Aita Mari ontziak 108 erreskatatuak gertuagoko portu batera eramatea ez utzi izana deitoratu du

  • 108 pertsona erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan. Italiako Gobernuak ez die utzi gertuko portu batean lehorreratzen, eta Salernora bideratu dute Aita Mari ontzia. Litekeena da Europako Batasunak migrazio politikaren araudia gogortu aurreko azken misioa izatea. Aita Mari ontzia kudeatzen duen SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak salatu du erreskate-taldeak zigortzea eta kriminalizatzea dela helburua.


2025eko apirilaren 7an - 15:45
Bi ontzietako bat noraezean. SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

108 pertsona: 84 gizon, hamahiru emakume eta hamahiru haur erreskatatu zituen Aita Mari ontziak apirilaren 5eko goizaldean. Noraezean zebiltzan bi ontzitan. Jatorri hauetako migratzaileak dira Europako kostaldera iritsi nahian zebiltzanak: Eritrea, Etiopia, Pakistan, Sudan, Egipto, Togo, Ginea Konakry, Kamerun, Nigeria, Niger eta Ghana.

Gobernuz kanpoko erakundeko kideek Italiako Gobernuaren jarrera salatu dute. Izan ere, Salernoko portuan lehorreratzeko baimena eman diote eta Aita Mari ontziko kideek hurbilagoko porturen batean lehorreratzea eskatu zuten, erreskatatutako pertsona batzuen osasun egoera larria kontuan hartuta. Ontzitik bertatik grabatutako bideoan, eskifaiako kide batek deitoratu zuen gaua ontzigainean igaro behar izana. Haize eta olatu ekaitz baten ondorioz, bustita eta hoztuta gelditu ziren migratzaileak. Salatu dute gobernuak gertuagoko porturen batean lehorreratzeko eskakizunei erantzun ere ez diela egin. Nazioarteko zuzenbidearen araberako giza printzipioak betetzeko eskatu diote Italiako Gobernuari.

Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itun berria aurki indarrean sartuko da eta litekeena da Aita Mariren erreskate hau araudi berriaren aurreko azken misioa izatea. SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak salatu du araudi aldaketaren ondorioz erreskate taldeak eta haien lana zigortu eta kriminalizatuko dutela.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.