Nubya Garciaren jazza: iraganeko etorkizuna

  • Londresko jazz eszenari buruz ezer ez duzula entzun? Musikari eta publiko gaztea izateaz gain –edo hain zuzen horregatik– zeresan itzela ematen ari da mundu osoko jazz panoraman. Eta hiru izen hautatzekotan horietako bat da, dudarik gabe, asteazkenean Gasteizen jo zuen Nubya Garcia saxo jolea.

Xalba Ramirez @xalbaram
2019ko uztailaren 18a
Nubya Garcia asteazken honetan Gasteizen (argazkia: Gasteizko Jazzaldia).

Shabaka Hutchings-ek Londresko soinua biltzen duen We Out Here albuma ekoiztu zuen iaz eta bertan aurkituko dituzu –Hutchings eta Garciaz gain–, eszena honetako erreferentzia nagusiak: Theon Cross, Moses Boyd, Ezra Collective, Kokoroko, Joe Armond Jones, Triforce eta Maisha (faltan agian, Yazz Ahmed eta Kamaal Williams). Bederatzi kantak osatzen dute disko(tzarra) eta Garciak horietako bostetan kolaboratzen du –denek nahi dute bere dotorezia–. Musikariek elkar laguntzen dute, elkarrekin esploratuz bide berriak.

Bart Gasteizeko Jazzaldian gozatzeko aukera izan dugu ordu eta erdiko kontzertu ederraz. Indarra eta goxotasuna, trantze eta espiritualismoa, dantza eta erritmoa, birtuosismoa eta isiltasuna. Gasteizko Principal Antzokia guztiz beteta egon ez arren, txalo burrunbek aretoa blaitzen dute musikari bakoitzaren soloen ostean.

Sam ‘Barrel’ Jones baterian, zehatz, jostari eta dibertigarri. Daniel Casimir kontrabaxu anplifikatuan  oinarri, sendo eta biribil. Joe Armond Jones isats piano eta Rhodesean elegante, arriskatu eta fin. Eta  Nubya Garcia, izarra. Isiltasunak ederki aprobetxatzeaz gain, tenorraren grabeenetik agudoetaraino jotzen du, jende gutxik lortzen dituen notak kolpatzeraino. Nota segida azkarrak botatzen ditu, klasikoen estiloan, eta ostean aguantatzen du luze-luze, tentsio eta harmonia ederrenetan.

Jazz modal espiritualeko pieza ederrak egiten ditu, hard bopetik gertu egon daitezkeenak, jamaikar eta afrobeat erritmoak sartzen dizkizu bat-batean, eta hip hopa segidan. Eta uneoro jazzaren oinarrietatik urrundu gabe, Coltrane garaikidea topatzen arituko bagina lez.

Tomorrow’s Warriors eskolatik atera dira Londresko musikari berri guzti hauek. Nerabeek jazza doan ikasteko eskola ederra da, klase, genero eta arraza ikuspegitik jazza baztertzailea zelako susmoarekin, alternatiba eskaintzeko. Ez dago etorkizunik azpiegiturarik gabe.

Elektronikarekin jolasak egiten hasiak dira, eta aipatu estilo nahasketari esker, elitismoa egozten zaion estiloa herritartzen ari dira. Euskaldunentzat bitxia dirudien arren, udako festibaletatik kanpo bada jazza, eta herri kulturarekin dago lotuta, club-ekin eta gazteriarekin.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Gasteizko Jazzaldia  |  Gasteiz  |  Jazz

Gasteizko Jazzaldia kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude