Batasunaren indarra

LEHENENGO aldiz irailaren 27an independentzia nahi duten katalanek legezko hauteskunde batzuetan aukera horren aldeko hautua egin ahal izango dute. Trikimailuarekin orain ere, jakina, hamaikagarrenez Espainiak ez baitu onartzen legezko kontsulta zuzenik, Quebecen edo Eskozian egin zuten moduan.

Eta Espainiaren etengabeko ezezkoaren aurrean, independentistek zeharkako plebiszituaren hautua egin dute. Neurgailua Junts pel Sí independentziaren aldeko hautagaitza bateratua izango da. Eta hari gehituko zaizkio, halaber, CUPen botoak.

Ezezkoaren aldekorik ez da plebiszituan, baina independentziaren aldekoak ez diren boto guztiak kontatuko dira ezezko gisa, baita federalismoaren aldeko hautua sendotuko duen Sí que es Pot hautagaitzarenak ere. Funtsean Podemos eta Iniciativak bideratzen dute saioa, eta Katalunian egiazkoa den federalismoaren aldeko indar asko batu dezake. Ikerketen arabera, herritarren %25etik %30ra da federalista Katalunian, eta multzo hori independentziara eramatea izango da epe motz eta ertainera egungo bloke independentzia zaleak izango duen erronka nagusia.

Horretarako, epe motzeko saioa irailaren 27ko hauteskundeetakoa izango da. Ez da zalantzarik soberanismoak irabaziko dituela, bai eserlekutan eta baita bototan; baina zalantza askoz handiagoa da plebizitua irabaziko duen ala ez, hau da, emandako botoen %50etik gora lortuko duen. Oso gaitza izango da, baina falta diren hiru asteetan edozer gerta liteke. Ez da ahaztu behar iragan azaroaren 9an izandako ezustekoa: aurreikuspen guztiak hautsiz, 2,3 milioi pertsonak parte hartu zuten Espainiako Auzitegi Gorenak debekatutako erreferendum batean, horietatik 1,8 milioi independentziaren aldekoak ziren.
    
ORAIN 5,5 milioi pertsonak dute boto eskubidea irailaren 27an. Parte-hartzea, beraz, giltzarri izango da, baina ez dago garbi noren mesedetan, bai boto espainiar zaleak bai independentismoak haien aldekoa litzatekeela uste baitute. 2012ko hauteskunde autonomikoetan %67k bozkatu zuen, hau da, 4,1 milioi pertsonak eta CiUk, ERCk eta CUPek 1,74 milioi boto lortu zituzten.

Irailaren 27an kopuru hori gaindituko bide dute, baina boto emaileen erdia gainditzea giltzarri litzateke prozesuak gutxieneko sendotasunarekin jarraitzeko. Hori ematen ez bada ere, independentismoak gehiengoa izango bide du Legebiltzarrean, baina bistan da beste era batera jokatu beharko duela, batez ere parte-hartzearen %70 gainditzen ez bada. Hala ere, oso posible da gainditzea: 2012an parte-hartzea inoizko handiena izan zen hauteskunde autonomiko batzuetan (%67,76) eta oraingo motibazioak herritarrak parte hartzera deituko dituelako.

Hau ez da Quebec edo Eskoziako erreferenduma, baina Kataluniako gizartean bada aski tentsio independentismoak irabaz dezan. Plebiszitua irabazten ez badu eta parte-hartze txikia bada independentzia prozesuak husteko arrisku handia izango du. Eta bestela ere ikusi egin behar. Azaroko erreferenduma arrakastatsua izan zen, baina ondoren soberanistak ez ziren gai izan gizarteari proposamen adostua luzatzeko eta prozesua hustu egin zen. Neke zantzuak ere sumatu ziren gizartean.
    
JUNTS PEL SIk lortu du azken unean independentismoa berriz aktibatzea eta, Diada tranpolin gisa, sendo doa irailaren 27rantz. Une honetan, hori da garrantzitsuena, eta orain arteko Espainiaren jarrera ikusita, badirudi Mariano Rajoyk erabaki duela bere ohiko estrategiarekin erantzutea, hau da, arazoari iskin egin eta emaitzen eta mugimendu independentistaren zain egon. Hanka ez sartzearekin nahikoa luke bere ustez, eta horretarako ahalik eta tentsio gutxiena sortzen saiatuko da, batez ere lege eta debekuen banderak gehiegi astindu barik. Bitxia bada ere, bere alderdiaren emaitzei baino gehiago begiratuko die Ciutadans eta Sí que es Pot-ek lortutakoei, lehenari espainiar zaleen gotorlekuarentzat giltzarri bilakatu delako, eta bigarrenari independentismoa ahulduko duelakoan.

Laster ikusiko dugu Junts pel Sí-ren indarra, baina denak adierazten du lortu duela independentismoa banatuta joanda baino ilusio handiagoa sortzea. Batasunak ilusioa sortu ohi du herritarrengan, batez ere oinarri eta helburu sendoa duenean. Izan Katalunian, izan Nafarroan edo izan EAEn.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako plebiszitua
2019-08-08 | Jesus Rodriguez
Katalunia independentziarantz
Goia eta behea

La Directa-ko kazetari Jesús Rodríguezek azaldu du 2017ko urriaren 1ean behetik gora egin zuen borborrak 2020ko hauteskunde autonomikoetan goitik ixteko arriskua duela. Erreferenduma deitzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean emango den erantzuna gakoa izango... [+]


50.000 pertsonak babestu dituzte Mas, Ortega eta Rigau auzitegirako bidean

Astelehen honetan epaituko dituzte Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta, bere lehendakariorde Joana Ortega eta hezkuntza sailburu Irene Rigau, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeagatik.


2016-12-16 | ARGIA
Carme Forcadell, auzitegi batean deklaratuko duen Kataluniako Parlamentuko lehen presidentea

Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek, desobedientzia eta prebarikazio delituak egotzita Kataluniako Auzitegi Nagusian deklaratuko du gaur. Hainbat hautetsi eta herritarrek babestuta joan da epaitegira.


Espainiak indar juridikoarekin erantzungo dio Kataluniako “deskonexioa”ri

Pentsatu baino lehenago ekin dio Kataluniako Legebiltzarrak Espainiarekiko deskonexioari. Urratsak dira, sinbolikoak, baina hortik hasten da. Espainiak Brunete juridikoa mobilizatuko du lehenbizi. Hemen prozesuaren unea hobeto ulertzeko zazpi gako.


Ibarretxe eta Mas

2004KO ABENDUAREN 30a, Eusko Legebiltzarrak Ibarretxe Plana onartu zuen Batasunaren ezinbesteko hiru botorekin –hiru alde hiru aurka–, honek aurreko aste eta hilabeteetan planaren aurkako jarrera argia erakutsi zuen arren. Ezustekoa tamainakoa izan zen euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude