatutakoa... [+]


Eguneraketa berriak daude