Elikadura zerga


2016ko abenduaren 18an

Jakina da, osasun publikoaren arazo larrienetakoa elikaduraren kalitate txarra da. Arazo hori da dagoeneko, munduko gaixotasunen eta bizi kalitatearen galeraren arrazoi nagusia. Gaur egungo elikadura ereduak gero eta gehiago gaixotzen gaitu. Azken bi hamarkadetako dieta aldaketa dago horren atzean, izan ere, egun jaten dugunetik ia hiru laurdenak janari prozesatuak dira. Euskal Herrian, mendebaldeko beste herri industrializatuetan bezala, azukre, koipe kaltegarri eta gatzaren gehiegizko kontsumoa dago. Arrazoia ez da hainbeste norberak egiten duen hautua, elikaduraren industriaren izugarrizko boterea baizik. Izan ere, botere erraldoi horrek elikagaien ekoizpen eta kontsumo sistema baldintzatzen du eta erabaki politikoetan sarbide zuzena du.

Elikadura eredu horrek baditu gutxienez bi ondorio aipagarriak osasun arlo estuaz harantz, baita arlo sozioekonomikoan ere. Lehenik, elikadura eredu kaltegarriak osasun sistema publikoaren aurrekontuan eragin du. Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, elikagai kaltegarrien kontsumoak erantzukizuna dauka gaixotasun kardiobaskularren, diabetesen kasuen erdietan eta minbizi mota batzuetako beste horrenbestetan. Horrek osasun sistema publikoan eta bere aurrekontuan eragin ikaragarria du, MOEren estimazioak aurrekontuaren %20raino igotzen du eragin hori.

'Overseas Development Institut' erakundearen txosten baten arabera, fruituen eta barazkien prezioek urteko batez beste %2 eta %3 bitarteko igoera izan dute sasoi honetan, aldiz, elikagai prozesatu gehienen prezioa apalagoa da hogeita bi urte hauen buruan. Bilakaera hori ikusita, Espainiako Estatuko biztanleriaren ia erdiak eta Hego Euskal Herriko herenak baino gehiagok ezin ditu elikagai osasuntsuak ordaindu

Gainera, eraginaren tamaina desberdina da pertsonaren errenta mailari erreparatzen badiogu. Janari osasungarria, ekologikoa edo kalitatezkoa elikagai prozesatuekin alderatuta garestiagoa da, beraz, errenta apaleko jende  gero eta ugariagok ezin du osasuntsuagoa den elikagairik ordaindu. Overseas Development Institut erakundearen txosten batek bost herrialdetako bi elikagai moten prezio bilakaera aztertu du 1990-2012 urteen aldian. Fruituen eta barazkien prezioek urteko batez beste %2 eta %3 bitarteko igoera izan dute sasoi honetan, aldiz, elikagai prozesatu gehienen prezioa apalagoa da hogeita bi urte hauen buruan. Bilakaera hori ikusita, Espainiako Estatuko biztanleriaren ia erdiak eta Hego Euskal Herriko herenak baino gehiagok ezin ditu elikagai osasuntsuak ordaindu. Gainera, azterketan ez dira sartzen garestiagoak diren elikagai ekologiko edo biologikoak. Ondorioz, errenta apaleneko pertsonak saihesgarriak diren gaixotasunak sarriago izatera kondenatuta daude.

Elikagaien merkatuaren eragin sozial horri aurre egiteko, beste neurri batzuen artean, elikadurarako zerga politika tresna egokia izan liteke. Elikadura osasuntsua saritzea eta kaltegarria zigortzea litzateke zerga politika horren bidea, betiere, politika sozio-sanitario publiko eta berdinzalearekin koherentea dena eta errenta gutxiko populazioak elikagai osasuntsuak eskuragarri izateko helburua lehenetsita.

Neurri hori ez da berria. MOEren Elikadurari eta Nutrizioari buruzko Europarako Ekinbide Planak (2015-2020) elikagaien erosketan eragina izan dezaketen prezio eta zerga politikak lehenesten ditu. Erresuma Batuan elikagai gehienen Balio Erantsiaren Zerga zero da, aldiz, freskagarriena, zizka-mizka gatzatuena edo zuku azukredunena %20. Coca-Colak eta azenarioak zerga zama bera izatea ulergaitza da osasunaren ikuspegitik. Elikadura kaltegarriaren eragina ezkutukoa izateak ez du esan nahi osasun publikorako arazoa ez denik. Zerga politikak ere zuzentzea beharrezkoa da hurrengo belaunaldiak kondenatu nahi ez baditugu. Interes orokorra elikagai industriaren interesen gainetik egotea nahi badugu bederen.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude