Istripu nuklear baten arriskuaz kezkaturik, Zaporizhiako zentralerako bidean da IAEA

  • Erasoek ez dute etenik martxoan Errusiako armadak bere egindako Ukraina hego-ekialdeko zentralean eta bi aldeek batak besteari leporatzen dizkiote bonbardaketak. Hondamendi nuklear bat saihesteko asmoz, hara joango da Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko delegazioa. Egun batzuk bertan pasatzeko asmoa dute eta modu egonkorrean bertan litzatekeen ordezkaritza bat ere nahi dute lortu.


2022ko abuztuaren 31n - 10:29
Azken eguneraketa: 12:03

Abuztuaren 31 goizean abiatu da Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen misioa Zaporizhiako zentral nuklearrera, hainbat egun bertan pasatzeko intentzioarekin. "[Zeregina] hango benetako egoera ebaluatzea da, egoera ahal bezain beste egonkortzen laguntzeko", IAEAko zuzendari nagusi Mariano Grossik zehaztera eman duenaz. Modu iraunkorrean bertan egonen litzatekeen ordezkaritza bat ere lortu nahi du NBEren egiturak.

Azken asteetan berotuz doa Zaporizhian giroa, istripu nuklearraren arriskua handituz. Ukrainara sartu eta gutxira, martxoaren 4an, bere egin zuen Errusiako armadak Ukraina hego-ekialdeko zentral nuklearra –bertako langileek, ordea, Ukrainakoak izaten segitzen dute–. Orduz geroztik zentralaren inguruak dituzte gudu-zelai, eta alde batek zein besteak leporatzen dizkio besteari bertan bideraturiko bonbardaketak.

"Hondamendi nuklearraren" arriskua

"Hondamendi nuklear baten benetako arriskua" dagoela argi utzi du Grossik. Orotara, Ukrainan diren hamabost erreaktoreetatik sei dira Zaporizhiako zentralean. Arriskua benetako bihurtu zen abuztuaren 25ean, sute baten ondorioz erreaktoreak osoki deskonektatu zituztelako, instalazio nuklearraren historian lehen aldiz erabat itzaliz zentral nuklearra –biharamunean berriz piztu zuten–. Zentral nuklear batek ezinbestekoa duen hozte-sistema etengabea gelditu behar izan zuten beraz, istripu baten arriskua handituz. Horrez gain, Energoatom konpainiak abuztuaren 27an jakitera eman zuen "hidrogeno isurketak eta substantzia erradioaktiboen haustutzeak" gertatu izana, "sute arrisku handiak" eraginez.

Abuztuaren hastapenean eman zion Errusiak bertaratzeko baimena IAEAri. Hain zuzen, abuztuaren 5ean hasi zituzten zentralaren eremuan bonbardaketak, eta hori kontrolatu nahian luzatu zuen bertaratzeko eskaera NBEren egiturak. Orduz geroztik aritu dira misioa antolatzen, misioa bideratuko dutenen segurtasuna bermatuz.

Europako zentral handiena

1.000 megawatteko sei erreaktoreekin Europako zentralik handiena da gudu-zelai bihurturiko Zaporizhiako zentrala. "Hondamendi nuklearrak ez luke ekarriko Txernobyleko 4. erreaktorearen antzeko deskarga erradioaktiboko mekanismorik. (…) Hala ere, serioski irudikatu dezakegu Fukushiman gertaturikoa bagenukeela", dio Bruno Chareyron Criirad Erradioaktibitateari buruzko Ikerketa eta Informazio Batzorde Independenteko laborategiko zuzendariak.

Ukrainan kokaturiko Txernobyleko zentralean gertatu zen istripu larria 1985ean. Gaur egun, Txernobylekoaz –azken erreaktorea 2000an itxi zuten– eta Zaporizhiakoaz gain, Rivnen eta Khmelnitskin dira zentral ukrainarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude