"Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek irabazia zuela borroka"

  • Txiletik datorrela esan digute, Kuban hazia dela Salvador Allende hilez geroko garaian, mediku dela, hainbat aldaketa iraultzaile eginak dituela zuzentzen duen ospitalean… Hariari jarraiki gatzaizkio, galdezka, putzu sakonean sartu garen arte.

Ez duzu lehenengo bisita arbasoen herrira.

Ez. 1999an etorri nintzen lehenbizikoz, etxean aditutakoak eraginda. 1820an Oñatiko Altzin baserriko Manuel Yarza Balenzategik Txilera emigratu eta Polanco probintziako Minas hirian kokatu zen. Handik hogei urtera, bera bezain emigrante Josefa Lasarte Askoberetarekin, Oronozkoa, ezkondu zen. Haiek atzera Oñatira bidali zuten Tomas birraitona, hemen ezkondu zedin. Zortzi seme-alaba izan zituzten: bost neskak hemen gelditu ziren; eta hiru semeak, aldiz, Ameriketara bidali zituzten, bateko soldadutza eta besteko gerra zirela.

Migrazio historia ohikoa.

Migrazio historia horrekin batera, ordea, gure etxean bazen besterik: familia oso harro zegoen euskal jatorriaz. Zenbait izateko modu jatorriari egozten zitzaizkion. Inor etxean oso ekina baldin bazen, “Ez alferrik da euskalduna!”, esango zuten. Inor astazakil xamarra baldin bazen, berdin. Legendak ere baziren etxean. Zioten, aitari zulo bat egiteko agindu ziotela behin, hasi zela zuloginean, eta azkenean lanari uzteko esan behar izan ziotela, baina ordurako zuloa zulokotetzar handia zela. Bi gauza horiek, beraz: indarra, batetik, eta lanean gogor jarduteko ahalmena, bestetik, euskaldunari berezko zitzaizkionak, inondik ere. Baziren, gainera, zenbait hitz aitaitak erabiltzen zituenak, hemengo berbak... Aitaita hura maitagarria zen nirekin. 1971n hemen izan zenean…

Aitaita?

Bai, aitaita Simon hemen izan zen 1971n, eta itzuleran, bilobatan niri beste inori ez zion erregaloa eraman; eta 30 biloba ere bazituen. Bazen loturarik gu bion artean, eta partez, haren istorio-historiak aditzen nituelako zela esango nuke. Ezpata-dantzari izan zela esaten zidan, eta 70 urte baino gehiago zenean ere, alde batera eta bestera jauzika jarduten zuen, dantzaria izana zela niri erakusteko. Kontatzen zuten, gainera, Simon eta anaiak oso ekintzaileak zirela, gauzak egin zaleak, eta oinetako tailer txiki bat ireki zutela, La bota verde. Gero, tailerra handitu eta fabrika egin zuten, Yarman izena harturik. “Yar”, Yarzarena, eta “Man”, gizon, ingelesetik. Arrakasta handiko industria. Dena dela, hor bada jakingarririk. Osaba Eladiok fundatu zuen, eta lehenbiziko langileak kontratatu zituenean, denak bildu eta sindikatua osatzeko eskatu omen zien, on egingo ziela-eta.

Ez dago gaizki esana. Hemen kontrako haizeak jotzen duela dirudi.

Sindikatuak, ordea, biltokia behar izaten du, eta osabak biltokia eraiki zuen, kirol-zentroa, emakumeentzako txokoa… iragan mendearen hasieran. Alegia, garai hartan ohiko ez zen pentsamoldea zuen osaba Eladiok. Arrakasta handiko gertatu zen, hala industriari, nola langileekiko harremanari dagokionez. Fabrika hartan langile izandakoak ezagutu izan ditut, ezagutu izan naute, eta miresmena baino ez dut jaso: “Yarzatarra zu? Eladio, Julian, Simon… Haiek ziren, haiek!”. Harrotzeko arrazoirik ez zait falta.

Ari zara, zeure familiaz ari ere. Baina ez dezagun zeure burua ahaztu. Nor dugu Begoña Yarza?

Mediku pediatra naiz, intentsibista –zaintza intentsiboak dut espezialitatea–, eta 2000. urteaz gero osasun publikoan eta gizarte osasunaren kudeaketan prestatu nintzen, eta horretan naiz harrezkero, Txileko ospitale batean, zuzendari. Besterik? Begoña Yarza Sáez naiz, 1966an Rengon (Txile) jaioa. Izen maputxea duzu Rengo. Zazpi urte arte bizi izan nintzen han. Gero, zerutik jakina da, Pinocheten estatu kolpea etorri zen, eta lekua hustu beharra izan zuen gure familiak.

