Goxo-goxo kontatzekoa


2017ko otsailaren 19an
Grufaloa. Julia Donaldson. Ilustratzailea: Axel Scheffler Itzultzailea: Amets Sanchez Munain Bruño, 2016. 32 orrialde. Haurrentzat

Grufaloa duela ia bi hamarkada argitaratutako obra ezagunaren euskal bertsioa dugu hau. Album honetan basoko animalien istorioa kontatzen da eta bere sinpletasunean, antzinako alegien antza duela esan dezakegu. Ez da, baina, ohiko alegia; edo beste modu batean esanda, narrazioa, erritmoa, ikuspuntua… oso gaurkoak dira eta horrela irakurleak antzinako alegien jakituria jaso dezake baina ikuspegi umoretsu eta gaur egungo baten bidez.

Istorio honetako protagonistarik nagusiena, eta azkarrena, sagu txiki bat dugu:

“Sagu bat baso sakon ilunean ibiltzera atera zen. Azeri batek sagua ikusi zuen, eta goxoa iruditu zitzaion...

– Nora zoaz, sagutxo marroi? Etorri nahi duzu nire gordelekura?”.

 Azeriaren jakin-minak Grimm anaien otsoarena gogorarazten digu. Eta arriskuaren berri eman ere. Ez da gonbidapen hutsa azeriak egiten diona, irudietan ikus daitekeen bezala sagua jateko gogoa baitu hasiera-hasieratik.

Honek, aldiz, oso modu dotorean uko egiten dio azeriaren “gonbidapenari”:

– “Mila esker, azeri, baina ezin dut. Grufalo batekin gelditua nago bazkaltzeko. (…)

– Zer da grufalo bat? (…)

– Letagin izugarriak ditu, atzapar izugarriak eta hortz izugarriak bere aho izugarrian”.

Azeriak, jakina, lasterka ihes egiten du hori entzutean. Eta saguak irribarre, sartu dion ziriagatik.

Aurrerago gauza bera gertatuko da hontza eta sugearekin topo egitean. Hauek, saguaren etsai naturalak, korrika aterako dira grufaloaren berri izatean. Eta saguak irribarrez… harik eta benetako grufalo bat aurkitu arte. Eta ba al dakizue zein den grufaloen janaririk gogokoena? Saguak!

Ordura arte bizkorra eta trebea zen saguak, are bizkorragoa dela erakutsiko digu, grufaloa bera ere beldurtzeraino (eta oraingoan irakurle-ikusleen aurpegietan ageriko da irribarrea).

Basoko animaliarik txikiena bere etsai guztien gainetik gailenduko da. Guztiek begiratuko diote errespetuz eta ikara puntu batekin, eta hori guztia burua erabiliz.

Narrazioaren erritmo errepikakorra, pertsonaien urritasuna, protagonisten karakterizazio sinplea bere ekintzen bidez: antzinako herri ipuinetako ezaugarri horiek ditu kontakizun honek. Horiek eta Axel Schefflerren irudien indarra; izan ere, irudiek informazio osagarri ugari ematen dute, istorioa hobeto ulertzen laguntzen eta irakurle-ikuslearengan atsegin handiagoa eragin. Gainera, istorio guztiz aproposa dugu hau umeei kontatzeko irudiak erakusten dizkiegun bitartean; talde handitan edo etxeko goxotasunean ederki gozatzeko moduko istorioa.

Orain bakarrik falta zaigu Bruño argitaletxekoak animatzea eta istorio honen ondorengoa den Grufaloaren alaba ere euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude