ARGIA.eus

2021eko urtarrilaren 19a
Irailak 27 Katalunian

"Benetako erreferendum bat egiteko agindua atera da hauteskundeetatik"

  • Batzuen eta besteen posizio hartze publikoak gertatu aurretik, Kataluniako hauteskundeen emaitzen gaineko iritzia eskatu diogu Arturo Puente El Diario.es eta Catalunya plural agerkarietako kazetariari.

Aritz Galarraga @aritzgalarraga
2015eko urriaren 04a
Arturo Puente kazetariaren ustez Espainiako hauteskundeetatik nekez atera liteke Kataluniako egoera hobe dezakeen ezer.
Arturo Puente kazetariaren ustez Espainiako hauteskundeetatik nekez atera liteke Kataluniako egoera hobe dezakeen ezer.

Zein litzateke hauteskunde emaitzen lehen balorazioa?

Independentismoak, bozen %47rekin, gehiengo absolutua ez, baina gehiengo sinplea lortu du. Eta argiki gainditu du mahai gainean dauden aukera nazional anitzetako edozein: autonomia gisa jarraitzea, estatu federal bat egitea, eta abar. Dauden ikusmolde nazional guztien artean, independentismoa da gehiengoa duena. Gainera, denboran mantentzen da, gutxienez 2010etik, eta hauteskunde bide egokiak ematen zaizkionean, %50aren inguruan ibili daitekeela erakutsi du.

Zer egiteko legitimazioa ematen du gehiengo horrek?

Nire ustez, benetako erreferendum bat egiteko legitimazioa. Ezin dugu jakin zer bozkatuko lukeen, bi aukera lituzkeen erreferendum batean, hauteskunde hauek plebiszitu izaerakoak ez zirela zioten alderdiak bozkatu dituen jendeak. Ez dugu ideiarik. Ziur dakiguna da 1,8 milioi katalan daudela independentziaren alde. Igandeko bozetatik atera den agindu demokratikoa da: hautsi Espainiako legalitatearekin, egin Kataluniaren baitako legearen araberako erreferendum bat. Bi aukerekin, bai edo ez. Eta azkar egin, jendeak orain dela hiru urtetik eskatzen duelako.

Ahaztuko dugu, beraz, 18 hilabetean Espainiatik deskonektatzeko plana.

CUPek ez du hortik joko. Abstenituko balitz ere, Mas ez litzateke presidente izango. Ematen du Mas ez dela presidente izango. Garailearen porrota izan da zentzu horretan. Independentismoaren garaipena, baina Masen porrot pertsonala.

CUPek izango du gehiengo parlamentarioaren giltza. Prozesuaren azkartzea ekarriko du horrek?

Gauzak azkar egitea eskatuko dute, atzerakorik ez dituzten neurriak. Oso garrantzitsuak izango dira CUPek mahai gainean jar ditzakeen kontuak, maila sozialean ere bai, aipatzen ari dira hiritarren erreskatatze plan bat. Orain arte, azken hiru urteetan, CIUk eta ERCk izan dute gehiengoa, eta aurrera eraman dituzten politikak, jar daitezke nahi beste partxe, diru gutxiago zegoela, eta egia da, baina politika antisozialak izan dira, murrizketa politikak. CUPek horrekin guztiarekin bukatu nahiko du. Beraz, azkartze bat emango da, eta bi bideetan.

Kataluniako emaitzak ezagututa, zer atera daiteke Espainiako hauteskunde orokorretatik?

Kataluniako gizartearen eskaera nagusiak urrun daude Espainiako gizartearen eskaerengandik. Interesak gero eta gehiago banandu dira. Hala, ez dut uste ezer errealista atera daitekeenik hauteskunde orokorretatik, Kataluniako egoera hobe dezakeenik. Katalanek erakutsi dute bide propio bat jarraitu nahi dutela. Atera daiteke gobernu bat, oso lausoki, erreferendum azkar eta adostu bat egiteko pizgarria izan dezakeena, independentismoa puntu batzuk jaitsaraziko lukeena? Ez dut ikusten. Estatu mailan soluzio diferenteren bat egongo denik ez du ematen.

Oihartzunik izan dezake hemendik aurrera Katalunian gertatzen denak Euskal Herrian?

Kataluniak irekitzen badu ia segurua den bide propio bat, Euskal Herrian gauzak zailtzen zaizkio EAJri, gaur eguneko egoera erosoan jarraitzeko, egokitze forala eta abar. Ireki ahalko litzateke bide bat, berriz osatzeko mapa, estatu independente diferenteen artekoa, konfederazio moduko bat. Baina oso urruneko eszenatokia da, gauza asko pasa beharko lirateke aurretik. Independentismoaren garaipenak, hori bai, gainontzeko agente nazionalak interpelatzen ditu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Kataluniako plebiszitua

Kataluniako plebiszitua kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2015eko urriaren 04a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude