"Ugandako komunitatea berpiztu nahi dugu gero haiek nahi bezala jarrai dezaten"

  • Ugandako Moyo eskualdean urtebete lanean izan da bertako haurren musika banda antolatuz eta musika irakasleei irakasten irakatsiz. Orain etxean, Iruñerrian, bueltan da Aritz Azparren musikari gaztea. Diru eta laguntzaile bila etorri da martxoan hara itzultzeko.


2015eko otsailaren 08an
Aritz Azparren Vicente, Uharten jaioa 1982an. Musikaria, zeharkako flauta jotzailea eta irakaslea Burlata-Atarrabiako musika eskolan. Azken hamaika hilabeteak Ugandan eman ditu proiektu berezi bat abian jartzen: musikaren bidez gerra osteko gizartea berpi
Aritz Azparren Vicente, Uharten jaioa 1982an. Musikaria, zeharkako flauta jotzailea eta irakaslea Burlata-Atarrabiako musika eskolan. Azken hamaika hilabeteak Ugandan eman ditu proiektu berezi bat abian jartzen: musikaren bidez gerra osteko gizartea berpizten laguntzea.Dani Blanco

Musikaria betidanik?

Hiru anaiok musika ikasi genuen, gurasoek bultzatuta. Haiek Uharteko Ardanbera fanfarreko sortzaileetako bi dira eta bonbardinoa eta biolina jotzen jarraitzen dute. Guk ere gazte-gaztetatik fanfarrean jotzen genuen. Ondoren Diaforius haize ganbera taldea sortu genuen bost musikariren artean. Oso gustuko dut talde txikietan jotzea.
Musika eta teologia uztartu zenituen ikasle garaian.

Flautako goi zikloa egin bitartean, bi urtez erlijio zientziak, teologia, ikasi nuen. Ez naiz damutzen oso interesgarria izan zelako, batez ere lehen urteko ikasgaiak filosofiarekin oso lotuta zeudelako, baina ahalegina ez zen sobera ona izan osasunerako, azterketa garaietan lotarako ere denborarik kasik ez nuelako.

Teologia zergatik? Bokaziorik sentitu al zenuen?

Horregatik hasi nintzen. Gaztetan Burlatako jaberiano fraideekin asko ibiltzen nintzen eta haiek bultzatu ninduten horretara, baina berehala erabaki nuen ez nuela apaiz izan behar. Ikasi bai, interesa nuelako, baina besterik gabe. Erlijioa fenomeno interesgarria da, soilik gizakumeena den kontu bat.

Gazteak gero eta urrutiago daude Elizatik?

Bai, bistan da. Nire ustez galdera litzateke zergatik ez diren hurbiltzen gazteak. Txikitan elizan irakatsi zizkidaten gauza asko dira gaur egun Podemos alderdi berriak aldarrikatzen dituenak: justizia soziala, txiroen bazterkeria desagerraraztea, injustiziak ez onartzea… Eta arazoa ez da soilik gazteak ez direla hurbiltzen, aurka jartzen direla baizik. Baina normala da, Elizaren jokamolde batzuk oso ulergaitzak direlako. Adibidez orain arte egon diren aita sainduek sistema neoliberalaren aurka oso gutxi hitz egin dute. Orain dagoenak ematen du baietz, baduela interesa argi eta garbi mintzatzeko eta hori dela-eta batzuek diote laster zerbait gertatuko zaiola. Beste adibide bat: homosexualen aurkako jazarpen etengabea dago. Bekatua dela pentsatzen dute askok. Nik jarrera hori ez dut ulertzen eta are gehiago, bekatua balitz, arrazoi gehiago haien alde egiteko, Itun Berriak dioen bezala. Agian jarrera oldarkor horiek sustatzen dituzten pertsonak oso gutxi dira Eliza barruan, baina oso entzutetsuak eta boteretsuak dira. Zergatik homosexualak jazartzen dira eta ez, esate baterako, sekulako aberastasuna dutenak? Lukurreria bada zazpi bekatu nagusietako bat eta horren kontra ez da ezer egiten. Soilik sexuarekin zerikusirik duena da gaitzesten dena. Gainera akusazioak egiten dituztenek askotan bekatu nagusi horietako bat baino gehiago izaten dute.

Arazo zaila da. Elizak hutsik egotea ez da inolaz ere kontu txarra. Izan dadila izan behar duena. Eliza Jaungoikoaren ordezkaria da teorian eta hala ez bada, hobe desagertzea. Badirudi, oro har, gizakion erlijiozkotasuna ez dela gutxitzen ari. Izan ere, jende askok bestelako erlijioak bilatzen ditu. Galtzen ari dena da erlijio instituzionalen indarra. Ni erlijio instituzionaletik erabat kanpo nabil, baina Ugandan harreman estua dut harekin. Egia esan han bestelako Eliza dirudi: eskolak egiten ditu, osasun etxeak…

Gobernuz Kanpoko Erakundeak misiolarien ondorengoak dira egun?

Askotan bai.

Batzuei leporatzen zaie “hirugarren mundukoei” laguntzera joan nahi izatea zuri salbatzaile eta eskuzabalaren jarrera edukita…

Justifikatuta dago kritika hori. Duela zenbait urte hori zen kooperazioaren funtsa: guk badugu baliabide gehiago, teknikoak eta ekonomikoak, eta hori dela-eta zuei laguntza ematera gatoz. Horren harira proiektu ergel asko egin izan dira. Erabat burugabeak. Behin esan zidaten Hego Amerikako oihanean bizi zen tribu bateko kideentzat komunak egin zituztela. Handik gutxira erabat hondatuta zeuden, ez zituztelako erabiltzen. Ez zuten behar. Beste adibide bat: Hego Amerikan badira milaka musika pieza Barrokoaren garaikoak Europatik joandakoek eginak, baina bertakoen musika apenas ez dugu ezagutzen. Kooperazioaren beste akats bat da larrialdien aurrean berehala erreakzionatzen dugula, baina gero dena ahaztuta gelditzen dela. Nork gogoratzen du egun Haiti? Gaur egun, oro har, garapenerako jarduera aldatzen ari da: orain abiapuntua izaten da haiek adierazitako behar bat asetzeko proiektuak martxan jartzea.

Zu Ugandan egiten ari zaren bezala?

Bai. Moyon bazegoen musika banda bat, Lehen Hezkuntzako irakasle batek sortua. Hark esan zidan ongi legokeela hara joatea eta musikaren pedagogia irakastea. Haiek erabaki behar dute egitasmo hori nola nahi duten garatu eta guk horretarako baliabideak eman behar dizkiegu, besterik ez. Ez hemengo ereduak esportatu. Bistan da, gainera, hemengo sistemak ez duela ongi funtzionatzen. “Lehen mundua” deitzen dugun honetan gero eta jende gehiago dago aurrera ateratzeko zailtasunak dituena eta oso gaizki, pobrezian, bizi dena. Hori al da munduan zabaldu nahi duguna? Urtebete Moyon eman ondoren argi dago interesa dutela. Musika banda sortu izana horren froga da. Musikaren alde teknikoa ongi ikas dezaten eta gero jar gaitezen ingurura eta atzera begira bertako musika ezagutzeko. Musika egiten jarraitzea gizartea berreraikitzeko onuragarria izanen da.

Musika, beraz, herria berreraikitzeko tresna?

Gerra osteko gizarteak oso konplexuak dira. Madi taldeko kideak, Moyon bizi direnak, kulturalki oso langileak ziren. Haurrak eskolara bidaltzen zituzten, gizon-emakumeek lurra lantzen zuten, animaliak zaindu, etxea ongi kudeatzen zuten… Orain gerra dela-eta kultura hori desagertu da. 70eko hamarkadako gerra baino lehen Moyoko ikasleek Uganda osoko notarik altuenak ateratzen zituzten eta orain aldiz, txarrenak. Zer gertatu da hor? Hori ulertzen ez baduzu, jendearen gaur egungo “alferkeria” ez badakizu nondik datorren, ezin duzu deus egin hemen. Askori gertatu zitzaien, adibidez, etxea eraikitzen hasi eta izugarrizko ahaleginak egin ondoren soldaduak etorri, familiak hil eta dena suntsitu izana. Asko eta asko etxerik, herririk eta lanik gabe gelditu ziren bat-batean eta erbestera joan behar izan zuten. Emakumeak dira familia aurrera ateratzen dutenak eta gizonek ez dute ia ezer egiten. Orain talde osoa berpiztu dezakeen zerbait da behar dutena. Nelson Mandela bezalako pertsonak salbuespenak dira. Torturatuak, jipoituak eta zapalduak izan direnek ezin dute aurrera jarraitu irribarretsu eta deus gertatu izan ez balitz bezala. Gure ikasletxoen bihotzetan dagoena da haien gurasoek erakutsi dietena. Ez dute maila onik, ezta ikasteko jarrera egokirik ere. Axolagabekeria eta etorkizunerako ilusio falta ikaragarriak dira.

Gure proiektuaren helburu nagusia da egoera hori aldatzen saiatzea. Gure kargu dauden haurrei erakusten diegu musika tresna gaur hartu behar dutela eta jo, eta bihar ere bai eta etzi, eta egunero. Praktikatu, garaiz etorri eskolara, jo ondoren garbitu tresna eta ongi gorde… Jokamolde horiek haientzat berriak dira etxean ez dietelako irakatsi. Lehenago natural zituzten portaerak berriz natural bilakatu nahi ditugu. Zaila da baina gurasoek ikusten badute haien seme-alaben ahalegin honek emaitza onak dituela, agian lehengo izaera eta jokaera itzuliko dira.

Nola iritsi zinen zu Vura Musik Projekt honetara?

Gure izeba bat misiolaria da. 42 urte inguru daramatza Ugandan. Egoera latz asko ezagutu ditu eta ihes ere egin behar izan du. Grace izeneko bertako apaiz bat ezagutu eta dirua bilatu zuen Madrilera ikastera joaten laguntzeko. Diru-laguntza txiki bat eman zioten ikasketak eta bizitokia ordaintzeko, baina ez jateko. Hori dela-eta hemen ere diru bila hasi ginen gizon honi laguntzeko. Denborarekin garbi asko erakutsi du zeinen zintzoa, ekintzailea eta pertsona ona den. 1995ean Ugandara joan ginen Ardanbera fanfarrearekin bildutako dirua eramatera eta han kontzertu batzuk egitera. 2009an eta 2013an itzuli nintzen eta azken aldi horretan haien banda ezagutu nuen. Berehala hasi nintzen proiektua prestatzen eta horretan Burlata eta Atarrabiako Hilarion Eslava Musika eskolan asko, izugarri lagundu didate. Eta horrela sortu zen Arua Elkartasuna GKEa eta Vura Music Project.

Zer egin duzue lehen urte honetan?

Lehenbiziko urte honetako helburua zen testuingurua, haien beharrak eta nahiak ezagutzea. Irakasle talde bat osatu dugu. Zortzi hilabete kostatu zaigu, baina lortu dugu.  Lehen Hezkuntzako 32 irakasle 16 eskolatik. Horietatik erdia baino gehiago egunero etortzen ziren eta garaiz. Hori baloratu behar dugu. Azterketak egin ditugu eta emaitza ere oso positiboa izan da. Orain haien interesa eta gogoa ikusita, aurrera segitzeko moduan gaudela esan daiteke.

Irakasleen irakasle aritzen zara, beraz?

Ikasleekin zuzenean lan egiten dugu alde batetik eta irakasleekin bestetik. Haien eskola-curriculumean musika irakaskuntza ageri da, baina ez dakite nola egin. Horregatik gure helburua ez da soilik musika irakastea, musika nola irakasten den irakastea, baizik.

Hurrengo egonaldirako erronkak?

Talde honekin jarraitu, Magisteritza eskola batera eraman gure proiektua eta haurrekin segitu, aldi berean.

Orain laguntzaile bila etorri zara?

Bai, eta diru bila. Burlatako Udalak eman dit diru-languntza bat, musika banda batzuekin eta abesbatza batzuekin kontzertuak egiten ari gara eta horrela dirua ari gara biltzen poliki-poliki. Hau irekia dago, noski: norbait animatzen bada zerbait antolatzera, bikain. Bestalde hiru irakasle boluntario behar ditugu sei hilabetez Ugandan musika-lengoaia, tronpeta eta tronboia emateko. Martxoan abiatzea da asmoa. Soldatarik ez dago, baina bidaiak, mantenua, mediku zerbitzuak… Dena gure kontu lanaren truke.

Proiektu honengatik Diario de Noticias egunkariko irakurleek sari bat eman zizuten.

Bai, sariak ez zuen dirurik ematen, baina hainbeste jenderen bozak jasotzea promozio bide ona izan da. Hainbat ikastetxetan ere hitzaldiak ematen ari naiz Uganda eta proiektuari buruz. Modu transbertsalean lantzen dituzte gai hauek guztiak eta bukatzeko ni joaten naiz. Hor mezua da lan gogorra egitearen garrantzia eta denok modu batez edo bestez zerbait egin dezakegula laguntzeko. Nik ez dut laguntza soilik eskatzen. Nik nahi dut hau dena henen zuen eskolan landu dadila.

Ugandako onena eta txarrena?

Onena natura eta han duten denbora kudeatzeko era. Urduri jartzeko modukoa da guretzat, baina interesgarria. Lasaitasun eta malgutasun handia dute. Ez dira erlojuarekin estresatuta bizi. Orain kosta egiten zait hemengo erritmora moldatzea. Mantso ibiltzea ere beharrezkoa da, epe luzera beroa oso gogorra delako. Lo kuluxkarik egiten ez baduzu, adibidez, nabaritzen duzu nola bukatzen zaizun energia. Eta gutxien gustatzen zaidana ba antzeko zerbait. Arduragabekeria moduko hori. Bestalde han ere ustelkeria handia dago, kasik hemen bezainbeste, baina han diru gutxiago dagoenez, diru-laguntza bat desagertuz gero ondorioa oso latza izan daiteke, adibidez eskola bat edo osasun etxe bat desagertzea edo ez sortzea. Eta ez dute erreakzionatzen. Moyon jendea bizi da eta kito. Daukatenarekin konformatzen dira. Ekimena eta ideiak falta zaizkie. Gerra ondoko animorik gabeko jendea da. Horregatik dira hain beharrezkoak hau bezalako ekimenak. Zertarako? Musika irakasteko soilik? Ez. Musikaren bidez Ugandako gerra ondoko komunitatea berpiztu nahi dugu, baliabideak emanez gogoa berpiztu, gero haiek nahi duten bezala jarrai dezaten.

Nortasun agiria

Aritz Azparren Vicente, Uharten jaioa 1982ko urtarrilaren 30ean. Musikaria, zeharkako flauta jotzailea eta irakaslea Burlata-Atarrabiako musika eskolan. Azken hamaika hilabeteak Ugandan eman ditu proiektu berezi bat abian jartzen: musikaren bidez gerra osteko gizartea berpizten laguntzea. Diario de Noticias egunkariaren irakurleek hautatutako bikaintasunaren saria eman zioten urte amaieran. Diru saririk ez, baina propaganda ona izan da bere egitasmoa ezagutzera emateko. Orain diru eta musikari boluntario bila dabil berarekin sei hilabetez Ugandara joateko.

Denbora

“Denboraren kontzepzioa desberdina da. Gosaltzeko ordua da gosaltzen duzun momentua. Asko borrokatu behar duzu klasea lauetan hasten bada ikasleak lauetan etor daitezen. Beste erronka handienetako bat da gurasoekin bildu eta ulertaraztea zein den helburua. Ikasleen kontzertu bat egin genuen eta guraso bat bera ere ez zen etorri. Ama gehienak jo eta ke lanean ari zirelako eta aita gehienak ez zekitelako kontzertua zegoenik ere edo batere interesik ez zutelako. Horri ere buelta eman beharko zaio!”.

Musikaren onurak

“Musika hain onuragarria izanda tamalgarria da ikustea nola dagoen tratatua Espainian. Suitzan, adibidez, duela hiru urte bermatu zuten konstituzioan musikaren ikasketen garrantzia. Musikak gure garunean eta gure baitan dituen onurak ugari dira”.

Ugandako izenak

“Moyoko jendearen depresio egoeraren adierazleak dira seme-alabei jartzen dizkieten izenak. Jaiotze inguruan izandako gertaeren batekin lotutakoak dira askotan. Neska asko adibidez, Angua deitzen dira eta horrek esan nahi du ‘presaka ibiltzea’,  edo Ayiga ‘belarren artean, ezkutuan jaiotakoa’. Beste asko dira Dra, heriotzarekin loturikoak: Dranuili, Drametu, Dramoyu ‘jateko gogoaren heriotza, heriotza Metun, heriotza Moyon’. Orain, azkenaldi honetan, izen positiboagoak jartzen hasi dira”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gobernuz Kanpoko Erakundeak
Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei... [+]


2023-06-26 | Ilargi Manzanares
Aita Mari ontzia “itsasoko segurtasunaren araudia ez betetzeagatik” salatu du Italiak

172 migratzaileak Salernon utzi ondoren egindako azterketen ostean salatu dute Aita Mari itsasontzia Italiako agintariek. "Mediterraneoan ematen duen laguntza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera" salatu dute Aita Mariren arduradunek.


Emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko konpromisoa berretsi du Foru Legebiltzarrak

Ablazioa errotik kentzeko nazioarteko egunaren harira, praktika ilegal hau egiten den herrialdeetatik etorritako 4.000 emakume nafar daudela ohartarazi du Munduko Medikuak erakundeak. Talde parlamentari guztiek GKE horren komunitate-lana eta Nafarroako Gobernuko erreferentziazko... [+]


"Arropa dohaintzan ematea ez da zaborra ateratzea"

Udazkenerako arropa armairuratzen ari zarela eta beharra duen jendearentzat jantziak dohaintzan emateko aprobetxatu nahi duzula? Edozerk ez du balio, jantzietan ere duintasuna merezi dugu denok. Hala mintzatu da errefuxiatuentzako jantziak biltzen aritu den langileak.


Eguneraketa berriak daude