"Nire kasua azaleratu zenean, argentinarrek garaipentzat hartu zuten"

  • Adoptatua zela ezagutu eta probak egitea erabaki zuenean, Ignaciok ezin zuen imajinatu azterketa genetikoak ekarriko zuen kalapita. Olavarriako (Argentina) nekazari familia xume baten altzoan hazitako piano jole hura Laura Estela de Carlotto eta Walmir Oscar Montoyaren semea zen, Maiatzeko Plazako Amonen elkarteko zuzendariaren biloba.

Ignacio Montoya eta Estela de Carlotto 2014ko abuztuan egindako agerraldian. Montoya boluntarioki joan zen DNA azterketa egitera iazko uztailean, adoptatua zela jakin ondoren, eta azterketa genetikoak biloba eta amona direla frogatu du.

1978ko Argentinako futbol mundiala amaitu berria zela, militarrek preso zeukaten ama exekutatu baino lehen, besoetatik haur jaioberria lapurtu eta beste familia bati eman zioten. Ama bost orduz izan zen Guido izeneko semearekin. Estela de Carlottok ia lau hamarkada luze behar izan ditu bere alabak erditu zuen umea aurkitzeko. Ignacio Montoya Carlotto nortasuna berreskuratu duten 116 pertsonetako bat da.  

Hilabete hauek nola bizi izan dituzu, pertsonaia anonimoa izatetik denen ahotan egotera pasa eta gero?

Bizirik atera naiz, hori da hain justu azken hilabete hauen laburpena. Bizitza berri bati nola heldu ikasi behar izan dut. Dena hain azkar aldatuz doanean zaila da aurreko bizimoduari eustea, eta ikasketa horretan zure bizitza pribatu eta publikoa bereizten ikasi behar duzu. Jendea zuri begira dagoela ikasi behar duzu. Familia berriarekin harremanetan jartzeko orduan ere, ikasi egin behar duzu. Hilabete eskas hauetan urteak iraun ditzakeen prozesu bat bizitzea egokitu zait.

Eman behar ez zenituen azalpenak ematera derrigortu zaituzte?

Hori beste ikasketa bat izan da, zer erantzun eman behar diren eta nori eman behar zaizkion. Esaterako, laster eskuratuko dudan nortasun agiri berrian ez dut “Guido” izena paratuko. Ignacio jarriko dut, nire guraso biologikoen bi abizenekin, Montoya eta Carlotto. Bada, Guido izena erabili ez izanak nire familiakoak ez diren batzuen ezadostasuna sorrarazi du. Eman beharko ez nituzkeen azalpenak eskatzen dizkidate.

Gertatu zenaren oihartzuna apaltzen ari delakoan zaude?

Ez dakit ba. Orain, gertatutakoaren tamainaz jabetzen hasia naiz. Hiruzpalau hilabetetan dena amaituta egongo zela, karriketan ezezaguna izaten jarraituko nuela pentsatzen nuen; eta ez da bete, inondik inora. Estela de Carlottoren bilobarena ezagutzerakoan negar egin zuela esaten didatenekin topo egiten dut, edo telebistetan nire irudiak bota zituztenean ez dakit non zeudela zehazten didatenekin... Eta nik berria zabaldu zenetik hartu nuen abiadura berean jarraitzen dut.

Hilabete hauek pasa eta gero, gaizki deritzozu Servini epaileak zure izena anonimatuan mantendu ez izanari?

Informazioa isilean gordetzera behartua zegoen. Gurasoena ikertzeari ekin nionean, konfidentzialtasun kontratu bat sinarazi zidaten. Baina berria hain izan zen indartsua, inplikaturikook beroan erreakzionatu baikenuen, epaileak barne. Eta ez dut uste borondate txarrez egin zuenik. Oso hunkituta zegoen, eta nire izena nahi gabe bota zuen. Lehen momentuan arazo handia ekarri zidan, baina aldi berean etapa ugari gainditzen lagundu zidan. Beste modu batez gertatu izan balitz, astebetean gertatu zena gainditzeko hilabeteak beharko nituen.

Zure nortasunaren berri izan eta gero, nola suertatu ziren lehenengo asteak?

Ikaragarriak izan ziren. Lehenik ihesean ibili nintzen, ezkutatuta, kazetariengandik urrun. Ezin nuen telebista piztu, kanal guztietan nire aurpegia ageri baitzen. Lehenengo aste horrekin Hollywoodeko pelikula bat egiteko material aski legoke.

Halere, Estela de Carlottorekin batera eman zenuen aurkezpen-prentsaurrekoan, itxura lasai eta irritsua erakutsi zenuen.

Berria unerik egokienean iritsi zitzaidan. Urte batzuk lehenago iritsi izan balitzait, ez dakit nola hartuko nukeen. 36 urterekin harrapatu ninduen, nire lanbidea daukat, bikotekidea... Bestetik, prentsaurrekoa eman baino lehen egia esango nuela erabakita nuen. Eta egia esaten baldin baduzu, ezin duzu hutsik egin. Horrexegatik, trankil nengoen. Asuntoak hartu zuen abiadurak, gainera, ez zidan gaiarekin gora eta behera ibiltzeko betarik eman. Erabakiak ti-ta hartzen dituzunean intuizioaz baliatu behar izaten duzu, eta intuizioek batzuetan bete-betean asmatzen dute.

Suposatzekoa da jasan behar izan duzun presio psikologikoa oso gogorra izan dela. Adopziozko gurasoek zure iragana hasieratik jakin eta ezkutatu izan balizute, ez zen zuretzat errazago izango? Familia batekin moztu eta beste familia berri batekin hastea, alegia?

Ez dakit. Izan ere, hasieran gurasoen aferak iritzi publikoa zatitu baitzuen. Batzuek nire adopziozko gurasoen kontra jo zuten, eta haurraren lapurretaren ardura leporatu zieten. Nik neuk buruan kontraesanak eduki nituen. Baina orain oso argi daukat ez nindutela lapurtu, eta nire adopziozko gurasoak ere biktimak izan direla, biktima bikoitzak.

Argentinak gainditu al du memoria historikoaren debatea?

Notizia lau haizetara hedatu zenetik, protagonistok sentsazio onak bizi izan ditugu. Gizartearen harrera oso positiboa izan da: eskuineko alderdietako jendea hurbildu zaigu, jatorri ezberdinekoa.... Inoiz, sare sozialen anonimatuan hiruzpalau zoro ezkutatzen dira eta gure kontra sekulakoak botatzen dituzte. Argentinako gizartearen zati esanguratsu bat ordezkatzen dutela iduri dezake, baina ez da horrela. Tamalez, egia da batzuetan debatea politizatu egiten dela. Ezin da ukatu Kirchner familiaren bi gobernuek giza eskubideak gobernu politikaren ardatz egin dituztela, baina giza eskubideak edozein zatiketa politikoren gainetik daude.  

Argentina eredu ona izan daiteke 1936ko Gerra Zibilaren sarraskiak lantzeko?

Berriki jakin izan dut errepide bazterretan gorpuak lurperatuta dituzuela. Egia esan, ez dakit gure adibidea eredugarria ote den. Alabaina, memoriaren eta giza eskubideen politikak oso indartsuak dira hemen, herritarrengan eragin sakona izan dute. Nire kasua azaleratu zenean, gizarteak garaipentzat hartu zuen. Argentinarrak harro gaude, memoriaren afera nola maneiatu dugun ikusita. Ez dugu orain 30 urte sufritu genuena errepikatzerik nahi.

Politikan parte hartzeko gonbitea egin al dizute?

Nire jarrera oso argi utzi dut hasieratik eta ez dira gehiegi saiatu. Nirea musikaren alorra da eta hori da mundua aldatzeko erabiltzen dudan tresna.

Nekazarien artean hazi zinen. Aita peoia zenuen. Musikari izatearena nondik datorkizu?

Nik ere gogoeta hori egiten nuen. Nekazaritzari lotutako lanbideren batean amaitu beharrean, alor artistikoa aukeratu nuen. Orain, nire guraso biologikoak eta familia berriak ezagututa, interesa hortik etor daitekeela pentsatzen dut.

Zure iragana ezagutu baino lehen Para la Memoria kantua idatzi zenuen.

Kantu honek gerora etorriko zena iragarri zuen. Hirugarren pertsonan idatzi nuen, baina lehenengo pertsonan sentituz, niri gertatzen ari zitzaidan zerbait izango balitz bezala. Horrek zer pentsatua eman dit. Oso kantu berezia da eta egun hauetako soinu-banda bilakatu da kasik. Niretzat oso kantu garrantzitsua da; baina kanturik baliogarriena etorriko dena da, eta ez egina dagoena.  

Ideologiari erreparatuta, zertan da ezberdin lehengo eta oraingo Ignacio?

Egiazki, ez dakit sobera aldatu naizen. Nire familiak balio xume eta soilak irakatsi zizkidan: egia, zintzotasuna, lana, eta ezer gutxi gehiago. Eta ondoren etorri zaizkidan ideologia gehienak balio horiei lotuta daude. Adopziozko gurasoengatik jaso nuen hezkuntza nire guraso biologikoek eman ahal izango zidatenaren gisakoa da, bide berean jarri ninduten. Horri esker, tokatu zaidanari lasaiago egin diot aurre. Nire familia berriaren ideologia eta nirea berdinak dira, eta hori zerbait magikoa bada.

Eta Estela de Carlottori buruz zenuen iritzia aldatu al da?

Nik Estela de Carlotto ikusten nuenean zera pentsatzen nuen: borrokalari bat da, eredugarria, diskurtso bateratzailea darabilena, gizalegez eta maitasunez bere bilobaren bila dabilen emakumea. Bada, emakume hori, honezkero ez da Estela de Carlotto anderea, amona Estela baizik. Eta berarekin irri egiten dut, txantxetan ibiltzen naiz, hitz egiten dugu, bidaiatu, ikasi...

Eta Hortensia, zure aitaren ama?

Hortensia amonak 92 urte ditu, eta traktore bat da! Ez da Estela bezain ospetsua, baina Argentinako hegoaldean asko estimatu izan diote irakaskuntzaren alde eginiko lana. Zoratzeko modukoa da, oso arraroa, bi amona hain indartsu edukitzea ere!

Argentinako haur lapurtuak

Jaioberrien lapurreta eta trafikoa izan zen 1976tik 1983ra Argentinan indarrean izan zen diktadura militarraren Estatu terrorismoaren ardatzetako bat. Videla jeneralak “ordena ezartzeko beharrezkoak diren argentinarrak hilko” zituela aurreratu, eta desagerpenak eta bahiketak herrialde osoan barrena zabaldu ziren.

Preso hartu zituzten “subertsiboen” artean emakume haurdunak zeuden; presondegi klandestinoetan bizirik mantendu zituzten, umea erditu bitartean. Maiatzeko Plazako Amonen kalkuluen arabera, militarrek guztira 500 haur lapurtu zituzten. Jaioberrien agiriak faltsutu, eta adopzioan eman zituzten, maiz gurasoen hilketarekin harremana izan zuten militarren esku gelditu ziren. 1980an, artean diktadura bete-betean zela, Amonen bultzada nekaezinari esker, lapurtutako lehenbiziko haurrak berreskuratu zituzten: Tatiana eta Mara Laura Ruarte. Ordutik hona 116 haur aurkitzea lortu dute, eta lan horretan azterketa genetikoek egundoko garrantzia izan dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argentina
Materialismo histerikoa
Espantua

Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide... [+]


Argentinako justiziak bertan behera utzi du Mileiren lan erreforma

Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.


"Shock" bat beharrezkoa dela adierazi du Mileik presidente kargua hartzeko ekitaldian

Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.


2023-12-04 | Leire Artola Arin
Argentinako Mileiren gobernu berria: neonaziak, diktaduraren zuritzaileak eta familia

Abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua Javier Milei ultraeskuindarrak, eta hautatu dituen gobernukideak zeresana ematen ari dira: Rodolfo Barra estatuko abokatuen buru izango da, iragan nazia duena; Patricia Bullrich, Segurtasun ministro; María Eleanora... [+]


Eguneraketa berriak daude