Horma-irudien bidez, kalea eraldatzen

  • Artefactory muralgintza enpresa duela bi urte sortu zuten hiru gaztek, eta denbora tarte horretan munduko 18 hiritako 2.100 m2 eraldatu dituzte, 100 horma-irudiren bidez, besteak beste Madril, Bombay eta Shanghai hirietan. Duela gutxi Euskal Herrian dagoen obrarik handiena sortu dute Deban, 500 m2 eta 28 metroko altuera duen horma-irudia.

Artefactorykoek egindako horma-irudi bat, Indian.
Artefactorykoek egindako horma-irudi bat, Indian.

Donostian dago Artefactory, hormetako artea eta diseinua latzen dituen enpresa. Unibertsitatean elkar ezagututako hiru gaztek sortu zuten duela bi urte, eta orduz geroztik, hainbat proiektu gauzatu dituzte. Hiru sortzaileetako bat den Martin Unzuetak azaldu digunez, irudi ugari sortu dute denbora tarte horretan; jatetxe, udaletxe, gimnasio, haurtzaindegi, komertzio txiki eta beste dituzte bezeroen artean.

Proiektu berrienetakoa Deban gauzatu dute. Euskal Herriko horma-irudirik handiena da, 28 metro luze baititu eta 500m²-ko azalera. “Gainera, herriaren sarreran eta hondartzaren ondoan dagoenez, are eta ikusgarriagoa da” dio Unzuetak. Aurretik hainbat lan egin dituzte. Esate baterako, Pedro Subijanaren Akellarre jatetxean, Kutxan, Beffeater enpresak eskatuta, Urbil merkataritza zentroan, Sr. Goldwin, Deba eta Segurako herrietan egindakoak...: “Gipuzkoan egin ditugu gure lan gehienak, bat edo bat Bizkaian, baina Euskal Herritik kanpo aritzeko aukera ere izan dugu”.

Unibertsitateari esker, Txinara eta Indiara joateko aukera izan zuten, “bertako enpresen ekosistema ezagutzeko eta gure proiektuak herrialde horietan aurrera eramateko. Txinan, eta batez ere Indian, harrera oso ona izan dute gure lanek eta horma-irudi ugari egin ditugu han”, Unzuetaren hitzetan. Bestetik, publizitate agentziekin lan egiteko aukera ere izan du Artefactoryk. Horren adibide da Beefeater enpresak eskatuta osatu duten murala.

Horma hilak, horma biziak

Seguran edota Deban egindako muralek herri hauen eguneroko pasaia eraldatu dute. Espazio publikoak beste dimentsio bat hartzen du irudi horiei esker, eta alderantziz, muralak beste esanahi bat du kalean kokatzen denean. “Gu gehien betetzen gaituena jendeak gure muralekiko izaten duten jarrera da. Begira gelditzea, arreta ematea, ondotik pasatzean irribarre eragitea, lanerako edo eskolarako bidea pixka bat alaitzea, ingurua hobetuz sentimenduak eta sentsazio onak sortzea”, dio Artefactoryko kideak. “Gure lanak kalean hartzen du zentzu betea. Partikularrentzat lan ugari egin dugu, eta etxean edo lantokian sentsazio hori sorraraztea izugarria da, baina lan hauek kalean beste dimentsio bat hartzen dute”.

Neurri handiko proiektuok duten zailtasunez galdegin diogu Artefactoryko Martin Unzuetari: “Lan bakoitzak bere gauzak ditu. Debako kasuan adibidez, margotu genuen edifizioaren kontra beste edifizio bat zegoen, baina eraitsi eta fatxada airean gelditu zen. Pareta, beraz, oso egoera txarrean zegoen, poliuretanoz estalita eta guztiz malkartsua. Pareta egokitzea izan zen zailtasun handienetariko bat. Mural handien alderik garrantzitsuena marrazkia ondo enkoadratzea eta dimentsioak ondo hartzea da. Izan ere, errazagoa da metroko xehetasunak egitea, milimetrokoak baino”.

Gazteak izanagatik ere, Artefactoryko margolariek 20 urteko esperientzia dute horma-irudi eta graffititan. “Mota guztietako estiloak egiteko gai gara. Hala ere, kasu gehienetan bere gogoa adierazten digu bezeroak eta horren arabera egiten dugu diseinua. Gure ustean hoberena zer izan daitekeen aholkatzen saiatzen gara, zein kolore erabili, zein estilo… diseinua bezeroarekin batera birsortzen dugu”, azaldu du Unzuetak.

Hala ere, hormak margozteak hainbat aurreiritziren aurka aritzea dakar, Artefactoryko kidearen ustez: “Graffitiarekin lan egiteak konnotazio negatibo ugari izan ditzake oraindik ere. Hala ere, joera konstruktiborik ere bada, aldeko kontzientzia sortzen ari da eta arte modu hori gero eta gehiago ezagutu eta baloratzen dela esango nuke”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eguneraketa berriak daude