ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a

Kiwiaren milaka hazi

  • Loratu da, harro, kiwi arra, Actinidia deliciosa. Ar hutsa izanik urteroko bere lan bakarra loreak ireki eta polena askatzea da. Gurean, oraintxe bukatu du urteko egin beharra; hemendik atzera koskabiloak jorratzera: jan eta hazi, jan eta hazi. Horrexegatik, oraintxe da kiwi arra inausteko tenorea. Moztutako tokitik adar berri gazte-gazteak luzatuko ditu, eta horietan, indarrean loratuko da hurrengo urteko udaberrian.

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2017ko ekainaren 18a
Kiwia, Actinidia deliciosa. (Arg.: Mario Andrea Valori-CC By SA)
Kiwia, Actinidia deliciosa. (Arg.: Mario Andrea Valori-CC By SA)

Kiwi arrak lan gutxi egiten du: loreak eman eta lore hautsa hedatu, milioika eta milioika polen ixpi sortu intsektuek eta haizeek landare emeek ireki dituzten loreetara eraman ditzaten. Ernalkizuna nola gertatzen den halakoa izango da gero kiwi igalia, ale bakoitzaren kalitatea, alegia. Landare eme bereizietan dauden lore emeek eskuera polena erruz izatea nahitaezkoa da alea ondo hazi eta berezko helburua betetzeko: haziak ematea. Ernalkizun/ernalketa on batek hazi asko ekarriko ditu, eta hazi askok fruitu ale handia. Ez naiz esateaz nekatzen: fruitu arbolak ez du fruitua guk jateko ematen, bere haziak banatu eta haietatik fruitu arbola berriak sortzeko baizik. Tartean, guk eskua sartu eta jaten dugu, baina baita asko uste gabe bere haziak banatu ere, gero libratzean... Izan ere zenbat hazi ditu kiwi ale batek? Ehunka hazi dituela esan ohi da, batez beste bostehunetik gora, eta zenbait alek baita 2.000 baino gehiago ere, 2.500 aipatzen du baten batek. Nik neuk ez dut asmorik zenbaketa horri ekiteko, hala ere inor horretara jartzen bada emaitzaren berri eman diezagula. Bi mila eta bostehun esker, aldez aurretik!

Haziak, noski, landare berriak sortzeko dira. Guk txertatuta jartzen ditugu, aldaera jakin baten klonak, kopiak, alegia. Hazitik aldaera berriak sortzeko aukera handia dago. Saiatu eta lortzen baduzu, zeure alabaren izena jarri ahal izango diozu, edo aitaginarrebarena... Ea bada. Kiwiaren mamia iragazkian zanpatuz haziak bereizi. Uretan pasa eta egun pare batez lehortzen utzi paper edo oihal batean. Haziak ontzi edo poltsa batean hozkailuan eduki, hiru edo lau hilabetez. Lur gozoz betetako kaxa batean erein, arin estali lurrez eta goxo-goxo zanpatu. Ihinztagailuz ureztatuz lurrari heze eutsi, urasetu gabe. Plastiko edo beira garden batekin estali, hezetasunari eusteko. Toki epel batean jarri. 3-5 astera landaretxoak azaltzean estalkia kendu eta eguzkitan jarri. Hazi ahala, bakandu eta zeharraldatu. Handik kiwidira.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Fruitu arbolak

Fruitu arbolak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko ekainaren 18a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude