ARGIA.eus

2020ko apirilaren 08a

Ur-tanta geldoetan

Jose Inazio Basterretxea
2016ko azaroaren 13a

Presoak nahi ditu Urliak etxean. Inork barkamena eskatuko ote dion jakin gura du Sandiak. Kolkoari galdetu dio Berendiak ez ote duen txantxangorriak berriz ere abestu behar.

Luzatze geldoak ez du leuntzen mina, inorena. Baina, tema hor da, bake-prozesuaren geldotasunean. Arazoa da atzerapenarekin datozela ETAren armak. Bost urte badira-eta su-etenetik hona. Eta lantresnak bizkarrean dituzte oraindik.
    Arazoa da estatu-aparatuak ez dakiela moldatzen tirorik gabeko egoerara: ez du hark nahikoa garaipena, anikilazioa bilatzen du, politika militar frankista zaharrenean bezala.

Mantso eta otso

Isilik izan da ETA hilabetetan, bere oskolean bilduta. Bat-batean, uharkara azaldutako tangada ero gisa, agiria ekarri du udagoienaren etorrerarekin batera: behinolako martiriak –bereak baino ez– gogorarazteko, irailaren hogeita zazpian. Bizirik dela konturatu gara, ikusi dugu iturri horrek baduela ur-emaria, ahaztuta geneukan arren. Burua jaso, iritzia eman aldarri, eta otzandu egin da neguko kasernetara.

Denboraldi batez, isilik izan da Espainiako Barne ministro denak deitoratua. Baina, delako “banda terrorista” esnatu dela eta, hark komunikatua idatzi duela eta, egunkarietako azaletaraino heldu dela eta, berak –ministro jaunak– zerbait egin behar duela eta, Parisko zuloa desegin dute.

Hor laboratu dira orpoz orpo polizia frantsesak eta espainolak telebista kamerei so eta beha. Nabarmendu beharra, besteren protagonismoa neutralizatu guran.

San Simon eta San Juda egunez, ETAren komunikatua, beste bat, esateko ezen alde batera utzita zeukatela eurek Frantzian aurkitutako zuloa. Bazekitela eurek lokalizaturik zutela poliziek hura, eta ez zirela aspaldi hara hurbiltzen. Eta hurrengo, zer?

Bizi eta jauzi

Kontatu didatenez, Deba arroan bada erreka bat, deitzen zaiona Kilimon. Burua jaso eta hura makurtu ibiltzen da mendian behera, kukuka: gutxien espero denean, han eta hemen gordetzen, edo hor eta han azaleratzen. Eta hortik, haren sona. Inoiz ur gutxi, baina beti fama handi.

Aspaldion, Kilimon errekako tanta iheskorren gisara, gorde-gordeka dabiltza ETA eta Espainiako Barne ministerioa: goizetan lehor eta arrastietan emankor. Zergatik burua ostentzen eta zergatik azaltzen duten... ez da erraz asmatzen.

Baina, ez da ezkutaketan olgatzeko unea. Une honetan –armak entregatu beharreko abagune honetan, presoak etxeratzeko ibilaldi luze honetan, eta bakearen bidea diseinatu eta kudeatzeko garai zail honetan–, ibai zindoagoa behar dugu. Bestela, ez du txantxangorriak berriz ere abestuko erreka-muna gainean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ETAren desarmatzea

ETAren desarmatzea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude