Giza eskubideak eta transnazionalak

Nazioarteko araudi loteslearen bila, urrats txikiz

  • Joan den astean amaitu zuen bigarren lan saioa enpresa transnazionalen giza eskubideekiko erantzukizuna finkatzeko zeregina duen NBEko lantaldeak. Iazkoak bezala, adituei entzun eta informazioa jasotzea beste helbururik ez zuen aurtengoak, datorren urterako nazioarteko hitzarmen lotesle baten zirriborroa prestatze aldera. Biltzarrean aditu modura parte hartu duen Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasleak azaldu digu NBErengandik zer espero daitekeen, eta herri mugimenduak zer eskatzen duen.

Unai Brea @unaibrea
2016ko azaroaren 06a
2013ko apirilean 1.127 pertsona hil ziren Dakhako (Bangladesh) eraikin hau behera jausi zenean. Hainbat transnazionalentzat arropa egiten zuten lau fabrika zeuden bertan, eta inork ez zuen neurririk hartu eraikinean arrakalak agertu zirenean. (Arg.: The J
2013ko apirilean 1.127 pertsona hil ziren Dakhako (Bangladesh) eraikin hau behera jausi zenean. Hainbat transnazionalentzat arropa egiten zuten lau fabrika zeuden bertan, eta inork ez zuen neurririk hartu eraikinean arrakalak agertu zirenean. (Arg.: The Japan Times)

2014ko ekainean, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Kontseiluak –47 estatuk osatua–, Ekuador eta Hegoafrikaren proposamen bat aintzat hartuz, ezusteko erabakia hartu zuen: giza eskubideen alorrean enpresa transnazionalek duten erantzukizuna arautzeko Gobernuen Arteko Lantalde bat eratzea. Zehazki, nazioarteko itun lotesle bat proposatzea da lantalde horren eginkizuna.

Ohi bezala, Genevan (Suitza) egin zuen bilera Kontseiluak. Bitartean, kanpoko aldean, gizarte zibileko ehunka kidek Herrien Epaitegi Iraunkorrean parte hartu zuten, estatuetako ordezkarien erabakian eragin nahian. Urrats txikia izanagatik, pozez hartu zuten albistea, ordura arte nagusi zen joera hautsi baitzen. “Transnazionalei buruz hitz egiteko garaian”, azaldu zuen orduko hartan Juan Hernandez Zubizarreta nazioarteko zuzenbide irakasle eta Herrien Epaitegiko kideak, “NBEren logika arau bigunen logika izan da, enpresa-etikaren barruko erantzukizun korporatiboaren logika, norberaren borondatearen araberakoa”. Hitz lauz esanda, zigorrik ekar lezakeen arau loteslerik ez, eskerrik asko.

Giza Eskubideen Kontseiluak onartutakoaren arabera, lantalde berriak adituei entzun eta gaiari buruzko informazioa biltzeko erabili behar ditu lehen saio biak, alegia, 2015ekoa eta 2016koa. Etapa hori joan den astean egindako bileran amaitu zen, eta hurrengo pausoa, 2017an, nazioarteko hitzarmen baten zirriborroa aurkeztea eta eztabaidatzea izango da.

Ezin igarri noizko adostu litekeen itunaren behin betiko testua, NBE oso biorritmo geldoko erakundea baita, eta azkenean indarrean sartuko den ere ez dago ziurtasun osoz esaterik, besteak beste erresistentzia handiak daudelako NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan bertan. Estatu aberatsenek (AEB, Japonia, Europar Batasuneko guztiak…) Gobernuen Arteko Lantaldea sortzearen aurka bozkatu zuten. Txina eta Errusia izan ziren aldeko botoa eman zuten potentzia bakarrak, “seguruenik geoestrategia arrazoiengatik”, Hernandez Zubizarretaren iritziz.

Inpunitate sistematikoaren aurka

“Ez dakigu lantaldeak aurkeztuko duen zirriborroak noraino egingo duen bat gure eskariekin”, azaldu digu EHUko irakasleak. Batetik, herri mugimenduko ordezkari joan da Hernandez Genevara, Dismantle Corporate Power (Korporazioen Boterea Eraitsi) nazioarteko kanpainaren kide gisa. Baina aurten ofizialki ere parte hartu du Kontseiluko bileran, gonbidatutako adituetako bat izan baita.

Ohikoa denez, gizarte zibileko elkarteek euren aldarrikapenak eraman dituzte Genevara, Giza Eskubideen Kontseilua bilduta egon den bitartean. (Arg.: Dismantle Corporate Power)

“Gaur egun, eta horixe esanez hasi nuen nire agerraldia, transnazionalen inpunitatea sistematikoa da”, dio. “Botere izugarria dute, botere politikoa, ekonomikoa, mediatikoa eta juridikoa. Azken horri dagokionez, arrazoia da desoreka handia dagoela transnazionalen eskubideen eta betebeharren artean. Lehenbizikoak babesten dituen zuzenbidea gogorra da, eta betearazi egiten da. Aldiz, haien betebeharrak giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak arautzen ditu, eta zuzenbide hori ahula da”.

Adibide bat: Lanaren Nazioarteko Erakundeak umeen lanaren aurkako hitzarmena izan arren, estatu batek onar dezake adin batetik gorako haurrek lan egitea, eta bertan ari den transnazionala horretaz balia daiteke estatu horretako legedia urratzen ez duen bitartean, nazioarteko zuzenbideak ez baitio eragozten.

“Nazioarteko zuzenbideari hortz-haginak falta zaizkio”

Dismantle Corporate Power kanpainak eskatu du, hain zuzen ere, NBEk proposatu behar duen itunak transnazionalak behartzea, une oro eta dauden herrialdean daudela, nazioarteko zuzenbidea errespetatzera, tokian tokikoa ez ezik. “Horrez gain, uste dugu, eta hau oso garrantzitsua da guretzat, hori guztia betearaziko duen auzitegi bat sortu behar dela”, dio Juan Hernandez Zubizarretak; “izan ere, aditu askok esaten duten bezala, nazioarteko zuzenbideari hortz-haginak falta zaizkio, ez du hozka egiten. Oso hitzarmen onak eduki ditzakezu, baina betearaziko duen organorik ez badago ez du askorik balio”. Edozein kasutan, mota horretako nazioarteko auzitegi bat sortzea oso helburu zailtzat du irakasleak, “ez baita batere erraza izango estatuek halako zerbait onartzea”.

Hainbat elkartek eskatu dute transnazionalek egiten dituzten giza eskubideen urraketak epaitzeko nazioarteko auzitegi bat sortzea, baina ez da erraza izango estatuek hori onartzea

Ezaugarri horiek dituen auzitegirik sortzen ez den bitartean, zuzenbidean estraterritorialitate esaten zaiona erabil liteke transnazionalek giza eskubideei egindako urraketak salatu eta epaitzeko; Dismantle Corporate Power kanpainaren beste eskarietako bat da hori. “Estraterritorialitateak lekarke edonork salatu ahal izatea transnazional bat, ez eskubide urraketa gertatu den herrialdean bakarrik, baizik eta transnazional horrek egoitza nagusia duen tokian”, azaldu du Hernandez Zubizarretak.

2013ko apirilean Bangladesheko hiriburuan, Dakhan, 1.000 pertsona baino gehiagoren heriotza eragin zuen eraikinaren erorketa ekarri du gogora irakasleak. Eraikinaren egoera tamalgarriak eragin zuen ezbeharra; arrakala handiak agertu arren, langileek bertan jarraitu zuten, hainbat transnazionalentzat arropa egiten. “Enpresa horietako bat El Corte Inglés espainiarra da; bada, estraterritorialitatearen neurria ezarriko balitz aukera legoke, gaur ez bezala, Bangladesheko gertakariak direla-eta El Corte Inglésen aurka salaketa jartzeko Madrilgo epaitegi batean”.     

Erantzukizuna nori dagokion finkatzea, erronka handienetakoa

Adibidetzat enpresa hori ipintzea ez da  kasualitatea. Izan ere, El Corte Inglések ez du modu zuzenean lan egiten Bangladeshen, bertako enpresak azpikontratatuz baizik. “Baldintzak berak ezartzen ditu ordea; transnazionalek erabil ditzaketen bitarteko juridiko ugarietako bat da: tokian tokiko enpresak kontratatzea. Azkenean, zer erantzukizun zibil, penal… izan du El Corte Inglések Bangladeshen? Bat ere ez”. Sortu behar den itunak hori saihesteko arma izan beharko litzatekeela uste du Hernandezek: “Ekoizpen-kate osoan ezarri behar da erantzukizuna”.

Transnazionala zer den definitzea izango da, hain justu, Giza Eskubideen Kontseiluko lantaldearen zereginik zailenetako bat. Eta estatu aberatsenen nahiaren aurka egin beharko du. Gizarte mugimenduan dagoeneko sortu da zalantza: boteredunek erabat urardotzea lortuko balute, merezi luke nazioarteko hitzarmena egitea? Denborak esango du, eta itxura osoz, ez da denbora laburra izango.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Enpresa transnazionalak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-27 | Axier Lopez
Jai alternatiboen eredua ezbaian
Martxa ere borroka da

Frankismoaren ondoren, auzo elkarteen eskutik, jai herrikoiek eztanda egin zuten Euskal Herrian. Hortik garatu da txosna gunea oinarri duen eredua, herri mugimendu eta ezker abertzaleko antolakundeek sustatuta. 40 urtetan asko aldatu da egoera politiko eta soziala, baina hein berean aldatu al dira jai gune alternatiboak? Aro politiko berrian, aurreko garaietatik datozen inertziak ezbaian jartzen hasi dira eta jaiak ere ez dira salbu.


2018-07-22 | Reyes Ilintxeta
Raquel Padilla. Yaqui indiar zuria
"Gasbidea egiteko baimenaren truke 400 peso eskaini diote familia bakoitzari, 18 euro"

Egungo Sonora estatuan (Mexiko) bizi diren Yaqui eta Mayo herrien alde lan egiten du Raquel Padilla Ramos antropologoak.
Herri hauen historikotasunaren eta lurraldetasunaren balorea erakutsi nahi du, ura eta lurra lapurtzen dizkietenen aurrean.


Josu Jon Imazen (Repsol) ongi etorria Espainiako Gobernu berriari: ez igo zergak

Pedro Sánchezek Espainiako Gobernua hartzearekin, batek baino gehiagok gogorarazi dio duela hilabete eta erdi eskas aurrekontu “alternatiboak” plazaratu zituenean hitz emandakoak. Tartean, enpresei eta bankuei zergak igotzeko neurria dago, modu horretan gastu soziala ordaintzeko.


2018-04-22 | Nora Barroso
Kolonizazioa, jabegabetzea eta fikziozko mugak

Asko dugu ikasteko guztion bizitza –eta ez soilik talde batena– kontuan hartzen duten haiengandik, naturaren oparotasuna eta jarioarekin harmonian bizi diren komunitateengandik. Eta, aldi berean, guk ikasitako gauza asko deseraikitzeko daukagu.

Lolita Chavez (Ixim Ulew; Guatemala, 1971)  K’iche’ Herrien Kontseiluko ordezkaria da; ama naturaren, lurraren, eta giza eskubideen defendatzailea eta ekintzaile indigena. Komunitateko ageriko lana egiten hasi zenean,... [+]


2018-04-19 | Hiruka .eus
Iberdrolak Espainiako Gobernuagaz hitzartu ditu Lemoizko zentrala uzteko baldintzak

Mikel Otero EH Bilduko eusko legebiltzarkideak "eskandalagarritzat" jo du asteazkenean argitara atera den Iberdrolaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa; horren arabera, konpainia energetikoak ihes egingo dio Lemoizko zentral nuklearrak okupatzen dituen lurrak berreskuratzeko eta egokitzeko daukan "obligazioari".


Brasilgo Coca-Colaren instalazioak okupatu dituzte uraren lapurreta salatzeko

Egunotan Uraren Nazioarteko Foroa (FMA) egiten ari dira Brasilen. Hango herri mugimenduek salatu dute FMA “korporazioen bilkura” bilakatu dela. Nazio Batuetako eta enpresa multinazionaletako ordezkariek parte hartu dute Foroan.


Zara borrokan

Protestak abiatu dituzte Gipuzkoan Zara dendetako langile ugarik, lan baldintza prekarioak salatzeko. Inditex ez dago prest hitz egiteko opor egunez, lanaldiaz, ordutegiaz eta larunbatak libratzeaz, besteak beste. Amancio Ortega da jabea, munduko seigarren pertsonarik aberatsena eta herrialdez herrialde prekarietateari zukua ateatzen dion horietako bat.


Mario Fernándezek Repsol utzi du, epaileek behartuta

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Kutxabanken presidente ohiaren kontrako epaia, diruaz bidegabe jabetzeagatik eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohiaren eta Rafael Alcorta abokatuaren kontrako urtebeteko eta sei hilabeteko kartzela zigorrak ere berretsi ditu auzitegiak.


2018-01-30 | Andoni Mikelarena
Gizaki eta tximinoekin esperimentuak egin dituzte VW, Daimler, BMW eta Bosch auto ekoizleek

Diesel motorrek igortzen dituzten gasak ez direla osasunarentzat “uste bezain kaltegarriak” frogatu nahi zuten autogintzako hainbat enpresak. Horretarako hainbat herritar gela batean sartu zituzten diesel motorraren gasak arnasten zituzten bitartean telebista ikustera, The Guardianen irakur daitekeenez.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude