Ez du gehiago atertuko

  • Giza Eskubideen XVI. Zinemaldia. Filmak: Human Flow (Ai Weiwei) eta El baile de los años (Ados Teatroa). Apirilaren 20an Donostian, Victoria Eugenia antzokian.


2018ko maiatzaren 07an

Ostiral gaua da Donostian. Giza Eskubideen XVI. Zinemaldirako bidea hartu duzu; Kursaaleko zubia pasa, bizikleta hesi bati lotu eta Victoria Eugenian sartu zara. Amnistia Internazionaleko txaleko horiz jantzita doan gizonak Taner Kiliç eta Idil Eser aktibisten askatasunaren aldeko esku-orri bat banatu dizu, eta hori irakurriaz itxaron diozu emanaldiari.

Begoña del Teso azaldu da agertokian, berandutu gabe. Badaki Ai Weiweiren Human Flow (Giza marea) film-dokumentalaren zain zaudetela, bere 144 minutuekin, agindutako irudi izugarriekin. Del Tesoren esanetan, ez dakizue, alta, gaueko egiazko protagonistak film laburrean datozela, Ados Teatroaren El baile de los años (Urteen dantza) lanean. Bezperan bukatu zuten, eta zeluloidea balitz oraindik umela legokeela dio Del Tesok. Adineko jendearen bazterketari dantzaren bidez heltzen dio proiektuak, eta, azkenerako, hunkitu egin zaitu.

Txalo jo eta, orain bai, hasi da Human Flow. Aldez aurretik dakizuna zera da: Weiwei artista eta zinemagile txinatarrak bi urte eman ditu 23 herrialdetan errefuxiatuen eta migrazioen auzia lantzen, zeharkatu ditu Siria, Afganistan, Bangladesh, Turkia, Iraq, Mexiko, Kenia, Grezia, Kurdistan, Italia, Palestina... eta, azkena, taldeko argazkilarietako bat, Yasser Murtaja, erail dutela Gazako frontean, duela aste gutxi. Apenas dagoen fikziorako marjinarik hemen. Droneekin hartutako irudi ikusgarriek berehala bete dute aretoa, ezer berri berririk ez, halere; tragediaren gorputzak eta ahotsak bilatu ditu zuzendariak, baina azaleko puntadez josi dituela dirudi aldiro. Weiwei bera ere lehen minutuetatik agertu da kamera aurrean, eztabaidagarria dena. Bi irudirekin geratu zara, eta zugan biziko dira gaurdanik: kamerari bizkarra emanik, hizketan hasi eta oinazearen itolarriz oka egiten duen andrea; eta behi belztu bat, hezur huts, sutan dagoen zeru baten azpiko kale mortuetan balantzan.

Jendea tantaka hasi da ateratzen aretotik; gero eta hutsago dago ohartzerako. Zuri ere luze egiten ari zaizu kontakizuna. Bilatutako zerbait izan daitekeela diozu, ezleku kriminal batera kondenatuen denboraren pisura hurbildu dadin zure denbora tarte batez. Eta iruditu zaizu denek alde eginda ere, proiekzioak hor jarraitu ahal izango lukeela, etengabe bortxaz desplazatua izaten ari den jende masaren antzera, atergabe.

Baina agortu dira 144 minutuak. Goizeko ordu bata eta erdiren bueltan atera zara kanpora, eta begi erreen aurrean agertzen zaizuna Donostia da, zerurik ez sutan, kanpalekurik ez bistan. Bizikleta hesitik askatu bitartean, kopa artean daudenen algara ozenak datozkizu ondoko terrazatik. Eta sinetsi gura zenuke ez zarela ehuneko ehun sartu aurreko berbera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza Eskubideen Zinemaldia
Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2023-04-14 | Irutxuloko Hitza
40 film proiektatuko ditu Giza Eskubideen 20. Zinemaldiak

20.000 erle espezie (2023) filmak, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari. Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute, eta... [+]


2021-04-30 | ARGIA
Abade antifrankisten oroimena berreskuratzen duen dokumentala aurkeztu dute

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian  aurkeztu dute Apaiz Kartzela, diktadura garaian Zamoran giltzapetutako abade antifrankisten borroka kontatzen duena.


2020-06-24 | ARGIA
Asteazken honetan estreinatuko da ‘2 urte, 4 hilabete eta egun bat’ intsumisoen borroka kontatzen duen dokumentala

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatzekoa zen Lander Garro zuzendari errenteriarrak intsumisoen borrokari buruz egin duen dokumentala. Koronabirusari aurre egiteko neurriengatik zine jaialdia ez da osorik egingo, baina antolatzaileek lan hau proiektatzea erabaki... [+]


2020-03-26 | ARGIA
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia bertan behera geratu da

Covid-19k sortutako egoera ikusita, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak erabaki dute bertan behera uztea apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia. Ikastetxeentzako zinema-saioak ere ez dira egingo.


Eguneraketa berriak daude