Mahaia ezarri ere egin gabe, Kolonbiako Gobernuak jada eman dio lehen kolpea ELNri

  • Gobernuak mahaiaren ezartzea atzerarazi du herri mugimenduei azpijokoa iruditu zaien arrazoi batekin eta ELNrentzat berebizikoa dena mugatzea lortu du momentuz: gizartearen parte-hartzea.


2016ko azaroaren 03an - 18:57
ELN-k egun 1.500 eta 2.000 gerrilari dituela kalkulatzen da.

Kolonbiako Gobernuak kolpea emanda indartsu hasi ditu Nazio Askapenerako Armadarekin (ELN gaztelaniazko sigletan) bake elkarrizketak. Berez, bi eragileok bake negoziazioen mahaia Ekuadorko hiriburu Quiton urriaren 27an ezartzea adostua zuten, baina ez da horrela izan. Aste horretan bertan, gobernuak baldintza bat ezarri zuen elkarrizketei hasiera emateko: ELNk atxikita daukan Odin Sanchez paramilitar ohia askatzea. 27an oraindik ez zegoenez aske, gobernuak elkarrizketen hasiera bertan behera uztea erabaki zuen.

Ondorengo egunotan, ordea, Kolonbiako bigarren gerrilla indartsuenak adierazi du konpromisoak betetzen ari dela eta urriaren 6an gobernuarekin egindako akordio humanitarioetan ez zela horrelakorik zehazten.

Akordioen edukia zabalduta, adierazi dute 27 bitartean atxikitako bi pertsona askatzea adostu zutela, eta behin akordioak hasita beste hirugarren bat, izenik zehaztu gabe. Odin Sanchez askatzea, beraz, ez zegoela akordioetan.

Haatik, gobernua ongi arduratu da gizartearengan kontrako ustea sortzeaz, eta iritzi publikoaren zilegitasuna bereganatu duela uste du askok. Bestalde, bake elkarrizketak hasten direnean —bi aldeek adierazi dute irmoki asmo hori— ez dira bertan izango egunotan mundu osotik heldutako medioak, eta batez ere, Kolonbiako herri mugimenduetatik heldutako hamarnaka kide. Aurreikus daiteke elkarrizketen hasierak ez duela horrenbesteko oihartzunik edukiko, eta ez dute Kolonbiako herri mugimenduen babesa eta parte-hartzea edukiko.

Parte-hartzea hitz gakoa da ELNrentzat. Gerrilla honek ez du bere burua inoren abangoardia armatutzat, ez du inor ordezkatzen. Kolonbiaren eraldaketa Kolonbiako herriak berak egin behar duela uste du, eta elkarrizketa hauek “herriari berari eskaintzen” dizkio eraldaketa tresna gisa. Gobernuarekin adostutako elkarrizketen agenda ia edukiz hutsik dago: sei puntuak parte-hartzea, bakerako demokrazia, bakerako eraldaketak, biktimak, gatazkaren amaiera eta gauzatzea dira. Lehen hiruak gizarteak berak bete behar ditu, horregatik du berebiziko garrantzia parte-hartzeak.

52 urteko etorria

ELN 1964ko uztailaren 4an sortu zen Santander departamentuan. Kubako iraultzak eta Che Guevarak eragin handia izan zuen eskualde horretako sindikatu eta ikasle mugimenduetan. Herri borrokaren ezinbesteko osagai izango zuen jarduntzat ulertu zuten gerrilla.

Sobietar eta txinatar eraginetatik aldenduta, Kolonbiaren askapen nazionala zuten helburu. Horretarako, AEBen inperialismoa eta horiekin oligarkia nazionala borrokatzen zituzten. Erasora jotzeko helburu esplizituarekin sortutako lehen gerrilla garaikidea izan zen Kolonbian, FARC-EP, esaterako, nekazarien auto-defentsa bezala sortu baitzen.

1974an sortu zen, ostera, egungo ELNren hazia. Urte hartan, ia gerrilla guztia ezabatu zuen armadak. Ordura arte, egitura hierarkiko zurruneko gerrilla, eta berau buru-belarri elikatzeko egitura urbanoak osatu zituzten. Porrot militarraren eta egituraren harira sortutako ezinegonak eraginda, estrategia aldatu zuten.

Indar guztiak arlo militarrean ezarri beharrean, hiri eta herrietan talde eta egitura politiko-militar ugari sortzeari ekin zioten. Hierarkia militar zentralistatik egitura federalagoetara igaro ziren, eta gerra fronte bakoitzak autonomia handia izango du, FARC-EPk egitura bertikalak osatu zituen bitartean. Horrenbestez, FARC-EPren asmoa, botere nazionala eta estatua bere osotasunean eskuratzeko nekazal guneetan indar militarra sendotzea izan da. ELNk, berriz, hiri eta herrietako oinarri zabalaren lan politiko eta sozialari garrantzi handia eman dio, tokian tokiko herri-botere eta egitura autogestionatuak osatzen hasi ziren, estatua ordezteko.

Negoziatzeko garaia

ELN estatuaren kontra azaldu zen erabat 1991 arte. Urte hartan, uste sendorik gabe, eta FARC-EP eta EPL gerrillekin Simon Bolivar Koordinakunde Gerrillariaren parte zela, Caracas-Tlaxcala bake elkarrizketak hasi zituzten gobernuarekin. Urtebete iraundako elkarrizketa horiek, ez zuten arrakastarik izan.

90eko hamarkadan zehar, FARC-EPk eta ELNk bere une gorena eduki zuten. Estatua kinka larrian jarri zuten, eta askoren ustez, gerrillen garaipena benetako aukera bilakatu zen. Hala ere, urte guzti horietan elkarrizketa saioak eduki zituzten Ernesto Samper (1994-1998) eta Andres Pastranaren (1998-2002) gobernuekin.

Jada 1996an, ELNk Batzar Nazionalaren ideia proposatu zuen: “Gobernua, gerrilla eta gizartearen arteko elkarrizketak. Bertan, estatua eta gizartea demokratizatzeko eraldaketa politiko eta sozialak zehaztuko dira”.

Ideia horren inguruan bildu ziren Samperren gobernuarekin 1998an Madrilen eta Rio Verden, Antioquian. Vianako Jauregiko aurre-akordioa lortu zuten Batzar Nazionala zehazteko. Espainiako ABC egunkariak, ordea, akordioa filtratu, eta ez zuen aurrera egin.

Samperrekin hasitakoa Pastranarekin jarraitu zuten. Geneva, Caracas eta Habanan bildu ziren lau urte horietan zehar, baina ez zuten etekinik lortu. Garai hartan FARC-EPren indar armatuak bigarren mailako aktore bezala uzten zuen ELN, eta gainera, paramilitarismoa gogor kolpatzen hasia zen jada.

Alvaro Uribe ultraeskuindarraren gobernuan (2002-2010) kontaktuak eten zituzten urte batzuetan. Uribek gupida gabe jo zuen gerrillen eta adierazpen ezkertiar ororen kontra. Gainera, AEBekin Kolonbia Plana sinatu zuten hamarkada hasieran. Armada modernizatua bonbardaketak erabiltzen hasi zen gerra modu nagusi bezala, eta aurreko hamarkadan lortutako aurrerapena galdu zuten gerrillek. Hala ere, 2006an bake prozesu bat hastea lortu zuten. Baina, beste behin ere, elkarrizketak emaitzarik gabe amaitu ziren bi urteren ostean.

Hasi da azken lehia

Orain dela hogei urte zuen indar militarraren herenarekin heldu da ELN Juan Manuel Santosekin negoziatzera. 2014ko urtarrilean hasi zituzten lehen kontaktuak, eta aurtengo martxoaren 30ean iragarri zuten elkarrizketen fase publikoaren hasiera. Kalkulatzen denez, 2.000 eta 1.500 gerrillari artean ditu egun. Hala ere, ELNk duen indar militarretik haratago, herri eta hirietan osatutako sare politiko zabalean dago bere indar nagusia. FARC-EP, 2000. urtean ohartu zen horren garrantziaz, eta ordutik arlo horretan lanean jardun duen arren, nabarmena izan da Habanako negoziazioetan gizarteak eta herri erakundeek izandako parte-hartze eta eragin mugatua.

Bestalde, ELNk adierazi izan du ez duela ulertzen gatazka logika militar edo alderdikoian. Gobernuak egiten duenaren kontra, bere kezka nagusia ez da bere indar militarrak gobernuarengan duen presio ahalmena. Ez eta ELNk berak edukiko duen etorkizun politiko eta juridikoa, gizarte osoaren eraldaketa baita bere helburua. Horregatik da horren zaila gobernuarentzat gerrilla horrekin negoziatzea, logika horietatik ihes egiten duelako.

Zentzu horretan uler daiteke ELNk parte-hartzeari ematen dioen garrantzia. Hain zuzen, gobernuari gutxien gustatzen zaion arloa. Horrexegatik luzatu da hainbeste ELNrekin elkarrizketaren isilpeko fasea, parte-hartzearen puntuak gobernuarengan sortzen zuen errefusagatik.

Momentuz, eta mahaia oraindik ere ezarrita ez badago ere, gobernuak jada eman dio lehen kolpea parte-hartzeari. 27an Quitora joan ziren herri mugimendu asko ezingo dira bertaratu mahaia ezartzen duten egunean. Haatik, 27an Quiton zeuden herri mugimenduek emandako prentsaurrekoan argi adierazi zuten: “ELN eta gobernua hemen ez badaude ere, Kolonbiako herriak jada ezarri du elkarrizketa mahaia gure presentziarekin. Beren zain gaude”.

Bake elkarrizketen hasiera babestera joan ziren dozenaka herri mugimendutako kideak.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude