Medikuak zigortu langileen eritasunak lanarekin lotzeagatik

  • Langileen urteotako eskubide galerak baditu eraginak haien osasunean ere. Besteren artean, enpleguen baldintzei lotutako gaixotasun asko geratzen direlako oker diagnostikatuta. Esku-lana horretan ere merkeago atera dadin, patronalak gero eta gehiago sartzen du muturra lan-medikuen jardueran. Gero eta zabalagoa den manipulazioa Frantzian azaleratu da, Dominique Huez doktorea patronalaren eskariz Medikuen Elkargoak zigortu duenean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko maiatzaren 14a
Guillaume Le Bauberen argazkian, Bernadette Berneron eta Dominique Huez medikuak, Frantziako Medikuen Elkargoak zigortutakoak. Berneronek esan zuen bere defentsan: “Nire jardueran ohartu naiz ni bezala lan-medikuntzan ari diren sendagile asko mehatxatuta
Guillaume Le Bauberen argazkian, Bernadette Berneron eta Dominique Huez medikuak, Frantziako Medikuen Elkargoak zigortutakoak. Berneronek esan zuen bere defentsan: “Nire jardueran ohartu naiz ni bezala lan-medikuntzan ari diren sendagile asko mehatxatuta daudela hain zuzen beren eginkizuna zuzen betetzeagatik. Baina, horra, lanaren eta osasunaren arteko lotura egitea, horretan datza alor honetako medikuen ofizioaren muina”.

Dominique Huez doktore erretiratuak, uxer baten bisita jaso zuen maiatzaren 10ean, epaitegiek agindutako enbargoak exekutatzen dituen funtzionario beldurgarriarenak, alegia. Huez hogeita hamar urtez lan-mediku aritua zen Chinon (Frantzia) herriko zentral nuklearrean. Bere eta emaztearen bi kotxeak bahitzera zetorren funtzionarioa, 1.000 euroko zigor bat pagatzeari uko egiteagatik.

2016ko irailean Medikuen Elkargoko diziplina batzordeak kondenatu zituen Dominique Huez eta Bernadette Berneron medikuak 1.000na euro pagatzera Orys konpainiari, Frantziako argindar ekoizle nagusi den EDF erraldoiaren azpikontrata. Zigorrik txikiena ezarri zieten, baina Huez doktorearentzako 1.000 euro horiek ez pagatzea ohore kontua da.

2011n salatu zuen medikua Orys konpainiak, honen ekipoko soldatzaile-galdaragile gaixotu bati idatziz zertifikatu ziolako bere eritasuna lan-baldintzei lotua zegoela, aipatuz nagusien tratu txarra. Langileak irabazi egin zuen auzia prudhometan. Hegoaldeko euskaldunek ezagutzen ez duten Prud’homme delakoa lan-auzitegi berezi bat da, erdi eta erdi sindikatuek eta patronalak izendatua, eta bertan ebazten dira obrero eta ugazaben arteko gatazka asko, epaile profesionalez osatutako beste lan-epaitegietara iritsi gabe.

Prudhomek Orys kondenatu zuten langileari 20.000 euroko kalte-ordainak pagatzera bere nagusiek erabilitako jazarpen moralagatik. Zentral nuklearretan azpikontrata lanak egiten dituen Orysek onartu zuen zigorra eta, gainera, langilearekin adostu zuen kontratua etetea 80.000 euro gehiagoren truke.

Baina ondoren, Orysek usinako medikua salatu zuen Mediku Elkargoaren aurrean, argudiatuz kode deontologikoa urratu zuela langileak patologia depresiboa zeukala eta hori enpresako tratu txarrari lotua zela idatziz emateagatik. Elkargoaren diziplina batzordearen aurrean, lan arloko psikiatrian izen bat baduen Huez doktorea defenditu zuten zenbait profesional ospetsuk. Haien harridura azaldu zuten Huez doktoreari egindako pertsegizioagatik, lan-mediku baten lana denean gaixoak kontatzen dion minari zentzu bat aurkitzea, kasu honetan lan-baldintzen testuinguruan.

SNPST Lan Osasuneko Profesionalen Sindikatuak ohartarazi zuen Medikuen Elkargoa patronalaren morroi bihurtzeko arriskuaz, lanbide eritasunen gaian ororen gainetik gaixoen osasuna defenditu behar duten medikuak babesik gabe utziz ugazaben aitzinean. Epaiketako azken hitzean, Huezek esan zuen: “Hamabost suizidio ezagutu ditut Chinongo zentral nuklearrean. Aipatzen dugun langilearen kasuan, bere buruaz beste egiteko arriskua ikusi nion. Nire ahalegina izan zen gaixo honi laguntzea gertatzen zitzaiona ulertzen, jakin zezan ez zegoela erotuta”.

Huez eta Berneronen kondenetan ikusten denez, enpresek aurkitu dute medikuei eskuak lotzeko zirrikitua. Ohikoa da langile gaixo bati medikuek zertifikatu edo ohar bat egitea haien arazoa lan afera batekin lotuz. Idatzi arruntak dira, gaixoa bidali dion beste medikuarentzako edo gaixoarentzako berarentzako eginak. Baina gaixootako batek idatzi hori aurkezten badu lan auzitegian, orduan nagusiek presio egiten diote medikuari idatzia alda dezan, bestela  Medikuen Elkargora jotzeko mehatxuz.

“Mediku batentzako –esan dio Dominique Huezek Nouvelle Vie Ouvriere aldizkariari– diziplina batzordearen aurrean aurkitzea sekulako lotsaizuna da, hondamendia. Horregatik gero eta gehiago dira atzera egiten duten medikuak, diagnostikoa aldatzeko prest daudenak, eta gero eta gutxiago dira diagnostikoekin aurrera jarraitzeko ausardia dutenak. Patronalak ondo antolatutako operazioa da, garbi salatu behar da”.

Azpikontratatzea nagusi den garaiotan

Huez doktoreak medikuen elkargoek plazaratutako albisteetatik kontabilizatu ditu berearen antzeko 11 zigor 2013 eta 2016 artean. Frantziako patronalak zenbat salaketa jarri dituen jakitea ez da erraz. Huezi urtean 100 salaketa inguru ateratzen zaizkio batean eta bestean arakatuz aurkitutako albisteetatik, baina ziurrenik askoz gehiago izango dira, gehienetan medikuek beldurragatik atzera egiten baitute eta diagnostikoa aldatzen: “Arazook medikuek lotsa handiz bizitzen dituztenez, ez diote inori ematen horien berri. Eta gainera mediku asko elkargoaren aurrean defenditzen dira abokaturik gabe!”.

Huezen kasua dela eta, “Patronalaren eta Mediku Elkargoaren arteko konplizitatearen kontra” agiria plazaratu dute lan-medikuntzako elkarte, sindikatu eta mugimendu sail batek, salatuz dinamika honek denok kaltetuko gaituela. Medikuak eta hauen lan ona, dudarik gabe. Baina baita langileak ere, “galdu baitezakete lan istripuen eta gaixotasun profesionalen aitortza eta kalte-ordain eskubidea”. Eta herritar guztiak ere bai.

Aurrerago diote: “Guk, mediku eta langileok, ofentsibara pasatu behar dugu. Egunero jabetzen gara lan antolaketak langileon kontra darabilen bortizkeriaren ondorioez: garaia baino lehenagoko heriotzak toxikoekin jardutearen ondorioz, lanbideagatiko psiko-patologiak –lan gaixotasunen katalogoetan onartu gabe daudenak–, gihar eta hezurretako lesioak loturik daudenak lan erritmoak bizkortzen dituen management basati eta inhumanoari...”.

Ez da kasualitatea Huez doktorearen buruko minak zentral nuklear bateko azpikontrata batek eragitea. “Lan bat zenbat eta arriskutsuago orduan eta gehiago azpikontratatzen da”, ohartarazi zuen ordurako mediku ezaguna zenak 2008an L’Humanité egunkariak egindako elkarrizketa batean.  

Azpikontratatzearekin merkataritza-zuzenbideak gaina hartu dio lan-zuzenbideari. Lan bat hasieran antolatzen duena gero eta urrunago dago hori aurrera atera behar dutenetatik, ataza baten prestaketa teknikoa egiten dutenek apenas dakite ezer gero hura aurrera atera behar dutenen baldintza zehatzez. Azpikontratak, berriz, galtzen dira hainbat lan txiki partzialetan, mantenimenduetan ari direnek apenas dute aurretik egindakoen ez informaziorik, ez metatutako esperientziarik. Sarritan esperientzia gutxien daukaten obreroen gain joango dira lanik arriskutsuenak.

Konpainia handientzako hiru abantaila handi dauzka azpikontratatzeak, dio Huezek. Bat, esku lana merkatu. Bi, konpainiaren langileek onartu nahi ez dituzten lan kutsagarrien kontratuetan sartu. Hiru, konpainiek antolakuntza aldetik dauzkaten muga deserosoak hautsi, arazoak besteri pasatuz. “Ugazabentzat tentagarria da lan-medikua bihurtzea enpresaren estrategiaren agente”. Oihaneko legea nagusitzean, mediku zuzenak lekuko gogaikarriak bihurtu dira patronalarentzako.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Lan-osasuna

Lan-osasuna kanaletik interesatuko zaizu...
Amiantoak hildakoen kopurua bikoiztu egin da aurten EAEn

Amiantoak aurten 29. pertsona hil ditu jadanik, azkenekoa La Naval eta CAFen azpikontratata batentzat 70eko hamarkadan aritutako behargina.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude