Deskonexioa eskura

  • Diada egunez enegarren indar erakustaldia egin du Kataluniako mugimendu independentistak. Hauteskunde kanpainari ekin eta inkesta guztiek irailaren 27an gehiengo osoa ematen diote Junts Pel Sí eta CUPi elkarrekin. Prozesua fase erabakiorrean sartuko dute hala, eta 18 hilabeteren buruan Kataluniako errepublika aldarrikatu nahi dute.

Ehunka milaka lagun atera ziren kalera bosgarren urtez jarraian. (Arg: ANC)
Ehunka milaka lagun atera ziren kalera bosgarren urtez jarraian. (Arg: ANC)

“Ez dugu Espainiako Erresuman sinesten, ez dugu parte izaten jarraitu nahi, ez gaitu ordezkatzen”. ANCko presidente Jordi Sànchezek Via Lliure erraldoia borobildu du. Mundu mailan parekorik ez duen mobilizazio dinamikan sartuta daude kataluniarrak, eta ehunka milaka parte-hartzaile hunkitu ditu Meridiana etorbidea koloreztatu duen ekimenak. Egun berean hasi da bero iragartzen den hauteskunde kanpaina. Independentzia dago jokoan, eta Junts Pel Sí (JxSí) eta CUP alderdi batura izango da bozketako zenbaki izarra.

JxSí apustu politiko esanguratsua da: Generalitatean agintea duen CDCk, ERCk, beste alderdi txikiago batzuek eta independenteek zerrenda bateratua aurkeztu dute. Raül Romeva da Bartzelonako zerrendaburua, bigarrena ANCko presidente ohi Carme Forcadell, hirugarrena Òmniumeko presidente ohi Muriel Casals, laugarrena Artur Mas Generalitateko presidentea eta bosgarrena Oriol Junqueras ERCko presidentea. Lluis Llach edo Josep Guardiola gisako figurak ere zerrendetan doaz, batzuk sinbolikoki, besteak lehen postuetan. Inkesta guztiek 60 eserlekutik gora ematen dizkiete.

Beste alderdia CUP da. Hamarkadetan udal mailan lanean aritu ondoren,  legebiltzarren lehen legegintzaldia egin dute. Barne araudian erabakita dutenez, ordezkariek gehienez 4 urte egin ditzake karguan. Antonio Baños kazetari eta ekintzailea da Bartzelonako zerrendaburua, eta mugimendu sozialetan esperientzia duten kide ugarirekin osatu dituzte zerrendak.

Gehiengoa baina, eserlekutan ala boto kopuruan lortu behar dute independentistek? Masek adierazi du erreferendumak bototan kontatzen direla, baina estatuak halakorik egiten uzten ez duenez eta hauteskundeak antolatu behar izan dituztenez, diputatuak kontatuko dituztela. Vicent Partal kazetariak ere argi ikusten du: “Hauteskundeetan emaitza legebiltzarkidetan kontatzen da, erreferendumak egiten dira emaitza bototan zenbatu nahi duzunean”. Kazetariak argi du Espainiako Estatuak erreferenduma nahi balu dagoeneko berak antolatu beharko lukeela, kataluniarrak askotan saiatu baitira eta jadanik azken portuan baitaude bere ustez.

Junts Pel Sí hautagaitzaren helburua ghiengo osoa lortzea izango da.

Hedabideek argitaratu dituzten inkesta gehienetan independentismoak gehiengoa lortuko du, horren adibide dira asteburuan argitaratu diren biak: Batek 73-75 ematen die biei batuta, eta besteak 73. Biak ala biak gehiengoa ezartzen duen 68tik gora. Partalek Bilbon Euskal Herriko ANCk antolatutako hitzaldian nabarmendu duenez, 1985tik hauteskunde guztietan CiU eta ERCk gehiengo osoa lortu dute. Egun, CUPen hiru ordezkariekin 74 dituzte orotara. “Hau egonkorra da, gutxi mugitzen da; gehiengo osoa galtzeko posizioak galdu behar lituzke independentismoak, eta ez dirudi orain hori gertatuko denik”.

Galdera nagusia, beraz, ondorengoa da: JxSí-k berak bakarrik lortuko du gehiengoa? Ala CUPen beharra izango dute Legebiltzarrean? Partalen ustez hortxe ibiliko da, baina prozesuak aurrera egingo duela ez da dudarik. “Ezker independentisten beharra badute, prozesua pixka bat mantsotuko da, baina aurrera egingo du ziur”.

Hordagoa handira

“El vot de la teva vida” edo “zure bizitzako bozka” lemapean, apustu indartsua egin dute Junts Pel Sí koalizioa osatzen duten alderdiek. Ekainean, 1978an sortutako CiU hautsi zen, Unió (UDC) alderdiak prozesu independentista ez babestea erabaki ostean. Federazioa hautsitzat eman zuten Convergènciako kideek (CDC). Hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko da UDC eta hamarkadetan agintean egon den alderdi eskuindarrak, ordezkaritza lortzea du erronka. CiU puskatzea azken urteotako garaipen politikorik handienetakoa izan dela aipatzen dute zirkulu independentistetan. “Legebiltzarretik kanpo geratzen badira, ikaragarria izango da”, diote.

Behetik gorako dinamikan sartua zegoen ERCk ere apustu handia egin du, JxSí sortzeko negoziazioetan barne-tentsio handiak izan baitituzte.

JxSí-ren programak lau puntu nagusi ditu: Independentzia prozesuaren hasiera; Kataluniako Konstituzioa idazten hastea Generalitateak estatu egiturak prestatu bitartean; independentzia aldarrikapena eta hauteskunde eratzaileak JxSí hautagaitzarik gabe; eta azkenik, Konstituzioa erreferendum lotesle baten bidez bozkatzea. Baiezkoak irabaziko balu, Legebiltzar berriak onartu egingo luke eta independentzia aldarrikatu.

CUP prozesuaren giltza?

Okina da Josep Manel Busqueta. Ekonomialaria eta idazlea ere bada, eta Venezuelako Gobernuaren aholkularitza lanetan ibilia da Hugo Chavezen agintaldian. Bartzelonako CUPeko zerrendan hirugarrena da eta legebiltzarkidea izango da ziurrenik, alderdiak egun dituen hiru ordezkariak hirukoiztu edo laukoiztu egingo dituela baitiote inkestek.

Busqueta CUPeko ekitaldi batean (argazkia: Victor Serri / La Directa).

Masekin pozik ez dagoen ERCko oinarritik, PSCren gainbeheratik eta Bartzelonan ikaragarrizko arrakasta izan duen Barcelona en Comú-k mobilizatzea lortu dituen herritarren babesetik indartu nahi dute proiektua. JxSi-k ez badu gehiengoa lortzen, CUPen jarrera erabakiorra izango da prozesuak aurrera egin dezan, eta baldintzak negoziatzeko posizioan egongo dira. Dagoeneko iragarri dute Masi ez diotela babesik emango, eta berau kentzea izango dela erronka.“Mas ildo neoliberaleko presidenterik gogorrenetakoa” izan dela uste du eta azken urteotan gizarte beharretan egindako 5.300 milioi euroko murrizketen arduradun politiko gisa ikusten dute. “JxSik defendatzen ez duen proiektu independentista eta soziala da gurea, eta ura eta olioa nahastea zaila da”.

CUPek estatuarekin eta kapitalarekin apurketaz darabilten diskurtsoa indartu nahi dutela dio, horretarako konplexurik gabeko jarrera antikapitalista erakutsiz. Oso garbi du erakundeetara zertara doazen. “Garbi dugu zorra ez ordaintzearen gisako prozesuak martxan jarri beharko ditugula eta bai Europar Batasunarekin eta Eurogunearekin pultsua jokatu beharko dugula noizbait; une horretara ahalik eta indartsuen heltzeko lanean jarraitzea izango da gure egitekoa”.

XXI. mendeko kapitalismoari aurre egingo dion ereduaren alde egitera doazela dio, eta argi dutela aldaketa ez dela erakundeetatik etorriko. Independentzia prozesua bultzatzeaz gain, beren buruari hiru funtzio jarri dizkiote, guztiak gizarte eraldaketarekin lotuak. Batetik, erakundeetatik bestelako gizarte eredu baten aldeko lanari “eragiten zaion kaltea” geratzen saiatzea, izan pribatizazioekin edo lan eta pentsio erreformen gisako neurriekin. Bigarrenik, burujabetza maila lokaletik eraiki eta herritarrak esparruz esparru irekitzen ari diren subirautza proiektuei erakundeetatik “zirrikituak” irekitzen laguntzea. Eta hirugarrenik, gardentasunaren praktika zorrotza egitea, ustelkeria kasuak ikertuz kasu.

Unionismoa ezin neurria hartu

Plebiszitu hauteskundeetan ezezko gisa kontatuko dira ondorengo alderdien botoak: PP, PSC, Ciudadanos, UDC eta garbi halakorik esan ez badute ere, Catalunya Sí que es Pot (CSQEP) ere bai.

PSCk barne krisi handia izan berri du prozesuarekiko mantentzen duen posizioak eraginda eta gainbeheran da. Egun dituen 20 legebiltzarkidetatik 13-14 artean ematen dizkiote inkesta gehienek. PP ere 19tik 10-11ra jaitsiko dela iragartzen dute. Xavier Albiol zerrendaburu hautatu izanarekin izaera moderatuari uko egin diola ulertu dute askok. Badalonako alkate ohia arrazismoarekin lotzen den figura da eta auzibidea irekia du etorkinen aurkako propaganda banatzeagatik. Azken hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izatea lortu arren –Marotorekin batera, botoetan igo zen PPko alkate bakarra–, Gasteizko alkate ohiaren patu bera izan zuen eta oposizioak bat eginda kargutik kendu zuen. Ciudadanosen igoera nabarmena espero dute analistek, PPko boto moderatuari eta PSCko kide askoren babesari esker, eta 9tik 25en bueltara igoko da El Periódicok argitaratu inkestaren arabera.

Rabell da CSQEP-eko hautagaia.

Catalunya Sí que es Pot koalizioa osatu dute Podemos, ICV, Equo eta Esquerra Unida i Alternativak. 13-14 ordezkari inguru izango ditu asteburuko inkesten arabera, nahiz eta ez duten lortuko Ada Colau efektua errepikatzerik. Esanguratsua da Barcelona en Comú-ren oinarriek erabaki izana CSQEPri publikoki ez babesik ematea. Podemos inguruko politologoak alderdi hau Colauren figurarekin eta bere iruditeriarekin nola lotu asmatu nahian ari dira.

Espainiako alderdien agintari nagusiak Kataluniako kanpainan bustiko dira, eta Pablo Iglesias bera ere hasi da Lluís Rabell zerrendaburua laguntzen. Hirigune ertain eta handietan jarriko ditu indarrak CSQEPk, orain arte PSCren gune izandakoetan. Lehen ekitaldia Rubín egin zuten eta ordutik mitin gehienetan plaza bete dute. Hala ere, analistek nabarmentzen dute alderdiaren erreferentzialtasun falta eta prozesuarekiko eskaintzarik egiteko duen gaitasun ezak asko mugatuko duela bere emaitza. Espainiako gobernuan aldaketa izango delakoan soluzio adostu bat hitz ematea, kataluniar askok irensten ez duten apoa da.

Koalizioko kide den eta gobernuan egon den ICVk La Caixarekiko 12 milioi euroko zorra duela aurpegiratzen diote CUPetik, alderdi horrek bankuen aurkako egiteko zein askatasun duen galdetuz. “Katalunian esaten dugun bezala, ipurdia alokatua duena ezin da nahi duen lekuan eseri”. Espainiatik joandako etorkinen seme-alabei egindako erreferentziengatik, Iglesiasen diskurtso “etnizista” ere salatu dute –asteburuan bere mitin bat moztu zuten hainbat lagunek–.

Eldiario.es gunean Pablo Iglesiasen puzle kataluniarra artikuluan Arturo Puente kazetariak dioen gisan, “Podemos ez dago eroso Kataluniako eztabaida nazionalean”. Zer gertatuko da Espainiako gobernuan ez badago aldaketarik? Zer posizio hartu beharko du prozesuarekiko CSQEP-ek? Airean dauden galderak dira.

Azken fasean sartzeko ordua

Festa de la Llibertat. Diadaren ostean, handik metro gutxira, milaka pertsona batu dira Omniumek antolatu duen jaialdian. Herrialde Katalanetan indartsu ari diren taldeak ari dira giroa jartzen, publiko gaztearen artean castellerrak egiten dituzten bitartean. Ordu txikitan amaituko da egun berezi hau borobiltzeko ospakizuna.

Milaka lagun bildu ziren Omnium elkarteak antolatutako festan.

“Azken urteotako sentsazio bera daukat: zoriona, animoa, poza... 2010etik kalera zein modu masibo eta baketsuan ari garen ateratzen ikustea ederra da; umeak, zaharrak, enpresariak, langileak, ikasleak, langabetuak, ultraliberalak eta ezkertiar erradikalak, denak askatasuna eta independentzia eskatzen”.

Jordi Ferré irribarrea ezin kenduta dabil. “Hauteskunde hauen ostean deskonexioa hasiko dugu formalki”, dio. Òmnium Cultural erakundeko Kultura alorreko Batzar Nazionaleko koordintzailea da. ANCrekin batera gizarte zibila independentziaren alde antolatzen lanean ari den erakunde nagusietakoa da.

Kataluniak bere kultura propioa duela eta, gauza bakarra behar duela aldarrikatzen du: aurka egingo ez dion estatu bat. “Erasoak amaitzea ikaragarrizko biziberritzea izango da. Katalanak 300 urte egin ditu estatu bat aurka duela, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea lortu dugu, orain borroka gaitasun hau kapitalizatu behar da”.

Nazioartearen aitorpena, ezinbestekoa

Independentistek argi dute prozesu honetan ezinbesteko papera jokatuko duela nazioarteko komunitateak. Ez da kasualitatea Raül Romeva hautatu izana Junts Pel Sí hautagaitzako buru. Zortzi urtez eurolegebiltzarkide izana da ICV alderdiarekin eta bere aurkezpenean, nazioarteko harremanetan aditua dela azpimarratzen dute.

Dagoeneko mundu mailako figura politikoak mintzatu izan dira Kataluniako estatua aitortzearen alde. Letonia eta Lituaniako kasuak argiak dira; maiatzean Danimarkako legebiltzarrak Espainiako gobernuari eskatu dio irtenbide bat negozia dezan; eta Irlandako, Uruguayko eta Paraguayko legebiltzarrek Kataluniako gobernuari ongi etorria egin diote. Irailean azken fruitua iritsi da, AEBetako hainbat kongresistak erreferenduma publikoki babestu dute.

Asteburuan Masek jakitera eman du hainbat “lehen ministro eta lehen ministro orderekin” harremanak dituela eta erabakitzeko eskubidearen alde daudela. Presidenteak adierazi du Espainiako Gobernua kontaktuak betatzen saiatu dela, eta hainbatek horiek saihestu dituztela Madrilekin arazorik ez izateko.

Estatu egiturak eraikitzen

“Independentzia prozesuetan funtsezko faktorea izaten da estatuaren ahultasuna –dio Vicent Partal kazetariak–. Iazko azaroaren 9ko kontsultan nazioartearen aurrean argi geratu zen Madrilek Kataluniaren gaineko kontrola galdu zuela, mota guztietako mehatxuak egin baitzituzten, eta hala ere ez zuten kontsulta geratzea lortu eta garaipen politiko ikaragarria izan zen”.

Kataluniako Printzerria estatu independente bihurtzekotan kontutan hartu beharreko faktoreak ikertu ditu aditu talde batek Generalitatearen aginduz. Trantsizio Nazionalerako Aholku Kontseiluak (CATN katalanez) 18 informe osatu ditu, gerora, Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Liburu Zurian laburbildurik argitaratuak.

Prozesu eratzailea xehetu dute, eman beharreko pausoak aurreikusiz eta eszenario posibleen gakoak aletuz. Esparru hauek landu dituzte: ekonomia eta finantzak; estatu berriaren autoritate eta administrazio egiturak; Kataluniako Gizarte Segurantza; botere judiziala eta justizia administrazioa; segurtasuna eta defentsa; azpiegiturak (energia, ura, informazio teknologiak eta komunikazioa); baita, Kataluniak Espainiako Estatuarekin, Europar Batasunarekin eta nazioarteko eragileekin manten ditzakeen harreman posibleak ere.

Prozesua adostuta dago hauteskundeak iragarri aurretik ere, Partalek dioenez. “Katalunia errepublika independente bilakatuko duen prozesua hasiko da 18 hilabetez. Konstituzioa idazten hasiko dira eta hamar hilabete izango dituzte”. Gainera, organismo batek, Islandian egin zuten gisan, prozesu parte-hartzaile bat gidatuko duela dio, herritarrek Konstituzioaren idazketan parte har dezaten. Hau amaitzean, bozkatu egin behar da eta baiezkoa gailentzen bada, independentzia aldarrikatuko dugu”.

Espainiatik zer etor daiteke?

Europar Batasunak behartuta ez bada, erreferendum adostu bat ez dute aurreikusten Katalunian. Horren aurrean, estatuaren aparatuetatik, prozesua erasoko dutela argi dute. Mas edo Generalitatea zigortzeko Konstituzio Auzitegia erreformatuko duela iragarri du PPk. “Ez du inork Kataluniako independentzia aldarrikatuko, orain Konstituzio Azuitegiak eskumenak izango ditu legea betetzen ez dutenak zigortzeko”, egin zuen mehatxu Albiolek. “Amaitu dira txantxak”.

“Estatu inperialista, kolonial eta errepresiboa da Espainiakoa, eta prozesu demokratikoak boikotatzeagatik ezaugarritu da. Beti erakutsi izan du nazio zapalduekiko errespeturik eza eta injustizia soziala –Josep Manel Busquetak erasoak egon daitezkeela uste du–. Euskal Herrian gertatu bezala, hemen ere gerta daiteke; hala ere, ez gaitu gehiegi kezkatzen. Gu jada estatutik kanpo kokatzen gara”.

“Politikariei mezua bidali nahi diegu hemen bildu garen guztiok: jakin ezazue zuekin gaudela. Denok badakigu une zailak etorriko direla, eta orduan ere, zuekin egongo gara” helarazi dieten Diadatik herrialdeko klase politikoari.

“Hau prozesua hasteko eskatuz egin dugun azken Diada izan da ziur”, dio Òmnium elkarteko Ferrék. Bere ustez, argi dago berriz ere kalera atera beharko dutela masiboki kataluniarrek, prozesua laguntzen ari diren politikarien babesean, baina orain arteko fasea itxi egingo dela ziur du: “Orain ezin dugu kale egin”.


ASTEKARIA
2015eko irailaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako plebiszitua
2019-08-08 | Jesus Rodriguez
Katalunia independentziarantz
Goia eta behea

La Directa-ko kazetari Jesús Rodríguezek azaldu du 2017ko urriaren 1ean behetik gora egin zuen borborrak 2020ko hauteskunde autonomikoetan goitik ixteko arriskua duela. Erreferenduma deitzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean emango den erantzuna gakoa izango... [+]


50.000 pertsonak babestu dituzte Mas, Ortega eta Rigau auzitegirako bidean

Astelehen honetan epaituko dituzte Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta, bere lehendakariorde Joana Ortega eta hezkuntza sailburu Irene Rigau, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeagatik.


2016-12-16 | ARGIA
Carme Forcadell, auzitegi batean deklaratuko duen Kataluniako Parlamentuko lehen presidentea

Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek, desobedientzia eta prebarikazio delituak egotzita Kataluniako Auzitegi Nagusian deklaratuko du gaur. Hainbat hautetsi eta herritarrek babestuta joan da epaitegira.


Espainiak indar juridikoarekin erantzungo dio Kataluniako “deskonexioa”ri

Pentsatu baino lehenago ekin dio Kataluniako Legebiltzarrak Espainiarekiko deskonexioari. Urratsak dira, sinbolikoak, baina hortik hasten da. Espainiak Brunete juridikoa mobilizatuko du lehenbizi. Hemen prozesuaren unea hobeto ulertzeko zazpi gako.


Ibarretxe eta Mas

2004KO ABENDUAREN 30a, Eusko Legebiltzarrak Ibarretxe Plana onartu zuen Batasunaren ezinbesteko hiru botorekin –hiru alde hiru aurka–, honek aurreko aste eta hilabeteetan planaren aurkako jarrera argia erakutsi zuen arren. Ezustekoa tamainakoa izan zen euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude