"Osasunak eskatzen du gaixotasuna onartzea"

  • Bartzelona, 1950. Orain hogei urte hasi zen gero neke kronikoa izango zena sufritzen. Edo hasi zen López Petit filosofoak berak “gauaren zeharkaldia” deitu duena. Suntsiketa prozesu fisiko eta mental hori azaltzen du Hijos de la noche (Gauaren seme-alabak) liburuan. Sufritzaile soil izan beharrean, eztabaidan parte hartzeko borondatearekin.

“Medikuntzak modu garbian banantzen ditu osasuna eta gaixotasuna, eta hori problematikoa da”. Argazkia: Núria Juan Serrahima
“Medikuntzak modu garbian banantzen ditu osasuna eta gaixotasuna, eta hori problematikoa da”. Argazkia: Núria Juan Serrahima
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zure kontakizuna errotik da intimoa, baina badu, halaber, dimentsio politiko bat.

Momentu hauetan egin dezakedan gauzarik politikoena, segur aski, izango da azaltzea zergatik gaua dagoen nigan eta irensten nauen modu nekaezinean. Hau da, gaixotasuna azaltzea ekintza politiko baten gisara. Partekatzea litzateke nire ondoeza politizatzea. Gaixotasuna arma bihurtzea.  

Norbera diagnostikatuz garai bat diagnostikatzea, alegia.

Erabat pertsonala da liburua, nire suntsiketa prozesu fisiko eta mentala agertzen da bertan, baina azkenerako ahots kolektibo bilakatzen da. Apustua hori zen: gertatzen zaidanaren hondoraino banoa, nolabait ondoez sozial batekin konektatzen dut, eta existentziaren politizazioak dakar gaixotasuna arma bilakatzea. Diagnosi pertsonal bat egiten dut, baina aldi berean garai baten diagnosia da. Ahots pertsonala desokupatu egiten da, eta ahots kolektibo bilakatzen.

Diagnosi esan duzu, medikuntzako terminoa. Zurea, aldiz, filosofiatik gerturatzea izan da.

Gaur egunean zutik iraun nahi duen jendeak, belaunikatu gabe, eguneroko umiliazioa jasan nahi ez duenak, bizitzarekin arazoak ditu, arazo politikoak. Bizitzarekiko arazo horien aurrean azalean geratzen da psikologia, bizitza pribatu baten arazoak deskribatzearekin geratzen da. Filosofia saiatuko litzateke sartzen gehiago bizitza ororen hondo ilunean: zer dakigu bizitza batez, zer dakigu geure bizitzaz, nola zeharkatzen dugu inpotentzia politikoa, nola egiten da jasangarri bizitza politiko bat. Eta hori guztiori gaixotu gabe.

Zu gaixotu egin zinen: neke kronikoa.

Tira, esplikatu ezin den guztia kabitzen den sindrome baten barruan sailkatu naute. Sailkatua izateak, gaixotasunari izena jartzeak, agian jasaten dudan suntsitze hau geldituko zuela uste nuen. Baina nekea ez da edukitzen den gaixotasun bat. Izateko modu bat da.

Psikiatrak argi dauka: zure nortasunaren alde intelektuala asko garatu duzu, eta gutxi alde emozionala.

Medikuntzak modu garbian banantzen ditu osasuna eta gaixotasuna, eta hori problematikoa da. Are orain, agertu denean gaixotasun multzo bat, normaltasunaren gaixotasunak deitzen ditudanak, normaltasunera ezin egokitzetik sortzen direnak. Medikuek diagnostikatzen ez dakiten gaixotasunak dira, bestalde, eta era berean oso pertsonalizatuak, elkarren diferenteak. Etengabe mobilizatuta zaudenean bizitza deitzen dugun makina honen barruan, puskatu egiten zara. Eta zer gertatzen da bizitza bat puskatzen denean, nola ateratzen dira indarrak haustura horretatik?

Galdera ona da.

Onartu behar dugu, lehenik, anomalia garela. Eta horrek eramango gaitu minaren indarrera, edo, hobeto, minezko indarrera. Anomalia da bizi nahi izatea eta ezin bizi izatea. Bizitzarekin arazoak badituzu ez zarelako erabat egokitzen normaltasunera, anomalia bat zarelako –eta neurri batean denok gara dagoeneko anomalia–, minezko indar batek gurutzatzen zaitu. Kontua da nola hartzen duzun minezko indar hori eta nola zuzentzen duzun. Dimentsio kolektiboak laguntzen du bizi-nahi hori artikulatzen.

Aipatu dituzu normaltasunaren gaixotasunak. Jendarte bakoitzak baditu bereak.

Ondoez soziala da jendarte hau salatzen duena zapaltzailetzat, gordintzat, injustutzat. Hutsunearen gaixotasunak ezagutzen ditugu gaur, antsietatea, anorexia; sistema immunologikoaren gaixotasunak: neke kronikoa, sentsibilizazio kimiko multiplea, fibromialgia. Nola deitu gero normaltasunaren gaixotasunari? Izen egokiena izango da, segur aski, nekea.

Normaltasuna, beraz. Gaixotasunak ateratzen zaitu normaltasunetik.

Gaixotasuna, erromantikoentzat, bereizketa zeinu bat zen. Garai globalean, normaltasuna bera askoz ere interesgarriago bilakatu da salbuespena baino. Esan dezagun nekeak galarazten duela poztasuna, nahiz eta ateratzen zaituen erdipurdikotasunetik.

Gaixotasuna bera atera nahi ote dugun gure jendartetik.

Gaixotasuna giza izaeran txertatuta dago, erabat propioa da. Eta era berean beti izan da dekadentziaren sinonimo, ezintasuna ekarri du berarekin. Osasunak, aldiz, egiazko osasunak, eskatzen du gaixotasuna onartzea, menperatzea, eta bizitzeko estimulu bilakatzea.

Eta, gaixotasunetik, zein da heriotzarekiko harremana?

Neke kronikoaren kasuan, esango nuke funtsezkoa: heriotza barneratzen bada akaso bizi daiteke. Biraketa egin nuen nik: heriotza jarri behar dut nire barruan bizitza hau jasanezina delako. Heriotzarekiko harreman modu batek galarazten dizu heriotzarekiko beldurra. Eta horrek konektatzen du bizi nahi izatearekin. Nola alda dezakezu zure bizitza ez baduzu gorrotatzen? Bizitzaren baieztapen puru bat ezin da egin, bizitza iluna baita. Baina bizitzaren grazia hori da, erabat argia balitz galduko luke interesa.

Erabakia

“Desberdindu behar dira hauskortasuna eta ahultasuna. Ahultasuna biktimaren ideiarekin lotuta doa, gaixo gaixoa. Nik horri bira eman nahi izan diot, gaixo egotearen urguilua adierazi nahi izan dut. Antonin Artaudek zioen gaixotasun bat sendatzea krimena dela, gaixotasunak ematen baitizu aukera mundua bestela ikusteko, ilargiaren beste aldea. Kasu, ez dut aukeratzen gaixorik egotea, gaixo orok sendatu nahi du, badakit hori. Baina gaixotasunak, gaixotasun batzuek behintzat, zarenaren egia ematen dizute, eta munduarena. Nekea zer da? Zure bizitzaren etena, eta etenak uzten dizu ikusten etenik gabeko aktibitate batek ezkutatzen dizuna. Gaueko zeharkaldi honen momenturen batean norberak erabakitzen du zer izan nahi duen, bere bizitza izatea zer nahi duen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txorimaloei mokoka

Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.

Miope bezain itsu,... [+]


2025-07-23 | Tere Maldonado
Nire garuna ote naiz? (I)

Antza denez, dualista naiz, izan nahi ez dudan arren. Esaldia bukle bat da: izan nahi ez dudan zerbait naiz, orduan: nor da esaldian ezkutuan dagoen nia, dualista izan nahi ez duena? Edo, alderantziz, dualista dena da, hain zuzen, ni hori (izan nahi ez badu ere)? Nahaspila... [+]


Eta libre izan nahi zuen

Badira ibilbide literario oso bat justifikatzen duten poemak. Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua da horietako bat. 1960ko hamarkadako euskal kultura berriaren funtsezko testuetako bat izateaz gain, hil berri den pentsalariaren gaztetako lan horri erreparatuta, gero jorratuko... [+]


Isil gaitezen, une batez bada ere

Osasun etxeko telefono deiaren itxaronaldian, supermerkatuko korridoreetan, kiroldegiko aldageletan... Isilune izan daitezkeen uneak soinuz betetzen ditugu. Zergatik, zertarako? Isiltasunak urduritzen gaitu? Sor diezazkiguken barne gogoetengatik?

Zortzigarren saioa, eta... [+]


Heldutasuna mito bat da

Irene Lafuente lagun hartuta, heldu izatearen inguruan gogoetatu dute Iñigo Martinezek eta biek Galdera Basatiak podcastaren zazpigarren atalean. Pista bat: "Helduok badugu barnean Peter Pan-en sindromea; nahi dugu dena, nahi bezala, nahi dugunean". Hain helduak al... [+]


Emozioei bai, emotibismoari ez

Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]


“Postmodernitatearen ezaugarria da dena zalantzan jartzea”

Errealitatea ipini dute zalantzan Imanol Alvarezek eta Iñigo Martinezek podcastaren bosgarren atalean... eta, errealitatea da, saioaren laburpena den artikulu hau, solasaldiko gogoetak brotxa lodiz jasotzera baino ez dela heldu.


Zaintzen dugulako maite dugu, ala maite dugulako zaintzen dugu?

"Maitasuna" hitza darama izenburuan Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalak, baina eraman zezakeen "harremanak", "bakardadea", "dependentzia"... Hari mutur ugaritan barreiatu dute Izaro Toledok eta Iñigo Martinezek.


Bai, filosofatu dezagun heriotzaz

Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?

Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]


Eguneraketa berriak daude