Irauntza eta iraultza

Jon Sarasua

Jakobaren baratzearen baztertxo batean jarri dut begia. Joxean Artzek egiten digu kuku kontrazaletik, eta Nemesio Etxanizek haren tolesduratik. Koldo Izagirre, Lauaxeta, Montoia, Juan Kruz Beloki, Borges edo Xabier Leteren aleak ere hortxe daude, ortuaren ertzeko barazki. Belar artean, Mixel Elizanburu Robert A. Millikanen ondoan, eta atzeraxeago Pello Mari Otaño.  

Baratzea bizitzeko asmo horretan, esango nuke pista bat ematen digula idazle-aipuen bazter horrek. Sorkari biologikoei begiratzeko dugun moduak izan dezakeela zerikusirik sorkari kulturalei begiratzeko dugun moduarekin. Balio-kolore bertsuekin kokatzen garela errealitatearen kiribil handi honetan, lurrari begira eta hizkuntzei begira, arlo guztietan jaso dugunaren zurrunbiloan, espazioan eta denboran gertukoenetik hasita, herentzian eman zaiguna eta biziarazten gaituena ongarritzeko. Oharkabean esanez iraultza, liburuaren aurkezpenean aipatzen den hitz lodi hori, irauntza ere badela. 

Iraultza eta irauntza, hoskidetasunak eta lehen kolpeko asoziazioak hala pentsarazten badute ere, ez dira geruza bereko hitzak. Apurño bat ibili naiz ni baratzean, eta, ohi den bezala, lurra iraulita edo astinduta jarri izan dugu. Duela urte batzuk bestelako proba egin genuen: permakultura-ildo batzuek diotenaren haritik, lurra irauli eta astindu gabe, bere hartan landatu genituen barazkiak. Hurrengo urtean ortuaren erdia irauli egin genuen, beste erdia irauli gabe utzi, eta barazki bertsuak landatu bietan. Izan genuen emaitza asmakizun utziko dut irakurlearentzat, gaiak hondoan dituen susmo ideologikoen erantzuna bezala. Ez dakit nik ezer askorik, baina galderatxo batzuk baditut.

Ikasteko, norabide anitzeko jakintza eta talentu pedagogikoa biltzen dituen norbaitek laguntzen badizu, mauka ederra. Bietatik eurrez dauka Errekondok. Bere liburuan horixe egiten da asko: ikasi. Eta iraultzaren eta irauntzaren kontu honetaz zer diok hik, Jakoba?

Jakoba Errekondo

Jon, bertsolaria gaijartzaile! 
Baratze kontuetan behintzat, irauntzea iraultzea dek. Hobe esanda: iraultzea irauntzea dek. Dek eta ez dek. Dena, den-dena bezala, baietzaren eta ezetzaren arteko hibrido soila da bizitzan, naturan. Esan gabe aipatu deken Masanobu Fukuokari galdetu behar...

Landareen aiekara hurbilduta, haiek ederki bereizten dituzte irauntza eta iraultza. Espezie bakoitzak egiten du hautua. Espezieari eusteko eta landare berriak sortzeko zein ugalketa era hautatzea da kakoa. Sexurik gabeko ugalketari heldu diotenek klonak sortzen dituzte, hau da, alabak amaren berdin berdinak izango dira, sekula guztian. Gutxi irauteko arriskua du espezie horrek. Eta irauten duena iraunaren iraunez iraungo du, ez biziz. Ugaltzeko sexua, sexuen nahasketa hautatu duten espezieek, aldiz, etengabe hibrido berriak sortzen dituzte, amaren eta aitaren artekoak. Horixe da haziaren mirakulua, dagoen eta gauza naturalena. Etorkizuneko oro lehengoen desberdina izango da, jeneralean hobea, egokiagoa. Iraultza: lehengotik berria, beste bat. Hobetutako ama izango da hazitik datorren alaba. Eta hobetze horrek biziko ditu ama eta alaba; bizi-bizi bizi.

Irauntzan, irauten duenak ez du etorkizunik. Lehentxeago edo geroxeago galdu araziko duen zerbait sortuko da. 

Iraultzan, etorkizunera egokitzen dena bizitzara jartzen da. Bizi da eta biziko da. Eta biziko direnak sortuko ditu. 

Arrazoi dek Jon, iraultzeak irauntzea dik oinarri. Zer irauli ere behar baita. Iraultzak, ordea, irauntza hutsak baino zerbait gehiago badik: irautetik bizitzera dagoen koxka ttiki horixe. Eta, ez al zaie herriei edo kulturei landareei bezalatsu gertatzen? Animalia kontuetan neure aldean jantzia haizenez, heuk argitu beharko diguk... Ni, badakik, landareen alde: bizi. Heu, bazekiat, baita ere.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2020-06-25 | Garazi Zabaleta
Euskal Herriko baserrietan ekoitzitako lupulu ekologikoa

Lagunarteko hizketaldi batean dauka jatorria Euskal Lupuloa proiektuak: duela zazpi bat urte garagardoa egiten zuen lagun batek bertako garagardoa benetan bertakoa izatea ezinezko zela esan zion, Euskal Herrian lupulurik ekoizten ez zelako. “Ni baserritarra naiz eta... [+]


2019-07-07 | Jakoba Errekondo
Barraskiloen eta bareen ilargia

Bart ilunabarrean bare eta barraskilo ehizera atera nintzen, aspaldiko partez. Egun argi ederraren ondoren zerua oskarbi zen, eta itxura guztien arabera ihintza polita zetorren. Hezetasun horren itxaropenarekin, gure parea, barraskiloa eta barea, paseatzera aterako zelako susmoa... [+]


2018-03-04 | Jakoba Errekondo
Hizkuntza lurretik

Nekazaritza ekologikotik harago doazen beste bide batzuk ere badira. Ekologikoak, gure gaurko egun hauetan, araudi jakin bat betetzen dutela besterik ez du esan nahi. Ohiko nekazaritza industriala edo kapitalistarekin alderatuta ikaragarrizko aurrerapausoa da, ez ordea helmuga,... [+]


2018-01-21 | Iñaki Sanz-Azkue
Antonino Pagolaren errezeta sekretua
Sagardoa eta garagardotarako lupulua nahasten direnean...

Garagardoa egiteko erabiltzen den lupulua eta sagardoa nahastean ateratzen den edaria berezia da. Zaporea, freskotasuna eta nortasuna; hiruak omen ditu. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan arrakasta handia du, eta Galizian ere atera dute halakorik, bertako sagarra eta... [+]


2017-01-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Garagardotarako lupulua Euskal Herrian: Iragana edo etorkizuna?

Lupulua ez da edozein landare. Lupulua landare berezia da eta baditu ondo gorderiko sekretu txikiak. Izan ere, lupuluaren lore emean, barnean, ezkutatuta dago garagardo onena egiteko sekretua: lupulina. II. Mundu Gerraren ostean, Euskal Herriko baratzeetan lupuluak inguratutako... [+]


Eguneraketa berriak daude