Ikusmira sortu duten hiru filmez, Muñoz eta Bengoetxea

  • Lasa eta Zabala, Negoziatzailea eta Loreak. Interesa piztu duten eta Donostiako Zinemaldian ikusiko ditugun hiru film horietan elkarrekin aritu dira Ane Muñoz Mitxelena eta Josean Bengoetxea, script lanetan lehena eta aktore moduan bigarrena. Hori gutxi ez eta Zinemaldian estreinatuko dituzten beste obra banatan ere hartu dute parte: Zarautzen erosi zuen laburrean Muñozek, Los tontos y los estúpidos lanean Bengoetxeak.

Ane Muñoz eta Josean Bengoetxea, parte hartu duten filmetako errodaje une bitan.
Ane Muñoz eta Josean Bengoetxea, parte hartu duten filmetako errodaje une bitan.
Lasa eta Zabala, errelato mingarria

“Halako errebisioek errespetu handia ematen didate eta nondik kontatzen den ikustea interesatzen zait. Beste kasu batzuetan, gai bera ukitu denean, ezezkoa eman izan dut, gaiztoak eta onak baino ez dauden eta ia denek angulak jaten dituzten Euskal Herria irudikatzeko ez nagoelako prest. Oraingoan ordea, gidoia irakurri eta argi ikusi nuen, dramatikoki eta narratiboki ere oso ondo dago kontatuta eta protagonistek bizi izan zuten sufrimendu hori guztia ondo islatuta ikusi dut gidoian eta errodajean”, kontatu digu Josean Bengoetxea aktoreak. Pablo Malo zuzendariak gertakaria gogor eta ezer leundu gabe filmatzea aukeratu duela gaineratu du Ane Muñozek, gordin, eta halaxe bizi izan du berak ere errodajea: “Eszena mingarriak egon dira eta bortizkeria hori transmititu da filmaketan, oso gogorra izan da, hunkituta egon naiz momentu askotan, mina ere sentitu dut eta seinale ona da, kamerak eta fokuak aurrean izanda hunkitu banaiz, emaitzan transmitituko dela esan nahi baitu horrek. Kezka neukan, historiari nola helduko zitzaion, baina oso ondo dokumentatutako lana da, kontu handiz egina, senideekin ere bildu da lantaldea, eta errodajea ikustera azaldu direnek, gertaturikoa gertutik bizi izan dutenek (Lasa eta Zabalaren arrebak, Iñigo Iruin, Pako Etxeberria...) ongi ari ginela esan digute, berme garrantzitsua da hori”.

Zuzendaria ere bada Muñoz, baina script moduan aritu da pelikula hauetan. Hots, errodajean akatsik egon ez dadin, erne eta xehetasunen gainean egotea da bere egitekoa, plano bakoitza identifikatu eta muntaiara bidaltzea, eszena bakoitzaren aurretik eta atzetik zer dagoen kontuan hartzea. Laburrean, errodajean memoria eta koherentzia zaintzea, eta aktoreei eta zuzendariari laguntzea, aholkua behar izanez gero.

Bengoetxeak berriz, film honetan bigarren mailako rol bat antzezteaz gain, aurretik sekula egin gabeko lana bete behar izan du: Jon Anza (Lasa) eta Christian Merchan (Zabala) aktoreen entrenatzaile aritu da: “Pelikulan bi protagonistek duten garapena intentsua da; bi abenturero dira hasieran, tortura jasaten duten bi gazte ondoren, eta heriotza aurrez aurre ikusten duten bi lagun azkenerako. Eszena gogorrak ere badira, Pablok argi zeukalako ezin zela azaleko irudi bat eman, torturak azaldu behar zirela, eta hori aktoreekin lantzea zaila da, ez dugulako gure burua egoera horretan ikusi, baina gela batean sartu nituen eta emozioak aurkitzen lagundu nien, norberak dituen tabuak askatzen”.

Aurrekariak ikusita, pelikulak polemika piztuko ote duen galdetu diegu. Gertatutakoarekiko distantzia dagoela eta beste garai batzuk direla erantzun digute. Ideologia politikoak baldintzatutako kritikak egongo diren arren, gaiak pelikula ez jatea eta filma bera gailentzea espero du Bengoetxeak. Historian nahasitako jende ugari oraindik bizirik dagoela gogoratu du Muñozek, “bizirik eta aske, eta beldurrik gabe kontaturiko istorioa da. Dena den, polemika baino gehiago, mina eta amorrua eragingo du, gertakariengatik, baina min hori beharrezkoa da”. Hala ere, bertsio bat dela –ez dokumentala– azpimarratu dute biek, fikzioa.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/lasa.jpg

Negoziatzailea, umore finlandiarra euskal gatazkan

Lasa eta Zabalak baino polemika handiagoa sor dezake Borja Cobeagaren Negoziatzailea lanak, Bengoetxearen ustez, “batez ere aurreiritzi asko dauzkagulako”. 2005-2006an Jesus Egigurenek Xabier Lopez Peña ‘Thierry’ eta Josu Urrutikoetxea ETAko kideekin izandako elkarrizketak oinarri hartuta, umoretik heldu dio gaiari zuzendari donostiarrak. “Borjak gaia azaldu eta umorez jorratuko zuela esan zidanean, beldur izugarria sartu zitzaidan –onartu du Ane Muñozek–, baina tonuan asmatu duela iruditzen zait. Antiheroiaz ari da azkenean, eta Egigurenenengan inspiratu arren beste norbait ere izan zitekeen, beste testuinguru batean: arazo bat konpondu nahi duen gizajoaren istorioa da, finean. Proposamen ausarta izan daiteke, baina ez du gatazka politikoa barregarri uzteko asmorik”. Umore finlandiar gisa definitu du zuzendariak berak pelikulan darabilena, eta kontakizun sinpatikoa dela dio Muñozek, ez barrez lehertzekoa. 8 apellidos vascos famatuak Cobeaga gidoilari izan bazuen ere, “ez du harekin zerikusirik, topikoetan oinarrituta dago 8 apellidos, eta honek tonu serioagoa du, ez da esketx edo txiste bilduma bat”.

Umore melankolikoa dela gaineratu du Josean Bengoetxeak, sotila, grisa: “Isiluneak sartzen ditu asko, arnasa hartzen uzten du, eta hori oso baliagarria da pertsonaiak ulertu ahal izateko”. Halako historiak kontatzeko umorea erabiltzea ondo ikusten al duen galdetu izan diote aktoreari –Josu Urrutikoetxearengan inspiratutako pertsonaia antzeztu du berak–. “Zergatik ezin da ba umorea erabili? Dagoen armarik indartsuenetakoa da umorea, probokazioa bezainbestekoa. Pertsonaiei eta historiari errespetua diegun bitartean… Egigurenen inguru ideologikoko jendea kezkatuta omen dago pelikularekin, baina berak ez du kezka hori; hainbeste muturreko jasotakoa da leku guztietatik, itxaropena du pelikulak irudi hobea emango ote dion. Bestalde, euskaldunok badakigu gure buruaz barre egiten eta gai honetan halako terapia puntu bat behar dugu oraindik, umorea”.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/negoziatzailea.jpg

Sentsibilitatetik

Luze eta zabal hitz egin dugu Loreak filmaz, baina bi zuzendaripean lan egitea zer moduzkoa den jakin nahi izan dugu. Garaño eta Goenagaren errodajeetako giroa oso familiarra dela nabarmendu dute, betiko lantaldea lagun. Bi zuzendari izanik, beti ez dira ados jartzen eta eztabaidak dituzte, “baina ezagutzen ditugunok umorez ikusten ditugu eztabaidok”, dio Bengoetxeak. Aktorearen hitzetan, sentsibilitate handiko bikotea da; “oso eleganteak dira, fenomeno batzuk”, erantsi du scriptak.

Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bengoetxeak ez du uste “pelikula batek egon behar duenik Sail Ofizialean euskaraz delako, egon behar du ona delako, eta Loreak filmak merezi du egotea eta ziur naiz asko gustatu zaiela jaialdiko programatzaileei”. Euskararen normalizaziorako pozgarria da, Muñozen arabera, erakusten duelako euskara beste edozein hizkuntza bezain aproposa dela istorioak kontatzeko.

Zuzendari malguak eta zurrunak

Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen film laburrean ere Ane Muñoz aritu da script lanetan. Zabaltegin hartuko du parte pelikulak eta hondarribiarraren hitzetan, anekdota txoro baten ondorioz protagonistak (Nagore Aranburuk) bizi duen egonezina eta obsesioa du ardatz: “Obra txikia da, lantalde txikiak egina, baina gustu handiz”.

Bengoetxea berriz, Zuzendari Berriak sailean emango duten Los tontos y los estúpidos laneko aktore nagusietakoa da. Antzerki kutsua duen komedia berezi honetan –aktoreen gidoi irakurketa bat da argumentua–, familia eredua eta bakardadea dira gai nagusiak. Roberto Castón da zuzendaria, Ander film ederraren egile bera, eta orduan bezalaxe, oraingoan ere ez du finantzaketarik lortu, hortaz kooperatiba bidez sorturiko proiektua da hau, eta buru-belarri inplikatu da aktorea. “Filmaketa hasi aurreko egunetan, aktoreokin psikologo lana egiten du Castónek, istorioa eta pertsonaia nola asimilatu dugun aztertzen du, eta ondoren, errodajean, dezenteko askatasuna ematen digu, konfiantza handia du gugan eta sarri sentitzen duzu ez zaituela zuzentzen. Guk biok, gainera, umore puntu bera daukagu eta elkarri begiratzea aski zaigu elkar ulertzeko; bere musa naizela esan ohi du. Beste zuzendari batzuk zurrunagoak dira estetikarekin, istorioarekin eta aktoreekin. Jon [Garaño] eta Jose Mari [Goenaga] adibidez nahiko zorrotzak dira, oso argi daukatelako nahi dutena; Borja [Cobeaga] irekiagoa da. Ni neroni, agindu oso zehatzak jasotzen ditudanean eta estuki markatzen nautenean, motibatu egiten naiz, zenbat eta muga gehiago izan orduan eta gehiago eragin behar diozulako sormenari”.

Ez dute dudarik: pelikula indartsuak dira, eta jendartean harrera ona izango dute, itxaropentsu dira. Emaitza, gainera, anitza da. “Edozein film mota eta generotarako prestatuta gaude; hemen gure eskola dugula eta munduko beste puntatik datozen pelikulak bezain onak edo hobeak egin ditzakegula eta egin ditugula erakusteko balio dezala” espero du Muñozek. Euskal Herrian langile, artista eta teknikari handiak daudela argi baitu Bengoetxeak ere, beraz “jabetu behar dena jabetu dadila, industria badagoela eta bitartekoak jarri behar direla maila hori guztia etxean mantentzeko. Aldiz, begira ikus-entzunezko produkzioaren motore nagusia (EITB) zein geldi dagoen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2014
62. Zinemaldiko palmaresa
Ez daukagu galtzeko ezer, hori da pena

Donostiako Zinemaldiko 62. edizioaren palmaresak utzi duen zaporeak badauka zerikusirik aurreikuspenekin: parte-hartzaile guztiek daramatzate kopetan pintatuta espero dezaketenaren marra gorriak. Ez da gauza bera Sail Ofizialean eskubide osoz sartu zarela pentsatzea edo... [+]


Zinemaldiko palmaresa: ez daukagu galtzeko ezer, hori da pena

Bukatu da Donostiako Zinemaldiko 62. edizioa eta palmaresak utzi duen zaporeak badu zerikusirik espektatibekin. Ez da gauza bera Sail Ofizialean eskubide osoz sartu zarela pentsatuta joatea edo egotea bera garaipentzat hartzea.


Umore zaharkitua, umore berritzailea

Euskal Herriko ekoizpen onenaren saria irabazteko faboritoa Loreak bazen ere, Borja Cobeagaren Negociador lanak lortu du garaikurra. Eta zur eta lur geratu gara, xinplea iruditu baitzaigu Negociador, Josu Egiguren PSEko lehendakariak ETAko kideekin izandako elkarrizketetan... [+]


[Vie sauvage] Salbaia ez, bai ordea maskulinoa

Bazkalosteko siesta dramatizatzeko jartzen duten telefilm horietako baten tankera hartu diot Vie sauvage ekoizpen frantziarrari. Semeak bahitu eta hamar urtez inguru urbanoetatik kanpo heziko dituen aitaren istorio ahul xamarrarekin bukatu da Sail Ofizialean lehian ziren... [+]


Eguneraketa berriak daude