Azken hatsa ematear den ereduaren argi-itzalak

  • 1992an sortu zen Bilbao Ría 2000, EAEko eta Espainiako hainbat erakunde publikoren akordioz, Bilboren eraberritzea azkartzeko helburuarekin. Espekulazioan oinarritutako jardunari esker, sozietateak bere helburuetarako finantzazioa lortu izan du diru publiko askorik erabili gabe, baina orain ataka larrian dago, espekulazio horren beraren ondorioek itota.

Abandoibarraren berreskurapena izan da, zalantzarik gabe, Bilbao Ría 2000k egindako hirigintza-operaziorik enblematikoena. 1998tik 2011ra arte iraun zuen.Iñigo Azkona

2013ko udaberrian askok ez zuten sinetsiko lerro hauek idazteko unean Bilbao Ría 2000  bizirik egongo zenik. Baina hala da: Bilbon eta inguruan metamorfosi urbanistikoa gauzatzeko xedez jaiotako enpresa publikoak ez du oraindik bukatutzat eman bere ibilbidea, azken urteetan egoera larrian egon arren. “Herritarrentzat erabilgarria den bitartean aurrera egingo du Bilbao Ría 2000k”, zioen Angel Nievak, oraindik enpresako zuzendari nagusia denak, Bilboko udal aldizkariari 2011ko apirilean emandako elkarrizketan. Bi urte geroago, kontua ez zegoen hain garbi: sozietatearen administrazio kontseiluko kideek –bestela esanda, hainbat erakunde publikotako ordezkariek– adostua zuten egoeraren azterketa egin eta emaitzaren arabera Bilbao Ría 2000ren likidazioaz erabaki bat hartzea.

2013ko ekainean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak adierazi zuen sozietatearen itxiera antolatzen hasteko unea zela. Bilbaok esan zuen helburuak bete zirela, baina agortutzat jo zuen eredua, eta gogorarazi zuen enpresak 203 milioi euroko zorra zuela hainbat bankurekin (gaur egun 150 milioi dira). “Zor horren zama bertan gauden erakundeon sorbaldaren gainera etor ez dadin neurriak hartu behar dira”, gehitu zuen Bizkaiko agintari gorenak.

Itxieraren alde agertu zen Bilbao, baina jarraitzearen aldekoak gailendu ziren, nonbait. Hori bai, ontziaren pisua arinduta: 2013ko abenduan, Bilbao Ría 2000k bere 21 langileetatik zortzi kaleratu zituen, lan erreforma berria baliatuta. Jose Luis Bilbaok, bidenabar, azpimarratu zuen Aldundiak ez zuela erabakian partaidetzarik izan.

Ordurako, enpresak hainbat proiektu zituen bertan behera utzita diru faltagatik. Gaur egun, izan ere, lan bi besterik ez ditu esku artean: Garellanoko urbanizazio prozesua, Basurtu auzoan, eta FEVEko trenbidearen lurperatzea, Iralakoan. Ustez, horiek amaitutakoan desegingo da sozietatea. Bankuekiko zorrari dagokionez, ehun milioi euro ordaindu beharko ditu 2015 amaitu baino lehenago, eta beste berrogeita hamar 2017an.

Ikus dezagun nola iritsi den Bilbao Ría 2000 egoera honetara.

Espekulazioak funtzionatzen zuenekoa

Bilbao Ría 2000 sozietate anonimoa da, enpresa pribatua beraz, baina akziodun guztiak erakunde publikoak ditu. Parte-hartzearen erdia Espainiako Estatua ordezkatzen duten erakundeei dagokie (Bilboko Portua, trenbide-azpiegiturak kudeatzen dituen ADIF, FEVE…), eta beste erdia EAEkoei: Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko eta Barakaldoko udalak. Lehen hirurek %15na dute, laugarrenak %5.

Sozietatea oso asmo zehatzarekin sortu zen: 80ko hamarkadako krisialdiaren ondorioz hutsik zeuden lurzoruak (industrialak, trenbideak…) berreskuratzea. Bilbao Ría 2000k gidatu du azken hamarkada bietan Bilbon eta Barakaldon hirigintzaren alorrean emandako eraldaketa sakona, zenbait elementu oso enblematiko (Guggenheim, Euskalduna jauregia, BEC) beraren ekimenez gauzatu ez badira ere.

Bilbao Ría 2000rena formula berritzailea izan zen: berau osatzen duten parte-hartzaileek, estatuak batez ere, lurzorua ematen diote sozietateari. Kontuan izan behar da 90eko hamarkadaren hasieran Bilbon eta haren inguruan interbentzio premia zuten zoru gehien-gehienak administrazioarenak zirela. Udalek lur horietako batzuk birkalifikatu eta sustatzaile pribatuei saltzen dizkiete, haiek urbanizatu ditzaten; bai oso prezio onean saldu ere, hiriaren erdian kokatutako eremuak baitira. Birkalifikatzearen ondorioz zoruak hartzen duen gainbalioaren %15, legez, udalei dagokie, eta %15 hori da, hain zuzen, Bilbok eta Barakaldok Bilbao Ría 2000ri egiten dioten ekarpena.

Modu horretan irabazitako diruarekin –Europatik jasotako laguntzak ahaztu gabe–, enpresak hobekuntzak egin ditu premia zuten beste eremu batzuetan. Bilbao Ría 2000k berak aipatzen duen adibideetako bat Bilbo Zaharra auzoan egindako interbentzioa da, Abandoibarrako birmoldaketari esker lortutako irabaziekin ordaindutakoa. “Entitateak erakutsi du gai dela finantza-kontuetan orekari eusteko aurrekontu publikoak baliatzeko beharrik gabe”, irakur daiteke hainbat urtez sozietateak argitaratu zuen aldizkariaren hirugarren zenbakian. 2001ean idatzitako hitzak dira, higiezinen aparraldian.

Burbuilak eztanda egin zuenekoa

Bilbao Ría 2000k martxan dauzkan lan apurretako bat Garellanoko urbanizazioa da. Enpresaren logotipo ezaguna duen orubetik metro gutxira elkartu gara Basurtuko Auzo Elkarteko presidente Javier Muñozekin, non eta Bilbao Ría 2000k eraikitako Zankoetako Gizarte-etxean.

Bilbo guztiko auzo elkarteen federazioko burua ere bada Muñoz. Bilbao Ría 2000ren alderdi positiboez mintzatu zaigu lehenik: batetik, ohiko bideetatik luze joko zuten operazioak azkartzeko tresna baliagarria izan dela; bestetik, birkalifikatzeen bidez lortutako dirua hiriari onura ekarri dioten proiektuetan erabili izan duela, “nahiz eta ez beti”.

Alde ilunean, espekulazioa jarri du Muñozek. “Bilbao Ría 2000k, lurzoru publikoarekin espekulatuz, etxebizitzaren prezioa igo zedin lagundu du; horrek eztanda egin behar zuen uneren batean”. Eztanda 2007an iritsi zen, ondo jakina denez, eta ondorio latzak izan zituen Bilbao Ría 2000rentzat.

2009an, sozietatea krisiaren hozkadak igartzen hasia zen, eta 180 milioiko kreditua eskatu zuen aurrera jarraitu ahal izateko. Administrazio Kontseiluko presidenteak, Iñaki Azkunak –Bilbao Ría 2000ko presidentea Bilboko alkatea izan da beti– honela deskribatu zuen egoera: “Ez gara lur sailik saltzen ari, baina gastatzeko premia dugu. Edo kreditua eskatu, edo jarduna eten”.

Zorua bai, eroslerik ez

Kredituaren berme modura, Bilbao Ría 2000k bere ondasunik baliotsuena jarri zuen: oraindik saldu gabe daukan lurzorua. Ordurako ez zen hain baliotsua, haatik. Haren tasazioa 280 milioi eurokoa zen, Angel Nieva sozietateko zuzendari nagusiak Bilboko Udaleko EH Bilduren galdera bati erantzunez igorritako informazioaren arabera. Eroslerik ez ordea, ez prezio horretan behintzat.

“Higiezinen burbuilaren eztandak bete-betean harrapatu du Bilbao Ría 2000”, dio Aitziber Ibaibarriagak, talde abertzaleak Bilboko Udalean duen bozeramaileak, “eta kolokan jarri du beraren eredua”. Ibaibarriagaren esanetan, egoera horren aurrean jarrera bi daude gaur egun: lehengora bueltatu arte itxarotea, edo duela zortzi urteko parametroak itzuliko ez direla eta Bilbao Ría 2000k honezkero zentzurik ez duela onartzea.

Bigarren hori da EH Bilduk defendatzen duena, hain zuzen. “Bilbao Ría 2000ren esku dauden lurzoruak jatorrizko jabeengana itzultzea nahi genuke, izan udalak izan estatua, eta era arruntean gestionatu daitezela, hau da, gardenago, gaur egun ia ez baitago kontrol publikorik”. Besteak beste, sozietatearen erabaki organoetan parte hartzeko inongo aukerarik ez izateaz kexu da EH Bildu.

“Bilboko Udalak planteatzen duena, berriz –salatu du Ibaibarriagak–, nola edo hala aurrera jarraitzea da, egitura murriztuz, langileak kaleratuz... sozietateak oraindik dituen lurrak saldu arte”. El Correo egunkari bizkaitarrak argitaratutako informazio baten arabera, lur horien azalera ia 95.000 metro koadrokoa zen 2012 amaieran; 66.000 Barakaldon eta gainerakoa Bilbon. Ordutik hona orube txiki batzuk baino ez dira saldu, goiko argazkian ageri den Garellanoko inguruan hain zuzen, eta betiere hasierako estimazioena baino prezio txikiagoan.

Zailtasunak zailtasun, Bilbao Ría 2000ren formulari eustearen aldekoa da Iñaki Egaña, PSE-EEren bozeramailea Bizkaiko Batzar Nagusietan. “Sozietateak ondo funtzionatu du, elkarlanak garapena eta kontsentsua erraztu eta hiria eraldatu du. Ez dugu ukatzen krisiak eragindako egoera konplexua dela, baina beharrezkoa da akordioak lortuko dituen organo bat, beste forma bat emanda balitz ere”.   

PPk eta EAJk, berriz, ez diete erantzun Bilbao Ría 2000ren etorkizun hurbilaz egin dizkiegun galderei. Ezta sozietateak berak ere.

Zer nolako hiria?

Bilbao Ría 2000ri nekez leporatu dakioke eraginkortasun falta. Esan nahi baita prestutasun handia agertu duela mahai gainean jarritako proiektuak gauzatzen. Egin nahi izan dutena ondo egin dute. Baina hori al zen inguruak behar zuena? Askok uste dute Bilbao Ría 2000ren ekimenez garatutako hiri eredua ez dela egokiena.

Azken urteetan ikuspuntu kritiko samarra agertu dutenetako bat Elias Mas arkitektoa da, nor eta 1991tik 2005era Bilboko Udaleko Arkitektura Kabineteko zuzendaria izan zena. Haren ustez, Bilbao Ría 2000ren jardunean ez da sumatzen lurraldearen pertzepzio globalik, ez haren okupazioarekiko irizpide argirik. Aitzitik, sozietateak eskura izan dituen aukeren arabera jokatu duela uste du Masek. Arazoa da “aukerazko espazio” horiek –halaxe izendatuta ageri ziren Bilbo Metropolitanoko Lurralde Plan Partzialean– , euren kokapen eta tamainagatik, berebiziko garrantzia zutela eskualde osoaren antolamenduan. Azken finean, Elias Masek pentsatzen du Bilbao Ría 2000k lurralde plangintza baldintzatu duela. Kontuan hartzekoa da aipatutako Plan Partziala indarrean sartu zenerako, 2006an, lan asko amaituta edo abian zituela Bilbao Ría 2000k.

Masen iritzi horrekin bat datoz, oro har, Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarra, Bilbao y su doble (Bilbao eta beraren doblea) liburuaren egileak. Baina harago doaz: Bilbon emandako eraldaketa espazio publikoaren pribatizaziotzat jotzen dute. “Herritarrek ez dute parte hartzen Bilbao Ría 2000ren erabakietan”, esan zuen Larreak Argiari emandako elkarrizketan (2.331. zbkia.), “eta bestalde, Abandoibarra bezain espazio garrantzitsuan aisialdirako eta kontsumorako lekuak egongo direla erabakitzean, espazio hori pribatizatu egiten da nolabait, bestelako erabilera batzuk galarazten direlako”. Larrearen iritziz, hirigintza da gatazka soziala desaktibatzeko agintariek daukaten moduetako bat. Eraginkorrenetakoa, izan ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bilbo
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


Ertzaintza ikertzen ari dira Bilboko jaietako atxilotuen argazkien ustezko filtratzailea izateagatik

Bilboko aste nagusian atxilotu zituzten 79 pertsonen argazkiak eta izen abizenak argitara atera ziren iazko udan. Argazkietan Poliziaren logoa ageri zen.


Zortzi orduko lanuzteak Bilbobus-en

Asteleheneko lanuztea 07:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Goizez eta arratsaldez launa orduko lanuzteak egingo dituzten martxoko azken eguna izango da.


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


Eguneraketa berriak daude