Javier Valdezi 12 bala eta kazetari bat gutxiago ustelak salatzen Mexikon

  • 125 kazetari hil dituzte bortizki Mexikon 2000tik gaurdaino, aurten bertan zazpi. AEBak drogaz hornitzen dituen herrialdean, ustelkeriaren salda berean bizi dira agintari politikoak, konpainia handiak eta talde mafiosoak. Poliziak, militarrak eta sikarioak nahasten dira bere ekonomia nazioarteko itunen poderioz hondoratzen ikusi duen Mexiko honetan. Kazetariak hemen lekuko gogaikarriegiak dira.

‘El Despertar’ hedabidetik hartutako argazkian, Javier Valdez Cardenas kazetariaren gorpua maiatzaren 15ean sortzen ikusi zuen Culiacan hiriko kale gorrian. Kronikan sinesten zuen Valdezek: “Badakit idatzirik onenak ere ez duela azaltzen osorik infernu ha
‘El Despertar’ hedabidetik hartutako argazkian, Javier Valdez Cardenas kazetariaren gorpua maiatzaren 15ean sortzen ikusi zuen Culiacan hiriko kale gorrian. Kronikan sinesten zuen Valdezek: “Badakit idatzirik onenak ere ez duela azaltzen osorik infernu hau, baina hurbiltzen zaio, fenomenoaren gakoekin egiten du jolas, datu eta zenbaki soiletatik harago sakontasunetik erakutsi dezake nola bizi, gozatu eta sufritzen den narkoa kalean, eskolan, kafetegian, ostatuan, kale kantoian, antroan... gure eguneroko narkoa. Hori da erronka”.

Maiatzaren 15ean, hil zuten egunean, Javier Valdez 11:56etan irten zen Rio Doce astekariko erredakziotik. Oscar webaren administratzaileari “Dios me bendiga” esan zion, despeditzerakoan  ohi zuenez; “...eta konfesaturik harrapatu zaitzala” erantzun Oscarrek irribarrez, betiko broma osatuz. Astekariko hiru langilek ikusi zuten azkenekoz kazetari lodikotea. Minutu gutxi lehenago Valdezen kapelu ezagunarekin elkarri argazkiak egiten arituak ziren txantxa artean. Irten zenetik ez ziren bost minutu izango paseak eraikineko bizilagun bat sartu zenean bulegoan “zuen lankideetako bat tirokatu dute!” oihuka.

Antza denez, bere Toyota gorrian sartu eta ehun metro egiterako bidea itxi zion auto zuri batek. Bi gizonek belauniko jartzera behartu ondoren kale gorrian 12 tiro eman zizkioten, bat buruan. Horrela mututu zuten Culiacanen (Mexiko) Sinaloa estatuko narkotrafikoaren inguruko gatazka odoltsua inork baino hobeto kontatzen zuen kazetaria, Rio Doce astekarian eta La Jornada egunkarian idatzitako kroniketan, baina baita liburuetan ere: Miss Narco, Huérfanos del narco, Malayerba, Narco Periodismo. La prensa en medio del crimen y la denuncia…

2011n eman ziotelarik Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Saria, hitzaldian esan zuen: “Sinaloako Culiacanen arriskutsua da bizirik egotea eta kazetaritza egitea da ibiltzea zanpatuz lerro ikusezin bat, narkotrafikoan eta Gobernuan dauden gaiztoek egindakoa. Erne ibili behar da denarekin eta denekin”.

2000 urtetik Mexikon 125 kazetaritik gora hil dute, narkotrafikatzaileei egotzitako krimenen kontabilitate ofizialetan. Ez asko, Felipe Calderonek 2007an narkotrafikoaren kontrako gerra deklaratu zuenetik Mexikon bizia galdu duten 170.000ren artean. Gehiegi, inor ausartu dadin askatasun minimo batez informazioa bermatzera munduko herrialderik arriskutsuenetakoan gertatzen denaz. Mexikon ofizialki hildako kazetarien zerrendetatik kanpo geratzen dira kazetari desagertuak, hedabideetako beste langileak, hiriburutik urrutik irrati komunitarioetan ari diren profesional eta boluntarioak.

Mexiko hiriburutik, gaiok jorratzen dituen Proceso astekariak bi kazetari galdu ditu, horietako bat bere lagun eta guzti, eta gaur dauzkan 15 kazetarietatik 7 heriotza mehatxupean daude. Tartean Jose Gil Olmos kazetari beteranoa, 1994an Chiapasen soldaduek egindako bortxakeriez idatzi zuenetik. Kazetari mexikarrek bizi duten egoera dramatikoa eta batzuetan surrealista ere dirudiena azaldu zuen otsaileko Memoire des luttes aldizkari frantsesean.

“Gerrako korrespontsal bilakatuta gaude –zioen Gil Olmosek–, baina gerra ez konbentzional batekoak. Gatazka klasiko batean bada fronte bat gutxi gora behera marraztua. Mexikon inork ez daki nor den nor. Poliziek, bai udalenek, estatuarenek edo federalek, eta bai militarrek borrokan aurrez aurre aurkitzen dituzte krimen organizatuaren talde armatuak, gehi autodefentsak –herri miliziak batzuetan kartelek edo agintariek manipulatuak– eta polizia komunitario indigenak. Gertatzen da agintearen indarrak beren artean borrokan hastea ere”.

Gerretan Press afixa erakusten den bezala, Mexikon kazetariek ezkutatu egiten dute hala direnik. Procesoko kazetariek protokolo zorrotza betetzen dute leku arriskutsuetara doazenean: inoiz ez joan bakarrik, ez eraman grabagailurik, hoteletan saltzaileak dira, kontroletan baserritar aurkezten dira, autoa ez alokatu hiriburuan matrikulagatik, ez edan alkoholik, kontuz hurbiltzen zaizkizun emakume politekin, erredakzioarekin Telegram enkriptatuaren bidez komunikatu... Baina hiriburutik urrun gune gatazkatsuetako hedabideetan ari diren kazetariek ez daukate eskueran horrelako mozorrorik.

Etsita ere aurrera jarraitu

1967an Sinaloako Culiacanen jaioa, soziologia ikasia, ia 30 urte zeramatzan Javier Valdezek kazetaritza egiten hiriburutik 500 kilometrora. Azken aldian jarraipen berezia egina zion Mexikoko agintariek Joaquin Chapo Guzman AEBetara estraditatu ostean Sinaloako kartelaren barruan sortutako liskarrari, narkoen hierarkia dagoelako jokoan.

Maiatzaren 3ko La Jornada egunkariko kronika batean kontatu zuen Chaporen semeek eta Damaso Lopez El Licenciadok edukitako elkarrizketa bero bat, tiroka amaitu zena. Irakurleari eskainitako xehetasunek erakusten zuten Valdezek zer nolako ezagutza zeukan Sinaloan gertatzen ari denaz. Azken albistea hil baino egun pare bat lehenago plazaratu zuen: “Komando batek Navolato (Sinaloa) herriko zinegotzi bat hil du”.

Valdezek kontatu izan zuen nolako presioak jasaten dituzten bera bezalako kazetariek alde guztietatik. Narko talde batek indarra galtzen badu, buruzagia atxilotu badiote, kazetaria deitzen dute albistea publikatu ez dadin; ordu beteren bueltan beste talde batek telefonatuko dio zuzendariari exijituz albistea publikatzeko, eta geroago hirugarrenak, aginduz lehen orrian eta hitz handitan plazaratzeko. Azkenean, kazeta plazaratu bezain fite, sikario talde batek kiosko guztietan banan bana erosiz desagerrarazi ditzake ale guztiak. Aldi berean, erredakzio barrutik ‘oreja’ (salatari) batek mafiosoei ezagutarazi die halako albistea jakin bat nork egin duen, eta hurrengo zenbakietarako zein gai ari diren jorratzen aldizkarian.

Valdez aspaldi zegoen etsita kazetaritzaren porrotarekin. Narkoa ikertu eta eztabaidatzea alboratuz, orain hedabideak hildakoak zenbatzera mugatzen direla, ez dituztela kontatzen jendeen istorioak, hiltzaileenak, biktimenak. Beldurrak eta autozentsurak gaina hartu dutela Mexikon. Kroniketan sinesten zuen, nahiz eta jakin idatzirik onenak ez duela bilduko osorik infernu hura.

Valdez ez zen baikorra etorkizunaz. 2011n nazioarteko saria eman ziotenean geroaz galdetuta esan zuen: “Hau oraindik are gehiago konplikatuko da. Narkoagatiko bortizkeriak aurrera egingo du, gobernu federalak aurrera egingo baitu hau gerra bailitzan tratatzen, funtsean negozioa denean: arma gehiagok, soldadu, polizia, ekipo eta patruila gehiagok ekarriko dute heriotza eta bortxa gehiago eta eguneroko beldurra, bizimodu bat. Baretzera joko balu ere,  konpondu ezina da orain arte gertatuak gure 30 milioi haurri eragindako kaltea, gaztetxotan eta handitan beren haurtzaroa gerrate moduan oroituko dutelako. DNAn, geneetan, larruazal barruan eramango dute bolbora, odolen zipriztina, kakalarriari eutsi ezina. Nire buruari galdetzen diot aurrekari horrekin zer heldu jende izango diren, zer guraso, funtzionario, gidari politiko, ekintzaile, maisu. Hori da beste heriotza, gure etorkizunarena, horra gatazka honen emaitzarik tristeena, okerrena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetarien aurkako jazarpena
2024-03-01 | Axier Lopez
Prentsa askatasunaren aurkako sokak ez du etenik: oraingoan AraInforen kontra jo dute

Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari... [+]


2024-02-22 | Gedar
Absolbitu egin dituzte 'Cubainformación'-eko kazetari bat eta Euskadi-Cuba elkartea

Aurreko astean, Madrilen epaitu zituzten José Manzaneda kazetaria eta Euskadi-Cubako legezko ordezkaritza, artikulu baten harira: AEBen blokeoaz hitz egiten zen idatzian. Sei urteko espetxe-zigorra eta 70.000 euro inguruko zigor ekonomikoa eskatzen zituen akusazio... [+]


2024-02-16 | Axier Lopez
Pablo González kazetariari espetxealdia luzatu diote zortzigarren aldiz

Hilaren 28an bi urte beteko ditu Poloniako kartzelan Euskal Herriko kazetariak. Poloniako justiziak ostegun honetan erabaki du beste hiru hilabetez luzatzea behin behineko espetxealdia.


Cubainformación eta Euskadi-Cuba elkarteko kideei sei urteko kartzela zigorra ezarri nahi diete

Akusazio partikularrak 50.000 euroko kalte-ordaina ere eskatu du Cubainformacióneko José Manzaneda kazetariaren aurka, erreportaje batean emandako edukiagatik.


Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso bi urte beteko dituela salatzeko manifestazioa deitu dute Gernikan

Otsailaren 28an bi urte beteko atxilo. Egun horretarako, Gonzalez libre uztea aldarrikatzeko manifestaziora deitu du Guernica Gernikara ekimenak.


Eguneraketa berriak daude