ARGIA.eus

2020ko urriaren 20a
Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2015eko uztailaren 19a

Baratzean lagun kuadrilla ikaragarria dugu. Zorri eta kotxinila janez egiten duen garbiketa asarrea dela eta, amona mantangorria hizpide izan dugu azkenaldi honetan. Ez da bakarra, ordea, ezta bakana ere. Antzeko lana egiten duen lagun mordoa dugu.

Ipurtargiaren kumearen dieta baratzezainaren gustukoa da: bareen eta barraskiloen kumeak janez hazten da. Kume kumejaleak. Ipurtargitxoak listu berezia sortzen du; harekin baretxoak eta barraskilotxoak sorgortzen eta desegiten ditu. Ondoren, koitadutxoak lasai asko xurgatuko ditu, xurrup. Karaboak ere jaten ditu bare eta barraskilo ttikiak. Berehala ezagutuko duzu intsektu hori: gainaldea distiratsua, metalezkoa balitz bezalakoa du. Handia da, eta proportzioan jan behar, ttiki horiez gain har, beldar, krisalida, pupa, ninfa... asko behar.

Zimitza da beste intsektujale aseezin bat: har, zorri, akaro... Josu Larrañagak bere Natura eta Euskara, paisaiaren bi alderdi blogean izen pila jaso zuen, eta zimitza izenaren etimologiaz dio J.A. Mogelek,1802. urte inguruan idatzitako Peru Abarka eleberri txukunean, etimologia bitxi hau eman zuela: “Tximitxa edo imitxia esaten da tximurtxi, edo imurtxi egiten dabelako”.

Satitsuak ere asko behar du bizimoduari eusteko. Bere pisua adina jaten nahikoa lan badu: intsektu, barraskilo, bare... Asko dagoen tokietan bizi behar, bestela jai.

Trikua ere bereziki zaindu beharko genuke baratze inguruan. Bere gautxori ibilaldietan batez ere barraskilotxo, bare, ipurtsarde, har eta intsektuen buxkan arituko da, usaimen aparta baliatuz.

Satitsuak triku eta zimitzak ipurtargi, baratzeko laguntzaile onenak hegaztiak dira: irriu, pirripio, txinbo, urretxindor, zata, argo-oilar, amilotx, saguzar, zozo, birigarro, artzandobi, txantxangorri, mika, eskinoso... Azken horien familia batek, adibidez, udaberri-uda sasoi batean, bestela intsektu bihurtuko liratekeen milioi erdi bat har jaten du. Harrak habietako mokoetara.

Armiarmak ere lagun dira. Sarea egiten dutenak, eta egiten ez dutenak ere. Sarean, hegan doan eltxo, zorri... Denetik biltzen da. Saregabeak zortziankan korrika segitu eta gainera salto eginda harrapatuko ditu intsektuak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bestelakoak  |  Bizi Baratzea

Bestelakoak kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2015eko uztailaren 19a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude