Goia eta behea

  • La Directa-ko kazetari Jesús Rodríguezek azaldu du 2017ko urriaren 1ean behetik gora egin zuen borborrak 2020ko hauteskunde autonomikoetan goitik ixteko arriskua duela. Erreferenduma deitzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean emango den erantzuna gakoa izango da.

Xabier Sagasta

2019ko abuztuaren 08an - 08:41

2017ko urriaren 1az geroztik Katalunia goia eta behearen arteko sokatiran dabil. Urriaren 10ean Carles Puigdemontek Kataluniako Legebiltzarrean Independentzia Aldarrikapena eten zuenean, urriaren 27an Generalitateko bandera espainiarra altxatzea agindu ez zuenean edo urriaren 30ean erbesterako bideari ekin zionean, bere erabakietan bi beldur ziren. Ezagunena eta haizatutakoa izan zen Espainiako Estatuak 155a inposatzeari eginiko edozein erresistentziaren kontra aurreikusia zuen errepresio basatiari zion beldurra, baina bigarren beldur bat, gutxiago aitortutakoa, behekoei zien. Mundu konbergenteak antzinatik die mesfidantza gizarte mugimenduei, sare informal eta autoantolatuei, sortu berri ziren Errepublikaren Defentsarako Komiteei (CDRei).

Hautetsontziak jartzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean eragile politiko eta sozial nagusiek emango duten erantzunak, desobedientziaren jokaleku berri batera eramango gaitu edo bestela berretsiko du genoflexioaren bidea hautatu dela

Geroztik, etengabekoa izan da eliteen boterearen eta herri boterearen arteko hikamika. Gizartea sakon eraldatzeko aukera ematen duen leiho bat da Errepublika berri honetan ontziratzea, baina betikoek itxi egin nahi dute leiho hori. Preso politikoak iragan ekainean Kataluniako kartzeletatik Madrilgo Soto del Real eta Alcalá Mecora lekualdatu zituztenean, hainbat ekimenek mahai gainean jarri zuten beharrezkoa zela zentro penitentziario eta errepideak blokeatzea, munduari erresistentzia mezu bat bidaltzeko. Kartzelaratutako gehienak –Jordi Cuixart salbu– deialdi horietatik desmarkatu ziren eta normaltasuna eskatu zuten Guardia Zibilak azken xehetasuneraino planifikatu zuen lekualdatzeen aurrean. Edo horrela komunikatu eta aholkatu zuten behintzat, beren abokatu Francesc Homs, Xavier Melero eta Jordi Pinak, zeinak beti izan diren sektorerik kontserbadoreenen ingurukoak, Kataluniako klase ertain eta goikoak. Hori guztia justifikatu zen Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketa irabazi behar zela eta posible zela adieraziz, eta ordena publikoko edozein gorabehera torpedo bat izango zela defentsaren estrategiarentzat. Denborak eta gertakariek tesi hori urtu dute pixkanaka, azukre kozkorra lez.

Otsaila hasieran Estatuko Fiskal Nagusiak eskatu zitzakeen zigor baxuetan jarri ziren espektatiba onberak. Politikari eta kazetariek Espainiako erreinuko hiriburuko pasilloetan lortutako informazioek seinalatzen zuten posible zela autodeterminazio erreferenduma deitzeagatik eskatutako kartzela zigorra bi urtetara murriztea. Pablo Iglesiasen inguruak ideia hori indartu zuen, baina espainiar errealitate sakonak eraitsi egin zuen: Oriol Junquerasentzat 25 urteko kartzela zigorra, 17 urtekoa Cuixart, Sánchez eta Forcadellentzat eta 16 urtekoa 155ak lepoa moztu zion Generalitateko gobernu legitimoko gainerako kideentzat. Orduan esan zen hobe zela ondorioen faseari itxarotea, dena ezberdin izango zela, are gehiago Pedro Sánchezek aise irabazi baitzituen apirilaren 28ko hauteskundeak. Baina ezta ere. Ekainaren 4an Javier Zaragoza fiskalak beltza zuriaren gainean jarriz berretsi zituen matxinada delitua eta horri lotutako zigor gogor eta aldaezinak. Giroa gehiago gaiztotzeko, zigorraren erdia bete arte hirugarren gradua ez emateko eskaera gehitu zuen: burdin artera, kalerik ikusi gabe, 8 eta 12 urte artean. Noiz arte iraungo du makilaz eta gozokiaz egiten den kontentzio politika horrek?

ERCren egungo zuzendaritza eta PDeCAT dagoeneko bidea egiten ari dira 2020ko otsailerako hauteskunde autonomikoak deitzeko. Puigdemont erbestean eta Quim Torra konbergenteen zuzendaritzaren
babesik gabe, Artur Mas
jokalarien aulkitxoan beroketak egiten ari da

Sententzia, duda barik, inflexio puntua izango da. Eta hautetsontziak jartzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean eragile politiko eta sozial nagusiek emango duten erantzunak, desobedientziaren jokaleku berri batera eramango gaitu edo bestela berretsiko du genoflexioaren bidea hautatu dela, zeina esaldi honekin laburbildu dezakegun: zenbat eta gehiago jotzen gintuzten orduan eta gehiago obeditzen genuen, eta zenbat eta gehiago obeditu orduan eta gehiago jotzen gintuzten.

Lehen aukerari lotuta, Jordi Cuixart, Carles Puigdemont, Anna Gabriel edo Alvaro Dante-Fachínek esana dute azken hilabeteetan beren borondatea irautea dela, ez etsitzea, borrokatzea, baita kalean ere: Kataluniako gatazka mundu osoko telebista kameren aurrean jarri behar dela berriz ere, 2017ko urrian gertatu zen bezala. Bigarren agertokirako, ERCren egungo zuzendaritza –Genevatik iritsi zaizkion zenbait ezadostasunekin– eta PDeCAT –JxCat-ekin ageriko gerran– dagoeneko bidea egiten ari dira 2020ko otsailerako hauteskunde autonomikoak deitzeko, independentisten hegemonia parlamentarioa argitzeko, errepublikarren eta konbergenteen artean. Kontuan hartu gabe, noski, aurreikus daitekeen CUPen igoera. Puigdemont erbestean eta lurralde katalana zapaltzeko aukerarik gabe, eta Quim Torra konbergenteen zuzendaritzaren babesik gabe, Artur Mas jokalarien aulkitxoan beroketak egiten ari da. President ohia kargu publikoetarako ezgaitua izan zen 2014ko irailaren 9ko kontsulta deitzeagatik, baina zama hori juxtu 2020 hasierarako iraungitzen da. Egoera horri gehitzen zaizkio hiru aldagai konstelazio: Puigdemont hatzaz hautatu zuen berak eta nolabaiteko leialtasuna zor dio, PDeCATek ez luke bere figura ukatuko, pujolismoaren herentzia eta huts egindako Errepublika batzen baititu, eta enpresarien establishmentak telefonoa hartu eta entzun egiten dio. Hor dago benetako arriskua, goitik ixtekoa behetik ireki zen hura 2017ko urriaren 1ean.

(Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
"Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da"

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude