Kamasi Washington: handia izatea ez da nahikoa

  • Larunbata izan da Gasteizko Jazzaldiko egun handietako bat, Ambrose Akinmusire, Makaya McCraven eta Kamasi Washingtonekin. Mendizorrotzan, afroamerikar aldarrikapenez josita, jazzaren punta-puntako musikariak ikusi ditugu bi aldaeratan: McCraven eder eta Washington aspergarri.


2019ko uztailaren 22an - 14:24
Kamasi Washington-en taldea Gasteizen. Argazkia: Gasteizko Jazzaldia

Mendizorrotza ia beteta, McCravenek eman dio hasiera gauari. Samplerra oinarri konposatzen du McCravenek, eta horrek egiten du berezi bere musika. Elektronikaren estrategiekin egiten du jazza. Ondo egin ere. Kontzertu osoan erritmo garapena izan zen, errepikakorra izan gabe, eta testura berriak topatuz une bakoitzean.

Esperimentatzera ohituta, kontzertu bikaina eskaini zuen bateria-jotzaileak, solo eta erritmo ikaragarriekin. Bandako liderra bateria denean, badu musikak erakartzen nauen zerbait. Erritmoa eztabaidaezin bihurtzen da, eta denek irabazten dute, denek errazago dute euren zatia.

Bere musikariak ez dira horren ezagunak, agian, baina banda konpaktua osatzen dute. Bakoitzak berea egiteaz gain, besteari arreta eta denbora eskaini diote Chicagoko musikariek: Matt Gold gitarran, Junius Paul baxuan, Greg Spero pianoetan eta Irvin Piece saxoan. Denek errespetatu dituzte beren denborak eta tonu egokia eman diote gauari, bostek batera inprobisatu dutenean ere.  Bidenabar, Gold ikusi nuen bereziki fin, norbaitek jarraitu nahi badu.

Kamasi Washington da gaueko -eta kasik Gasteizko Jazzaldiko edizio honetako- izarra. Sarreran jasotako txalo zaparrada lekuko. Bere azken laneko “Tiffakonkae”-rekin hasi dute kontzertua eta indarra eta energia soberan garatutako hamar minutu luzez. Jarraian Terrence Blanchard-en “Malcolm’s Theme” jo dute, Patrice Queen abeslaria ukabila gora, negarrez, oihukatzen: “Berriz diot, afroamerikarrak!”

Ordurako kontzertuaren herena igarota, hunkigarria zirudiena, errepikakorra izaten hasia zen. Eta ez zen asko hobetu “giant feelings” jo zutenean, soula eta R’n’B ukitu nahian, ia popera salto egin du taldeak eta. Zaleak harritu nahi dituztela dirudi: Miles Mosley kontrabaxu-jotzaile ikaragarriaren wahwah-ren gehiegizko erabilera, bi bateria joleen soloa “oilar dema” bailitzan, vocoderra, erritmo latinoak... Bada, gehienak harritu nahiarekin geratu gara, eta tamalez zaratak estali du musika.

XXI. mendeko jazzaren “ikur nagusi” bezala iritsi zen Gasteizera Washington. Estiloak maisuki nahasteaz gain, konponketa bikainez ondutako hiru orduko disko batekin aurkeztu zuen bere burua 2015ean, The Epic lan izugarriarekin. Ordutik kritikaren eta entzuleen loreak jaso ditu mundu osoan eta nahi adina titulu ere bai (jazzaren salbatzailea barne). Horregatik espero genuen gehiago.

 

Zeren handia izatea ez da dena. Eta tentuz aritu beharko litzateke horren goiz inor XXI. mendeko ikur bilakatu aurretik. Zalantzarik ez da une magikoak sortzeko gai dela, eta musika maila altuetan mugitzen duela. Baina diskoetan gozarazi arren, zuzenekoan gehiegikeria izan da bere eskaintza.

Eskerrak kontzertua “Fists of Fury”-rekin txukun amaitu zutela, Gasteizko Jazzaldiko edizio eder bati amaiera duinagoa emateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gasteizko Jazzaldia
2019-07-18 | Xalba Ramirez
Nubya Garciaren jazza: iraganeko etorkizuna

Londresko jazz eszenari buruz ezer ez duzula entzun? Musikari eta publiko gaztea izateaz gain –edo hain zuzen horregatik– zeresan itzela ematen ari da mundu osoko jazz panoraman. Eta hiru izen hautatzekotan horietako bat da, dudarik gabe, asteazkenean Gasteizen jo... [+]


Akelarre flamenkoa

Chick Corea & The Vigil eta Paco de Lucia. Uztailak 20, Gasteizko Jazzaldia.

Jende andana eserleku bila. Gaueko bederatziak, kontzertua hastear eta urduritasuna nabari zen. Aulkien jokoa. Baina oraingoan, musika hasterako behar genuen guztiak eserita egon. Eta ez zegoen... [+]


Borobila

Brandford Marsalis Quartet eta Tom Harrel. Uztailak 19, Gasteizko Jazzaldia.

Brandford Marsalis Quartet jotzen hasi eta “ai, ai, ai, ai... pfff... jope... buah...” bezalakoak nerabilzkien buruan bueltaka, piezak bat bestearen atzetik eta hitzen ezina, “nola... [+]


2013-07-19 | Judith Montero
Zer ez galdu Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan

Costa Bravako masia batetik ateratako abesti frexko sujerenteetatik, New Yorkeko Blue Note Jazz Club-eko inprobisaziotara, New Orleans uhinak kaleetan edo euskal musikaren aintzina eta abangoardia... guztietarako dago lekua Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan. Badago zer,... [+]


Eguneraketa berriak daude