Sagarraren emana jaso

  • Nork ez du sagarrondo bat etxe inguruan? Euskal Herri hezean bizi zaretenok, behintzat, harantzaxeago edo honantzaxeago, urrutira gabe izango duzue, sagardi bat ez bada, fruitu arbola etxekotu horren aleren bat. Etxekotua, ez alferrik deitzen zaio Malus x domestica. Eta nonbait etxekotua izan bada, hori geure etxea da, geure kulturaren lurra.

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2016ko azaroaren 20a
Euskal Herri hezean bizi zaretenok urrutira gabe izango duzue, sagardi bat ez bada, fruitu arbola etxekotu horren aleren bat. (Arg.: Isabel-CC By SA)
Euskal Herri hezean bizi zaretenok urrutira gabe izango duzue, sagardi bat ez bada, fruitu arbola etxekotu horren aleren bat. (Arg.: Isabel-CC By SA)

Sagarrondo bat inguruan duenak badaki zenbateraino emankorra den arbola hori. Bera sasoian bada, urteko eguraldia sasoian izan bada, lurra sasoian izan bada, sagar ale ezadetsuak eta sasoikoak latz emango ditu; dena dela, aleak eman edo ez erabakitzeko arbolak duen arrazoi nagusia, sasoiekin zerikusirik ez duena, gogoa izatea da, lan hori hartzeko galez egotea. Gogo hori ez duenari “arbola alferra” deitzen zaio, baita arra ere. Zergatik ote? Eman emeak ematen baitu. Eta ematen ez duenari egurra ematen zaio, esklaboei bezala: lepoa moztu eta beste buru bat jartzeko eztitu edo txertatu, kimatu, inausi eta ehunka zauri egin... Emango du bai! Beno, torturen hori beste upeleko sagardoa da eta hurrengo baterako utziko dugu.

Hobe dugu sagardoari heltzea. Sagarra, badenean lepo izan ohi da, ugari. Eta sagastian sagarretan igeri egin daiteke. Fruituak heltzen hasten direnean, zaila da arbolaren emanari eustea eta segitzea. Batzuk fresko, bere horretan jango dituzu, baina beste zerbait egin beharko duzula laster duzu buruan. Alferrik galdu gabe, nola eutsi sagarrei?

Hasteko, sagarrak bere horretan gorde, toki ilun, fresko eta egurastu batean. Sagarrak xerratu eta lehortuta ere jaso daitezke; baita zatitu eta potoetan edo izozkailuan ere. Sagarra likido eginda, adibidez. Sagarrak jo, dolarean mendetu eta sortutako muztioa bera jaso daiteke urte osorako bere gozo horretan pasteurizatuta, irakinda sagardo gisara eta areago irakinda ozpina. Marmelada, dultzea, konfitura, erreximenta, jelea... Gozagarria, egosialdia eta birrintzea zenbatekoak diren. Urte osoa sagar urte.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Sagarra

Sagarra kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude