"Ez nintzen okerreko gorputzean jaio"

  • Areto futbol partida baten harira izan genuen askok Izaro Antxiaren berri. Apirilean jokatu zuen estreinako partida emakumezko moduan Leioa Maia taldearekin. Ofizialki onartua izateko prozesua ez ezik, aurretik bizi izandako beste prozesu batzuk izan ditugu hizpide behinola Gorka izena izan zuen Portugaleteko informatikari honekin: bere buruaren eta besteen onarpena. Ideia sendoak agertzen ditu gizarteaz, feminismoaz eta berdintasunaz.

     

“Lagun asko daude euren gustuko kirola egin ezin dutenak. Federaziora bazoaz, Alazne izena eduki arren, ez zaituzte onartuko, NANeko generoa bakarrik onartzen dute”.
“Lagun asko daude euren gustuko kirola egin ezin dutenak. Federaziora bazoaz, Alazne izena eduki arren, ez zaituzte onartuko, NANeko generoa bakarrik onartzen dute”.

Noiz hasi zinen pentsatzen ez zegokizun multzoan zeundela?

Eskolan ez nuen ondo pasatzen, ez nien aurre egiten eta, aurre eginez gero, jotzen ninduten. Sexu identitatea gordetzen nuen orduan; hala ere, bullying-a jasotzeko ez duzu zertan homosexuala izan, ezberdina izatea nahikoa da. Banekien zerbait gertatzen zitzaidala, baina 7-8 urterekin ez nekien zer zen.

Sexu orientazioarekin ez zenuen lotzen oraindik.

Institutu garaian izena jarri nion, telebistan ikusitako dokumental bati esker. Hala ere, ez nentorren bat bertan orientazio sexualari buruzko estereotipoekin, gizon transexual bati derrigorrez gizonak gustatu behar zaizkiola-eta. Zalantzak nituen horregatik, baina azkenean gaia atera zen, are indar handiagoarekin. Oso txarto pasatu nuen orduan, bizitzen jarraitzeak merezi ote zuen zalantza...

Aurrera jarraitu zenuen baina.

Aurrera jarraitzea erabaki nuen, informazioa bilatzen, beste transexual batzuei galdetzen. Banekien pertsona bati kontatu orduko egia bihurtuko zela, hor hasiko zela prozesu bat. Apurka joan naiz hobeto sentitzen, lehen goibel agertzen nintzen argazki guztietan eta orain irribarretsu ikusten dut nire burua. Nerabezaroan aldaketa nabariak izaten dira, eta pentsatzen nuen: nola izango naiz emakumea gorputz honekin?

Zure gorputzarekin adostasuna bilatu duzu?

Gaur egun badakit aldatu ezin ditudan gauza batzuk badirela. Ezin duzu 18 urtetik 68ra ebakuntzak egiten egon. Jakin behar duzu zure ezaugarriak zureak direla eta batzuk ezin direla aldatu.

Hedabideetan agertu izana baliagarria izan zaizu zure buruarekin ados egoteko?

Egia esan, ez nuen ezer berretsi behar. Nire ametsa futbolean jokatzea zen. Kirolak indarra eman dit, txikitatik. Nire bizitzatik alde egiteko modua izan da. Azken urtean, entrenatzen hasi naizenetik, indarra eta jokatzeko grina sentitu ditut. Federazioarekiko arazoa ez da izan hain handia, NAN agiria behar nuela esan zidaten. Paper baten gorabeheran, pertsona bera izan arren, horrela ibiltzea... Nahiko tristea da.

Orduan prentsan agertzearen helburua beste batzuk animatzea izan da?

Bai. Nik ez dut izan onurarik agertzeagatik, are, estresa jasan behar izan dut; baina orain 40 edo 100 lagun gara eta babesa behar dugu. Hemen ondo gaude, baina Burgosera bazoaz ez du balio. NAN berriarekin federaziora jo nuenean ez zidaten inolako arazorik jarri. Lagun asko daude, adingabeak tartean, euren gustuko kirola egin ezin dutenak. Federaziora bazoaz, Alazne izena eduki arren, ez zaituzte onartuko, NANeko generoa bakarrik onartzen dute.

Futbolaren erabilera sozial anestesikoa ere salatu duzu, eskubide kolektiboengatik ez borrokatzeko aitzakia dela.

Ez, jende guztiak behar du arazoak alde batera uzte hori. Beste gauza batzuengatik egin behar zaio kritika futbolari: klubak diruagatik dabiltzan enpresak dira. Futbola batzuetan babes moduan erabiltzen dugu eta ondo dago hori, baina lana galdu duenari ez zaio hori ahaztuko.

Feminismoaren kontraesanez ere idatzi izan duzu.

Oihartzuna izan du testu horrek. Ni Portugaleteko mugimendu feministan ibili nintzen eta mugimenduen barruan jende guztiak ez dira berdin hartzen. Bisexualen aldeko aldarria sartzea faltan sumatu nuen ekainaren 28aren inguruko manifestu batean eta jada eztabaidatua eta erabakia zegoela esan zidaten. Zergatik ez bisexualak babestu? Eta zergatik ez asexualak ere bai? Pertsonak jarri behar ditugu mugimenduen aurretik, jakin behar dugu noiz ari garen bestea zanpatzen.

Dogmak ikusten dituzu hor ere, beraz?

Zergatik naiz feministagoa depilatzen ez banaiz? “Patriarkatuaren eragina” omen... Tira, motibo asko izan ditzakezu, baina ez dira aintzat hartzen, jendea baztertzen da, are, gaizki sentiarazi. Feminismoak hori ikusi behar du. Zergatik ezin naiz ama izan? “Inposatutako rolak” onartzea dela diote. Beraienak ere inposatutako rolak dira, feminista batek nola pentsatu behar duen ezartzen dutelako. Ez esan gero guztion arteko berdintasuna bilatzen duzula, askatasuna ez baduzu bermatzen ez duzu berdintasunik nahi.

Estereotipo asko daude transexualitatearen inguruan?

Trans identitateak ez dira pertsona transexualak bakarrik, badira transgeneroak, trabestiak... Baina denak multzo berean sartu ohi dituzte. Adibidez, trabestien inguruan entzun duzunaz bakarrik baliatuta ez duzu askorik jakingo. Elkarren oso ezberdinak dira, homosexual edo heterosexualak dira.... Jendeak informaziorik gabe hitz egiten du, errazegi. Sexu aldaketaz hitz egitean, “okerreko gorputzean jaio zen” gisako esaldiek ez dute zentzurik. Ni nire gorputzean jaio nintzen, eta ordutik sexu berdinekoa izan naiz.

Sexu berrezarpena egingo duzu, hala ere.

Nire gorputzarekin ez naiz ondo sentitzen gerritik behera, nire sentitzen ez dudan gorputz atal bat ikusten dudalako, baina ez naiz horregatik okerreko gorputzean jaio. Ondo sentitzeko egingo dut, aldagela batean sartzen naizenean ez zait gustatzen hori erakustea, ezkutatzen dut, inguruko guztiek dakiten arren. Konplexua kentzeko gogoa dut, eta ebakuntza egindakoan kenduko dut, ez da bidearen amaiera izango baina bai urrats bat.

Ikusgarritasuna
“Diskriminazio faktoreak metatzen dira: emakume eta lesbiana izatea bi faktore dira, emakume transexual lesbiana batek hiru bereizkeria faktore ditu. Arraza kontuak gehituz gero, faktore gehiago, jubilatua izanez gero beste bat... Gehitzen doaz, eta banan-banan kentzen joan behar gara. Ikusgarritasunarekin kentzen dira. Emakume bi eskutik hartuta ikustean pentsa dezakezu: “Zer ondo, inork ez ditu molestatzen”. Baina nik diot: “Erreparatu egin diozu, zergatik? Bada, oraindik salbuespena delako”. “Ikusgarriak izan gaitezen, ikusezin bihurtzea lortu arte” leloak laburbiltzen du gure helburua. Bi gizon eskutik helduta ikusi eta inor ohartuko ez den eguna helduko da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


Eguneraketa berriak daude