Elena Urko

"Orain, emakumeok, transok, bollerok, amaneratuok, elbarriok eta lodiok hartzen ditugu kamerak, eta geure errepresentazioa gobernatzen"

  • Aktibista transfeminista da Elena Urko, eta Post Op taldeko kidea, Majo Pulidorekin batera. Postpornoaz eta errepresentazioaz hitz egin dugu berarekin.

Danele Sarriugarte Mochales @daneleSM
2016ko abenduaren 11
U.K.I. Performance Nazioarteko Cuir ekitaldian. Reina Sofia Arte Zentroan, 2011n (Argazkia: Antono Arcaro).

Orain urte batzuk, mugimendu indartsua sortu zen postpornoaren bueltan, batez ere Bartzelona inguruan. Zer da postpornoa?

2003an iritsi nintzen Bartzelonara eta urte horretan bertan sortu zen Post Op. Bartzelonan, garai hartan, topaketa mordo bat ari ziren egiten, hala instituzioetan nola autogestionatuak. Hausnartzen genuen zer arazotsuak diren identitateak, eta hitz egiten genuen politika queerrei, maskulinitateei eta bestelako pornografia bati buruz.

Testuinguru horretan kokatu behar da postpornoa. Zenbait feminismok eta pertsonak begi kritikoz erreparatzen genion porno mainstream-ari, izan ere, sexuari, generoari eta gorputz normaltasunari buruzko hamaika estereotipo betikotzen baititu, eta, gainera, sexuari buruzko egia bakar bat saltzen, askotariko identitate eta praktikak kanpoan utzita. Desira eraikia bada, bada, orduan, garrantzitsua da bestelako desirak eta iruditeriak sortzea, bestelako praktikak eta identitateak txertatzea, gizarte heteropatriarkal, kapazitista eta kapitalista ez indartzeko.

Orain, emakumeok, transok, bollerok, amaneratuek, elbarriek eta lodiek hartzen ditugu kamerak, eta geure errepresentazio propioa gobernatzen.

“Egunero bonbardatzen gaituzte ikus-entzunezkoek gorputzaren, binarismoaren eta sexualitatearen inguruan, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hori guztia xalo-xalo ez irenstea”

Nabarmen aldatu da hiria. Zertan igartzen da?

Gutako askorentzat hainbat gauzaren ikur zen Bartzelona: askatasuna, arte adierazpen ugariak, underground kultura, raveak eta politika; hara iristean, ordea, amets horren azken arnasestuak baino ez genituen aditu. Urte gutxiren buruan, izugarri murriztu zituzten geure askatasunak, espazio autogestionatuak itxi zituzten pixkana, eta espazio instituzionalizatu eta kontrolpekoetatik at egiten zen kultur ekintza orori jazarri zitzaizkion. Turistentzako jolas parke handi bat bihurtu zen hiria, kreditu-txartela astinduz baino eskuratu ezin zen kultura sustatu zen, baita ordenantza zibiko berri bat onartu ere, zeinaren bidez, espazio publikoa erabiltzea galarazi baitziguten. Orain aldaketa prozesu batean gaude berriro, Ada Colau alkate dugula, eta espero dut Bartzelona bizitzeko moduko hiri bat bihurtuko dela berriz.

Postpornora itzulita, Artelekun ere izan zen tailer bat, benetan garrantzitsua.

Bai, 2008an, Feminismo Porno Punk jardunaldiak egin ziren Artelekun. Hantxe egin genuen gure estreinako tailer postpornoa eta hantxe ezagutu genituen gaur egun geure aliatu politikoak diren hainbat, eta haiekin batera sare sakonak ehundu. Garrantzitsua iruditzen zaigu gorputzaren bidez sortzea aliantzak, jarioen bidez, eta politika egiteko sexualitea esperimentatzea eta gorputzek elkarrekitea. Tailerrek aldaketa eraginkorrak sortzen dituzte: hainbat lagunek beren taldeak antolatzen dituzte gero, eta urteak pasatuta, askok esan digute tailer horiek mugarri izan zirela sexualitateari buruz zeukaten ikuspegian. Politikak gorputza zeharkatzen duenean, esperientziaren bidez, orduantxe egiten dizu buruak klik, eta ez dago atzera egiterik.

Zergatik dira sexualitatea eta pornoa borroka-zelai funtsezko?

Bada, gure ikuspegitik, pornoa ideologia bat delako. Pornoak gorputz eta praktika jakin batzuk zilegitzen ditu, eta beste batzuk, ordea, doilortzat jotzen eta ikusezin egiten. Gaur egun, gero eta gazteago iristen da jendea pornografiara interneten bitartez, eta kezkagarria iruditzen zait sexu-hezkuntza pornografia nagusiaren esku uztea. Beharrezkoa da bestelako sexualitate eta gorputzak agertzen dituen porno bat sortzea; gorputz guztia sexualtzat jotzen duen porno bat, zentzumen oro kontuan hartzen duena eta ez soilik genitalak, eta askotariko praktikak erakusten dituena.

Nola, noiz eta zertarako sortu zen Post Op?

2003an sortu zen, Maratón Postpornoaren osteko orgia baten ondoren. Hasieran, gure helburua zen espazio publikora eramatea hausnarketa haiek guztiak, identitateei, sexualitateari eta errepresentazio pornografikoari buruzkoak, izan ere, sarritan, ez baitziren ateratzen espazio instituzionaletik, zentro sozialetik edo festa-girotik. Geure egin genituen pornografia nagusiaren tresnak: hala, tresnok irauli eta ikus-entzulea harritzen genuen. Sexuaren eta generoaren dikotomiak hautsi nahi genituen, eta, horretarako, performanceak egiten genituen, eta izaki nahasgarri eta mutanteak sartzen espazio publikoan.

“Gure ikuspegitik, pornoa ideologia da. Pornoak gorputz eta praktika jakin batzuk zilegitzen ditu, eta beste batzuk, ordea, doilortzat jotzen eta ikusezin egiten”

Zuen lanean, besteak beste, espazio publikoa bersexualizatzen duzue.

Egunero bonbardatzen gaituzte ikus-entzunezkoek gorputzaren, binarismoaren eta sexualitatearen inguruan, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hori guztia xalo-xalo ez irenstea; horregatik, bestelako ikuspegiak sortu behar dira diskurtso normatiboaren aurrean. Adibidez, ecosex/urbansex tailerretan, gure helburua da ordenantza zibiko berrien bidez ia-ia erabiltezin bihurtu diren lorategi eta plazak sexualizatzea. Zertarako nahi dugu parke bat, ezin badugu belarra zapaldu? Praktika postporno askok badute abantaila bat: kanpotik, ez dira sexu-praktikatzat jotzen, izan ere, sarritan, begirada oso murriztua da eta genitalekin lotutako hori baizik ez da jotzen sexualtzat; orduan, hala ez denean, zerbaitek nahasten eta artegatzen ditu ikusle-entzuleak, baina tartetxo bat behar dute ikusten duten hori ulertzeko eta ondoren erabakitzeko ea salatzeko modukoa ote den.  

Urteak pasa ahala, nola aldatu dira zuen ekimenak?

Hasieran, performanceak egiten genituen, baina adierazpide horren bidez ezin ginen toki askotara iritsi, urrun zeudelako edo aurrekonturik ez genuelako. Gainera, konturatu ginen batzuetan ikus-entzuleak kanpo geratzen zirela: performanceak ikusgarriak ziren, baina ez genekien ikus-entzuleek benetan ulertzen ote zuten zertaz ari ginen.

Orduan, bideo postpornoak egiten hasi ginen, eta jaialdi eta topaldietara bidaltzen, bai eta gure lehen gorputz tailerrak egiten. Horien bidez gonbita luzatzen genien parte-hartzaileei, beren sexualitatea esperimenta zezaten, jolas moduan.

Tailer batzuetan, iruditegi pornografiko berriak sortzen ditugu; beste batzuetan, berriz, esperientzia dugu oinarrian, eta helburua da geure gorputzak ahalduntzea eta beste gorputz batzuekin elkarrekitea, ez soilik ikusmenaren bidez, baizik eta beste zentzumenak ere baliatuz. Jostailuak, protesiak eta gorputz-atal ahaztuak erabiltzen ditugu, eta saiatzen gara arauz kanpokotzat jotzen diren gorputzekin aliantzak sortzen: pertsona lodiak, transak, aniztasun funtzionalekoak, ebakuntza edo gaitzen baten ondorioz gorputza aldatu zaienak…

Azken urteotan, aniztasun funtzionaleko kolektiboarekin jardun duzue asko.

Funtsezko aliantza bat izan da. Aspalditik ari ginen gorputz normaltasunaren parametroekin bat ez datozen gorputzei buruz hizketan, hala ere, generoarekin eta sexuarekin lotutako zapalkuntza-ardatzez ari ginen batez ere, eta ez genituen aintzat hartzen beste zapalkuntza-ardatz batzuk, hala nola gaitasunarena.

Uste genuen jende guztiari irekitako tailerrak egiten genituela, eta, batzuetan, ez genuen eskaintzen espazio irisgarririk ez ariketa egokiturik. Jakina, hori aldatu dugu, eta orain ezinbesteko baldintza da gure espazioetan eta dinamiketan.

Tailer postporno bat egiteko eskaini ziguten Yes we fuck dokumentalerako eta mugarria izan zen hori. Sekulako bizipena izan zen, tailer horretan konturatu ginen ez zegoela jostailu barne-hartzailerik eta halaxe sortu zen Pornortopedia proiektua: hain zuzen ere, sexu-jostailuak diseinatzen ditugu, bestelako interesak, sentitzeko eta mugitzeko moduak aintzat hartuz.

Urte horretan bertan, Muestra Marrana jaialdian atal bat eskaini genion postporno elbarriari eta hortxe konturatu ginen hutsunea zegoela, ez zegoela porno askorik, aniztasun funtzionaleko jendeak egina, ahalduntzeko ikuspegi batetik. Halaxe sortu zen Nexos: bideo bat da, gorputzaren inguruan lan egin nahi zuten cripple eta queer aktibistek elkarlanean sortua.

“Praktika postporno askok badute abantaila bat: kanpotik, ez dira sexu-praktikatzat jotzen, izan ere, sarritan, begirada oso murriztua da eta genitalekin lotutako hori baizik ez da jotzen sexualtzat”

Zertan ari zarete orain?

Pornortopediarekin jarraitzen dugu buru-belarri. Majo Pulido A Coruñan dago, topagune batean, eta prototipo berri bat sortzen dabil: mugikortasun gutxi daukaten pertsonentzako jostailu bat da, alua ikusi ahal izateko eta klitoria kitzikatu ahal izateko; horretarako, bibragailuak eta presio-sentsore batzuk ipintzen dira gehien kontrolatzen duzun gorputz-atalean. Neu, berriz, dibulgazioan eta hezkuntzan nabil. Esate baterako, Topatu Pototak jardunaldietan izan naiz orain gutxi Tolosan, neska gazteekin. Hitzaldi bat eskaini nuen postpornoaz eta porno etiko, feminista eta iraultzaileaz. Lanean jarraitzeko gogoz gabiltza, noski.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Generoa  |  Aniztasun funtzionala

Generoa kanaletik interesatuko zaizu...
Hitanoa eta generoa
Berreskura ote daiteke hika feminismotik?

Irailak 11-12. EHUko Uda Ikastaroak Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroaren izenburua: Hitanoa eta generoa: aberastasuna ala sexismoa? Hika galera nabarmenean da. Noka berriz, are azkarrago ari da desagertzen. Zergatik dira noka hiztunak urriago toka hiztunak baino? Nokaz berjabetzeak balio al dezake emakumeen ahalduntzerako? Gizonak eta emakumeak bereizten dituen hitanoa indartzea egokia da binarismo zorrotza leundu beharraren ahotsak entzuten diren garai honetan?


2018-09-20 | ARGIA
Emakume bat labanaz eraso dute Ibarran, eta haren bikotekidea atxilotu dute

Bikotekidea, 36 urteko gizona, homizidio saiakera leporatuta atxilotu dute.


2018-09-16 | Imanol Alvarez
Zis ala trans? *

Boladan ei dago transgeneroak zinemaratzea. Ondo deritzot. Zinemak, beste ezein mediok bezala, errealitatea islatu behar du. Ez da kontu guztiz berria; lehenago ere ezagutu dugu pertsonaia transik, baita euskal zineman ere. Esperanza Royren Katalina Erausoren kasu, Javier Aguirreren La Monja Alferez-en.

Sortu da, ordea, ezbaia. Ez betiko atzerakoien aldetik, LGTB ekintzaile batzuengandik baizik. Salatu eta gaitzetsi dute gizon transak antzezteko emakume zis aktoreak hartu ohi direla, eta... [+]


Berreskura ote daiteke hika feminismotik?

Irailak 11-12. EHUko Uda Ikastaroak Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroaren izenburua: Hitanoa eta generoa: aberastasuna ala sexismoa? Hika galera nabarmenean da. Noka berriz, are azkarrago ari da desagertzen. Zergatik dira noka hiztunak urriago toka hiztunak baino? Nokaz berjabetzeak balio al dezake emakumeen ahalduntzerako? Gizonak eta emakumeak bereizten dituen hitanoa indartzea egokia da binarismo zorrotza leundu beharraren ahotsak entzuten diren garai honetan?


2018-09-13 | ARGIA
Women's rights violated during the Hondarribia festivities

During the festivities on 8th September people in favour of the discriminatory Alarde parade cruelly persecuted the women and men taking part in the equal rights group.


Patri Espinar. Pareta guztien gainetik
"Emakumeen esku-pilotan, 30 urtetan egin ez dena hiru urtetan egin da"

Ikusi al duzue Pilota girls (Sra. Polaroiska, 2012) film laburra? Ondo baino hobeto laburbiltzen du Patri Espinarrek pilotaren munduan egindako bidea: dena oztopo, dena traba. Azken urteotan jaso du, ordea, urte luzetako ahaleginaren aitortza: munduko bi txapel eta herrikideen beroa.


2018-09-09 | Nora Barroso
Gorputzen jabetza...

Gorputzen jabetza. Aukera bakarra dela sinetsi eta errepikatzen dugun bitartean, hor hasi eta bukatuko da pertsona eta kolektibo moduan, merkatuen zein estatuen kontrol nagusia. Eremu horretan, gauza asko gertatzen dira, besteren artean, generoaren/sexualitatearen/sexuaren menderatzea, sistematizazioa, sentimenduen pribatizazioa, bizitzen estandarizazioa…    

Iruditzen zait jabetzaren sentsazioaren mesedetan zentzumen gehienak nagusiki amatatuak ditugula, eta bertan... [+]


2018-09-07 | Mick Csaky
Rock&Rollaren ama pontekoa: Sister Rosetta Tharpe
MULTIMEDIA - dokumentala

1940-1960 hamarkaden artean, Arkansasko emakumeko beltz honek, Sister Rosetta Tharpe-k eta bere gitarra elektrikoak eragin handia izan zuten musikaren transformazioan eta rokanrolaren sorreran. Chuck Berry, Little Richard, Elvis Presley edo eta Jerry Lee Lewisengan eragina izan zuen. Nahiz eta bere garaian izar bat izatera iritsi, gerora bere ospea galdu zuen eta emakumea izanik, inoiz ez du haiek adinako onespenik jaso.

Zuzendari eta ekoizlea: Mick Csaky
Ekoiztetxea: Antelope South Limited... [+]


2018-09-04 | Jakin aldizkaria
Euskara eta generoa gurutzatzen diren lekua
MULTIMEDIA - solasaldia

Mahai-inguru honek amaiera eman zion Euskaltzaletasuna eta Feminismoa ikastaroari. UEUk, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Jakinek antolatuta, bost saio izan zituen Gasteizen. Azken hau 2018ko maiatzaren 22an egin zuten Jaime Altuna, Ane Labaka eta Aizpea Otaegiren partaidetzarekin.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude