Posible da politikoki perreatzea

  • Polemikaz inguratuta egon da reggaetoia, gure tabernetara iritsi zenetik bertatik. Hainbat gauza leporatu zaizkio: erritmo errepikakorrak, musikalki batere landua ez izatea... Indar bereziz aditu da beste salaketa bat ere: reggaetoia matxista dela. Edonola den, musika-estiloa bera al da matxista? Reggaetoi komertziala al da reggaetoia egiteko modu bakarra? Medeak talde transfeministako Kattalin Miner, Pikara Magazineko June Fernandez eta Chaneka reggaetoi-talde transfeministako kideak izan ditugu solaskide. 

Danele Sarriugarte Mochales
2015eko abenduaren 06a
Chocolate Remix talde argentinarrak larru-jotzean gizonen plazeretik deszentralizatzeko adibideak ematen ditu “Empújalo” reggaetoi abestian.
Chocolate Remix talde argentinarrak larru-jotzean gizonen plazeretik deszentralizatzeko adibideak ematen ditu “Empújalo” reggaetoi abestian.

Abuztu partean piztu zen atzera eztabaida, indar berriz piztu ere, Elgoibarko jaien harira. Udaleko berdintasun-sailak kantu-zerrenda bat banatu zien ostalari eta txozna-guneetako arduradunei, musika ez-sexistaz osatutako zerrenda bat. Gerora ezagutu zen bertsio hori, hasieran zenbait hedabidek bestelako mezua zabaldu zuten-eta: Elgoibarrek reggaetoia debekatu zuela. Zergatik eta, bistan da, musika-estilo matxista delako. Udalaren ekintza positiboa nolatan bihurtu zen titular sentsazionalista argitzeko dago, eta bide horretan egin genitzake zenbait galdera pertinente, tartean, zergatik erreparatu zitzaion automatikoki reggaetoiari eta ez adibidez Euskal Rock Erradikalari, askoz ugariago entzuten baita hainbat jai-girotan? 

Baina nolatan izango zara reggaetoi-zalea eta feminista? 

Galdera hori behin eta berriro aditzeaz nekatuta idatzi zuen June Fernandez kazetariak Si no puedo perrear no es mi revolución (Ezin badut perreatu ez da nire iraultza) artikulua. Agidanez, kezka orokor bati erantzun zion, izan ere, 100.000 lagunek baino gehiagok irakurri dute, Mexikoko bi aldizkaritan argitaratu, elkarrizketa-iturri izan da... Fenandez: “Nire ustez, reggaetoia hedatu da, hein handi batean, gure gizartean badagoelako behar bat gorputza askatu eta elkar gehiago ukituz dantzatzekoa. Reggaetoia eskandalagarri zaigu sexualitatea ekartzen duelako gogora, baina ez da berez beste estilo batzuk baino sexistagoa. Tangoan, adibidez, gizona da gidari, emakumea gidatu, eta salbuespenak salbuespen, ez da aukerarik izaten sexu bereko bikoteak dantzan aritzeko. Reggaetoia, aldiz, solte dantzatzen da, eta pertsona bakoitzak erabakitzen du beste dantzariengana zenbat hurbildu, eta nola. Perreoa sexista da soilik rol jakin batzuekin errepresentatzen denean”.

Orain 10 urte pasa sortutako Medeak talde transfeministak ere hasieratik izan du desira eta gozamena politizatzeko helburua. Zentzu horretan, reggaetoia oso baliagarri gertatu zaie. Horrela azaldu du Kattalin Minerrek: “Emakumeen azpiraketa sustatzen duten mezu pila iristen zaigu modu sotilagoan, eta nik eskertu dut reggaetoiaren esplizitutasuna, hain zuzen, gordin erakusten duelako patriarkatua. Ez gara inozoak, eta badakigu emakumeen aurkako bortizkeria errepresentatzen duela, baina parodiarako aukera handiak ere ematen ditu. Izan ere, guk reggaetoia aldarrikatu izan dugu eredua irauli nahi genuen heinean. Adibidez, bi andrek beraien artean perreatzen dutenean edo elkarri letra horiek kantatzen dizkiotenean, errotik iraultzen da reggaetoian hain presente dagoen maskulinizazioaren goreste hori”. 

Azkenaldian, asko aldatu bide dira gauzak, Minerren iritziz: “Urte oso gutxiren buruan reggaetoia txertatu egin da gure espazio politikoak izan daitezkeenetan, bai behintzat jai-girokoetan. Demonioa kendu zaio. Gu baino gazteagoek nahiko natural bizi dute musika hori beren parranda-testuinguruan, beraz ez dakit zenbateraino iraultzen den. Bestalde, oso ezberdina iruditzen zait taberna hegemoniko edo diskoteka batera joan eta bertan reggaetoia dantzatzea ala gure jai feminista batean geure artean perreatzea”.

Besteren begiko izpia itsusi... 

Reggaetoiaren matxismoan hainbesteko arreta jartzea susmagarria iruditzen zaio Minerri: “Ez dut inoiz entzun Eskorbutoren edo Cicatrizen kantu batzuen harira horrelako harrabotsik altxatzen zenik, ez gero Daddy Yankeeren kantuekin sortu den adinakorik. Hori hipokrita da. Euskal Herriaren alde edo zerbaiten aurka sexismoa erabiltzea zilegi da, honako hau, adibidez, ozen kantatu izan dugu guztiok: ‘quisiera encontrarme una mujer policía para estar jodiéndola todos los días, todos los días’ (‘nahiko nuke andre polizia bat aurkitu, egunero etengabe ematen aritzeko’). Hor, garrantzitsuagoa da polizia bat izorratzea emakume bat bortxatzea baino. Horrekin ez da ezer egiten, eta, aldiz, “dále con el látigo” (‘emaiozu zigorrarekin’) tratu txarretarako bidea iruditzen zaigu. Galbahe bikoitza da: ondo pasatzeko musika denez, eta ez daukanez edukirik, sexismoa bakarrik ikusten dugu; musika politikoan, ordea, arazorik gabe onartzen da”. 

Fernandezen arabera, klasikoa da euskal gizarteak aiseago identifikatzea kanpotarren matxismoa bere propioa baino: “Seguru asko, reggaetoia matxista dela dioten pertsona horiek eurek esajeratutzat hartuko naute esaten badut musika-jaialdi indieak sexistak direla. Baina, galde diezaiogun gure buruei: zenbat emakume DJ aritzen dira musika elektronikoko aretoetan? Zer emakume eta gizon eredu sustatzen ditu heavy metalak? Zenbat emakume musikari egon ohi dira rock-jaialdietako karteletan?”.Aurtengo Hatortxun, bi.

Letretara eta rolen erreprodukziora etorrita, Fernandezen ustez, begiradan datza gakoa, eta, gizarte patriarkal batean bizi izanda, gaitz orokorra da hori: “Reggaetoi-letra ezagunenak gizon heterosexualek idazten dituzte, begirada beti da maskulinoa eta heterosexuala. Gizon horiek beren desiren arabera zehazten dute zelakoak diren andreak eta zer duten gustuko. Hara hor traba nagusia, emakumea ez dela subjektu gisa agertzen eta bere desioez mintzatzen. Dena dela, kontu hori ez da reggaetoiaren beraren ezaugarri bat, diskurtso androzentrikoaren ondorioa da, eta musika komertzialean barra-barra agertzen da”. 

Klase-borroka ez da desagertu, eraldatu baizik

Auzi honetan guztian badago beste osagai bat, erabakigarria: reggaetoiaren jatorri kulturala. Miner: “Esango nuke, arrazakeria ez ezik, klase-kontu bat dela: zeinek entzuten duen musika hori eta zeinek bultzatzen duen. Ni egon naiz Daddy Yankee eta beste hainbat reggaetoi-musikariren kontzertuetan eta, hantxe, neu nintzen ‘bestea’, erabat. Bertan topatu ditut egunero ikusten ez ditudan bezalako jendeak, eta susmoa dut reggaetoiaren afera ez ote dagoen lotuta jende horrekiko errefus eta erridikulizazioarekin. Artikulu asko idatzi dira, reggaetoia entzuten duen jendea tontoagoa dela, edo ez daukala ikasketarik... Baina, zer da kontua: reggaetoia entzuteak egiten zaitu ergel ala klase apalagoetako jendeak jotzen du musika horretara? Inork ez du ikerketarik egin ikusteko ea zer koefiziente intelektual daukan Alejandro Sanz edo Su ta Gar entzuten duen jendeak”. 

Reggaetoia egiteko hamaika bide

Musika estiloaren alderdi komertzialari buruz jardun gara orain arte, baina, kultur adierazpideak tresna diren heinean, musika mota hori bestelako mezuak zabaltzeko ere baliatzen dute hainbatek. Tartean, Chaneka taldeak. Hiru lagun dira, txiletarrak, eta Frantzian bizi dira aspaldidanik. Taldearen izenak argi uzten du beren ikuspegia, izan ere, “chaneka” hitza irain gisa erabiltzen dute Txileko gazte burgesek, reggaetoia dantzatzen duten neska beltzak mespretxatzeko. 

Taldekideek diote reggaetoi transfeminista egiten dutela, eta orain urtebete heldu zioten musikari, gustuko dutelako perreatzea, eta feminismotik egin nahi zutelako dantza: “Azken batean, jende ez-heterosexual gisa, ohituta gaude mezu masiboak gurera ekarri behar izaten. Masa-musikak ez du sekula gugan pentsatzen, eta beraz, etengabe aritzen gara, eta gustura, esanahiak hackeatzen. Beharrezkoa zaigu, existitzeko, gure tokia aurkitzeko, arnasteko; horregatik ekin genion reggaetoiari. Musika horren balizko karga sexistak ez digu bereziki eragin, ohartu nahi izatera, produkzio ia guztia baita sexista, klasista eta homofoboa. Frantzian bizi garenez, susmagarria iruditzen zaigu juxtu reggaetoia salatzea, sudaca den heinean”. 

Exotizazioari aurre egiteko ere balio die: “Kritika asko egin dizkigute, baita mugimendu feministaren barruan ere, europarrek latinoamerrikarrei ezartzen dieten exotikotasuna hauspotzen ei dugulako gure dantzekin. Baina, kontua da exotizazioa egon badagoela; gertatzen da, eta zerbait egin behar dugu horrekin. Biktimaren papera har genezakeen, edo exotizazioaz gu geu jabetu eta horri buelta eman”. 

Bat datoz denak, reggaetoieko mezu matxistak salatzetik harago, alternatibetan ipini behar dela indarra, mezu ez-sexistak sustatzen dituzten abesti eta taldeak ezagutarazten. Hor dago, besteak beste, Chocolate Remix talde argentinarraren Empújalo (Bultza!) kanta, larru-jotzeak gizonen plazeretik deszentralizatzeko argibideak ematen dituena, edo Torta Golosa txiletarrek abortu-eskubide libre eta doakoaren alde idatzitako doinua, abortatzeko aukera izan dezaten herrialdeko andre guztiek, baita pobreek eta maputxeek ere. Baliabide gutxi behar dituela-eta, estilo ezin aproposagoa da reggaetoia, hik heuk egiteko. 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Musika  |  Feminismoa  |  Matxismoa

Musika kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude