Kontzientzian eragiteko tresna

  • Zinema eta giza eskubideak uztartuz, ikuslearengan gogoeta bultzatzea da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren helburua. Aurtengo XIV. edizioa apirilaren 15etik 22ra bitartean egin da eta askotariko ikuspuntuak bildu dituen programazio txukuna eskaini du, Euskal Herrian eta nazioartean ekoiztutako fikzio, animazio eta dokumentalez zein laburrez osatua. Emanaldi bakoitzean film luzearen aurretik proiektatzen dute film labur bat eta, hain zuzen, hori da Zinemaldiaren ezaugarri aberatsenetariko bat; ikusgarritasun aukera murritzagoa duten lanei lekua egitea.

Argazkia: Giza Eskubideen Zinemaldia
Argazkia: Giza Eskubideen Zinemaldia

Zinemazaleak ez ezik, giza eskubideei lotutako bestelako eragileak ere (elkarteak, adituak, biktimak, eta abar) hartzen ditu Donostiako egitasmoak eta gero eta lagun gehiago biltzen ditu. Audientziari bere burua pantaila handian ordezkatua ikustea gustatzen zaion seinale. Errealitate hori aintzat hartuta, lehendabiziko aldiz egin dute aurten Human Rights Film Network Forum Europarra. San Telmo Museoan, bi egun iraun zuen ekitaldian, Europako zinemagileak eta ekintzaileak migrazioaz eta giza eskubideen gaineko zinemaren inpaktuaz mintzatu ziren. Beste modu batean esanda, zinemak mundua aldatzeko gaitasunik duen ala ez galderari erantzuten saiatu ziren. Hori al da, ordea, zinemaren eginkizuna?

Forum europarra, eztabaidaleku

Xuban Intxausti Donostia2016ren baitako Europa Transit proiektuaren zuzendaria da eta proiektu honen funtsa gerra edo gatazkaren lekuko izan diren Europako hamar hiritan dokumetal bat egitea da. Hark bizitako esperientzien arabera, halako egoeretan kamera jartzen den momentuan “errealitatearen izaera naturala aldatzen da automatikoki”. Oinarrian, kontatuko duenaren ondorioei die beldurra giza eskubideen urraketa sufritu duen biktimak eta, beraz, ez du inoiz modu garbian hitz egingo kameraren aurrean. Baldintza horretatik abiatuta, grabatuko duen egoera hori aurrez ondo ulertzeko dokumentazio lan berezia egin behar du zinemagileak. “Kanpotarra izanik, zaila da pertsona horien ahotsa jasotzea”, dio Intxaustik.

Uste ohi da giza eskubideen gaineko zinemak erakutsi eta salatu nahi duela halako biktimen egoera munduko beste edozein txokotan. Hedabideek kontatzen ez duten errealitatea ipini nahi duela gure begien aurrean. Baina filmek badute bestelako erabilpenik ere. Intxaustik uste du zinemagilearen lana dela kontzeptu berriak aurkitzea eta horiek igortzea: “Ikusleari bakarrik ez, ordea, giza eskubideen zinemak eman diezaioke zerbait biktimari ere”. Marc Serra da Tarajal: desmontando la impunidad en la frontera sur (2015) dokumentalaren zuzendarietako bat eta berak uste du halako lanak saiatzen direla galdera honi erantzuten: zer gertatzen da? “Giza eskubideen zinemak balio du, gutxienez, urraketak ematen diren kasuak dokumentatuak gera daitezen, izan ere, gezur ugari esaten da”. Horren ondotik, egoera horien gaineko gogoeta bultzatu behar du ikuslearengan.

Forum Europarrean parte hartu duten beste kide batzuen ustez, berriz, ez dago urruti joan beharrik giza eskubideen urraketa kasuak aurkitzeko. “Ohitura dago fokua kanpoan jartzeko, baina arrazismoa etxean bertan dugu”, azpimarratu du Rosabel Argote CEAR Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko kideak. Areago, aitortu du indar txikia dutela gaur egun berak ordezkatzen duena bezalako erakundeen txostenek, horregatik, Argotek garrantzia ematen dio zinemak jendearen alderdi emozionalean eragiteko duen gaitasunari. Kontzientziak astintzeko.

Iñigo Mijangos SMH Salvamento Maritimo Humanitario taldeko kidea da, sorosle eta itsas salbamendu lanak egiten dituen irabazi asmorik gabeko Euskadiko erakundea. Haien lana da itsasoa zeharkatzera bultzatuta dauden errefuxiatuei laguntza ematea. Mijangos suhiltzailea da ofizioz. Salbamendu esperientzietan ikusi du errefuxiatuen aurkako jarrera oso hedatua dagoela jende arruntaren artean. “Hasiera batean, eman dezake biktimak artatzea gauza polita dela; pentsa, zonaldeko ekonomia (hotelak, jatetxeak...) sustatzeko balio dezakeela ere pentsatzen du askok. Arazoa, ordea, denborarekin dator”. Horregatik dio herritarren kontzientzia lantzea ezinbesteko ariketa dela.

Eragile guztiak bat datoz aspektu horretan, baina azpimarratzen dute benetako arazoa egungo politika neoliberala dela. Hain zuzen, aginte mota horrek bultzatu du egungo giza eskubideen etengabeko bortxaketa. Giacomo Sferlazzo Lampedusa In Festival jaialdiko ordezkariak dio, “xede politikoen eta merkatu globalaren aginduz”, pasaporteak berak sortu zuela lehendabiziko aldiz etorkin erregularraren figura. “Pasaportea da gure arteko ezberdintasunen oinarria”. 1990era arte ez zen giza eskubideen gaineko legerik gauzatu eta etorkinen estatutua Europar Batasunarekin batera eratu zen ofizialki. Sferlazzoren arabera, giza eskubideak aldarrikatzen dituen Europa merkatuaren lurraldea besterik ez da. “Instituzionalizazioaren bitartez finantzatu ditugu errefuxiatuek egun bizi dituzten gatazka eta salbuespen egoerak. Militarizazioarekin, berriz, murriztu egin dugu minimora haien ongizate estatua”.

“Giza eskubideen zinemaldietara erantzun bila dator audientzia”. Hori uste du Tadeusz Straczek Watch Docs txekiar zinema jaialdiko arduradunak. Mota horretako zinemak, beraz, badu “kontra-informazio” funtzioa. Are gehiago, haren esanetan “zinemak ordezkatu dezake zerbitzu publiko bat”. Straczekek sinesten du ikusleak ohiko hedabideetatik at dagoen errealitatea ezagutzean, bereganatzen duela argudio sendoagoak emateko gaitasuna. Jaialdiek, berriz, espazio espezifikoa eskaintzen diete giza eskubideei eta beste emaitzetako bat da mundu mailako eragileen arteko sareak eraikitzea.

Gatlif, erromantizismotik errealismora

Donostiakoak 2007tik saritzen du zinemaren alorreko norbait giza eskubideen alde egindako lanagatik. Aurtengo sariduna Tony Gatlif (1948, Aljeria) aktore, gidoilari, musikari eta zuzendaria izan da, hain zuzen, ijitoen errealitatea eta horien gizatasuna pantailaratzeagatik eta egindako ibilbide konprometituagatik. Bere zinemak izandako inpaktuaz galdetuta, ordea, garbi du: “Zinemaren helburua ez da mundua aldatzea, eragile politikoen ardura da hori”. Aitortzen du hainbat urtez zinemaren bitartez egindako borroka aktibitate politikoa izan dela berarentzat, baina jada ez du gaztetan izandako erromantizismorik. “Ez naiz inozoa”, dio.

Europar eredua salatu du Gatlifek.Bere ustez “mundu hau oso inaktibo dago. Erabat geldirik sumatzen dut”. Frantzian, esaterako, politika arloa noraezean dago eta jende gutxi batu da giza eskubideak aldarrikatzeko. Horregatik, egungo egoera gordinak pertsonalki eragiten badio ere, zinemak eztabaidarako tartea soilik eskaintzen duela uste du, zinemagilearen pentsamenduak eta gogoetak helarazteko tresnatzat du, ez besterik.

Zinema mundua aldatzeko gai izan ala ez, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak pauso bat harago eman du aurten: Forum Europarrean parte hartu duten eragileen aitorpen bateratua argitaratu dute, europar estatuen migrazio-politika salatuz eta eteteko eskatuz. Sinatzaileek gogoratu nahi dute Europar Batasuna osatzen duten estatu guztien betebeharra dela herritar guztien giza eskubideak bermatzea, horien “naziotasuna edo jatorria zein den kontuan hartu gabe”.

Saritutako filmak

Ikusleen Saria:

Diez años y divorciada (2015)

Zuzendaria: Khadija Al-Salami.

Herrialdeak: Yemen, Frantzia eta Arabiar Emirerri Batuak.

Amnesty International erakundeak banatzen duen Film Onenari Saria:

Among the Believers (2015)

Zuzendaria: Hemal Trivedi eta Mohammed Ali Naqvi.

Herrialdeak: Erresuma Batua eta Pakistan.

Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenari Saria:

Para Sonia (2015)

Zuzendaria. Sergio Milán.

Herrialdea: Espainia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza Eskubideen Zinemaldia
Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2023-04-14 | Irutxuloko Hitza
40 film proiektatuko ditu Giza Eskubideen 20. Zinemaldiak

20.000 erle espezie (2023) filmak, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari. Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute, eta... [+]


2021-04-30 | ARGIA
Abade antifrankisten oroimena berreskuratzen duen dokumentala aurkeztu dute

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian  aurkeztu dute Apaiz Kartzela, diktadura garaian Zamoran giltzapetutako abade antifrankisten borroka kontatzen duena.


2020-06-24 | ARGIA
Asteazken honetan estreinatuko da '2 urte, 4 hilabete eta egun bat' intsumisoen borroka kontatzen duen dokumentala

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatzekoa zen Lander Garro zuzendari errenteriarrak intsumisoen borrokari buruz egin duen dokumentala. Koronabirusari aurre egiteko neurriengatik zine jaialdia ez da osorik egingo, baina antolatzaileek lan hau proiektatzea erabaki... [+]


2020-03-26 | ARGIA
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia bertan behera geratu da

Covid-19k sortutako egoera ikusita, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak erabaki dute bertan behera uztea apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia. Ikastetxeentzako zinema-saioak ere ez dira egingo.


Eguneraketa berriak daude