Hondakinen lobbyaren aurrean "ezin da" esan du Manuela Carmenak

  • “Zerbitzu publikoen bermunizipalizatzea” eslogan polita da programetan, korapilatsuagoa praktikan. Manuela Carmena, Podemos izeneko ezker berriaren izarretakoa, hondakinen kudeaketa pribatua berriro udalaren esku jartzeko promesarekin iritsi zen Madrilgo alkatetzara. Urtebete baino lehen, justu alderantzizkoa egin du, ACS, Ferrovial eta FCCri zerbitzua urte gehiagotarako esleituz.

“Voz Populi” hedabidearen argazkian, Manuela Carmena Madrilgo alkatea udaleko bilkura batean. Hondakin zerbitzuak udalaren enpresa publiko baten esku uztea Podemos-Ahora Madrid hautagaitzaren promesa nagusietakoa izanik, horren kontra mugitu zaizkio korpo
“Voz Populi” hedabidearen argazkian, Manuela Carmena Madrilgo alkatea udaleko bilkura batean. Hondakin zerbitzuak udalaren enpresa publiko baten esku uztea Podemos-Ahora Madrid hautagaitzaren promesa nagusietakoa izanik, horren kontra mugitu zaizkio korporazio handiak, gaia teknikoki bideratu behar zuten udal zerbitzu juridikoak eta CCOO eta UGT sindikatuetako buruak, PPk antolatutako pribatizazio operazioak bere horretan jarraitu dezan aldekoak Jorge Riera Madrilgo zerbitzu publikoen bermunizipalizazioaren aldeko plataformakoaren iritzian, “Carmenaren konfidantzazko ekipoa IBEX-35aren alde aritu da lanean”.

“No se puede” esan du Madrilgo alkate Manuela Carmenak, Espainiako M15 osteko ezker berriaren leloa gezurtatuz. El País egunkariak martxoaren 15ean titulatu zuen: “Carmena renuncia a municipalizar el servicio de recogida de basura” ondoren argitzeko udalak Madrilgo hondakinen kudeaketa pribatu lagako duela lau urterako. Agintzen egongo den aldi osorako, alegia.

Horrela baztertu du Podemosek Madrilgo udalerako aurkeztutako programaren osagai nagusietako bat: “Udal zerbitzuen kudeaketa publikoa progresiboki berreskuratzeko estrategia finkatu (...) zaborren zerbitzua bermunizipalizatzeko”.

Carmenak alkatetza hartu eta laster, 2015eko abuztuan, Lo que debes saber hedabide elektronikoak jakinarazi zuen hondakinen gatazka hasia zela Madrilen: “Las grandes constructoras y Carmena entablan un pulso por el negocio de la basura en Madrid”. Feliciano Tiserak zioen: “Bataila mahai gainean dago. Eraikuntzako korporazio handien –FCC, ACS eta Ferrovial- filialak diren zabor bilketako konpainiak presio egiten diote Manuela Carmenari (Ahora Madrid) zabor bilketako kontratuak mantentzeko eta ahal bada hobetzeko”.

Madrilgo hiriko zabor bilketaren kontratua –ez nahastu kale garbiketarenarekin, nahiz eta hau ere gehien bat korporazio horien beren eskuetan egon– 2015eko urrian amaitzen zen eta urtean 100 milioi euro mugiarazten zituen. Carmena, zioen kronikak, zalantzan zegoen, edo hiru handiekin tratuak berritu, edo ziztu bizian 1.900 langileko zerbitzua udalaren esku berriro hartu.

Udalak urte beteko luzapena eskaini zien konpainiei. Hauek bazekiten Carmena denboraz larri zebilela eta hamar urterako kontzesioaz gain prezio hobeak eskatzen zizkioten. Tartean zegoen zabor bilketan kaosa sortzeko arriskua, CCOO eta UGT sindikatuen mehatxuengatik. Eta Carmenak amore eman du.

Aferaren mamia ezagutu nahi duenak ondo egingo du Diego Sanz Paratcharen “El cambio en Madrid tropieza con la basura” leitzea Diagonal aldizkariaren webgunean. “Carmenak berriro hiri hondakinak enpresa handien eskuetan jarri ditu. Adituek eta bermunizipalizazioaren aldeko taldeek salatzen dute borondate politikorik eza”.

Madrilgo Ingurumen zinegotzi Inés Sabanesek bi argudiorekin justifikatu zuen erabakia: 1.900 langile konpainia pribatuetatik udal konpainia berri batera subrogatzeko denborarik eza eta Gobernuaren murrizketa planek enplegu publiko berriari jarri dizkioten mugak. Konpainia pribatuek 2016ko azaroan eskuratuko dituzten kontratuekin, edozein publifikatze plan atzeratuko da gutxienez 2020. urtera, edo ziurrenik gehiago, lehiaketako baldintzetan bi urteko luzapena eskaintzen delako.

Agintari ezkertiarren ximurtzea esplikatzeko lehen gakoa Sanz Paratchak ikusten du Manuela Carmenaren ekipoaren izaeran. Podemoseko Iñigo Errejonek pertsonalki fitxaturik, Carmenak bere jendez osatu zuen Gobernu talde osoa, salbu eta bi zinegotzi, horietako bat Ogasuneko Carlos Sánchez Mato, hondakin bilketako kontratuarekin kritiko agertu diren bakarrak.

Carmenak alkatetza hartu bezain laster kargu berri bat sortu zuen, hiriaren kudeatzailea (Gerente de la Ciudad), Carmen Román Reichmanni eman ziona. Madrilgo Gobernuan Ogasun ministerioko eliteko funtzionarioa, zuzendari nagusi izana da bai Aznarren eta bai Zapateroren gobernuetan. Bere kontrolpean dagoen udaleko zerbitzu juridikoa izan da Ana Botellaren (PP) pribatizazioak bermatu zituena... eta Carmenaren kanpainako publifikatze promesak baztertzea gomendatzen duena.

Arazo teknikoak ala borondaterik eza

Madrilgo porrotaren esplikazio bila kazetariak galdekatu ditu Jorge Riera Madrilgo zerbitzu publikoen bermunizipalizazioaren aldeko plataformakoa, Enrique Villalobos Madrilgo auzo elkarteen federaziokoa eta Jordi Colomer i Mise zerbitzu publikoen kudeaketan aditua –bide batez esanda, Gipuzkoan Usurbil eta Hernanin hondakinen Atez Ateko bilketa antolatu zuena–.

Denak datoz bat esateko zerbitzu publiko pribatizatuak berriro esku publikoetara ekartzeko garrantzia handia duela ekipo juridikoa gaiarekin konprometituta egoteak. Baina zer egin administrazioan aurkitutako ekipo juridikoa erabat kontserbadorea baldin bada?

Colomerrek aitortu du Arenys de Munten ur zerbitzua berriro udalaren esku jartzeko udalaren teknikoen paraleloan enpresa publikoan zerbitzu juridiko propioa antolatu behar izan zutela: “Edo aurkitzen duzu halako ‘gerrillero’ tipiko bat edo lagunduko dizun taldea osatu beharra daukazu”.

Honetan, paradoxikoki, gastuetan aurrezteko nahia muturreraino eramateak ezkerreko agintarien kontra jo dezake: Madrilgo zinegotziek behar zituzten baino aholkulari gutxiago edukitzean “azkarrago joateko ahalmenari uko egin zioten“, dio Villalobosek, “nahi duten hiri eredua lortzekotan askoz aholkulari gehiago behar zituzten”.

Bigarren zailtasun nagusia ere, Gobernutik Montorok administrazioei ezarritako murrizketa eta mugak, gainditzeko modukoa izan daiteke. Kontratuak aldatzerakoan konpainia pribatu batetik bestera bezala, 1.900 langile berdin pasatu ahal izango lirateke enpresa pribatu batera. Bestalde, Madrilgo diru kontu aski txukunek baimentzen diote enpresa berriak sortzea eta enplegu berriak sortzeko muga gainditzea baimentzen zaie oinarrizko zerbitzuei, horien artean hondakinen kudeaketari.

Gainera, enpresa publiko batek etekinik eman behar ez izatean eta BEZa ordaindu beharrik ere ez, udalak erabaki dezake zerbitzua modu eraginkorragoan eskainiko dion zerbitzu bat sortzea. Antza denez, arrazoi guztiok baloratuta publifikatzearen bideari eutsi nahi zion Carmenaren Ogasun zinegotzi Sánchez Matok.

Baina ezin izan da. CCOO eta UGTko buruek ere publifikazioaren kontrako lana egin dute –“oinarrizko afiliatuak alde zeuden, baina 20 urtez lanik egin ez duten liberatuak ez, berriro lanera bidaliko zituzten beldurrez”, esan du lekuko batek– eta Florentino Pérezen ACS-Urbaser eta Carlos Slimen FCCk lortu dute nahi zutena.

Azkenean, hondakinen kudeaketa eredu kontua zena, zerbitzu publikoen kontrata pribatu erraldoien arteko lehian geratu da: Florentino Pérez versus Felipe Gonzálezen lagun Carlos Slim.

Bitxia da Espainiari hainbeste begiratzen dion Euskal Herriko iritzi publikoan zein oharkabean pasatu duen Madrilgo albiste hau. Gipuzkoako hondakinen aferan argi egin eta sindikatuek bezala ezkerreko alderdiek aipatzen duten bermunizipalizatzea benetan eztabaidatzeko aukera ematen du.


ASTEKARIA
2016ko ekainaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude