Irakurle harrobia zaintzen

  • Bizitzako lehen urteetan literaturara hurbiltzen denak, zaletasunean harrapatuta geratzeko aukerak ditu. Aitzitik, badirudi gazteenentzako literatura sarri bigarren lerroan kokatzen dela. Horri aurre egiten, 25 urte bete ditu Galtzagorri euskarazko haur eta gazte literaturaren elkarteak.

Literaturzaletasuna haurrengana helarazteko hainbat egitasmo ditu Galtzagorri elkarteak.
Literaturzaletasuna haurrengana helarazteko hainbat egitasmo ditu Galtzagorri elkarteak.

Euskarazko haur eta gazte literatura ahotan hartzekotan ezinbestez aipatzeko elkartea da Galtzagorri. 25 urteko ibilbidean arlo anitzetako sortzaileen topagune izan da, hasieratik finkatutako xedeak ipar hartuta: euskarazko haur eta gazte literatura ezagutaraztea eta hauen irakurzaletasuna bultzatzea. 

Iñaki Markotegi elkarteko lehendakariaren esanetan, inoizko eskaintzarik zabalena dago, baina ezagutzan eta sortzaile eta irakurleen arteko zubi lanean bada egitekorik. “Ez da ahaztu behar haur eta gazteen irakurle harrobiaz ari garela, bidea erakutsi eta motibatu egin behar dira”, adierazi du.

Esku bete lan

Areto literarioak, irakurketa mintegiak eta irakurzaletasuna sustatzeko ikastaroak antolatuz hasi zuen bidea elkarteak. Azken hauen artean zenbait egitasmo egonkortu eta 2000. urtetik aitzina jardunaren ardatz bihurtu dira: tartean, Liburu Gaztea –DBHko ikasleentzako literatur lehiaketa– Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak –Haur eta Lehen Hezkuntzarako liburu mailegu zerbitzua– eta Bularretik Mintzora –0-6 urte artekoen irakurzaletasuna bultzatzeko proiektua; guraso, hezitzaile eta irakasleak formatzeaz arduratzen dena–. Teknologia berrietara gerturatuz, Anjel Lertxundiren Maria Goikoak batbirulau! liburuaren aplikazioa sortu zuten iaz sakelako telefonorako. 

Bestelako zeregin bat ere hartzen du bere gain Galtzagorrik: atzerriko lehiaketetarako euskal idazle, ilustratzaile zein itzultzaileak proposatzen ditu. Espainiako Estatuko OEPLI erakundean euskal ordezkaritza bermatu, eta nazioarteko IBBY erakundearen Ohorezko Zerrendarako eta Andersen sarietarako hautagaiak izendatzen ditu. Hain zuzen, Galtzagorrik proposatuta, elkartearen inguruan urteak lanean daramatzan Elena Odriozola ilustratzaileak irabazi du aurtengo Espainiako Ilustrazio Saria.

Hau gutxi balitz, urtean bitan Behinola plazaratzen du Galtzagorrik, haur eta gazte literaturari buruz euskaraz argitaratzen den aldizkari bakarra. 

Bitartekarien garrantzia

Haur literaturari hainbeste kalitate exijitu ez izanaren eztabaida ezaguna da sektoreko eragileen artean, irizpide komertzialen nagusitasuna tarteko. Aitzitik, Markotegik dio kalitatezko liburu asko egon badaudela, bitartekaritza lana behar dela horiek irakurleengana iristeko. “Guraso edo irakasleen inplikazioa behar da, haurrek bakarrik ezin baitute jakin”. 

Bestetik, idazle gazteen gabezia sumatzen dute elkartean: “Azken boladan haur eta gazte literatura landuko duen idazle gazteen belaunaldi falta ikusten dugu. Ez ordea, ilustratzaileetan”. Horrekin bat etorri da Yolanda Arrieta, baina egile trebeak izan arren, bertan sorturiko oso album ilustratu gutxi argitaratzen dela zehaztu du: “Liburuak ekosistema baten barruan mugitzen dira eta ekosistema hori hankamotz dago”, bere ustez. 

Izan ere, euskal idazleek, oro har, 6-12 urte bitartekoei zuzendutako liburuak idazten dituzte, 0-6 urte artekoentzat eta 12tik gorakoentzat, aldiz, ezer gutxi. Kausa posibleez galdetuta, argitaletxeen bezero nagusi diren eskolek, tarte horretako liburuak erraz kokatzen dituztela erantzun du Arrietak. Idazle batentzat 0-6 arteko umeentzako literatura sortzea “lan zoragarria” izan daitekeela dio; egun baina, haur txikienentzat, oro har, itzulpena baino ez dago. “Kalitate handikoak”, Markotegiren ustetan.

“Era berean, haur txikientzako poesiarik ez da inon lantzen, ez eskolan, ez Irakasle Eskoletan”, dio Etxebarriko idazleak. Bigarren gabeziari buruz, 12 urtetik gorako gazte literaturan, kanpoko beste faktore batzuei aurre egin behar zaiela gehitu du: gazteen ohiturak eta euskara, beste hizkuntzetako produktuen erakargarritasuna, bitartekari sutsurik eza eta hezkuntza arautuan literaturak duen tarte hutsala, kasu. 

Eskoletan irakurleak galtzen?

Zaletasuna bultzatzeko, literatura gozamenarekin lotu behar da eta horretan eskolek huts egiten dute Markotegirentzat. Bere hitzetan, “haur hezkuntzan ongi pasatzeak eta emozioak aintzat hartzeak leku gehiago du, baina adinean aurrera joan ahala, plazerarekin lotutako irakurketa gutxitu eta helburu akademikoekin lotzen da”. Irakurketak isiltasuna eta hausnarketaren gisakoak behar dituela aipatu du Arrietak, baina ez direla “ezaugarri modakoenak”.

Irakasleen formazioan ere mota honetako literatura gehiago landu beharko litzatekeenaren ustekoak dira biak. Ildo beretik, erakunde publikoek irakurketa plan bat osatzeko asmoari heltzea ondo legokeela erran du Galtzagorriko lehendakariak.

Ospatzeko modukoa

Elkartea 1990eko urrian sortu zela-eta, hil berean kokatu dituzte urtemugaren ospakizunak: urriaren 17an, ipuin kontalarien maratoia egin zuten San Telmo Museoan, eta hilaren 25ean, goizean Metrokoadroka Sormen Laborategiak Ilustratzaileen enkante dramatizatua eta solidarioa aurkeztuko du Arteko galerian. Arratsaldean, festa ospakizuna izango da San Telmo museoan. 

Aurrera begira, ekoizpena baino –Mariasun Landak Oreina bihurtu zen neska eta Bernardo Atxagak Xola eta lapurra liburuak iragarri berri dituzte esaterako–, ezagutza eta erabilpena indartu behar direla ikusten dute. Horretaz arduratzen da Galtzagorri, eta horregatik Arrietak dio “subentzioen morrontza-neskametza” baino, baliabide gehiago merezi dituela. “Borondate handiz, denbora jarraituan eta ekinari zor, ikusgarritasun handirik gabe” egiten diharduen lanagatik. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haur eta gazte literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Materialismo histerikoa
Haur euskaldun izatea

Igande goiza Tolstoiren ipuin bat irakurtzen pasa genuen, irakurtzen, euskaraz: “Zenbat lur behar du gizon batek?”. Eta Elena Odriozolaren marrazkiak ezagutu ditu Gulliverren abenturetan ikusi zituelako, Ipuinen harian gozatu. Diskotekero jartzen da gero, maiz, eta... [+]


Ireki dute Urruzuno literatur lehiaketarako lanak aurkezteko epea

Saria bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango da. Guztira hogei irabazle izango dira, eta ikastetxeak ere sarituko dituzte.


Oin bat bestearen aitzinean?

Gure semea irakurtzen hasi zelarik eskolan, bere adineko liburu bila aritu ginen. Horrela agertu zitzaigun etxean frantsesezko Sami et Julie font des crêpes (“Samik eta Juliek matahamiak egiten dituzte”), E. Massonaud eta T. Bontéren lana. Izenburua... [+]


Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?

Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur... [+]


Eguneraketa berriak daude