50.000 pertsonak babestu dituzte Mas, Ortega eta Rigau auzitegirako bidean

  • Astelehen honetan epaituko dituzte Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta, bere lehendakariorde Joana Ortega eta hezkuntza sailburu Irene Rigau, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeagatik.

Xabier Letona @xletona
2017ko otsailaren 06a
Joana Ortega, Artur Mas eta Irene Rigau. (Arg.: Vilaweb).

Epaiketak datorren ostiralera arte iraungo du eta, desobedientzia eta prebarikazioa leporatzen diete 2014ko azaroaren 14ko kontsultagatik. Masentzat 10 urteko inhabilitazioa eskatzen du fiskaltzak eta bi sailburuentzat bederatzi urte eta erdi.

ANCk eta Omniumek deituta 50.000 herritarrek eman dute izena auziperatuak epaitegira laguntzeko, Otsailaren 6an guztiok epaituko gaituzte lelopean. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean bilduko dira 8:45ean, Lluis Companys etorbidean. Bi erakundeek ostiralera arte antolatu dituzte mobilizazioak. Carles Puigdemont lehendakariak ere ateraino lagunduko die auziperatuei.

Desobedientzia izan zen

Independentismoak orain arte bere jokaldi garrantzitsuenatzat jotzen du azaroaren 9ko kontsulta, aurreikuspenak guztiz gaindituz 2,3 milioi pertsonek eman zutelako botoa egun hartan eta horietatik 1,9 milioik independentziaren alde. Oso kopuru handia da hori, batez ere kontuan hartuta Konstituzio auzitegiak debekatu egin zuela kontsulta.

Aurreko hilabeteetan Madrilen etengabe egin zion mehatxua Generalitateari eta horren ondorioz honek kontsultaren ezaugarritzea aldatu behar izan zuen, loteslea izan behar zuena herritarren partehartze prozesu bihurtuz. Masek, hala ere, izaera loteslea eman nahi izan zion, eta baiezkoak irabaziz gero hauteskunde autonomikoak plebiszitarioak bihurtuko zituela iragarri zuen.

Azkenean, Generalitateak ANC eta Omniumeko 41.000 boluntarioren esku utzi zuen prozesuaren azken antolaketa, baina eskola publikoak eta udaletxeak erabili ziren hautetsontziak jartzeko eta auzitegi espainiarrek antolaketa amaiera arte eramatea leporatzen diote Generalitateari.

Independentismoak garaipen handitzat hartzen ditu azaroaren 9ko kontsulta eta bere emaitza, eta harrotasunez haizatzen du orain arte katalanek egindako desobedientzia ekintza handiena moduan. Independentismoan, alabaina, hainbat sektore kritiko agertu izan dira kontsulta hau kudeatu zen moldearekiko, beren ustez desobedientzia erabatekoa behar zuen izan, antolaketan azken zatia boluntarioen esku utzi barik.

Garai hartako Generalitatearen bozeramalea Francesc Homs ere azaroaren 9ko kontsultagatik dago auzipetua, baina Espainiako Diputatuen Kongresuko parlamentaria denez, Espainiako Auzitegi Gorena ari da epaitzen.Oraingoan bai, erreferendum loteslea

Egiazko erreferendumaren testuinguruan dator epaiketa. Printzipioz irailerako iragarri zuen Generalitateak, baina azken asteotan entzun dira ahotsak –ERCkoak eta CUPekoak batez ere– esanez akaso uda baino lehen egin daitekeela. Hau ere debekatua du Konstituzio Auzitegiak. 2014an ez bezala, Generalitateak eta Kataluniako Legebiltzarrak lotesletzat hartuko dute erreferendumaren emaitza. Giroa gori-gori dago eta Espainiako Gobernuak iragarri du jada presta dagoela Kataluniako autonomia bertan behera uzteko, horretarako Konstituzioaren 155. artikulua erabiliz.

Euskal Herritik ere elkartasuna

Euskal Herrian ere hainbat elkartasun ekimen egiten ari dira auziperatuen alde. Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduren botoekin sostengua adierazi zien hiruei joan den astean eta igandean Gure Esku Dagok bilkurak egin zituen Hegoaldeko lau hiriburuetan, 1.000 pertsona bilduz "Demokrazia" lelopean. Elkarteak ezagutzera eman duenez, " Mobilizazioek bi helburu nagusi izan dituzte; batetik, Kataluniako hautetsiei eta herritarrei elkartasuna adieraztea; eta, bestetik, demokraziaren aldarria lau haizetara zabaltzea: 'Gaur hemen bildu garenok sinesten dugu demokrazian sakonduz soilik eraikiko dugula etorkizun hobe bat'”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude