Gizartera egokitu ala behetik gora eraldatu?

  • 300.000 lagunen babesa jasota ere, EH Bilduren mugak agerian utzi dituzte hauteskundeek. Azkarregi joan izana al da beherakadaren arrazoi nagusia? Vocentoren erasoaldia, akaso? Momentuko egoerari dagokio kezka ala estrukturala da? Herri mugimenduen ikuspegitik gaiari buruzko analisia jarraian.

Alternatiba, Aralar, Sortu eta Eusko Alkartasuna alderdien baturak sortu zuen Eh Bildu koalizioa.
Alternatiba, Aralar, Sortu eta Eusko Alkartasuna alderdien baturak sortu zuen Eh Bildu koalizioa.

Ezkerreko independentisten eremuan azken lau urteetan gertaera garrantzitsuak jazo dira: 50 urteren ostean borroka armatuaren amaiera; ezker abertzalearen legalizazioa; EA, Alternatiba eta Aralarrekin koalizioa; zerrenda “kutsatuen” arau antidemokratikoen arabera jokatu behar izana; sekula izan duen botere instituzionalik handiena kudeatzea; epaiketa politikoen gurpila etenik gabe pairatu beharra... Edozein indar politiko sakon baldintzatzeko moduko egoera izan da, eta ziur analisi eta jardun politikoan eragin zuzena izan duela.

Aldi berean, alderdi politiko tradizionalen mugak inoiz baino ageriago geratzen ari dira mundu zabalean. Alderdien menpeko “joko demokratikoa” delakoak demokratikotik gutxi eta jokotik asko duela dioen ustea bere egin du herritarren multzo zabal batek. Gurean, hemengo politikaren ezaugarriek baldintzatuta apika, ezker abertzaleak ez du orokorrean “ez gaituzte ordezkatzen” ziotenekin konektatzea lortu. Politika egiteko bestelako moldeen beharraren aurrean, ezker abertzaleak inoiz baino alderdiago jokatu duela sentitu du askok. Normaltasun eta kudeatzaile onaren irudia eman nahian, gainerako alderdi politikoen eskema berean kokatu du bere burua EH Bilduk.

Erabaki horrek sakoneko ondorioak izan ditu: politikoki zuzenaren mugak gainditu nahi ez izatea, proiektuen arteko konfrontazioa saihestea, erabilitako terminologian eta komunikazio estrategian gainerako alderdien eredutik ez aldentzea, borroka-moldeen esparruan ekarpen berririk ez egitea...

Gai honekin lotuta, Asier Blas politologoak Hamaika Telebistan esan zuen: “ezkerreko profila bigarren maila batean utzi du, bere burua EAJ progretzat aurkeztuz, bere identitatea diluitu du EH Bilduk. Merkealdi ideologikoan sartu da”. Izaera independentistan ere, erabakitzeko eskubideari eman diote zentralitatea. Independentismoak esparru berriak irabazteko ezinbesteko duen pedagogia ideologikoan behar beste ez sakontzea leporatu dio batek baino gehiagok koalizioari.

Diluitze horretan EH Bilduk ordezkatu du ezkerreko profil nabarmena duten Sorturen eta Alternatibaren oinarri sozialen mezu propioa. Koalizioaren mezu politiko lauak ez ditu herrigintzan aktiboenak diren asko asetzen. Herri mugimenduko militante askori alderdi politikoekiko laxokeria eta ilusio falta nabari zaie.

Ezker abertzalearen mezuan eta oinarri sozialean historikoki ohikoak izan dira herritar antolatuen aldeko apustua, ordezkaritza sistema politikoarekiko eta alderdi tradizionalekiko kritika zorrotza, eta inposaketen aurrean jarrera desobedientea hobestea. Egun munduko zonalde askotan sortu diren mugimendu herrikoi berrietan nagusitu diren ideiak dira. Fenomeno sozial berri horiei buruzko irakurketa zorrotzago batek ahalbidetu dezake gizartearen sektore askok politika zaharrarekiko duen aldentze sentimendua EH Bilduk bideratzea, kapitalismoaren aurkako alternatiba independentista argi bati lotuz. Politika berriaren eta zaharraren arteko talka, ezkerreko mezu argi batez elikatuta, kontuan hartzeko aldagaia da.

Langile klaseko beste jende multzo batzuekin –urte luzez ezkerreko independentistekin batera aritu gabeak– konplizitateak sortzeko aukera dago. Euskaldun/espainiar dikotomia antzua gainditzeko, identitate herrikoia sustatzeko eta "behean" daudenen arteko harreman berriak sortzeko abagune paregabea pasatzen ez uztea du erronka ezker abertzaleak. Sortuko presidente Hasier Arraizek Berrian esandakoaren ildotik, “poliedrikoa izan behar du EH Bilduk”. Zonaldean zonaldeko analisia eta proposamenak sortu eta garatu litezke, Tuteran hautagaitza herritar baten alde egin izanak erakusten duen bezala. Antolakuntza eredua berrikustea izan daiteke lehen pausoetako bat.

Sistema politiko eta ekonomikoarekiko asperdura orokorra sentitzen duen jende multzo berri hori Podemosek bereganatu du, EAEn nagusiki. Herritar horiek ez dute ikusi ezker abertzalean zein EH Bildun ordezkaritza egokia. Horren adibide nagusia Euskal Herriaren herena biltzen duen Bilboaldean daukagu. Euskal Herri osoan pobrezia eta prekarietate parametrorik okerrenak dituen eskualdean, euskal eskuinak –eta abstentzioak– irabazi du, EH Bildu bozketan jaitsi egin da eta herri gehienetan bigarren indar gisa Podemos sartu da. EAJk ez dio bere balio antzekoak dituztenen eremuan indarrak metatzeari uko egin. Hauteskunde hauen emaitzek oso argi adierazi dute PPk eta PSOEk galdutako bozen zati handi bat EAJk eskuratu duela, eta hala, aurretik kontrolatu gabeko botere-guneak eskuratu ditu Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Hauteskundeen balorazioari buruz Sortuko
presidente Hasier Arraizek herritarrek zer
nahi zuten jakiteko usaimen falta

aipatu zuen Euskadi Irratian.

Gipuzkoan, lehen aldiz hiriburua eta aldundia kudeatu ditu ezker abertzaleak. Edozein neurri, erabaki edo adierazpen garrantzitsuren aurrean oposizioaren, kontrol pribatuko hedabideen eta enpresari handienen erantzun bateratuak ikusi ditugu lau urtez. Hondakinen gaia izarretako bat izan da. EH Bilduk berak egin ahal izan dituen akatsez gain, garrantzi berezia izan du Gipuzkoa kontserbadorea defendatzen duten indar faktikoen erasoaldiak. Nekez eutsi diote herri gehienetan eta soilik herri mugimendu sendoa eratzea lortu duten lekuetan atera da airoso EH Bildu hauteskundeetan. Tokian tokiko herritar antolatu eta kritikoen kontzientziazio inurri lanik gabe nekez eutsiko die edozein alderdik edo instituziok tamaina horretako ekaitzari.

Instituzioak eta eraldaketa

Norberaren proiektu politikoa kudeatzeko guneak ala herri boterea sortzeko tresnak dira erakundeak? Politika ulertzeko bi jarrera hauen arteko tentsioa aspaldikoa da.

Sabai edo muga gisa ikus daitezke egungo gizartearen balore tradizionalak. Proiektu eraldatzailearen balioak ez aldarrikatzeak edo ezkutatzeak, ordea, ahulezia eta konfiantza falta transmititzen du; gerora praktikara eramaten saiatzeko orduan sor ditzakeen beldur edo konplexuez ahaztu gabe. Baloreetan sakontzeak, ordea, proiektuari koherentzia emateaz gain, subjektu eraldatzailea osatzen duten pertsonen aktibazioa, eta beraz, emaitzak dakartza.

Instituzioak, eta politika oro har, herritarrak aktibatzeko, antolatzeko eta behetik gorako ahalduntze prozesuak azkartzeko tresna izan daitezke. Hau da, herritarrak aldaketaren lehen lerroan egotea gakoa da.

Azken hauteskundeetan bere ordezkaritza instituzionala hirukoiztu duen CUPeko kide Anna Gabriel Sabaték ARGIAn azaldu zuen ikuspegi hori: "Ordezkaritza instituzionalak herri mugimenduaren isla izan behar du, eta ez alderantziz. Antolatutako jendea ordezkatzen dugu instituzioetan".

Alderdi politikoetan oinarritutako ordezkaritza instituzionala politika egiteko era zaharkitua da munduko jende askorentzat. Lau urtean behin herritar guztiei dagozkien kontuak erabakitzeko eskumena pertsona gutxi batzuei ematea ez da sistema egokiena. Politikarien gaineko kontrol ezaz gain, bozek ez dituztelako gizartearen gainerako botere-guneak kontrolatzen, multinazionalak eta masa-komunikabideak kasu. Beraz, "aldaketa" hitzaren sinonimo bilakatu den Nafarroari begiratzean zorroztasun berezi batez egitea komeni da. Ezinbesteko pausua eman da Nafarroan: kasta politikoa botere-gune batetik erauztea. Herritar kritikoek sorturiko behetik gorako mugimenduen kontrolik gabe ordea, urrun izango da egiazko aldaketa, gizartearen baloreen eraldaketari dagokiona. Gipuzkoan eta Grezian ikusi denez, botere instutizionala lortzea ez da nahikoa aldaketa sakonak gauzatzeko.

Horrenbestez, funtsezko galdera bati erantzun beharko dio EH Bilduk: zer izan nahi du etorkizunean, Euskal Herriko herri mugimendu anitzen jakinduria kolektiboaz elikatu nahi duen mugimendua ala ohiko alderdien egitura trinkoen batura?

Antolakuntza ereduari buruzko eztabaidari bide emateak kolektiboa indartzea ekar dezake. Egiturak horizontaltzea egun atzeman daitekeen inplikazio eta ilusio faltari aurre egiteko modua izan daiteke. Boterea banatzea, belaunaldi aldaketari bide ematea eta funtsezko erabakiak militante eta oinarriek hartzea dira gako garrantzitsu batzuk.


ASTEKARIA
2015eko ekainaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2015
Uxue Barkos
"Nafar gizartean aldaketa sakona gertatu da"

Nafarroako Parlamentuko zarata politikotik at, Uxue Barkos lehendakariak gizartea lasai dakusa. “Kalera ateratzen bazara, jendea lasai ikusten duzu, lasaitasunez hartzen dute azken lau urteotan  gizartean gertatu den aldaketa sakona”, adierazi du Barkosek,... [+]


2018-12-14 | Mikel Asurmendi
Aldaketaren aldeko politika gauzatzen jarrai liteke Nafarroa Garaian

Nafarroako Foru hauteskundeak maiatzean izanen dira. EiTB Focusek egindako inkesta baikorra da oro har, gaur egun, Nafarroako Gobernuan ari den koalizioarentzat. Iruñeko Udalean ordea, egungo gobernuaren jarraipena kolokan liteke.


Ahal Duguko zuzendaritzaren kontrako bide legalak hartuko dituela iragarri du Laura Perez parlamentariak

Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.


2017-10-12 | Andoni Mikelarena
'Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan' kanpaina abiatu du Kontseiluak

Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.


2017-09-06 | Guaixe .eus
Nafarroako Parlamentuak Altsasuko auziko fiskaltzaren eskaerarekin "erabateko desadostasuna" azaldu du

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.


Eguneraketa berriak daude