Jazz gauak Iruñean

Emanaldia

Jazz kontzertua eta Jam session irekia dugu gozagai, astearte gauetan (irailetik ekainera bitartean), Iruñeko Garazi tabernan.

Asteartea da eta Iruñeak ez du kultur eskaintza handirik gauerako, ohiko moduan. Urrun geratu dira egunero rock eta pop kontzertuak aditzeko aukera zegoen garaiak, diotenez, guk ez baititugu ezagutu. Arratsaldez lan egiten dugunok ez dugu arazo handiegirik astean zehar gauez kontzertuak aditzeko eta bide batez zerbeza pare bat hartzeko. Hala bada, lanetik atera eta afaltzeko geratu gara alde zaharrean. Gaur hasiko dira berriro jazz kontzertuak Garazi tabernan, eta joatea erabaki dugu. Iaz arte astearteez gain ostegunetan ere bazegoen jazz musika entzuteko aukera Infernu tabernan (Kaldereria karrikan biak), baina azken Jam session hau bertan behera geratu zen parte hartzaile nagusiek hiria utzi zutenean. Ez da harritzekoa Iruñean jazz musikari ugari egotea, goi mailako kontserbatorioan espezialitate honetako ikasketak ematen direla kontuan hartuz (hau bai dela harritzekoa).

Formatua beti da bera: lehen txandan kontzertua eta gero Jam session parte-hartzailea. Gaurkoan kontzertura datorren hirukotea ez da makala: Alberto Arteta saxoan, Kike Arza kontrabaxuan eta Juanma Urriza Boli baterian. Oholtzara igo dira eta hasi da Arza kontrabaxuarekin marrazki eta motibo azkarrak jotzen. Inprobisazio hutsa dela uste genuenean, sartu dira beste biak, batera. Lehen pieza amaitu eta gero eskerrak eman dizkiote gerturatu den publikoari (taberna betea dago) eta azaldu dute haien obra propioak direla, entseatu gabe jotzera animatu direla gehituz. Entseatu edo ez, kalitatea muturrekoa da. Egitura ezberdinak antzematen dira piezetan, guztietan inprobisazioari leku handia emanez. Estiloa ez da klasikoa, armoniek nirea bezalako entzumen tradizionala momentu oro engainatzen dute, eta egia esan adibidez jazz estandarrekin eginiko Jam session bat baino askoz ere zailagoa da entzuteko hau, baina joleen gaitasun musikalak entzulea kontzertuan guztiz murgiltzea lortzen du, bateria-jolearen kasuan zerbait hipnotikora helduz. Ordu bete inguru egon eta gero, publikoaren estimuarekin amaitu dute kontzertua.

Tarte bat pasata, Jam sessionari eman zaio hasiera. Orokorrean kontserbatorioko ikasleak dira parte hartzaileak, baina beti dago handik edo hemendik etorri den musikaririk. Aurpegi asko ezagunak dira, asteartero hitzordura huts egiten ez dutenak. Baxua (kontrabaxua gaur), bateria eta gitarra da oinarria normalean, eta gero teklatua eta haize instrumentuak gehitzen dira. Denen artean estandar ezberdinak aukeratzen dituzte (40-50 hamarkadako be-bop klasikoak izaten dira gehienak) eta gaia jotzen dute, gaiaren akordeen gainean bakoitzak inprobisazio tartea egiten duelarik, hartara denek berriro gaiarekin amaitzeko. Inprobisazio munduak badu mirari bat, gaia hamaika aldiz entzun baduzu ere soloek beti emango dizutela zerbait berria.

Horrela bada, gaua luze egiten da astearte gauetan taberna honetan. Hainbat faktorek xarma handia ematen diote, adibidez Iruñea bezalako hiri txiki batean, non musika modernoak ez duen inoiz garrantzi handirik eduki, halako musika eta musikariak topatzea, jotzeko gogoz beti. Hasieran aipaturiko kultur eskaintza urriak garrantzia handia ematen dio dagoen edozeri, eta honez gain, masifikatu gabeko edozein fenomeno beste modu batean miresten da beti. Musikak gauza liluragarri hauek ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jazz
Ravelen ametsak talentu handi baten eskuetan

Maurice Ravelen distira eta jazzaren erritmoak saio berean batzeak erakargarritasun berezia zuen, zalantzarik gabe. Baina emaitza entzun ondoren, non Marco Mezquida Ziburuko musikaren mundu onirikoan barneratzen den, eta bere musika beste eskema batzuetara eramaten duen, bere... [+]


2020-09-27 | Xalba Ramirez
Iturri zaharretik ur berria

Nubya Garcia da uneko musikari interesgarrienetako bat. Jazza gustatu ala ez, bere musikalitate eta erritmo biziek, sentimenduz beteriko piezek, milaka pertsonen arreta bereganatu dute jada. Londresko musikari gazteak lehen lan luzea kaleratu berri du: Source. Benetan... [+]


Mikro ireki morea

Astelehenero izaten dira Jam Sessionak Iruñeko Intermezzon, Nafarroako musika kontserbatorioko tabernan. Jazz ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendua da gehienbat espazioa eta, jazzaren munduan ohikoa den bezala, hau ere espazio maskulinizatua da erabat.


2019-07-22 | Xalba Ramirez
Kamasi Washington: handia izatea ez da nahikoa

Larunbata izan da Gasteizko Jazzaldiko egun handietako bat, Ambrose Akinmusire, Makaya McCraven eta Kamasi Washingtonekin. Mendizorrotzan, afroamerikar aldarrikapenez josita, jazzaren punta-puntako musikariak ikusi ditugu bi aldaeratan: McCraven eder eta Washington aspergarri.


2019-07-18 | Xalba Ramirez
Nubya Garciaren jazza: iraganeko etorkizuna

Londresko jazz eszenari buruz ezer ez duzula entzun? Musikari eta publiko gaztea izateaz gain –edo hain zuzen horregatik– zeresan itzela ematen ari da mundu osoko jazz panoraman. Eta hiru izen hautatzekotan horietako bat da, dudarik gabe, asteazkenean Gasteizen jo... [+]


Eguneraketa berriak daude