Oraintxe jo duzu iltzea buruan. Pinocheten kolpeak kolpatu zintuzten.

1973an hil zuten Salvador Allende. Nik sei urte nituen, baina konturatu nintzen, konturatu nintzenez. Aita Rengoko alkatea nuen, Alderdi Sozialistako militante eta buruzagi herrian, eta preso hartu zuten. Ohiko epaiketa edo showa, “aberriaren kontra jarduteagatik…”, eta hau eta hura, militarren erretolika, eta hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, kontzentrazio-esparru batean betetzekoak. Alabaina, gure ama ez zen geldirik egotekoa, Ebro eta Garate nahastu zituen, hitz egin zuen Acnur, NBE, eta gisako erakundeekin eta gure aitari kartzela zigorra konmutatzea lortu zuen. Ordainetan, erbesteratu egin zuten, eta 1974an Txiletik aire! egin genuen berarekin batera: aita, ama, ahizpa nagusia –Anjela Aloña du izena, Oñatiko mendiarengatik–, neba Simon eta bostok. 24 ordu eman zizkiguten herrialdetik irten gintezen, eta Argentinara jo genuen, ondoan dugulako. Aita preso eduki zuten kartzelako militarrak ez zeuden bera libre uzteko zeharo konforme, nonbait, eta nortasun kartilaren lehen orria txikitu zioten.

Izena ageri zuen orria.

Izena, sinadura eta gainerako jakingarri denak. Aireportura joan, eta ez zioten irteten uzten, baliozko agiririk ez zuelako. Air France konpainiarekin joatekoak ginen, eta bidaia-txartelak erosiak genituen. Mugazainek iragaten uzten ez, ordea. Ordu bat eta hogei minutu eduki gintuzten han, eta ordu bat eta hogei minutu egon zen gure zain Air France-ko kapitaina. Gu –ama–, urduri eta artega, eta hegazkineko kapitaina, berriz, aldiro gure amari lasai egoteko esanez, aitaren zain egongo zirela. Halako batean, irteten utzi ziguten. Etxeko txikiena nintzen, eta aitaren eskutik helduta sartu nintzen hegazkinera. Sartu orduko, Air Franceko kapitainak gure aitari: “Simon jauna, hegazkinean zaude, Frantziako lurra zapaltzen ari zara, faxismotik libre den lurra. Beraz, gizon librea zara hemen. Guretzat, heroi hutsa zara!”.

“Maputxe elkarteko bat dugu ospitaleko harreran, maputxerik etortzen baldin bada hura behar bezala laguntzeko. Eta lehen bere jatorria aitortzen ez zigun maputxeak orain aitortzeko ezinik ez du”.

[Hunkiturik dago, malkoak ageri]

Hainbat hilabetetan estreinakoz baten batzuek ondo hartu zuten gure aita. Lehenengo klasean jarri gintuzten, guk ordaindu gaberik, eta txokolatinak eta zirenak eta ez zirenak eman zizkiguten. Aitak itxura penagarria zuen. Plastikozko poltsa bat zuen eskuan; barruan, kartzelan eduki zuen gauza bakarra: toalla bat. Gainerakoan, agure xaharra ematen zuen, eta ez zuen 40 urte ere. Inoiz ez da orduan bezain zaharra izan, ez hortzik, ileurdin, argal… Argentinara heldu ginen, baina aitak agiririk ez, eta atzera Txilera bidali nahi zuten. Baina halabeharra zer den, giza eskubideen aldeko abokatu talde bat zegoen han, baten baten zain, inondik ere, eta tartean sartu ziren, guri laguntzera. Eta sartzen utzi ziguten, baina emigraziokoek agiriak kendu zizkiguten; denoi.

Buenos Airesen?

Bai, Buenos Airesen, batere agiririk gabe, eta agiririk gabe ez ziguten hoteletan ostatatzen utzi. Peronen bigarren aroa zen Argentinan, militarrekin bat eginda zebilen garaia. Gu, txiletarrak, ez ginen ongi etorriak. Azkenean, apaizgaitegi batean gertatu ginen, Buenos Aires erdian. Baina aitak ez zuen atertzen handik alde egin behar genuela esanez. Izan ere, han zen Juan Jose Torres ere, Boliviako presidente ohia, haren kontra estatu kolpea joa zuten urtebete lehenago. Han zen Torres, beraz, bizkartzain eta guzti. Egun batean, lehergailua jarri zioten apaizgaitegiaren atarian, gu bertan ginela. Akabatu egin zuten, jakina. Aita, orduan eta konbentzituago: “Goazen hemendik!”. Eta erromesaldiari ekin genion, eta hirugarren ez, laugarren mailako ostatuetan sartu ginen, non agiririk ez baitzuten eskatzen. Hantxe bizi izan ginen aldi batez. Gogoan dut polizia sekretua ostatura etorri izan zela, txiletar bila. Aita –aktore hutsa da!–, argentinarren modura hitz egiten hasi zen, bateko River [Plate] eta besteko Boca [Juniors], eta ama, bitartean, isilik. Ni, aldiz, dutxara bidali ninduten ahizparekin batera, isilik egon nadin. Neba, ezkutatuta.

Zer dela-eta zebiltzan Argentinako sekretak txiletar bila?

Gerora jakin dugu. Hala Argentinako nola Txileko polizia eta paramilitarrek Condor plana zuten eskuartean, txiletarrak bahitzeko eta beste. Oso garai arraroa izan zen, kalera irteten ere ez ginela, gauez etxadiari egiten genion ordubeteko osteratxoa izan ezik. Baina horrela ez zegoen bizitzerik eta enbaxada batera eta bestera jo zuen, asilo eske. Suediakoak, bi hilabeteko epean agindu zizkion agiriak. Kanadakoak, hainbat denbora. Kubakoak, hamabost egun. Identidad y tránsito cubano. Ez zen pasaportea, berez, baina nola-halako agiria, identifikagarria. Eta Kubara joan ginen 1974an, zortzi urte nituela. Hantxe izan ginen hamasei urtez.

Kuban egin zenuen gaztetako bizimodua, hortaz.

Bai… Zoragarria iruditu zitzaidan Kuba. Harrezkero ez zait herrialde arrotza. Zoriontsu izan naiz han izan naizenetan. Eguraldi beroa gustatzen zait, hezetasuna, goizetik arrats jendea barrez ikustea… Hain da erraza Kuban bizitzea! Gaztaro zoragarria izan nuen han. Ikasleen artean eskolako burua izan nintzen, ikasleen federazioko presidentea eta hau eta hura. Ikasgelakoak nazkatu ere nituen. Norbait bisitan etortzen zenean, lema bat esan beharra zegoen. Nireak zera zioen: “El pueblo chileno…” hasten nintzen ni esaten, eta nire kideek erantzun behar izaten zuten: “…aplastará el fascismo”. Pinochetena, alegia. Kuban bizi nintzen, kubatar, baina, aldi berean, Txile nuen gogoan. Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek eta haren zaleek irabazia zutela borroka.

Zer diozu Kubako kontraesanen gainean?

Kuba beti izan da horrelakoa. Kubako iraultza kritikatzen dutenak ere –Kuba barrutik, ez Miamitik–, iraultzaile hutsak dira. Gehiago ireki behar duela, demokrazia handiagoa izan behar dela… bai, ados, prozesua hobetu behar da, baina ezkerretik. Okerrak egin dituztela, dudarik ez, kritika etengabekoa izan da. Prozesuak bihurriak dira, ez dira zuri ez beltz, eta iraultza bizirik dago, eta Miamira joan diren kubatarrek ere Kubako estandarrak eskatzen dizkiote AEBetako gobernuari: osasun-sistema unibertsala, adibidez. Miamin daude, baina sozialismotik ari dira, ez eredu neoliberaletik. Kubatik irten direnak ere ezkerreko ondarearen jabe dira.

Hamasei urte eta gero, Txilera itzuli zinen 1990ean.

Bai. Demokrazia berrezarri zutenean. Lehenengo, ni joan nintzen, bidea urratzera. Banekien niri errazago gertatuko zitzaidala aitari baino, ordurako 60 urtetsu izango baitzituen. Itzuli nintzen, Kubako medikuntza ikasketak balioztatu nituen, eta lanean hasi nintzen Santiagon [Txile], zerbitzari eta denetarik. Salsa irakasle ere jardun nuen, Kuban trebatu bainintzen dantzan. Sosik ere bildu nuen hortik. Horrela, familiaren itzulera prestatzeari lotu nintzaion, etxe bat errentatu nuen, hura egokitu… gurasoak etortzen zirenean gustura izan zitezen nahi nuen.

Eta zein da zuen familiaren itzuleraren historia?

Aitari gertatu zitzaion gogorren. Dena dela, Santiagora etorri ziren, eta hura ez zen beraren mundua. Aldiz, Rengora itzuli zenean itzuli zen aita Txilera. Artean herria zen Rengo, han zituen aitak adiskideak, han historia… Alderdi sozialistan militatzen hasi zen berriro, zinegotzi hautatu zuten. Gazteek egin zioten kanpaina, erbestetik etorria gure aita Simon, heroitzat hartu zuten gazte haiek. On egin zion konbinazioak.

Eta zure historia?

Santiagon geratu nintzen lanean, pediatra.

Berrikuntza ederrik egina duzu Exequiel González Cortés ospitalean. Bertako zuzendari zara joan deneko hamasei urtean.

Tira… Modernitateak baliabideen kudeaketa agintzen du. Ospitalea organizazio bat da, zerbitzu-enpresa, eta hor, pertsonak dira gauza baliotsuena. “Giza baliabideak” dio administrazioak. Zer da “giza baliabidea”, ordea? Pertsonak! Eta halaxe esan beharko litzateke: “pertsonak”. Eta ez dira pertsonak huts, pertsonak, bata bestearekiko harremanean baizik. Ospitalea komunitate bat da –herria edo auzoa diren bezala–, eta haren helburu da pertsonen osasuna hobetzea: pertsonak dira helburu, gaixoak eta haien senideak. Elkarrizketa da inportanteena. Endoskopiak egiteko abilezia teknikoa izatea ez da dena, endoskopiak egiten dituen horren barnea zaindu behar da, bere egitekoa hobeto egingo baitu gure organizazioak pertsonatzat hartzen badu.

Eta zer ari zarete ospitalean kulturartekotasuna bultzatzen?

Hor dugu maputxe komunitatea, eta haitiarrak, eta peruarrak… Eta beren organizazioak dituzte. Eta gure ospitaleko komunitatearen eta haien komunitateen arteko harremanak gauzatu ditugu, hau da, Ekintza Migratzailearen Mugimenduarekin. Ez halako eta halako norbanakoarekin, haien organizazioekin baizik. Eta, horrela, maputxe elkarteko bat dugu ospitaleko harreran, maputxerik etortzen baldin bada hura behar bezala laguntzeko. Eta lehen bere jatorria aitortzen ez zigun maputxeak orain aitortzeko ezinik ez du. Maputxeen erritualak ospatzen ditugu ospitalean, haien jai guztiak. Eta berdin egiten dugu haitiarrekin eta perutarrekin. Esperientzia ikaragarria izan da.

Begoña Yarza Sáez (1966, Rengo, Txile)

Oñatin ditu aitaren erroak, Galizian amarenak. Aitaren ibilbideak gidatu du Yarza Sáez familiaren bidea, Pinocheten estatu kolpeak erbestera eraman baitzuen. Kuban hazi zen Begoña, hantxe ikasi Medikuntza, baina Txile gogoan beti, herrira itzuli zen Pinochet burugabetu zutenean, 1990ean. Mediku da, eta ospitale handi bateko zuzendari Santiago hiriburuan. Han, organizazioa ez ezik, komunitatea du ospitalea. Ikastekorik franko dugula erakutsi digu Begoña Yarza Sáezek.

Lehen aldiz Euskal Herrian

“1999. urtean Txiletik Bartzelonara joan nintzen doktoregoa egitera, eta orduan etorri nintzen estreinakoz Euskal Herrira. Donostiatik barrena sartu nintzen, mendiak ikusi nituen, euria ari zuen, dena berde, dena baserri… Aitaitari galdetua nion txikitan nolakoa zuen herrialdea, eta berak horixe esan zidan: ‘etxe zuri teila-gorriak’. Eta etorri, eta ikusi, eta aitaitak esandakoa ezagutu nuen. Berak esan zuen bezal-bezala zen! Eta hemengo janaria zen, eta ahogozatu, eta barru-barruan neraman gustua zen!”.

 

Haitiarrak

“Zoragarria da ospitalean haitiarrekin lan egitea. Oraindik sorginetan eta gisako aztikerietan sinesten dute, eta guk bat egiten dugu haien erritualekin. Haiek ezagutzeak Alejo Carpentier irakurtzera eraman ninduen [El reino de este mundo, Mundu honetako erresuma], eta txundituta utzi ninduen. Liluragarria da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude