Igandean ospatu dira Argentinako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Milei izan da garaile bozen %40arekin, oposizio peronistak baino hamar puntu gehiago. Garaipen sendoa izan denak bi baldintzatzaile izan ditu: 1983an diktadura militarra amaitu zenetik izandako parte-hartze baxuena eta AEBen babesa galtzeko beldurra.
Urriaren 26an Argentinako herritarrek euren legebiltzarra berritu dute. Alde batetik, datozen lau urtetarako Diputatuen Ganberako 257 eserlekuetatik 127 aukeratu dituzte; eta, bestetik, Senatuko 72 eserlekuetatik 24, 2025-2031 aldirako. Javier Milei Argentinako presidentearen La Libertad Avanza (LLA) alderdia nagusitu da, botoen % 40 inguru eskuratuta, eta Fuerza Patria oposizioko alderdi peronistak eta bere aliatuek % 29,4 eskuratu dute, datu ofizialen arabera. Probintzia eta lurralde garrantzitsuenetan irabazi du LLAk: Cordoban, Santa Fen eta Mendozan, eta peronismoaren gotorleku historikoa izan den Buenos Aires probintzia zein hirian, alderdiaren aurreikuspenak gaindituz.
Parlamentuan asko indartu da eskuin muturreko alderdia, eta horrek tarte handiagoa emango dio agenda politikoa aurrera eramateko. Diputatuen Ganberan 37 eserleku izatetik 93 izatera pasatuko dira, eta Senatuan, berriz, sei eserlekutik hemeretzira. Nahiz eta garaipena lortu, LLAk aliantzak sortzen jarraitu beharko du, orain arte gauzatu ezin izan dituen egiturazko erreformak aurrera eramateko.
Parte hartze baxua eta inperioaren esanak
Hainbat adituk egindako lehen analisiek bat egiten dute bi faktore nagusik Mileiren alde jokatu dutela: oposizio peronista gogor zigortu duen parte-hartze baxuak (erroldaren % 67,85ak bozkatu du) eta AEBen adiskidetza galtzearen beldurra. Izan ere, legegintza ahalmena ez ezik, AEBen babesa zuen jokoan Mileik. Trumpek 20.000 milioi dolarreko laguntza ekonomikoa hitzeman zion, hauteskundeak irabaztearen baldintzapean. "Irabazten ez baduzu, bagoaz", esan zion Trumpek Mileiri, Etxe Zurira egindako bisitan. Dolarren injekzioak eta mehatxu ekonomikoak eskuin muturreko alderdia salbatu badute ere, adituek diote azken finean erreskate hori Argentinako Gobernuak hemendik aurrera ordaindu beharko duen faktura bat dela. Beraz, Trumpen garaipena ere bada. Horregatik, AEBetako presidenteak zoriondu egin du Javier Milei, Argentinako hauteskunde legegileetan bere alderdiak lortutako "garaipen ikaragarriagatik".
Emaitzak ezagutu berritan, Mileik zin egin du inoizko kongresu “erreformistena” izatera pasako direla, eta "Argentina handia eraikitzen" hasiko dela orain.