Donostia, Errausketaren Hiriburua?

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak presa eman dio Zubietan errauste planta eraikitzeko asmoari, aurreko legealdian lurperatutako proiektua berpiztuz. Zubietan labe bikoitz berria eraikitzen baldin badute, Añorgan hondakin industrialak erretzen dituen Rezolatik 4,5 kilometrora, Donostiak bigarren erraustegia edukiko du laster.

Asier Iturralde Sarasola @aldatsa  |  Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko otsailaren 28a
Errauste planta eraikitzeko 2010ean zulatutako gunea, Zubietako lurretan. Aurrean, Lasarte-Oria. Ezkerreko muinoak ezkutatzen du A˝orgako Rezola porlan fabrika, zulo honetatik 4,5 kilometrora dagoena. (Argazkia: Dani Blanco)
Errauste planta eraikitzeko 2010ean zulatutako gunea, Zubietako lurretan. Aurrean, Lasarte-Oria. Ezkerreko muinoak ezkutatzen du A˝orgako Rezola porlan fabrika, zulo honetatik 4,5 kilometrora dagoena. (Argazkia: Dani Blanco)

Abisatu zuen Markel Olanok 2015eko hauteskunde kanpainan, Zubietako erraustegia egin egingo zutela, eta orduan esana betetzeari ekin dio berehala EAJk eta PSEk osatutako Foru Aldundi berriak. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak grafikoki adierazi duenez, “a contrarreloj”.

Erlojupeko lasterketa baino Blitzkrieg bat, tximista-gerra, antolatu dute 2002tik egin ezinik daukaten labea eraikitzeko. Gerra laster bat hondakinen kudeaketa duela 15 urteko PIGRUG haren arabera berrantolatzeko, erasoz bi fronte nagusitan: batetik PIGRUG hura berpiztu, bestetik azken lau-bost urteetan Gipuzkoan zabaldu den kudeaketa alternatiboa goitik behera eraitsi.

Gaikako bilketan, urrats bat atzera

Irakurle ez gipuzkoarrak pentsa lezake: “EAJ eta PSE ahal duten herri guztietan Atez Atekoa kentzen ari dira”. Hori baino konplexuagoa da, baina urrezko araua betetzen dute beti: derrigortasunean –eta ondorioz emaitzetan– gutxienez maila bat jaitsi.

Atez Atekoa ezarrita dagoen herrietan, batzuetan alkateak zuzenean kontainer libreak ezarri ditu berriro, Pasaian eta Lazkaon legez, galdeketarik gabe. Beste batzuetan herri galdeketa antolatu dute, herritarrei aukeran jarriz  derrigorrezko bi sistema, edo Atez Atekoa edo kontainer kontrolatu txipdunen bidezkoa. Laburtzeko, orain arteko Tolosakoaren edo Arrasatekoen parekoa.

Gaika bereizita entregatzen duten hondakin tona bakoitzagatik iaz baino %44-88 gehiago ordaindu beharko diote udalek GHKri; azken errefusa, tratamendua garestitu eta arazoak sortzen dituena, askoz gutxiago garestitu da

Aldiz, hasieratik edukiontzi kontrolatuzko sistema zeukan Tolosan EAJko alkateak erabaki du mailaz jaistea, ia kontrolik gabeko lehengo edukiontzietara itzuliz. Oraingoz EAJk eta EHBilduk Atez Ateko mistoa kontsentsuatu duten kasu bakarra Lezo da.

2015eko maiatzean berritutako administrazio guztietan ez da ikusi azken errefusa (zabortegi, TMB, erraustegi eta beste azpiegitura handi kutsakorrak justifikatzen dituena) gutxituko duen aldaketa bakar bat, oso bestela, aldaketak beti dira azken zaborra gehitzeko aukera handitzen dutenak.

Zero Zabor eredua eraisteko ofentsibaren beste zati bat mankomunitateek eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa kontsortzioak hartu dute beren gain, tasa berriekin zigortuz gehien birziklatzen duten udalak. Horiek gaika bereizita entregatzen dioten tona bakoitzagatik aurten iaz baino %44-%88 gehiago ordaindu beharko diote; azken errefusa, ordea, tratamendua konplikatu eta arazoak sortzen dituena, askoz gutxiago garestitu da. Adibide bat nabarmentzeko, pertsonako eta urteko 53 kilogramo errefus entregatuta Hernanik GHKri %39 gehiago ordaindu beharko dio, 274 kilogramo zabor nahasi entregatzen dion Donostiak baino askoz gehiago.

Tasa berriek, justiziaren ikuspegi oinarrizkoenetik bidegabeak izateaz gain, asko garestituko diete udalei gaikako bilketa on bat egitearen kostea. Europa osoan, eta guregandik hurbil Katalunian, azken errefusa zigortzeko joera dagoen honetan, Gipuzkoako agintariek erabaki dute udal bati merkeago aterako zaiola zaborrak nahasita entregatzea gaika ondo bildu eta birziklatzea baino.

Udal hauteskundeen bezperan, 2015eko udaberrian gipuzkoarren %31 bizi ziren gaika hondakinen %70 baino gehiago biltzen zuten herrietan, gehienak pertsonako eta urteko 80 kilogramo errefus baino gutxiago sortuz. Bide horretatik posible zen betetzea Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak 2014ko otsailean aurkeztutako planean aurreikusia: 2016an Gipuzkoan azken errefusa 130.000 tonaraino murriztea, horiek erraz tratatzeko 2015 amaierarako prest egon behar zuen TMBan, eta hortik ateratako azken hondakin geldotuzko 70.000 tonak –ondoko urteetan gutxitzen joango zirenak– Zestoako Osinbeltz harrobian gordetzea.

“Zero Zabor lurralde” esan duzu?

Missing. Erraustegirik gabeko plan hura desmuntatu beharrik ere ez da, antza. Ez bilatu inon Gipuzkoa, Zero Zabor lurralde. Lau urteko zulo txiki bat Gipuzkoako historian. Urteotan Gipuzkoako herritarrek ezer berririk ikusi eta probatu ez balute bezala, 1990eko hamarkadan erredaktatutako PIGRUG zaharrari heldu diote berriz GFAn.

Abenduaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu zuen Asensio diputatuak 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoa, 2045. urtera arte Gipuzkoak gai honetan izango dituen beharrak asetzeko asmoarekin. Muinean darama urtean 200.000 tona erretzeko ahalmeneko errauste planta bat, aurreikusiz 163.500 erre beharko dituela.

Plan berrituari egin zaizkion kritika batzuk ezagunak dira 2002tik, errausketa auzitan jartzen dutelako: kutsaduragatik osasuna kaltetzen du, klimaren aldaketa areagotzen, birziklatzearen etsaia da, garestia, herritar eta administrazioak urte luzerako zorpetzen ditu, errauts kutsagarriek biltegiak beharko dituzte… Baina, gainera, oraingo ahaleginari bi huts berezi azpimarratu zaizkio.

Alde batetik, hondakin aurreikuspena justifikatuko lukeen populazio handitzea. Prognosi honek aurreikusten ditu Gipuzkoan 30.000 biztanle gehiago Gaindegia ikerketa taldeak aurreikusitakoak baino. Planaren idazleak berak 100. orrialdean aitortzen du gakoa: “… populazio aurreikuspen desiragarria litzateke, kalkuluetan kontutan hartuz immigrazio saldo aski handiak [suficientes, gaztelania hutsez dagoen agirian] sostengatzeko hazkunde ekonomiko bat etorkizuneko pentsioak eta ongizate estatua ahalbideratuko dutenak...”. Hondakinak planifikatzen hasita, Xabier Garmendiak Gipuzkoako demografiaren hazkundea bera planifikatu du, ongizate estatuari eusteko zenbat etorkin ekarri beharko diren ere bai.

Aldundiaren plan berriak ez ditu kontuan hartu gaikako bilketan eta azken errefusaren murrizketan urteotan Gipuzkoan egindako aurrerapausoak

Hori gutxi balitz, prognosiak ez ditu kontutan hartu gaikako bilketan eta azken errefusaren murrizketan urteotan Gipuzkoan egindako aurrerapausoak. Usurbilek Atez Ateko bilketa estreinatu zuenetik, demostratu da askoz errefus kopuru txikiagoa sor daitekeela oso denbora laburrean. Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, Gipuzkoak gaur sortzen du Garmendiak berak 2002an aurreikusitakoa baino %30 zabor gutxiago.

Beraz, edozein plangilek aurreikusi beharko luke B hipotesia, epe laburrean lurralde osoa gaikako bilketa on batera eramatearena, datu errealetan oinarrituta. Arrasateko biztanleek 2015ean  sortu dutena(106,13 kg) Gipuzkoa osora (707.000 biztanle) zabalduz gero denetara 75.100 tona errefus sortuko lirateke; Bergarakoek lortua (68,6 kg) zabalduta 48.500 tona; eta Antzuolaren 50,85 kilo errefusetara mugatuz gero 36.000 tona. Erraustegiak 163.000 tona kiskali ondoren lagako lituzkeen errauts eta eskoriak baino gutxiago. Ez da harritzekoa Debagoienako herritar asko berek dagoeneko martxan daukaten B planaren alde mobilizatzen hastea zabortegi berri bat iragarri zaienean.

Eusko Jaurlaritzak 2015ean Rezola zementu fabrikari aldatutako Ingurumen baimenaren irudi bat, erre ditzakeen hondakinetatik hirugarren multzoa –arriskutsuak– azalduz.

Erraustegiak berotuko du legealdia

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT) berpiztu da Zubietako errauste asmoa berpiztearekin batera. 2004an osasungintzako zientoka profesionalek sinatu zuten errausketa salatuz prestatutako agiria. 2006an nazioarteko sinposium bat antolatu ere bai. Orain publikoki azaldu dira berriro, adierazteko gizakien osasunerako duela hamabi urte bezain sistema txarra dela hondakinak labean kiskaltzea.

Azken urteotan aldizkari zientifikoetan argitaratutako ikerlanak aztertuta, OEITk berretsi du errausketak gaixotasun larriak ugaritzen dituela. Ezagunen eta aipatuenak minbiziak dira, baina etengabe zabaldutako gai kutsakorrak askotarikoak izanik (dioxina eta furanoak, nitrogeno oxidoa, metal astunak, aerosol azidoak, hidrokarburo aromatikoak…) bestelako eritasun larriak ere eragiten ditu: hormonalak, sortzetiko malformazio eta anomaliak… Belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak.

Publikoki azaldu dira berriro Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuak, adieraziz gizakiaren osasunerako duela hamabi urte bezain sistema txarra dela hondakinak labean kiskaltzea

Zubietako errauste plantaren kutsadura, gainera, gehituko litzaioke dagonekoz hondakin industrialak erretzen dituen Añorgako zementu fabrikarenari. Donostiak horrela beste domina bat irabaziko luke 2016 historiko honetan: bere udal eremuan bost kilometroko tartean bi errauste plantaren jabe izatearena.   

2002tik dabil erraustegi bat jira eta bira gipuzkoarren buruen gainetik, orain Hondarribian, gero Zestoan… azkenean Zubietan. 2011-15 legealdian Zero Zabor ereduan urrats handiak egin dira, Europan ere miresmena sortu dutenak. Baina, aldi berean 2002tik gaurdaino eraiki beharreko azpiegitura inportanteak (konpost plantak, TMBa…) edo utzikeriaz edo blokeo politikoz ez dira antolatu.

OEITko medikuek salatzen duten eztabaida garbi baten faltan, gizarteak hedabide nagusietatik sekulako irudi eta mezu katastrofista zalaparta jasotzen du, Gipuzkoan piztu nahi balute bezala Italian ondo ezagutzen duten “Emergenza rifiuti” egoera, azkenean nazkatuta herritarrek amore eman dezaten.

Errauste plantak 2015-2019 legealdia markatuko du Gipuzkoan. Errausketaren lobbyak aurreikusitako labeak oraingoa izan dezake azken aukera. Aurrean edukiko ditu herritar asko. Errausketaren Aurkako Mugimendua –izen hori jarri diote Koordinadora, Zero Zabor talde eta hainbat plataformak osatutako batzarrari– biziberrituta agertu da. Donostialdean otsailaren 28an ikusiko den mobilizazioak hala erakutsiko du.

Xabier Garmendia, "gai hauetan aditua"

Jose Ignacio Asensio diputatuak abenduaren 18an Batzar Nagusietan hitzokin aurkeztu zuen PIGRUGeko prognosia eguneratzen aritu den profesionala: “El experto en estos temas Xabier Garmendia”.

Mikel Peruarenak “Zeinek erre nahi ditu hondakinak?” liburuan azaldu zuen nor den Bizkaiko eta Gipuzkoako errauste plantak diseinatu dituena. Ikasketaz industria ingeniari, 1987tik Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Ezkerrako parlamentario, 1991-1995 urteetan Ingurumen sailburuorde aritu zen Ardanza lehendakariarekin. 1995ean ingurumena eta herritarren osasuna zaintzeko kargua utzirik, hondakinen kudeaketari eta errausketari lotutako negozioetan murgildu zen.

Enpresa publiko eta pribatuetan zituen edo dituen kargu ugarien zerrendatik ale batzuk hautatzen hasita, DPA Desarrollo y Protección Ambiental sortu zuen, ingurumen aholkularitza zerbitzuak eskaintzeko; 1996an Eusko Jaurlaritzak DPAri pneumatiko zaharrak kudeatzeko esperientzia pilotua baimendu zion. Handik laster sortu zuen Garmendiak Neuciclaje enpresa, autoen pneumatiko zaharrak berreskuratzeko… erregaitzat erabiliz zementu fabriketan. Neuciclajeren administrazio kontseiluan daude Cementos Lemona eta Cementos Rezola.

2002an ISR Instituto para la Sostenibilidad de los Recursos antolatu zuen Garmendiak, Espainiako Estatuan errausketaren aldeko lobby lanak egiten dituena. “ISRk gidatu du –azaldu zuen duela bost urte Peruarenak– Nafarroako hondakinen kudeaketa plana, eta Garmendiak berak antolatu ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako planak, San Marko eta Txingudi mankomunitateen zenbait kudeaketa plan ere bai”. ISRk aurretik Club Español de Residuos izena eduki zuen, orain Fundación Economía Circular, ekonomia zirkularraren kontzeptua errausketaren lobbyak Zero Zabor mugimenduari osturik.

2009an Patxi Lopez (PSE) lehendakariarekin egin zuen berriro jauzi politikara Garmendiak, Industria sailburuorde izateko. ETAk su-eten definitiboa iragarri zuen egunean AEBetan zegoen lehendakariarekin, fracking bidezko gasaren negozioko konpainiekin harremanak estutzen. Ate errotetan itzuli berri bat eginez, 2015eko udazkenean Gipuzkoako Foru Aldunditik berriro deitu diote Xabier Garmendiari, Gipuzkoako errauste planta azkenean abian jar dezan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hondakinen kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...
Plastikozko ontziak birziklatzearen truke deskontuak egingo dituzte Istanbulgo metroan

Plastikozko ontzikiak biltzen dituen makinak jarri ditu Istanbulgo Udalak metroko makinen alboan. Plastiko gehien ekoizten eta gutxien birziklatzen duen Europako herrialdea da Turkia.


Dioxinagate: honela kutsatzen du Holandako erraustegirik berrienak

2011n abian jartzeko egunean, Harlingeneko erraustegia ingelesez state of the art esaten dioten mailakoa dela esan zuen harro Holandako Gobernuak, puntako teknologiaren erakusgarria. Hala ere, laster ikerlan independenteek erakutsi zuten Europako legeek onartu baino dioxina, furano eta bestelako kutsagai askoz gehiago isurtzen dituela. Kutsadura eteten ez dutela eta, joan den urrian berriro irten dira protestan inguruko herritarrak, engainatzen dituztela salatzeko.


2018-12-05 | Guaixe .eus
Sakanako Mankomunitateak 113 tona konpost banatu ditu

Azaroa bitarte 757 etxeetatik joan dira Arbizuko hondakindegira konpost bila. Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketak Sakanako konpostaren kalitatea berretsi du.


2018-11-27 | Zero Zabor
GuraSOS: "Zubietako proiektua berbideratu eta administrazioaren eta herritarren arteko konfluentzia bilatu"

GuraSOS elkarteak prentsaurrean azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegiaren gaian, ez du gainditu herritarrek parte-hartzearen bidez egin dioten azterketa, eta instituzioek aspalditik gai honetan dakarten gardentasun falta azaltzeko Gipuzkoako Diputazioak orain artean zabaldu gabeko dokumentazioa erakutsi du. Ororen buru, "Zubietako proiektua berbideratzeko eta Administrazioaren eta herritarren arteko konfluentzia bilatzeko deia egiten dugu" esan du GuraSOSek.


2018-11-25 | Kris De Decker
Simaurraren gorazarrez

Ez utzi tabuak –kaka, pixa, zikina…– itsutu zaitzan: jendeok simaurra ere bagara eta gure gorotzetan doa lurrari kendu diogunetik asko. Kris De Deckerrek gizadiak daukan iraunkortasun arazo handi baten sintesi oso materialista eskaintzen du, industrializazioaz geroztik oker diseinatutako komun eta estolderia sisteman barrena nola alferrik galtzen ditugun milaka urtez ondo birziklatzen genituen gai organikoak, horiek lurrari itzuli eta berriro elikagai bihurtzeko ordez... [+]


Eskueran ditugun soluzio txikiak: komun lehorrak eta pixa probestea

Kaka eta pixa lurrarentzako ongarri bihurtzea betidanik egin badu gizakiak –duela oso urte gutxi arte– zerk eragozten dio soluzio erraz, merke, garbi eta jasangarriena berriro erabiltzea? Nagusiki tabu kulturalek. Horiek gaindituz gero –kultura batzuetan besteetan baino samurrago lortzen dena– konponbidea eskueran daukate herritar askok. Hasteko, etxean komun lehor edo konpostgilea ezartzea.


Itsasoan gertatzen dena, gure etxe parean hasten da

Flyschak plastikoz beteta ikusteak harrabotsa eta kezka sortu du azkenaldian, gure kostaldean dagoen kutsadura eta zikinkeria dela-eta. Baina itsasoan amaitu duten hondakin horien zati handi bat gure lurraldetik joan da eta hori oso gutxitan aipatzen da, aipatuta ere ez da zehazten. Ematen du askoz errazago egiten zaigula arazoa kanpoan kokatzea, baina hemen ere badauzka bere sustraiak.


2018-11-15 | Zero Zabor
Kordobako udalak Cosmos zementu fabrikari hondakinak errausteko baimena ukatu dio

Kordobako (Andaluzia) udaleko Hirigintza batzordeak Cosmos porlan fabrikari ukatu egin dio zementua ekoizteko erregai gisa hondakin ez arriskutsuak erabiltzea. Udalak, aldi berean, abian jarri du dagoenekoz hondakinak erretzen hasia den enpresak jarduera hori eten dezan prozesua.


2018-11-14 | Usurbilgo Noaua
Zubietako aurreko erraustegia geratu zenetik bost urte bete dira

Astearte honetan bete dira bost urte Zubietan eraiki asmo zuten lehen erraustegia geratu zenetik. 2013ko azaroaren 13an izan zen. Garai harta EHBildu buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta enpresa talde eraikitzaileak erraustegia geratzeko akordioa erdietsi zuten. 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude