2016ko urrian Norvegian jazo den istripu nuklear ez hain hutsal hori

  • 2017ko otsailean iodo erradioaktibo ihes bat detektatu zen Europan, Finlandiatik hasita Euskal Herriraino, hasieran agintariek aipatu ere ez zutena arrasto ahulegiak omen zirelakoan. Kutsaduraren iturri bila, errusiarren arma eta zentral nuklearrak ziren susmagarriak hasieran; azkenean ez da jatorria argitu eta hedabide handiek aipatu ere ez dute egin. Baina bidean azalera atera da Haldengo zentral zaharra geldirik dagoela Norvegian, urrian gertatutako istripuagatik. Kasualitatea?

IFE konpainiaren argazkian, langileak esperimentuetarako erreaktorean, Haldenen. 1959an eraikia izaki, orain jakin da erreaktorearen errefrigeratzea lotuta dagoela... sarrerako aireztatze sistemarekin. Hau da, istripua gertatuz gero, nukleoa hozten jarrai
IFE konpainiaren argazkian, langileak esperimentuetarako erreaktorean, Haldenen. 1959an eraikia izaki, orain jakin da erreaktorearen errefrigeratzea lotuta dagoela... sarrerako aireztatze sistemarekin. Hau da, istripua gertatuz gero, nukleoa hozten jarraitzeko ez da beste modurik –langileak salbatzekotan– aire kutsatua zirkuitutik kanpora isurtzea baizik. Erreaktorea lurpean egoteak ez die segurtasunik batere hobetzen inguruetako biztanleei, sutea gertatzekotan erradioaktibitatea kanpora isuriko delako derrigor.

The Barents Observer-ek haizatu zuen albistea otsailaren 19an: “Europan detektatutako iodoa lehenbizikoz Finlandian neurtu zen eta Frantziak egin zuen publiko, baina Norvegiako agintariek diote aurkikuntzak ez daukala albiste izateko adinako tamainarik”. Kutsadura erradioaktiboa zabaltzen eta agintariak isilik? Sare sozialetatik hedatu zen oihartzuna. Hedabide nagusiak isilik.

Finlandian aurkitua zuten lehen arrastoa urtarrilaren 30ean, Euskal Herrian otsailaren 17an, baina publikoak ez zuen ezer jakin harik eta Frantzian 18an ohartuta herritarrei jakitea erabaki zuten arte. Frantziako Segurtasun Nuklearraren Erakundeak egindako mapa bat ere bada, non agertzen den 131-iodoaren arrastoak Euskal Herrian ere aurkitu zirela. Dokumentatuta dago AEBek istripu nuklearren aztarnak airetik detektatzen berezitutako WC-135 hegazkina bidali zutela Europako agintarien eskariz. Martxo hasieran zenbait hedabide handik tarte laburren bat eskaini zion laino misteriotsuari.

13-iodo ihesaren arrastoak aurkitu dira otsailean zehar Europa atlantikoan, tartean Euskal Herrian. (Grafikoa: IRSN)
13-iodo ihesaren arrastoak aurkitu dira otsailean zehar Europa atlantikoan, tartean Euskal Herrian. (Grafikoa: IRSN)

ARGIAk interneteko zerbitzuan martxoaren 10ean eman zuen albistea: “131-iodoa izanda, adituak ziur daude une honetan gertatzen ari den istripu baten kontua dela, edo oso gertatu berri den batena. Baina zein eta non? Lehen arrastoak Finlandian aurkitzeak, Errusiako zentral nuklearren bat edo haren armadak Artiko itsasoan urperaturik dauzkan arma atomikoen ihesen baten susmoak piztu zituen. Aldiz, Belona elkarte antinuklearraren zuzendari Nils Bøhmer fisiko nuklear norvegiarrak lotu du joan den urrian istripua eduki zuen Norvegiako Halden zentralarekin. Urriaren 24an eta ondoko egunetan bentilazio sistemaren bidez iodo erradioaktiboa isuri behar izan zuten Haldeneko enplegatuek, erreaktoreko erregai nuklearra maneiatzean arazoak sortu zitzaizkiela eta”.

Belona elkarteak badu prestigioa nuklearren aferetan, bere sortzaileetakoa zen justu otsailean hildako Alexei Yablokov, Txernobylgo istripuaren ezagutzaile handienetakoa. Belonak adierazi zuen: “Norvegiako agintarien azalpenetatik ondorioztatu behar da tenperatura gorabeherak gertatu direla erreaktorearen ontzi nagusian eta erradiazioa handitu dela nukleoan, horrek hidrogenoa pilatzeko dakarren arriskuarekin. Belonak oroitarazi nahi du hain zuzen horixe izan zela, erreaktorearen muinean hidrogenoa metatzea, eragin zituena Fukushimako zentral nuklearreko leherketak 2011ko martxoan”.

Gauza bat da zentrala geldirik edukitzea, baina labean dauzkan erregaiak kontrolpean errefrigeraturik atxiki behar dira. Halden zentraleko enplegatuek, gutxienez otsailean, egoera kontrolatzeko zailtasunak zeuzkaten: erreaktorearen arazoak arintzeko bentilazio leihoak irekiz gero, erradiazioak airetik zabalduko ziren, herritarren arteko alarma sortuz kutsaduragatik; baina leihoak itxiz gero, hidrogenoa pilatu eta erreaktorea lehertzeko arriskua handitzen zuten.

Belonak abiatutako haritik tiraka, Norvegiako agintarien txostenaren analisi zehatza plazaratu du Pierre Fetet adituak frantsesezko Fukushima blogean: “Norvegiako Halden erreaktore nuklearra: arriskua Europarentzako”. Ondoren laburbiltzen dugu.

Torio eta plutoniozko erregaiak

1959an eraikia Norvegian, Suediako mugatik hurbil, munduko erreaktore zaharrenetakoa da. Menditxo baten barruan sartuta dago, 30-50 metro harkaitzen azpian. Sarrera, galdararen gela,  erregai usatuen biltegia, errefrigeratze sistema... dena dauka lurpean. Kanpotik ikusten diren eraikinetan bulegoak, laborategiak eta tailerrak daude.

25 MegaWateko erreaktore txiki honek –Garoñakoak 460 MW dauzka– badu berezitasun bat: nazioartean zentral nuklearrentzako ezarritako kode, arau eta aholkuak hemen ez dira derrigor bete beharrekoak, esperimentuetarako sortu zutelako Halden.

Nazioarteko Energia Nuklearrerako Agentziaren proiektu garrantzitsuenetakoa denez, Haldenek munduko estatu aberatsenetako erakunde publikoak dauzka bazkide, AEBetakoa bezala Errusiakoa... Frantziako EDF eta Espainiako CIEMAT ere partaide.

2016ko urriaren 24an Haldenen kudeatzailea den IFE konpainiak jakinarazi zuen 13:45etan iodo erradioaktibo kopuru bat “askatu” zela, erreaktorearen salan erregai baten probaketan ari zirenean, baina ihesak ez zuela arriskurik eragin bertako langileentzako. Hala ere, NPRA Norvegiako Segurtasun Nuklearrerako Agentziak erabaki zuen zentralera ezusteko bisita egitea eta bertan irregulartasun larriak aurkitu: enpresak ordu batzuetan ezkutatu egin zuela gertatutakoa agintariei jakinarazi barik, istripua txikia izan ala ez lurrin erradioaktiboa harrera gelaraino iritsi zela eta langileak bertatik aterarazi behar izan zituztela. Baina, larriena zena, oraindik erreaktoreko “gertakizuna” ez zegoela kontrolpean.

Zer ari zen gertatzen? Erreaktore bat gelditzen dutenean, barruko erregaien erreakzioa erabat gerarazten da. Aldiz,  Haldenekoan sintoma guztiek erakusten zuten erreakzio nuklearrak bizirik segitzen zuela, horregatik segitzen zuen iodoa sortzen. Baina, errefrigeratzea etenda aldi berean nukleoan erreakzioa erabat ez geldiaraztea arriskutsua da: tenperatura igoerak hondatu ditzake erregaien alboko materialak, hauek ura ukituta hidrogenoa sortu eta ondorioz leherketak gertatu. Horrelaxe gertatu ziren Fukushimako leherketak.  Agintariek berehala eten diote IFEri Haldeneko erreaktorea erabiltzeko baimena eta zentrala geldirik dago.

Gauza da 2013tik Haldenen erregai berri bat esperimentatzen dutela, torioa, erreaktore atomikoetan uranioaren ordez usatzeko. Azken urtean probatzen ari ziren torioz eta plutonioz osatutako nahasketa baten eraginkortasuna. Pierre Fetetek ohartarazten du bereziki arrisku handikoak direla horrelako esperimentuak: “Ez da ahaztu behar Txernobyleko hondamendia gertatu zela antzeko esperimentu batean langileek kontrola galdu zutelako“.

Haldenekoa, istripu handien konparazioan, txikikeria izan da... baina hasieran aitortua baino handiagoa. Denborarekin NPRAk onartu behar izan du hasieran aipatutako 184 milioi becquerel baino askoz gehiago isuri zirela: gas arraro eta tritio artean 8,7 bilioi [b hizkiz] becquerel. Erakunde publiko bati ez dio sinesgarritasun handirik ematen arazoaren %0,002 baizik aitortzeak.

Eta nolaz dakigu hain gutxi istripu honetaz? Haldeneko esperimentuetan 21 herrialdetako 130 erakunde eta enpresa daudelako inplikatuta. Lasaitasunez egin nahi dituzte esperimentuak, segurtasun nuklearrerako arau internazionalez kezkatu gabe, kutsatuz gero  ezkutatzeko baimenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Istripu nuklearrak
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Istripu nuklear baten arriskuaz kezkaturik, Zaporizhiako zentralerako bidean da IAEA

Erasoek ez dute etenik martxoan Errusiako armadak bere egindako Ukraina hego-ekialdeko zentralean eta bi aldeek batak besteari leporatzen dizkiote bonbardaketak. Hondamendi nuklear bat saihesteko asmoz, hara joango da Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko delegazioa. Egun... [+]


Zaporizhiako zentral nuklearra ez dute ikuskatu oraindik

Zentral nuklearraren inguruko bonbardaketen erantzulea Ukraina izan dela dio Errusiak, eta Ukrainak Errusia izan dela, berriz. Egoera oraindik arriskutsua dela ohartarazi du Boris Zhuikov erradiokimikan adituak.


Fukushimako lurrikara, tsunamia eta istripu atomikoa gogoratu dituzte zazpigarren urtez

Londrestik Tokyora, Paris eta Madrilen barrena, ugariak izan dira 2011ko martxoaren 11 ilun hartan Japonia azpikoz gain jarri zuten hondamendien oroitzapenezko ekintzak. Urtetik urtera oihartzun gutxiago dutenak, hori ere egia. Hondamendiaren orbanak erraz ahazten baitituzte... [+]


Agur eta ohore 2017, lurtarrok Rutenio 106 ezagutu genuen urtea

Udaberrian ikasi genuen Torio, Norvegiako Haldengo zentraletik ihes eginda Europan barreiatu zen kutsagai erradioaktiboaren izena. Udazkenean egokitu zaigu Rutenio 106 ikasi beharra, baina oraindik inongo agintarik ez du aitortu ez non, ez zein istriputan, ez nori egin dion ihes... [+]


Eguneraketa berriak daude