Schäublek greziarren aurretik alemanak ere zukutu zituen

  • 25 urteko tartearekin, Europa astindu duten bi gertakizun nagusitan protagonista izan da Wolfgang Schäuble ministro alemana. 1990eko hamarkadan Eki Alemania kapitalismoan murgilarazteko operazioa kudeatu zuen. Uda honetan Greziako herritarrei erreferendum itxaropentsu baten emaitza irentsarazi die. Ez da kasualitatez gertatu.

Reuters agentziarentzako Ralph Orlowskek egindako argazkian, Wolfgang Schäuble Alemaniako finantza ministroa.

Schäuble gorrotatzea erraza da Europako herritar askorentzako. Greziarrei beren nahiaren kontra hirugarren memoranduma inposatu dion Europar Batasuneko elitearen ordezkari geratu da historiarako. Bistakoa den arren indar eta pertsona askoren erabakia izan dela, greziarrak pobreziara kondenatu eta europar guztiei murrizketa basatiak ezarri dizkien Troikaren aurpegia  da Schäuble, erreferendumaren aurretik negoziaketen beroan Yanis Varoufakis ministro greziarrari aulki gurpildunetik mehatxu egiten ikusi genuen gizona.

Doixtarren eta zehazki Schäubleren jokabide gogor eta erruki gabea ulertzeko, Alemaniatik Europara zabaldu den ordoliberalismoa aipatu dute Le Monde Diplomatiquen François Denord eta Pierre Rimbert soziologoek eta Rachel Knaebel kazetariek: “Ordoliberalismo alemana, burdinazko kaiola Europarentzako”.

1930eko hamarkadan sortua, Freiburgeko Eskola ere deitu zaio, hiri hartatik zabaldu zelako. Schäublek sarritan oroitarazten du hiri hartan jaioa dela. Latinezko ‘Ordo’ (ordena) izena eman zioten beren aldizkariari liberalismoaren barruko korronte hau sortu zuten ekonomialari eta pentsalariek. Alemanez  ‘ordnung’ hitza darabilte ‘orden’, ‘araudi’ edo ‘diziplina’ esateko. Bitxikeria moduan, Ordnung deitzen diote beren araudiari Amish eta Menonita kontserbadoreek, idatzi gabe ere kide guztiek derrigor ezagutu eta errespetatu behar duten arau sailari. Hortik doa kontua, nola bermatu ekonomia kapitalista liberalaren ordena eta diziplina.

“Anglosaxoiek –diote Denord, Rimbert eta Knaebelek– laissez-faire aldarrikatzen duten bezala, ordoliberalek ere arbuiatzen dute Estatuak merkatuan esku hartzea. Baina, hauek uste dute konkurrentzia librea ez dela berez garatzen. Ondorioz, Estatuak antolatu egin behar konkurrentzia: merkatuaren eremu juridiko, tekniko, sozial, moral eta kulturazkoa eraiki behar ditu. Eta arauak betearazi. Horra zer den ‘ordopolitika’ (Ordnungspolitik)”.

Grezian uztailean egindako erreferendumaz aritzerakoan, beraz,  joko politikoaren bi ikuspegi zeuden aurrez aurre. “Buruzagi greziarrek  uste izan dute herritarren botoek nagusitasuna daukatela kontabilitate ekonomikoaren gainetik eta hautatutako agintariek badaukatela ahalmena arauak aldatzeko. Aldiz,  [alemanen iritziz] gobernuaren jardunak egon behar du ordena zorrotz zaintzearen mende; politikariek nahi duten moduan jokatu dezakete baldin eta ez badira irteten markotik, eta marko hau de facto eztabaida demokratikotik kanpo dago. Finantzen ministro aleman Wolfgang Schäublegan mamitzen da pentsakera hau. ‘Beretzako arauek jainkozko izakera daukate’ idatzi du Yanis Varoufakisek”.

Hainbesteraino bilakatu da ordoliberalismoa establishmentaren ortodoxia, ezen eta Der Spiegel astekari liberalak uztailaren 6an publikatu baitzuen: “Inork nahi baldin bazuen frogatu zein arriskutsuak diren erreferendumak demokrazia modernoentzako, horra froga”. Ohartzerako, ordoliberalismoa [ikusi Baleren Bakaikoaren azalpena argia honen 18. orrialdean] sagaraturik geneukan Europa osoan: lehenik merkatu kapitalista, horren baitan demokrazia.

Treuhand: pribatizazioen porrota

Baina Freiburgeko eskolako zaindari baino gehiago da Wolfgang Schäuble, Dirk Laabs kazetariak oroitarazi berri duenez, ingelesez The Guardianen, gaztelaniaz Sin Permison:  “Zergatik da hain gogorra Alemania Greziarekin? Mende laurdenez atzera eginda”.

Dirk Laabsek plazaratuta dauka liburu bat Eki Alemania Mendebaldekoan integratzeko egindako bideaz: “The German Gold Rush: The True History of the Treuhan” (Alemanian denak urre bila ero moduan: Treuhan erakundearen benetako historia”. Greziari bortxaz onartarazi zaion itunean aipatzen denez ondasun publikoak salduz 50.000 milioi euro lortu eta zorrak kitatzeko erabili beharra, Laabsek kontatu du mekanika bera erabili zuela Schäublek duela 25 urte Eki Alemaniako  ondasunak likidatzeko.

1990eko udan bera zen, Schäuble, Alemania bateratzeko batzordearen buruetakoa, Helmut Kohl kantzilerraren esku eskuina. Eki Alemaniako egoera, dio Laabsek, ez zen Grezian Syrizak irabazitakoan zegoenaren hain ezberdina. Herritarrek historiako lehenbiziko hauteskunde libreak burutuak zituzten, Berlingo harresia erori berria, eta beren ordezkarietako batzuek amesten zuten Ekialdeko sistema sozialistaren eta mendebaldeko merkatu ekonomiaren arteko “hirugarren bidean”, baina ezin zuten asmatu fakturak nola pagatu.

“Aldiz, mendebaldeko alemanek, negoziaketa mahaiaren beste aldean, indarra zeukaten, dirua eta plan bat: Eki Alemaniako estatuak zeukan guztia Mendebaldeak bereganatuko zuen eta berehala salduko zien inbertsiogile pribatuei. Beste hitzetan esanda: Schäublek eta bere ekipoak bermeak nahi zituzten”.

Treuhand izeneko erakundea hasieran ekialdeko disidente batzuk asmatu zuten, sistema sozialistako konpainiak modu ordenatuan bertako enpresa pribatu bihurtu zitezen, utzi gabe burokrata komunista ustelei Mendebaldeko Alemaniari saltzen.

Schäubleri gustatu zitzaion ideia, operazioaren gidaritza emango ziolako halako independentzia itxura bat zeukan erakunde berri bati. Bera jarri zen Treuhanden buru.

Laabsen haritik tiraka, Thomas Morel historiagileak laburbildu du Schäublek Alemaniako langileei ekarritako kalamitatea “Ce que la réunification allemande nous enseigne sur la crise grecque actuelle” artikuluan.

Treuhand lanean hasirik, ez parlamentuari eta ez herritarrei konturik eman beharrik gabe, ustelkeria kasuak nagusitu ziren. Mendebaldeko konpainiak hasi ziren opilaren zatiak berenganatzeko borrokan. “Supermerkatuak, hotelak, etxebizitzak, bankuak... herrialde oso bat saldu zen ogi koskor baten truke”.

Baina ugazaba berriek gehiago nahi zuten. Eta xantaia egin zioten estatuari, enpresak ixteko, milaka langile kaleratzeko, inbertsioetarako diru-laguntzak eskuratzeko... beraiek xentimorik arriskatu gabe.

Alemania osoko langileei ekarri zien 20 urteko atzerakada, mendebaldekoei ere bai. Soldaten ‘moderazioa’, enpresak ekialdera deslokalizatzeko mehatxuak, ongizate estatuaren sutsitzea... Eta gainera Treuhandek porrota jo zuen 1995ean, Alemania batuari sekulako zorrak utziaz: hasieran 100.000 milioi euro aipatu, benetan  pribatizazioekin 34.000 milioi lortu eta azkenerako 105.000 milioi galdu. Alemaniako herritar asko oroitzen ez diren arren, zor haiek ere herritarrek ordaindu zituzten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EB Grezia estutzen
2020-07-16 | Mikel Eizagirre
Yanis Varoufakis
"Troikaren itzuleraren beldur bazara, badituzu horretarako arrazoiak. Troika itzuli egingo da"

Greziako Finantza ministro ohia susperraldi-funtsaren inguruko negoziazioez mintzatu da El Diario.es egunkariari eskainitako elkarrizketan. Asteburu hontan egingo da goi-bilera, eta Europar Batasuneko herrialdeek koronabirusaren efektuak leuntzeko funts komuna jasotzeko... [+]


Itaka

Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.

Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera,... [+]


2017-01-25 | Zabaldi
Nazioartea
Elkartasuna eta desobedientzia berriz ere kriminalizatuak

Iragan uztailaren 27an, Zabaldiko bi kide, brigada internazionalisten prestakuntza lanean ari ziren Tesalonikan. Hurriyako etxea hustua izan zen eta bi kideak atxilotuak. Urtarrilaren 26an, ostegunean, epaituak izanen dira.


2016-10-13 | ARGIA
Tsipras: "Ez dugu etsiko zorra berregituratzea lortu arte"

Syrizaren bigarren kongresuan Alexis Tsiprasek ikusmin handia sortu duen hitzaldia egin du. Aurrera begirako politika marraztu du greziar presidenteak. Hibai Arbide kazetariak jarraitu du ekitaldia Twitter bidez.


'Osasun Grexitik ez!' diru gabeko greziarrak hiltzera ez kondenatzeko

Europako oligarkiak ezarritako politika ekonomikoak bere murrizketekin Greziaren osasun sistema publikoa Hirugarren Mundukoen mailaraino hondoratu duenean, milaka mediku, zaintzaile eta klase guztietako herritar ahalegintzen dira artatzen dirurik ezagatik bazterrean geratutako... [+]


Eguneraketa berriak daude