Frantziak berealdiko "iraultza" behar du

  • En marche!-ko Emmanuel Macron eta Fronte Nazionaleko (FN) Marine Le Pen lehiatuko dira berriz ere maiatzaren 7an. Inkesten arabera Macron liberalak (bozen %23,49 eskuratu du) aise gaindituko du Le Pen eskuin muturrekoa (%22,09) bigarren itzulian: bozen %60 eta %40 inguru jasoko lituzkete hurrenez hurren. Presidentzialetako parte-hartzea ohikoa izan da: %77,3. Inkestek iragarritako kronika baten isla dira lehen itzuliko emaitzak.

Macron liberalak (bozen %23,49 eskuratu du) aise gaindituko du Le Pen eskuin muturrekoa (%22,09) bigarren itzulian: bozen %60 eta %40 inguru jasoko lituzkete hurrenez hurren.

Frantziako gobernagarritasuna gero eta zailagoa da gaur gero. Azken hirurogei urteetan Hexagonoko politika kudeatu duten bi alderdi nagusien egungo ordezkariek –Les Républicains (LR) eta Parti Socialiste (PS)– ez dute “beren” presidentea Eliseon izango. Eskuindarren porrota handia izanda ere, François Fillonek bozen %19,75 erdietsi du; haatik, PSko Benoît Hamon hautagaiak jaso du (%6,2) jipoi gaitzena. François Hollande presidenteak (PS) berari sostengua eman izan arren, PSk ezin izan du bere hondoratzea ekidin. La France insoumise-ren ordezkari Jean-Luc Mélenchonek (%19,45) gogor eragin du PSren gainbeheratze horretan, alabaina ezkerrak ez du Eliseoko aginte makila eskuratuko, ezta hurrengo gobernuan izateko aukerarik ukanen honezkero.

Bozen erabilgarritasuna baieztatu da

Mendebaldeko sistema demokratiko kapitalistan –AEBetako Trump fenomenoa gogoan– hauteskundeek hartu duten jitea kontuan hartuta, Frantziako presidentzialetan inkestek iragarritako emaitzek ez dute hautesleen boto asmoa desitxuratu. Egiari zor, inkesten datuak eta bozketaren emaitzak oso hurbil geratu dira. Zalantzarik gabe, botoen erabilgarritasuna –vote utile delakoa– ez da alferrikakoa izan. Boz erabilgarrien jasotzaile nagusia Emmanuel Macron izan da, bistan denez. Halaber,  kritikak kritika, eta kanpainan kalbarioa pasa duen Fillonek boz “askotxo” jaso du: bozen %20. Mélenchonen ehunekoa ez da horren apala, izan ere, ia-ia Filonen pare atera da. Hautesleen bozak aski neurtuak eta pentsatuak izan dira. Eskuin muturreko bigarren hautagai Nicolas Dupont-Aignanek (bozen %4,87) ia bost puntu erdietsi du. Kasuon, bozen erabilgarritasuna ez da bete, Le Peni hainbat boz “hartu” diola pentsa daiteke. Erabilgarritasunaren paradigma PSko hautagai Hamonengan islatu da. Eskuin muturreko Dupont-Aignanen hein bertsuan geratu da, ozta-ozta gainditu du bozen %6a. Gainerako beste bostek, iragarritako emaitzak jaso dituzte: Jean Lassalle, %1,25; Nathalie Arthaud, %0,67; Philippe Poutou, %1,12; François Asselineau, %0,92; Jacques Cheminade, %0,18.

Denak Le Penen aurka, bigarrenean

Marine Le Penek 7,5 milioi boz eskuratu du, inoizko kopururik handiena. Nicolas Dupont-Aignan-ek milioi inguru. Frantziako eskuin muturra gorantz doa. Dupont-Aignanek ez du argitu orainokoan Le Penen aldeko boz eskatuko ote duen bigarren itzulian. Mélenchonek ere ez du Macronen alde eginen duenetz adierazi. Biek ala biek, euren jarraitzaileen esku utzi dute erabakia. Gainerako alderdi handien ordezkari guztiek beren aburua eman dute jada: Macron da euren hautagaia. Batzuek, ez daudela haren alde erran dute, Le Penen aurka baizik, Frantziaren duintasuna salbatu ahal izateko aukera bakarra Macron presidentea izatea omen da. Itxura guztien arabera, Emmanuel Macron jalgiko da garaile maiatzaren 7an, alabaina, egungo establishment-en sostengua ukan badu ere –Macron Frantzia Europan bermatzeko aukera sendoena da botere finantzarien arabera–, Frantziako alderdi historiko eta sendoenen ordezkariak ez daude lasai Frantziaren etorkizunari begira. Atzoko hauteskundeen ondoren, Frantzia lau bloke politikotan zatitua da. Gobernagarritasuna bipartidismoan bermatu izan da orain arte. Macron presidente izan daiteke, baina uneon ez dauka ez diputatu ez senatari bakar bat ere Frantziako Legebiltzarrean. Le Penen FNk ez du ia ordezkaritzarik goi-mailako parlamentu eta instantzietan. Uneon, ageri denez, Frantzia zatituta dago. Macron patriota liberalaren politikari men egiten diotenak alde batean eta frantziar nazionalismoaren aldekoak bestean. Hauteskunde legegileak –législatives delakoak– ekainean eginen dira. Jende asko dago, ez ote den alderdi klasikoen aroa pasa. Fronte Nazionalari “barrage edo harresia” jartzeko Macron sostengatuz hartzen duten arriskuaz jabetzen dira hala ere. PS eta LRko ordezkari gorenek Macron bozkatzera deitu dute bigarren itzulian, baina funtsean, haientzat bi aukera txarren artean, “ez horren txarra”-ren alde egin dute. Irudiz, V. Errepublikaren aroa amaitu da. Frantziak berealdiko “iraultza” behar du. Batetik, estatuaren osaketan dituen hamaika arazo konpontzeko, eta bestetik, Europan izan duen lekua eta jokatu duen rola berreskuratuko baditu, mendez mende izan duen kohesio politikoa birmoldatu beharko du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 2017ko Frantziako hauteskunde presidentzialak
2017-08-01 | Moha Gerehou
Xenofobia Europan
Eskuin muturraren gorakadaren aurrean geratzen zaiguna

"Gerrarte" sasoian, Frantziako Estatuko hauteskundeen lehenengo eta bigarren itzuliaren artean alegia, fenomeno interesgarri baten lekuko izan ginen, garbi islatzen duena Europan eskuin muturrak bizi duen egoera eta horren aurrean gainerako indar politikoek duten... [+]


Ezkerra bidegurutzean

Azken hamarkadetan ezkerraren barruan gertatzen ari dena “iraultzailea” da. Bere baitan topa dezakegun perfil soziologikoen arteko aurkakotasuna oso nabarmena da. Alde batetik, balio posmaterialistetan –labur esanda: feminismoa, ekologismoa, arrazakeriaren... [+]


2017-05-21 | Itxaro Borda
Zapatak

Iragan astean, mendiko zapata berriak erosi ditut, izendatuko ez dudan kostalde oparo honetako kirol denda batean. Ez naiz alpinista, ez naiz itsuki gailurren lehian dabilen horietarik ere, maldetan gora eta behera ibiltzea maite duen hiritar hutsa baino: gustatzen zait hatsak... [+]


2017-05-14 | Mikel Asurmendi
Macron presidente: promesak egia bihurtuko balira

Emmanuel Macron da Frantziako presidente berria, hautesleen bozen %65,5 jasota. Marine Le Penek, berriz, %34,2 boz bildu ditu. Macronek 20,7 milioi herritar inguratu ditu eta Le Penek 11. Sei milioi hautesle abstenitu dira.


Ipar Euskal Herrian Macron garaile, alde handiagoarekin

Ipar Euskal Herrian ere atera da garaile Emmanuel Macron, botoen %76,52 lorturik. Abstentzioak, baliogabeko botoek eta boto zuriek ere presentzia handia ukan dute, orokorki, aurreko hauteskundeetan eta zehazkiago, lehen aldiz Le Pen bigarren itzulian kokatu zen 2002 urtean baino... [+]


Eguneraketa berriak daude