Mundu bat, Marijane

  • Adineko (idazle) bat hiltzen denean, munduaren memoriaren parte bat da ezerezean urtzen. Neurriak neurri, Amadou Hampaté Ba ezagunaren ebazpena aplikatzen ahal zaio Bankan sortu izkiriatzaileari ere naski. Dena delakoan, ideia horrek urratu zidan kasko zokoa barda, Marijane Minaberri (1926-2017) zendu zela jakinarazi zidatenean.

Marijane Minaberri otsailaren 23an hil zen. Haren sorkuntza ezaguna egin zen Oskorrik bere poemekin kantak argitaratu zituenean (argazkia: Euskonews).
Marijane Minaberri otsailaren 23an hil zen. Haren sorkuntza ezaguna egin zen Oskorrik bere poemekin kantak argitaratu zituenean (argazkia: Euskonews).

Baiona eta Uztaritze artean pasatu zuen bizitzaren zatirik handiena Basque-Eclair egunkarian lanean, idazkari gehienetan, baina noizbehinka artikuluak plazaratzen behialako euskaldunen irakur-tiria asetzearren. Erran behar da denbora haietan leitzeko ohitura indartsua zela jendartean… eta, aitzindaria zen jorratzen zituen alor guztietan: kazetaritzan, irratigintzan bai eta literaturan, bazterrak sekula harrotu gabe.

Itzalpeko ekilea zen, nolabait euskal gauzek eta euskaldun haurrek pasionatzen zutena, isilean eta orduko emazteei zegokien umiltasunean ari zena, nahikoa apaletsiak ziren ildoak urratzen. Emakume askorik ez baitzen ospetsu egin iparraldeko hitzaren historian zehar, XIX. mendeko hondarreko Maddi Ariztia eta Marijanek garaikide zuen Madalena Jauregiberri Alosekoaz aparte. Ardurenean, idazkiak sinatzeko izengoitiak erabiltzen zituen, Andereño edo Atalki besteak beste, anonimotasunak ziurtasuna bermatuko balio bezala.

Umeak ginenean euskararen gostua txertatuko zigun Pariseko osabak eguberritan bidaliriko Txori Kantaria bildumak, bere azal berdeaz gerizatu poesiekin, gure ingurune naturaleko elementuak zituela mito bihurtzen hala nola euria, elurra, txoriak, lapinak, mendiak eta ibaiak. Beranduago Haize Garbia elkartearen eskutik agertu Dictionnaire Basque pour tous haren bi tomoak baliatu genituen gure perpausen zakarrak leuntzen saiatzeko.

Marijane Minaberriren behako abila, kokina eta determinatua dagoeneko argazkietan baizik ez dugu ikusiko. Bidegileak ezinbesteko sailaren ale batean adibidez. Herria astekarian Ezponda bertsolariarekin emazteen lekuaz pataskaz ari zela ez zuen beldurrik ahoan bilorik gabe erantzuteko, alderantziz. Umila izanagatik, kuraiosa izan baitaiteke.

Batzuetan iruditzen zait Marijane Minaberrik gaur iparraldean (eta hegoaldean halaber, egoera ez baitzen hobeagoa) hazi diren emazte idazle eta plaza-andere belaunaldiari atea ireki ziola. Gogoetaren ukigarritasunak inarrosten nau goiz umezurtz honetan.

Marijane, kantazan orain gure bihotzetan!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haur eta gazte literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Materialismo histerikoa
Haur euskaldun izatea

Igande goiza Tolstoiren ipuin bat irakurtzen pasa genuen, irakurtzen, euskaraz: “Zenbat lur behar du gizon batek?”. Eta Elena Odriozolaren marrazkiak ezagutu ditu Gulliverren abenturetan ikusi zituelako, Ipuinen harian gozatu. Diskotekero jartzen da gero, maiz, eta... [+]


Ireki dute Urruzuno literatur lehiaketarako lanak aurkezteko epea

Saria bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango da. Guztira hogei irabazle izango dira, eta ikastetxeak ere sarituko dituzte.


Oin bat bestearen aitzinean?

Gure semea irakurtzen hasi zelarik eskolan, bere adineko liburu bila aritu ginen. Horrela agertu zitzaigun etxean frantsesezko Sami et Julie font des crêpes (“Samik eta Juliek matahamiak egiten dituzte”), E. Massonaud eta T. Bontéren lana. Izenburua... [+]


Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?

Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur... [+]


Eguneraketa berriak daude